90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

110/2024 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte irakaskuntzak arautzen dira, besteak beste, musikako goi mailako ikasketak. Lege horren 54.2.b) artikuluak ezartzen du, musikako goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, beharrezkoa dela sarrera proba bat gainditzea. Proba horretan izangaiek erakutsi beharko dute behar bezalako ezagutza eta trebetasun profesionalak dituztela kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluak arautzen du goi mailako arte irakaskuntzetako gradu-tituluak lortzeko irakaskuntza ofizialetarako sarrera eginen dela berariazko proba bat gaindituta, betiere unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izanik: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, hezkuntza administrazioek ezartzen ahalko dute 18 urtetik gorakoek oro har zuzeneko sarbidea izanen dutela goi mailako arte irakaskuntzetan –horretarako, berariazko proba bat gainditu beharko dute, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak badituela frogatzen duena–, baita 16 urtetik gorakoek ere musika edo dantzako goi mailako ikasketetan, baldintza beretan.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 94/2024 Ebazpenaren bidez, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da 2024. urtean.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko abenduaren 22ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako musikako irakaskuntza profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatu zituen abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela finkatzea zein balorazio emanen zaion musikako irakaskuntza profesionalen espedientearen batez besteko notari goi mailako ikasketak egiteko sarrera proban.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ematen dira, eta martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren bidez haren eranskina aldatzen da.

Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak 2024ko apirilaren 2an emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proben deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera proben deialdia egitea, ebazpen honi gehitu zaion eranskinean jasotako oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko apirilaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA.–OINARRIAK

1. Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko sarrera proben deialdia egitea 2024-2025 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak ematen baitira Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko, eta foru agindu horren eranskina aldatzen duen martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenean ezarritakoarekin bat.

2. Eragina eta balioa.

Sarrera proba gainditzeak ahalbidetzen du, bakar-bakarrik, 2024-2025 ikasturtean matrikula egiteko, eta aukera ematen du irakaskuntza horiek ematen dituen estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan ikasposturik izanez gero.

3. Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena pasealekua 1, Iruña).

Halere, kasuren batean beharrezkoa balitz beste tokiren bat erabiltzea, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa arduratuko da hori behar bezala eta aurrerapen nahikoarekin iragartzeaz zentroaren iragarki-taulan zein web-orrian.

Sarrera probak deialdi bakarrean eginen dira. Ekainaren 10etik aurrera hasiko dira, eta behar den denborarekin iragarriko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki-taulan zein web-orrian.

Epaimahai bakoitzak probaren zati bakoitza egiteko eguna eta ordua jendaurrean jarriko ditu, baita emaitzak argitara emateko eguna ere, 48 ordu lehenago gutxienez, probak eginen diren tokian zein Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren web-orrian (https://csmn.es/).

4. Baldintzak.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako proba gaindituta edo hauetako titulu bat izatea: batxilergoko titulua, goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat.

b) Hezkuntza Departamentuak araututako berariazko sarrera proba bat gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezagutza eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko. Berariazko proba horrek deialdia egin den ikasturte berean matrikulatzeko balioko du bakarrik. Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da probaren azken kalifikazioan.

5. Ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

Ebazpen honen 4.a) oinarrian ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 16 urtetik gorako izangaiak heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba hori hezkuntza administrazioek antolatuko dute eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte irakaskuntzen antolamendua ezarri zuen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen da.

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak deialdi bat iragarri du goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 94/2024 Ebazpenaren bidez.

Sartzen ahalko dira, orobat, 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

Sartzen ahalko dira, orobat, Arteen eta Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko 2019tik 2024ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean egindako proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duten pertsonak.

6. Probetan izena ematea.

6.1. Probetara aurkezten direnek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Goi Mailako Musika Kontserbatorioak bere web-orritik prestatuko duen inprimaki elektronikoaren bidez: https://csmn.es/pruebas-de-acceso/ edo zuzenean esteka honetatik: https://eoimus.educacion.navarra.es/csmn/.

Eskabide horretan, izangaiak zehaztu beharko du zein espezialitate eta ibilbidetan ematen duen izena.

6.2. Desgaitasunen bat duten pertsonek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean, eta eskabidearekin batera minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria aurkeztuko dute, erakunde eskudunak emana, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskabidea ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiak frogatu ahal izatea badituela irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak.

6.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokide baten kopia digitala, bi aldeetatik.

b) Sarrera probei dagokien tasa (61,79 euro) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean ezarrita dago, eta telematikoki ordainduko da eskabidea formalizatzen den unean. Ordainketaren frogagiria eskuratzen ahalko da.

Honako zerga onura hauek aplikatuko dira:

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kideak, guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria orokorrekoak) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: %50eko hobaria.

