90. ALDIZKARIA - 2024ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

51/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez partzialki garatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamenduak, uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuak onartu zuenak, besteak beste xedatzen ditu bilketa kudeaketan laguntzen duten kreditu erakundeen jarduketaren oinarrizko ildoak eta erregulatzen ditu zerga zorrak eta zergaz besteko zorrak ordaintzeko balizko moduak.

Erregelamendu horretan ezarritakoa garatzeko, eman zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Agindua, zeinaren bidez partzialki garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken urteetangero eta gehiago erabili da banku helbideratzea zorrak ordaintzeko modu gisa, zergapekoek gehien aukeratzen dutenetako bat izateraino.

Apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduan araututako helbideratze prozedurak izan duen funtzionamendu ona ikusita, eta pertsonei zorrak ordaintzea ahal den neurrian errazten jarraitzeko, komenigarritzat jotzen da ordainbide hori erabiltzeko aukera ematea baita pertsonak zordunketa helbideratzeko izendatu duen kontua irekia badago ere diru bilketaren kudeaketan laguntzaile ez den kreditu erakunde batean, betiere erakunde hori Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarraren barnean badago (hemendik aurrera, SEPA eremua).

Hala, erantzunen dira bai Zerga administrazioarekiko zorren ordainketa helbideratu nahi duten eta atzerrian daudenen kasuak, bai erakunde laguntzaileren batean kontua irekita ez dutenena, Espainian bizi diren zergapekoak izan ala ez.

Oso komenigarritzat jo da ordainketa modu hori zabaltzea, batetik, SEPA araudia betez eta, bestetik, zerga berrien sorreragatik, ordaintzaile ez-egoiliarren potentzial nabarmena dutenengatik.

Foru agindu honen xedea da helbideratze bidezko ordainketen baldintzak eta prozedura biltzea, bai erakunde laguntzaileetan irekitako kontuetarako, bai Europar Batasuneko herrialde kideetako bateko erakunde ez-kolaboratzaileetan irekitako kontuetarako. Ondorioz, indargabetu da apirilaren 23ko 80/2008 Foru Agindua.

Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamenduaren 25. artikulutik eratortzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskumena, zeinak ezartzen baitu, eskudirutan egin behar den zerga-zorren ordainketa, legezko diru zein txeke bidez ez ezik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak baimentzen dituen bestelako moduen bidez ere egiten ahal dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.

Beharraren eta eraginkortasun juridikoaren printzipioak betetzen dira, lege arauaren garapena eta garapen horretarako tresna egokia direlako.

Proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, hura onartzea justifikatzen duten helburuak lortzeko beharrezko erregulazioa jasotzen duelako.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da testua foru ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.

Gardentasun printzipioa bermatu da azalpen honen xedea eta helburua argi identifikatzean, bai eta proiektua Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzean ere, herritarrek testua ezagutu ahal izan dezaten entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidean.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio karga gutxien eragin ditzan herritarrentzat, eta zeharkako kostu gutxien ere bai, baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatzeko bidean.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Zergen aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aurkezten dituzten zergapekoek banku helbideratze bitartez ordaintzen ahalko dituzte aitorpen-likidazio eta autolikidazio horietatik eratorritako zerga-zorrak.

2. Banku helbideratzea baliatzen ahalko da foru agindu honen eranskinean adierazitako zerga ereduetarako. S-90 eta 220 ereduen kasuan, zergaldia urte naturalarekin bat badator soilik erabiltzen ahalko da helbideratzea.

3. https://www.hacienda.navarra.es helbidea eguneratuta egonen da, zerrenda batean kontsultatzeko helbideratzea zer zerga eredurekin baliatzen ahal den.

4. Banku helbideratzea ez da baliatzen ahalko dagozkion arau erregulatzaileetan adierazitako epeetatik kanpo aurkezten diren zerga ereduekin.

5. Foru agindu hau geroratzeen edo zatikatzeen banku helbideratzeen eskaerei buruzko arauei ere aplikatuko zaie, Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamenduaren 59. artikuluan agertzen direnei, artikulu horretan erregulatzen ez den orori dagokionez.

6. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituen foru aginduan ezarritako banku helbideratzeari buruzko arauek indarrean jarraituko dute. Aurrekoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honetan xedatutakoaren arabera eraenduko dira foru agindu horretan erregulatzen ez diren alderdiak.

2. artikulua. Helbideratzearen baldintzak.

1. Banku helbideratzeak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ordainketa egin behar duen pertsonak helbideratze kontuaren titularra izanen da.

b) Nafarroako Foru Ogasunaren bilketaren kudeaketan laguntzaile den erakunde batean irekita egonen da kontu hori edo, bestela, SEPA eremuaren barnean dagoen erakunde batean.

c) Ordainketa egin behar duen pertsonak helbideratze agindua jakinaraziko die kasuan kasu zehazten diren Nafarroako Foru Ogasuneko organoei. Espainiatik kanpo baina SEPA eremuko erakundeetan irekitako kontuen kasuan, helbideratze kontuaren SWIFT-IBAN kodea adierazi beharko da.

d) Ordainketa helbideratuko den kontuak saldoa izan beharko du aitorpen-likidazio eta autolikidazio bakoitza erregulatzen duen araudiak zehazten dituen epeak bukatu arte eta hurrengo hiru egun baliodunetan. Saldo hori zorraren zenbatekoa adinakoa edo handiagoa izanen da.

Geroratzeei eta ordainketen zatikatzeei dagokienez, hilabete bakoitzeko 5ean edo hurrengo egun baliodunean.

Kargua egin behar den datan helbideratzeko kontuan aski saldorik ez badago, zorra ez dela sartu ondorioztatuko da.

e) Ordainketa helbideratzen den kontuak helbideratzeak onartu beharko ditu.

2. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, hirugarren pertsonak ordezkatuz eta bide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz zerga aitorpenak aurkezteko baimena duten pertsonek zein erakundeek, baita zerga-zorrak telematikoki ordaintzeko ere, bide beretatik jakinarazten ahalko dituzte ordezkatzen dituzten hirugarrenek aurretik esandako helbideratze aginduak.

3. artikulua. Ordainketaren data.

1. Ordainketak borondatezko epean egintzat joko dira baldin eta aski saldo bada, 2.1.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2. Bilketan laguntzaile ez diren erakundeetan irekitako kontuetan helbideratuz ordaintzea hautatu bada, eta, konturako kargua egin eta gero, ordainketa egin behar duenak baliatzen badu itzulketarako eskubidea, zeina aipatzen baita Ordainketa Zerbitzuena eta Finantza Arloko Presako beste Neurri batzuen 19/2018 Errege Lege Dekretuan, azaroaren 23koan, 48.2 artikuluan, testu arauemaile beraren 49.1 artikuluan ezarritako epean, ordainketa ez-egintzat joko da, eta exijituko zaizkio errekarguak, berandutze-interesak eta dagozkion zehapenak.

Bilketan laguntzaile ez diren erakundeetan irekitako kontuetan helbideratuz ordaintzen duten kasu horietan, sarrera behar bezala identifikatu ondoren, eta aurreko paragrafoan aipatutako itzulketa gertatzen ez bada, ordainketa egin behar duen pertsonak dagokion ordainketaren egiaztagiria eskuratzen ahalko du Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean.

3. Konturako kargua egiten ez bada edo 2.1.d) artikuluan ezarritako epetik kanpo egiten bada eta horren zergatia ezin bazaio ordaintzera behartuta dagoenari egotzi, ez zaizkio errekarguak, berandutze-interesak eta zehapenak exijituko, deusetan galarazi gabe, hala badagokio, atzerapenaren erantzule den erakunde exijitzea dagozkion berandutze-interesak likidatzea.

4. artikulua. Helbideratzearen kudeaketa Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketaren kudeaketan laguntzen duten erakundetan irekitako kontuetan.

1. Nafarroako Foru Ogasunak banku helbideratze aginduak jakinaraziko dizkie dagokion erakunde laguntzaileei. Horiek helbideratutako zenbatekoa ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren kontuan kargatu eta diru-bilketako kontu mugatu egokietan sartuko dute.

