90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, oposizio bidez bete daitezen Udaltzaingoko udaltzain-agentearen 3 lanpostu (kopurua handitzen ahalko da)

Eguesibarko Udalaren Gobernu Batzarrak, 2024ko martxoaren 21ean erabakita, honako deialdi hau onetsi zuen. Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Eguesibarko Udaltzaingoko udaltzain-agente izateko lanpostu kopuru bat (hasiera batez hiru, baina kopurua handitu daiteke), honako txanda hauetan banatuta, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) Txanda irekiko lanpostuak:

–Lanpostu 1.

b) Igoera-txandako lanpostuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileendako:

–2 lanpostu.

Lanpostu horiek zenbaki hauek dituzte plantilla organikoan: 10.5, 10.9 eta 10.18.

Deialdiko lanpostuen kopuruari gehituko zaizkio plantilla organikoan dauden udaltzain-agenteen honako lanpostu hauek: hutsik daudenak edo behin betiko betetzea ahalbidetzen duen beste edozein egoeratan daudenak (eszedentzian lanpostu erreserbarik gabe edo lanpostuaren erreserba bukatuta) epaimahaiak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolarako lanpostuak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko izangai onartuen zerrenda egin aurre-aurreko unean, une horretan zehaztuko baitira oinarri hauen babesean beteko diren lanpostu guztiak, alkatearen ebazpen baten bidez (ebazpena argitara emanen da Udalaren web-orrian, iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Hasierako hiru lanpostu horiei gehitzen zaizkien lanpostuak, zeinak paragrafo honetan adierazi bezala zehaztuko baitira behin betiko, honela banatuko dira: lehenengoa txanda irekikoa izanen da, eta bigarrena igoera-txandakoa, eta horrela hurrenez hurren.

1.2. Igoera-txandako lanposturen bat eman gabe geldituz gero, txanda irekikoei gehituko zaie.

1.3. Halaber, igoera-txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, 3 proben puntuazioa baturik (ezagutzen hautaprobako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa).

1.4. Deialdi honen bidez udaltzain-agente izendatzen diren izangaiek beteko dituzte udaltzain-agenteei dagozkien eginkizunak, eta izanen dituzte azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (aipatutako foru legea da Nafarroako Poliziei buruzkoa); gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.

c) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokide deklaratutako bat, edo eskuratzeko egoeran egotea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren III. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.

e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.

3.2. Igoera-txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako betebeharrez gain, igoera-txandako izangaiek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Nafarroako polizietako kide izanez gero, edo Nafarroako tokiko beste polizia-zerbitzu batzuetako kide, zortzi urtez baino gehiagoz benetan aritu izana lanean Nafarroako polizietan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzean, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, nahikoa izanen da betetzen bada oinarrizko prestakuntza-ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako (deialdiko 7.3.5 apartatuan aipatzen da ikastaro hori).

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztuko dute eskabidea, Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.valledeegues.es/catalogoservicios.aspx?area=577&ambito=3.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da, eskabideak aurkezteko epean. Ordainketa eginen da Udal egoitza elektronikoan izena emateko izapideak egiten diren bitartean.

Gainera, euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek, tituluaren kopia aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera. Titulaziorik aurkeztu ez eta euskara-proba egin nahi dutenek berariaz adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean.

4.2. Eskabidea erregistro elektronikoaren bidez aurkezterakoan, igoera-txandako izangaiek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzen dituena abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna; zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratzeko aginduko du. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, txanda hauetako izangaien arabera:

–1. Txanda irekiko izangaiak.

–2. Igoera-txandako izangaiak.

5.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesdunek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar izanez gero, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta, halakorik aurkeztuz gero, horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da alkatearen ebazpen baten bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren web-orrian argitaratuko da. Ebazpenak zehaztuko ditu oposizioa osatzen duten ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautaprobak eginen dira, 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan direnean.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio-epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

–Mahaiburua: Eguesibarko alkatea, Xuriñe Peñas Lópe.

–Ordezkoa: Eguesibarko zinegotzi ordezkaria, Sabi Atipov.

–Epaimahaikidea: Íñigo de Carlos Mina, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.

–Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko inspektoreordea.

–Epaimahaikidea: Iosune Lus Zufia, Eguesibarko Udaltzaingoko agente lehena.

–Ordezkoa: Ramón Duque Molina, Eguesibarko Udaltzaingoko agente lehena.

–Epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko pertsona bat.

–Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko pertsona bat.

–Idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaiburuak deialdia eginda, epaimahaia eratu beharko da probak egiten hasi aurretik, behin onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.

Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari.

