90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

125E/2024 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1537/2011 Ebazpenaren bidez eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez aldatu zena, eta, geroago, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eta Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 19ko 308E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2023ko urriaren 3an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, 1A nabean PXL prentsa berri bat ezartzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2023ko urriaren 26an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2023ko urriaren 26an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2024-01-11n, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektu hori PXL prentsa berri bat instalatzean datza, lehendik kokaleku berean dauden GT prentsetako bat desmuntatu ondoren (beste espediente batean izapidetu da). Ondorioz, azalera eraikia handitu eginen da: 1.024 m² beheko solairuan eta 800 m² sotoan.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko dagoen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egiteko, helburu duena 1A nabean PXL prentsa berri bat ezartzeko proiektua gauzatzea. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Jardueraren titularra Volkswagen Navarra SA da.

Bigarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Volkswagen Navarra SAri eta Oltza Zendeako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2405629