2. Nafarroako Foru Ogasunak erakunde laguntzaileei Editran bitartez bidaliko die helbideratzeei buruzko informazioa. Fitxategi batean edo gehiagotan, dagokion epean egin behar diren helbideratze guztiak jasoko dira.

3. Helbideratzeei dagozkien zenbatekoak diru-bilketako kontu mugatuetan sartuko dira, erakunde laguntzaileek irekiko dituztenak izen honekin: "Nafarroako Foru Komunitatea. Diru-bilketan laguntzeko kontu mugatua. Helbideratze bidezko kobrantzak".

4. Kontu mugatu horietan bilduko dira Nafarroako Foru Ogasunak erakunde laguntzaileari bidalitako helbideratzeen abonuak, baldin eta errefusatu ez badituzte bezeroaren konturako kargu eragiketa. Ordainagiria itzuli nahi izanez gero, itzultzeko epea hasiko da Nafarroako Foru Ogasunak helbideratze sorta bidaltzen den egunaren eta bukatuko da Nafarroako Foru Komunitateko kontu korronte orokorrean abonua egiten den egunean.

5. Helbideratze horien sarrerak izanen dira, 2. apartatuan aipatzen den fitxategia ematen den egunean, kontu korronte orokorrean abonatzeko dagoen hamabostaldikoak.

6. Borondatezko aldiko azken ordainketa egunean eginen da ordainketa kontu mugatuan eta, kasu guztietan, hamabostaldi horri dagokion kontu korronte orokorrerako abonu egunaren aurretik. Kontu mugatuan egun horretarako egin ez diren abonuak itzulitako ordainagiritzat joko dira.

7. Kontu mugatu horien saldo garbian kargatukoa Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrera abonatuko da dagokion foru aginduan xedatutako abonu datetan –zeinaren bidez epeak eta datak finkatzen baitira, Nafarroako Foru Ogasunaren diru bilketan aritzen diren entitate laguntzaileek funtsak sartzeko eta dokumentuak aurkeztu edo telematika bidez igortzeko–. Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrera gainerako kontu mugatuak eskualdatzen diren egunarekin bat etorriko da data hori.

8. Erakunde laguntzaileek Nafarroako Foru Ogasuna informazioa bidaltzeko, kobrantza normalizatuei buruzko informazioa bidaltzeko baldintza eta epe berberak bete beharko dituzte, behar den informazioa Nafarroako Foru Ogasunak helbideratzerako bidali duen fitxategitik bilduz. Hala ere, fitxategiaren bidalketari 4 zenbakia emanen zaio.

5. artikulua. SEPA eremuko erakunde ez-laguntzaileetan irekitako kontuetako helbideratzeen kudeaketa.

1. Artikulu honetan erregulatutako helbideratzeak kudeatu nahi dituzten Nafarroako Foru Ogasunaren bilketa kudeatzen laguntzen duten finantza entitateek prozedura horrekiko atxikimendua adierazi beharko dute. Hala, aitortu beharko dute aski baliabide tekniko dituztela, Nafarroako Foru Ogasunak bidali dizkien helbideratze aginduak gauzatzeko, baita artikulu honetan adierazitako baldintzak betetzeko konpromisoa ere.

2. Artikulu honetan erregulatzen den helbideratze bidezko ordainketa prozesuan parte hartzen duten finantza entitateek exijitzen ahal duten edozer gastu edo komisio zergapekoaren kontura izanen da, eta ez da kentzen ahalko helbideratutako ordainagirien zenbatekotik.

3. Helbideratutako zenbatekoak sartzeko mugaegunaren aurreko hiru egun baliodunen epean, Nafarroako Foru Ogasunak bide telematiko bidez igorriko die prozedura honen kudeaketari atxikitako finantza entitate laguntzaileei finantza entitate ez-laguntzaileetan helbideratzeko aginduak jasotzen dituen fitxategia. Fitxategiaren egitura oinarrizko zuzeneko zordunketetarako unean-unean indarrean dagoen formatuaren araberakoa izanen da.