Halaber, izangaiek mahaikideak errekusatu ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak bi hautapen fase izanen ditu. Lehenengo hautapen fasean, proba baztertzaileak eginen dira: I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak eta proba psikoteknikoak eta medikoak; eta euskararen proba ez-baztertzailea. Bigarren fasean oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oro har, oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapen fasean 7.3.1.a), b) eta c) oinarrietako proba bakoitza kalifikatutakoan –eta 73.1d) oinarrikoa, hala badagokio–, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko dira Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian; azalduko dira proba gainditu duten izangaiak eta baztertuak, kasuen arabera, baita hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen fasean honako proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, I. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 1 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,33 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere bi ordu izanen dituzte. Proba honetan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 50 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko II. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko.

Gaitasun fisikoa neurtzeko proba hau egitera, gehienez txanda irekiko 50 izangairi deituko zaie. Hortaz, baldin txanda horretan proba teorikoan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu dutenak kopuru hori baino gehiago badira, kalifikaziorik handienak lortutakoak baino ez dira iraganen aipaturiko probara. Txanda irekiko gainerako izangaiak deialditik baztertuta geldituko dira. Proba teorikoa gainditu duten igoera-txandako izangai guztiek eginen dituzte proba fisikoak.

Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Pisua jasotzeko proba (banku press-a). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Uretako trebetasun proba. "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Zalutasun proba (Barrow testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

–Erresistentzia-proba (Course Navette testa). "Gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da.

Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera.

Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horren ondorioetarako, debeku izanen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2021eko azaroaren 25eko Ebazpenaren I. eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2021eko 290. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 4koa).

Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Proba fisikoak hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute proba egiteko baldintza fisiko eta osasun-baldintza nahikoak dituztela. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba horiek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 25 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dute gaitasun psikoteknikoaren proba.

d) Proba nola eginen den:

–Profil profesiografikoa zehaztea: proposatuko dute NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak eta deialdiko kalifikazio-epaimahaiak, edo hark izendaturiko langileek. Azken kasu horretan, lanpostuaren beharrak eta eskakizunak ezagutu beharko dituzte. Azterketa horretatik abiatuta, ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztuko dira, baita eginkizunak behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren eskakizunak ere. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

Kalifikazio-epaimahaia, probak egin aurretik, arduratuko da garrantzizkotzat jotzen diren gai guztiak baliabide egokien bidez argitaratzeaz. Horretarako, NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek emanen dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.

–Probak bi ariketa izanen ditu:

  • Lehenbizikoan ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak nahiz laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak.
  • Bigarrenean, elkarrizketa pertsonala eginen da, eta/edo talde-lanekoa, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin alderatuko dira.

e) Euskara proba. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiek euskararen ezagutzari buruzko proba bat egin ahal izanen dute. Proba horrek 9 puntu izanen ditu gehienez. Proba hau egitea hautazkoa da eta ez da baztertzailea.

Puntuazioa zehazteko, kontuan hartuko da zenbat proba gainditzen diren berariaz prestatutako proba espezifikoetatik; bost zailtasun maila izanen dira, eta adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

Euskararen ezagutzaren balorazioa eginen da Eguesibarko Euskararen erabilera eta sustapenerako ordenantzaren 16., 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Probaren ordez, EGA titulua aurkezten ahalko da, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den beste titulu ofizial bat. Deialdi honetan euskararen ezagutzari ematen zaion gehieneko balorazioa jasoko da halakoetan, 9 puntu, alegia.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da (1,8 puntu), A2 maila izanez gero, 2/5 (3,6 puntu), B1 izanez gero, 3/5 (5,4 puntu), eta B2 izanez gero, 4/5 (7,2 puntu). Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestalde, gehieneko puntuazioaren 1/12 lortuko da Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko.

f) Proba medikoak. Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago izanik eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, dei eginen zaie proba medikoak egitera, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiko 3.1 apartatuko d) letran ezarritakoari jarraikiz. Iruñeko Udalaren Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa.

Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. Bazterturik geldituko dira "Gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

Dauden lanpostu guztiak zehaztuta –lehenengo oinarrian ezartzen denari jarraikiz– eta epaimahaiak osasun azterketaren balorazioak jasota, epaimahaiak izangai onartuen zerrenda prestatuko du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako lanpostu hutsak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko, betiere lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta kontuan harturik txanda irekia eta igoera-txanda.

7.3.2. Lanpostuen adjudikazioa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarako lanpostuak esleitzeko ekitaldia eginen da zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetarako.

Ekitaldi horren helburua da dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztizko puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; bat igoera-txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da, ordenaren arabera, lehenik igoera-txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako postu hutsak adjudikatzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, kenduta igoera-txandan lanpostua lortu dutenak, txanda irekiko postuak betetzeko.

Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendan agertzen direnak behin-behinean proposatuko dira oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorrak.

