90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, bete dadin zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez

Noain Elortzibarko Udaleko Alkatetzaren 2024ko apirilaren 12ko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zen zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat betetzeko, C mailakoa, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez. Lanpostu hori Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzura aritzeko da, eta 2.19 zenbakia du plantillan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea zerbitzu anitzetako ofizialaren lanpostu bat, C mailakoa, barne-igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez, jarraikiz behar den prozedurari, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari.

1.2. Plantilla organikoaren aldaketa bat onetsi zen hasiera batez 2023ko maiatzaren 9an egindako osoko bilkuran, eta gero behin betikoa bilakatu zen, ez zelako alegaziorik aurkeztu (2023ko 133. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa); aldaketa horren bidez, hain zuzen, sortu ziren C mailako bi lanpostu: zerbitzu anitzetako (obrak) arduradunaren lanpostu bat, eta zerbitzu anitzetako ofizialaren beste bat (plantillan 2.18 eta 2.19 zenbakiak dituztenak), oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Maila horretan sartzeko arrazoia da dagokien lanean egin behar izatea goragoko mailari dagozkion zereginak. Prozedura honek ez dakar berekin udaleko langile kopurua handitzea.

Lanpostua 2023ko lan publikoaren eskaintzan sartuta dago.

1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, zerbitzu anitzetako ofizialaren lanposturako izendatzen den izangaia, zerbitzu anitzei atxikirik, C maila edo taldean sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.4. Prozedura gainditzen duen izangaiak lortuko du barne-igoera.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.7. Zerbitzu anitzeko ofizialaren (obrak) eginkizunak honako hauek dira:

–Obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Igeltserotza lanak, orokorrean, eta mantentze-lanak.

–Zerbitzuaren berezko makineria eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Ibilgailuak gidatzea eta obra-makineria arina eta ertaina maneiatzea.

–Uren eta hezeguneen kontrol analitikoak egitea.

–Udalaren egoitzetan, eta horietatik kanpo ere, azpiegiturak mantentzeko eta konpontzeko lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, zangak ireki eta ixtea, eta abar.

–Agintzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzak egitea, betiere bere mailakoak, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuen mantentze-lan oinarrizkoak eta kontserbazioa.

–Udalak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan laguntzea, baita Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko gainerako zerbitzuekin lan egitea, hala eskatzen zaionean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Arduradunari behar bezain garaiz komunikatzea udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabeziak, matxurak eta akatsak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, horretarako ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Begiratzea ea bide eta eremu publikoak egoera onean dauden, eta proposamenak egitea haiek mantentzeko edo hobetzeko.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Ordeztu beharko du zerbitzu anitzetako funtzionario arduraduna (obrak). Ordezpen horrengatik, ordezten duen funtzionarioak dituen osagarri berberekin ordainduko zaio.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, D mailakoa.

b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

c) Frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin izana.

d) Izatea Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako Goi Mailakoa edo baliokideren bat.

Titulazio hori izateko baldintzaren ordez, aski izanen da frogatzea zortzi urte eman izana benetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da betetzen direla baldintza horiek.

3.–Eskabideak eta tasak.

3.1. I. eranskineko ereduaren araberakoak izanen dira deialdian parte hartzeko eskabideak, eta erregistratu beharko dira Noain Elortzibarko Udalaren erregistro elektronikoan (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.e) artikulua, –lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea–) hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera, aurkeztuko dira deialdian eskatzen den titulazioaren frogagiriak edo, bestela, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua izatearenak. Orobat, aurkeztu beharko da tasak ordaindu izanaren ziurtagiria, eta merezimenduak baloratzeko behar den dokumentazioa.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik 32,85 euroko tasa ordaindu beharko da, udaletxean bertan edo honako kontu honetan: ES52 3008 0081 1207 0332 7320. Tasa ez bada ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barrenean, izangaia baztertu eginen da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Udaleko alkatea.

–Epaimahaikidea: Begoña Lausín Serrano, Udaleko arkitektoa.

–Epaimahaikidea: Juan José Visus Fandos, industria ingeniari teknikoa.

–Epaimahaikidea: Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkari bat.

–Epaimahaikide idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, eta lehiaketaldian baloratuko dira, soilik, oposizioaldia gainditu dutenen merezimenduak.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Ariketa bakarra, teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie 30 galderari. Horiek izanen dira II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Hala, galderaren balioaren heren bat kenduko da baldin erantzuteko aukerak hiru badira, eta, aldiz, balio horren laurden bat kenduko da baldin erantzuteko aukerak lau badira. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.3.2. Epaimahaiak ariketa teoriko-praktikoaren emaitza argitaratuko du iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Alegazioen epea bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.

6.3.3. Oposizioaldiko ariketari gehienez ere 70 puntu emanen zaizkio.

6.3.4. Oposizioko ariketa baztertzailea izanen da. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta izangaiek haietara agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Lehiaketaldia.

6.4.1. Epaimahaiak jarraian dagoen baremoaren arabera baloratuko ditu alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, salbu toki administrazioan, zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 0,50 puntu.

b) Toki administrazio publikoetan, zerbitzu anitzetako peoi lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, urtebete bakoitzeko 0,25 puntu, eta urtebetera iristen ez diren denbora zatiengatik, hainbanatuta dagokiona.

c) Titulu akademikoak:

–Goi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

–Erdi mailako titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko.

Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.4.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

6.4.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin-behineko balorazioa, iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Prozesuaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera, Noain Elortzibarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

7.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari aurkeztuko dio gainditu duten izangaien artean puntuaziorik handiena lortu duena izendatzeko proposamena.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatzen den hautaketa prozedura amaitu ondoren, alkateak, izendapen proposamenaren arabera, ebazpen bidez izendatuko du prozedura gainditu duen izangaia. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak lanpostuaz jabetu beharko du, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2024ko apirilaren 12an.–Alkate udalburua, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa. Segurtasun neurriak pintura, zurgintza, mekanika eta igeltserotzako ohiko lanetan.

2. gaia.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

3. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren maneiuari buruzko ezagutza.

4. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak eta etengailu diferentzialak.

5. gaia.–Argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

6. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Lanabesak. Materialak. Mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

7. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

8. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

9. gaia.–Eraikinen, bideen eta hiri-altzarien mantentze-lanak. Pintura oro har, apaintzeko pintura eta obrako pintura. Bideetako pintura. Pinturako lanabesak, materialak eta produktuak, pintura-lanak.

10. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Lanabesak. Materialak. Igeltserotza-lanak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta hormak egitea. Zimenduak jartzea. Ehorzketak.

11. gaia.–Zurgintzako kontzeptu orokorrak: zurgintzako lanabesak, zurgintzako materialak, zurgintza-lanak.

12. gaia.–Sarrailagintza eta metalgintza. Oinarrizko ezagutzak. Lanabesak. Materialak. Tratamendu termikoak eta azaleko tratamenduak. Sistema mekanikoak konpondu, doitu eta erregulatzea. Sarrailen, banden, gontzen eta ateetarako bestelako burdinerien mantentze- eta konpontze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

Iragarkiaren kodea: L2405974