–Kategoria bereziko familia ugarietako kideak; guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak (kategoria berezikoak); ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita seme-alabak ere); eta gutxienez %65eko desgaitasun aitortua duten pertsonak: %100eko salbuespena.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, guraso bakarreko familiaren tituluarena edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo biktimaren aldeko babes ebazpen judizialarena, kondena-epaiarena edo biktimaren aldeko kautelazko neurriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxilergoko tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako izena emateko orduan Batxilergoko azkeneko kurtsoa egiten ari diren izangaiek, artikulu honetan aipatutako agiriak izanen ez dituztenez, 2024ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte.

e) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gaindituta izatea frogatzen duen agiriaren fotokopia, hala izanez gero, edo goi mailako arte irakaskuntzetako titulu bat, unibertsitate titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat izatea frogatzen duenarena.

f) Nafarroako Foru Komunitateak, edo beste edozein hezkuntza administraziok, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko deitutako heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriaren fotokopia, halakorik badu.

g) 2008tik 2018ra bitarte (biak barne) Nafarroako Foru Komunitatean antolatutako deialdiren batean goi mailako heziketa zikloetan sartzeko lau proba modalitateetako edozeinen zati komuna gainditu duela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

h) 2019tik 2024ra bitarte (biak barne) Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben zati komuna gainditu dutela frogatzen duen agiriaren fotokopia, halakorik badu.

Izena emateko orduan proba horietako bat gainditzeko duten izangaiek (hots, goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun proba edo Arteen edo Giza Zientzien modalitateetan goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probaren zati komuna gainditu zain daudenek) eskabidean adierazi beharko dute proba horietako bat egiteko izena eman dutela, eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, matrikula egin baino lehen, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Haien matrikulazioa eginen da baldin eta dokumentazio hori aurkezten badute.

i) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako Musikako lanbide tituluko edo Musikako Lanbide Ikasketetako Teknikari tituluko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri oso bat.

j) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren araberako Musikako Irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkezten ahalko dute.

k) Izangaiak proban aurkeztuko dituen obren zerrenda.

l) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, erakunde eskudunak emana, hala badagokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskabidea ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskabidearekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.

Eskabidea eta aipatutako dokumentazioa 6.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz aurkeztu beharko dira maiatzaren 13tik 24ra bitartean, biak barne.

6.5. Eskabide onartuak eta baztertuak.

Izena emateko ezarritako epea bukatu ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aditzera emanen du, ikastetxean bertan, eskatzaile onartuen izenen zerrenda, espezialitateen arabera, eta, hala badagokio, ibilbideen arabera, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Ebazpen honen 6.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei erantzun ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, ikastetxean bertan; baztertuen kasuan, gainera, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

7. Espezialitateak eta ibilbideak.

Deialdi honetan, espezialitate hauetarako sarrera probak iragartzen dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

8. Sarrera proba berariazkoaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Berariazko sarrera probaren egitura eta edukia, baita espezialitatearen arabera probako atal bakoitzari ematen zaion balorazio partziala ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 14ko 105/2018 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoak izanen dira, horren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak ezartzeko Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an eman zuen 48/2011 Foru Aginduaren eranskina.

9. Berariazko sarrera proba gainditzea.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, kasuan kasuko espezialitateko probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

10. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu.

11. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, Musikako lanbide titulua izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetan sartzeko probaren azken kalifikazioan.

Berariazko sarrera proba gainditu eta Musikako lanbide titulua edo Musikako Irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) edo Musikako Lanbide Ikasketetako Teknikari titulua duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio berariazko sarrera proban lortzen duten notari. Espedientea Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari bidali beharko diote 2024ko ekainaren 6a baino lehen, honako helbide elektroniko hauetakoren batera:

–accesos@educacion.navarra.es

–administracion2@educacion.navarra.es

–administracion1@educacion.navarra.es

Berariazko sarrera-proba gainditzen duten izangaiei lanbide ikasketen balorazioa gehitu ondoren, espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, ibilbide bakoitzerako, zerrenda bakar bat osatuko da, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzeko prozesua espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten ikasleei adjudikatzen ahalko dizkie.

12. Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikidea. Gainera, Interpretazioa espezialitatean, ibilbidearen araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

12.1. Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketekin lotutako arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, egoki iritziz gero.

12.2. Epaimahaiak publiko egitea.

Epaimahaiko kideen izenak probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko dira, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko iragarki-taulan eta web-orrian.

13. Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta musikako goi mailako ikasketei begira dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

14. Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, epaimahaiburuari zuzenduak, probak egiten diren tokian aurkeztuko dira, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak ebatziko dira, gehienez ere, horiek egiteko epea amaitu eta hurrengo hamar egun baliodunetan. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo bost egunetan.

15. Aurkeztutako agiriak gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketetara sartzekoak probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik.

Iragarkiaren kodea: F2405779