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinekoz onartutakoek frogatu beharko dute, zazpi egun balioduneko epean, aipatutako zerrenda argitaratzen denetik Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, betetzen dituztela deialdiaren 3.1 apartatuko c), e) eta f) baldintzak. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udaleko Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Aurreko tramiteak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, adierazita zein diren oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartutako izangaiak. Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastarora behin-behinekoz onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, edo ez badu osasun azterketa gainditzen, probak gainditu eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituen puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak Eguesibarko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko dira Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak direnak.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).

Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluekin, izangairen batek gainditu baldin badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, frogatzen dituena ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko dituzte C mailari dagozkion oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Ikastaroa egiteko onartutako izangaiak, lehendik funtzionario direnak, jarduneko egoera administratiboan mantenduko dira ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta bazeuden Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean; kasu horretan, horrexetan segituko dute.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion proba mediko guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela egiaztatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen duten izangaiek, baldin hautapen-prozesuan ez bazaie bajarik ematen gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Aipatutako ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira oposiziotik.

7.3.6. Azken kalifikazioa.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak, alegia, hautapen fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gaindituen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko du.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita, Eguesibarko Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, baldin aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Behin prestakuntza ikastaroa bukatu ondoren, eta ikastaroa baliozkotu zaion izangaiak hautatutako polizian sartu ondoren, jabetza hartzeak berekin ekarriko du berariaz uko egitea une horretara arte edukitako lanpostuari, eta lanpostua gelditzea erreserbarik gabeko borondatezko eszedentziaren egoeran.

8.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Eguesibarko Udalean sartzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak afiliatuko dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Datu pertsonalak babestea.

Datuen babesa. Eguesibarko Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, hizpide duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu baduzula eskubidea datuetan sartzeko, datu horiek zuzentzeko (zuzenak ez badira), eta datuak ezerezteko, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Garajonay kalea 1, 31621, Sarriguren –Eguesibar–, 31621), edo egoitza elektronikora (https://sedeelectronica.valledeegues.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertze-errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira Udalaren web-orrian, interesdunei jakinarazteko ondorioetarako, hautapen-prozesu honen barnean.

Sarrigurenen, 2024ko apirilaren 11n.–Alkatea, Xuriñe Peñas López.

I. ERANSKINA.–LEHEN PROBARAKO GAI-ZERRENDA (TEORIKOA)

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Aitzin titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: Udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.

5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

9.–23/20018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

10.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa: I. kapitulua: Xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.

11.–5/2012 Legea, uztailaren 6koa, hizpide duena Gai Zibil eta Merkataritzakoetako Bitartekaritza.

12.–Eguesibarko Udalaren ordenantzak:

–Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

–Lagun egiteko animaliak babestea arautzen duen osasun arloko ordenantza.

–Trafikoaren udal ordenantza.

–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

–Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

–Terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantza.

–Eguesibarko udal-mugarteko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterako lokal pribatuak arautzen dituen ordenantza.

13.–Irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

14.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onesten duena.

15.–Eguesibarko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritzako alderdiak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak, Eguesibarko tradizioak eta usadio-ohiturak.

16.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

II. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI DAGOZKION ARIKETAK (GAITASUN FISIKOA)

1.–Ur inguruneko trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 39,9 segundo gizonentzat eta 44,9 segundo emakumeentzat.

Ezin izanen da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Saio bakarra eginen da.

Ibilbidea hasiko da epaile kronometratzaileak seinale hau ematean: "a sus puestos" (zuen postuetara) esan eta txilibitu-soinua jo.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

Denbora eta puntuazioak. Ikus taula osoa:

DENBORA ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

40 segundo edo gehiago

39,9 segundo edo gutxiago

EMAKUMEAK

45 segundo edo gehiago

44,9 segundo edo gutxiago

2.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonendako eta 25 kg emakumeendako.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 35 edo 25 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko. Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, ondotik ageri den eskalari jarraikiz. Ikus taula osoa:

MARKAK ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

30 edo gehiago

EMAKUMEAK

22 baino gutxiago

22 edo gehiago

3.–Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

Denborak eta puntuazioak. Ikus taula osoa:

DENBORA ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

24 edo gehiago

23"9 edo gutxiago

EMAKUMEAK

27 edo gehiago

26"9 edo gutxiago

4.–Erresistentzia proba (Course Navette testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork ere ez lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gaindituz, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan (eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira):

–Izangaia gelditzea, salbu eta soilik une batez gelditzen bada 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ez zapaltzea ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko tartera egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), honako eskala honi jarraikiz:

TARTEAK ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

10,5 baino gutxiago

10,5 edo gehiago

EMAKUMEAK

8,5 baino gutxiago

8,5 edo gehiago

III. ERANSKINA.–BAZTERKETA MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz-moteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren ihesa.

6.–Sistema kardiobaskularra.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Aparatu genitourinarioa.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Beste batzuk.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2405960