Prozedurari atxikitako erakundeak fitxategian adierazitako mugaegunean abonatuko du fitxategiaren zenbateko osoa kontu korrontean. Konturako kargua egin ondoren, ordainketa egin behar duen pertsonak baliatzen badu itzulketarako eskubidea, zeina aipatzen baita Ordainketa Zerbitzuena eta Finantza Arloko Presako beste Neurri batzuen 19/2018 Errege Lege Dekretuan, azaroaren 23koan, 48.2 artikuluan, testu arauemaile beraren 49.1 artikuluan ezarritako epean, prozedurari atxikitako finantza entitateak hileko aldi bakoitzean itzulitako zenbatekoak kontu korrontean kargatuko ditu eta itzulitako ordainagirien xehetasunak fitxategi batean bidaliko ditu telematikoki. Fitxategiaren egitura oinarrizko zuzeneko zordunketetarako unean-unean indarrean dagoen formatuaren araberakoa izanen da.

6. artikulua. Ordainketaren egiaztagiria.

1. Erakundeen laguntzaileek ordainketa egin behar duten pertsonei konturako kargua egin eta gero ematen dieten ordainagiriak gutxienez datu hauek izanen ditu:

–Konturako karguaren data.

–Zenbatekoa.

–Ordaindutako zorraren datuak: zerga kontzeptua-eredua, ekitaldia eta aldia.

–Ordainketa gutunaren zenbakia.

–Erakundearen eta sukurtsalaren kodeak.

–Erakunde laguntzailearen izena.

–Kargua egin den kontuaren Bezeroaren Kontu Kodea.

–Ordainketa egin behar duen pertsonaren datuak: IFZ. Deiturak eta izena edo sozietate-izena.

–Legenda: "Zordunketa honek askatze-indarra dauka Nafarroako Foru Ogasunarekiko, Nafarroako Foru Komunitateko Diru bilketaren Erregelamenduan aurreikusten den gisa."

2. Ordainketa egin behar duen pertsonaren askatze-indarra gertatuko da erakunde laguntzaileak ordainagirian adierazitako zenbatekoaren, dataren eta ordaindutako zorraren datuen arabera. Edonola ere, ez du efekturik izanen Nafarroako Foru Ogasunaren aurrean zer datetan balioztatu duen erakunde laguntzaileak kontabilitatearen aldetik zenbatekoa ordaindu den konturako eragiketa.

7. artikulua. Gertakariak helbideratze zerbitzua ematean.

1. Mugatutako kontuan ordainketa-erroreak badira, eta errore horiek Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrean sarrera egin aurretik hautematen bada, erakunde laguntzaileak idazpena baliogabetuko du kontu mugatuan zenbateko bereko kargu baten bidez.

2. Erakunde laguntzaileak zenbateko okerrak dituzten ordainagiriak ematen baditu, eta akatsa Nafarroako Foru Komunitatearen kontu korronte orokorrean sarrera egin aurretik hautematen bada, ordainagiri okerra baliogabetuko da eta zuzen bat emanen da, ordainketa egin beharreko pertsonari igorriko zaiona, mugatutako kontuan bi eragiketak islatuz.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Foru agindu hau indarrean jartzen denean, indarrik gabe geratuko da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Agindua, zeinaren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

ERANSKINA.–FORU AGINDU HONEN ARABERA ORDAINKETAK BANKUAN HELBIDERATZEA ONARTZEN DUTEN ZERGA EREDUAK

592 eredua. "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa".

369 eredua. "Balio erantsiaren gaineko zerga. Autolikidazioa, subjektu pasibo ez diren pertsonei zerbitzuak ematen dizkieten, ondasunen urruneko salmentak egiten dituzten eta barneko ondasun-entrega jakin batzuk egiten dituzten subjektu pasiboei aplika dakizkiekeen araubide bereziena".

490 eredua. "Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa".

587 eredua. "Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zerga. Autolikidazioa".

130 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketa zatikatuen autolikidazioa".

136 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Zenbait loteria eta apustutako sarien gaineko karga berezia. Autolikidazioa".

715 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Laneko etekinei, enpresa eta lanbide batzuen jarduerei, sariei eta errenta egozketa batzuei buruzko atxikipenak eta konturako sarrerak" (hiruhilekoa).

716 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Kapital higigarriaren atxikipenak" (hiruhilekoa).

745 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Laneko etekinei, enpresa eta lanbide batzuen jarduerei, sariei eta errenta egozketa batzuei buruzko atxikipenak eta konturako sarrerak" (hilekoa).

