90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

47E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Erriberriko "Beire etorbidea 18-22" ingurunean (PIG 77).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea eskatu da, Erriberriko atari hauek hartzen dituena:

–Beire etorbidea 18, 20 eta 22.

Guztira 3 atari eta 24 etxebizitza dira, eta proiektuak Erriberriko 9. poligonoko 721. lurzatia hartzen du.

Eraikin hori 1976an eraiki zen, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen du, tipologia eta eraikuntza-sistema berarekin.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Erriberriko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Erriberriko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Esku-hartzeko orokorreko proiektu bat onestea Erriberriko atari hauetako jabe-erkidegoetan:

–Beire etorbidea 18, 20 eta 22.

Proiektua jabe-erkidego guztiei aplikatuko zaie, Beire etorbideko 18 zenbakikoari izan ezik. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko dio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi duela, eta hori nahikoa izanen da proiektua erkidego horretan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da behar diren proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabe-erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabe-erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Erriberriko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2405951