90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

46E/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 10ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Burlatako "Maistrak II" esparruko 6 jabe-erkidegotarako, (PIG 79).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aurrekoarekin bat etorriz, Burlatako "Maistrak II" esparruan esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea eskatu da, atari hauek hartzen dituena:

–Maistren kalea 4, 6, 8, 10 eta 12.

–San Frantzisko kalea 25.

Guztira 180 etxebizitza dira, 6 ataritan, eta etxe-sail ia osoa osatzen dute. Proiektuak Burlatako 2. poligonoko 146., 147., 148., 149., 150. eta 151. lurzatiak hartzen ditu. 1966tik 1968ra bitartean eraiki ziren, eta, beraz, multzoan hobetu beharreko eraikuntza-gabezia batzuk daude, bai energia-efizientziaren ikuspegitik, bai irisgarritasunaren ikuspegitik.

Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Burlatako Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Burlatako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea Burlatako "Maistrak II" esparruko kale hauetako jabe-erkidegoetarako:

–Maistren kalea 4, 6, 8, 10 eta 12.

–San Frantzisko kalea 25.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da behar diren proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan eta jabe-erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabe-erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabe-erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Burlatako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2405989