746 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Kapital higigarriaren atxikipenak (hilekoa). Banku kontuetako interesak" (hilekoa).

747 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Kapital higigarriaren atxikipenak (hilekoa). Banku kontuetako interesak eta etekin inplizituak izan ezik" (hilekoa).

748 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Kapital higigarriaren atxikipenak (hilekoa). Etekin inplizituak" (hilekoa).

759 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Hiri higiezinen errentamenduei dagozkien atxikipenak" (hiruhilekoa).

760 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Hiri higiezinen errentamenduei dagozkien atxikipenak" (hilekoa).

763 eredua. Joko-jardueren gaineko zerga, urteko eta urte anitzeko jardueren kasuetan. Autolikidazioa".

780 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Atxikipenak eta konturako diru-sarrerak. Ondare gehikuntzak" (hilekoa).

781 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Atxikipenak eta konturako diru-sarrerak. Ondare gehikuntzak" (hiruhilekoa).

785 eredua. "Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Atxikipenak eta konturako diru-sarrerak. Kapitalizazio eragiketen eta bizitza edo elbarritasuneko aseguru kontratuen bidez lortutako kapital higigarriko errenta edo etekinak" (hilekoa).

S-91 eredua. "Sozietateen gaineko zerga. Ordainketa zatikatua".

S-90 eredua. "Sozietateen gaineko zerga eta establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga" (urtekoa). Zergaldiak urte naturalarekin bat egiten duenean.

216 eredua. "Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Atxikipenak eta konturako diru-sarrerak. Establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak".

220 eredua. "Sozietateen gaineko zerga. Talde fiskalen tributazio araubidea" (urtekoa). Zergaldiak urte naturalarekin bat egiten duenean.

230 eredua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga: halako loteria eta apustu batzuen sarien gaineko karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak. Sozietateen gaineko zerga: halako loteria eta apustu batzuen sarien gaineko karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak. Autolikidazioa".

610 eredua. "Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Egintza juridiko dokumentatuak. Kreditu erakundeek negoziatutako ordainagiri eta zor-agirien gaineko zerga eskudirutan ordaintzea".

640 eredua. "Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Egintza juridiko dokumentatuak. Efektu tinbredunak".

F66 eredua. "Balio erantsiaren gaineko zerga. Hileko aitorpen-likidazioa".

F69 eredua. "Balio erantsiaren gaineko zerga. Hiruhilekoko aitorpen-likidazioa. Araubide orokorra eta erraztua".

309 eredua. "Balio erantsiaren gaineko zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa".

353 eredua. "Balio erantsiaren gaineko zerga. Erakunde taldea. Eredu bateratua. Hileko aitorpen-likidazioa".

366 eredua. "Hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga. Autolikidazioa".

410 eredua. "Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergaren konturako ordainketa. Autolikidazioa".

411 eredua. "Kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zerga. Autolikidazioa".

560 eredua. "Elektrizitatearen gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa".

561 eredua. "Garagardoaren gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa".

562 eredua. "Tarteko produktuen gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa".

563 eredua. "Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa".

566 eredua. "Tabakogaien gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa".

581 eredua. "Hidrokarburoen gaineko zerga. Aitorpen-likidazioa" (hilekoa).

583 eredua. "Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak".

584 eredua. "Gastatutako erregai nuklearra sortzearen gaineko zerga, eta energia nukleoelektrikoa sortzearen ondoriozko hondakin erradiaktiboen gainekoa. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak".

585 eredua. "Gastatutako erregai nuklearra eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak".

588 eredua. "Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Autolikidazioa, jarduera utzi delako urtarriletik urrira".

430 eredua. "Aseguru primen gaineko zerga. Hileko aitorpen-likidazioa".

J-20 eredua. "Jokoaren gaineko zerga tasa. Bingo aretoak. Aitorpen-likidazioa" (hiruhilekoa).

J-50 eredua. "Zozketen, tonbolen, apustuen eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa. Apustuak. Aitorpen likidazioa" (hiruhilekoa).

910 eredua. "Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa".

Iragarkiaren kodea: F2406052