9. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GAZTELUBERRI

Udal ordenantza, herritarren lana edo auzolana arautzen duena. Behin betiko onespena

Gazteluberriko Udalak, 2023ko irailaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herritarren lana edo auzolana arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 b) artikuluko aginduak betez, erabakia 2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen azaroaren 7an, bai eta Gazteluberriko Udaleko iragarki-taulan ere. Hogeita hamar egunez jarri zen jendaurrean, eta ez zen alegaziorik, kexarik edo oharrik egin. Ondorioz, behin betiko onesten da, lege horren 326. artikuluaren arabera, eta testu osoa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Behin betiko onespen horren aurka, honako hauek egiten ahalko dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari dagokionez, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa jarrita, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Gazteluberrin, 2023ko azaroaren 24an.–Alkate udalburua, Xabier Alfaure Jiménez.

HERRITARREN LANA EDO AUZOLANA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da auzolana arautzea, Gazteluberriko Udalaren mesederako egiten diren lan eta zerbitzuei dagokienez.

2. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau oinarrituko da ohituretan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluetan xedatutakoan.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Gazteluberrin bizi direnek dute herritarren lana edo auzolana egin beharra.

Aski izanen da etxebizitza berean bizi den familia-unitateko kide batek egitea auzolana.

Gazteluberrin etxebizitza bat baino gehiagoren titular diren egoiliarrei dagokienez, familia horiek lan pertsonala egin beharko dute etxebizitza horietako bakoitzeko, betiere norbait haietan etenik gabe edo noizean behin bizi bada.

4. artikulua. Salbuespenak.

Lan pertsonala edo auzolana egitetik salbuetsita egonen dira honako pertsona hauek:

a) 18 urtetik beherakoak eta 55etik gorakoak.

b) %25etik gorako ezintasuna aitortuta duten desgaituek.

c) Aldi baterako lan-ezintasuneko egoeran daudenak, behar bezala egiaztatua badago baja-agirien eta baja berresteko agirien bidez.

d) Presondegietan giltzapetuak daudenak.

Salbuetsitakoek borondatez egin dezakete auzolana.

5. artikulua. Asegurua.

Toki-erakunde honen kontura izanen da lan honetan aritzera behartuta daudenei gertatzen ahal zaizkien istripuen arriskuaren estaldura.

6. artikulua. Kudeaketa.

1. Auzolana egiteko modua:

a) Udalak deitutako auzolanak. Ohiturari jarraituz egiten dena: Udalak antolatzen ditu auzolan hauek, denen onurarako obrak edo lanak egiteko. Udalak adieraziko du noiz egin behar diren. Bando baten bidez iragarriko dira eta larunbatetan eginen dira normalean.

2. Herritarren lana edo auzolana urtean hamar egunetan eginen da, gehienez, eta ez dira elkarren segidan hiru egunetik gora eginen. Auzolan bakoitzak 8 ordu inguru iraunen du, baina lan bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera alda daiteke. Udalaren ordezkariak auzolana egin izanaren frogagiria banatuko du.

3. Beste lagun batek egiten ahal du auzolana, betiere horretarako egokia baldin bada eta bere borondatez aritzeko prest badago. Ordezkapen hori aldez aurretik jakinaraziko zaio Udalari.

4. Auzolana egitetik libratu daiteke urtean diru kopuru bat ordainduta. Kopuru hori Udalak onetsiko du urte bakoitzerako, egiten duen lehen ohiko osoko bilkuran.

Diru hori borondatezko epean ohiko bidetik ordaintzen ez bada, derrigorrezko diru-bilketa erabiliko da %20ko errekarguarekin. Borondatezko epe horren azken eguna urteko azken eguna izanen da.

5. Bizilagunek urte hasieran jakinarazten ahalko dute ordainduko dutela, sortzen diren lanetarako dei ez dakien.

7. artikulua. Deialdia.

Gazteluberriko Udalak auzolanerako deia eginen du, gutxienez 48 ordu lehenago. Deialdia iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian jarriko da, edo, salbuespen gisa, bestelako bitarteko bat baliatuz.

8. artikulua.

Auzolan bakoitzeko lana Udaleko kide batek zuzenduko du. Espezializazioren bat beharrezkoa denean, Udalak espezialistak izendatzen ahalko ditu lanak kontrolatu eta zuzentzeko.

9. artikulua. Zehapenak.

Indarrean dagoen legediaren arabera, behartuta eta salbuetsita egon gabe nahitaezko auzolanen batera huts egiten duten auzotarrek ordaindu beharko dute udalbatzak lehen ohiko osoko bilkuran onesten duen zenbatekoa.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraituko zaio uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin betiko onetsi eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2316775