9. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Behin betiko onestea udal hilerriko zerbitzuak eman eta lanak egiteko tasa arautzen duen ordenantza fiskala

Caparrosoko Udalak, 2023ko irailaren 28an eginiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Caparrosoko udal hilerriko zerbitzuak eman eta lanak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ean, argitaratutako iragarkiaren bidez irekitako jendaurreko epean ez zen alegaziorik jaso.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, argitara ematen da ordenantzaren testu osoa, zeina indarrean jarriko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

Caparroson, 2023ko azaroaren 24an.–Alkatea, Carlos Alcuaz Monente.

CAPARROSOKO UDAL HILERRIKO ZERBITZUAK EMAN ETA LANAK EGITEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz martxoaren 10eko 2/1995 Legeari, hain zuzen ere lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalari (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea zerbitzu guztiak egitea da, esan nahi baita, ehorzteko espazioak esleitzea, haiek okupatzea, gorpuzkiak murriztea, udal hilerria zaintzea eta gainerako guztiak, baldin eta Hileta-osasunari buruzko Erregelamenduko aginduekin bat heldu badira eta alderdi batek eskaturik baimentzen ahal badira.

Honako zerbitzu hauek emateagatik hain zuzen:

a) Ehorzketa zerbitzuak.

b) Ehorzketak eta berrehorzketak.

c) Hilotzak hobitik ateratzea.

d) Gorpuzkien lekualdaketa, garbiketak eta murrizketak, edozein motatako hilobitan.

e) Lurreko hilobiak, nitxoak eta kolunbarioak ematea (10 urterako).

f) Nitxoak aldi baterako okupatzea panteoiak eta hilobiak konpontzeko.

g) Titulartasun aldaketa hilobien kontzesioetan.

h) Hilerria apaindu, garbitu, zaindu eta begiratzeko zerbitzu orokorrak.

3. artikulua.

Ordaintzeko betebeharra sortzen da kargari loturiko zerbitzuak egiten hasten direnean, hau da, zerbitzuak eskatzen direnean.

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Pertsona fisikoak eta juridikoak eta entitateak dira tasen subjektu pasiboak, baldin eta, nortasun juridikorik gabe, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen badute, eta ordenantza honetan araututako zerbitzuak emateko eskatzen badute edo haien onuradun gertatzen badira, bai eta jaraunsleak eta legatuhartzaileak ere, egiteko dauden tributu betebeharrei dagokienez, legeria zibilak jaraunspena eskuratzeko ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Ehorzketa eskubideengatik ezarritako tasa ordainarazten bada, hilotza eraman eta lurperatzeko behar den baimena aurkezten duen ehorzketa enpresa izanen da zergadunaren ordezkoa.

Salbuespenak

5. artikulua.

Salbuetsirik egonen dira honelakoetan egiten diren zerbitzuak:

a) Ongintzako erakundeetatik heldu diren ehorzketetan.

b) Agintaritza judizialak agintzen dituen ehorzketetan.

Zerga-oinarria eta sortzapena

6. artikulua.

Zerga-oinarria finkatuko da zerbitzu moten arabera, ordenantza honetako tarifetan ezarritako zenbatekoei jarraikiz, eta ondotik zehazten diren kontzeptuengatik:

–Ehorzketak eta lurrean, nitxoan, panteoian edo kolunbarioan ehorzteko eskubideak.

–Hobitik ateratzeak.

–Gorpuzkiak hilerrian bertan lekualdatzeko eskubideak.

–Gorpuzkien garbiketa, panteoietan, nitxoetan eta lurrean.

–Hilobiak ematea eta horiek berritzea lurrean, nitxoetan, kolunbarioetan eta panteoietarako lurretan.

–Hilerria apaindu, garbitu, zaindu eta begiratzeko zerbitzu orokorrak.

7. artikulua.

Ordenantza honen 2. artikuluan ezarri diren zerbitzu edo kontzesioetako bat egiteko eskatzen den unean sortuko dira tasak.

h) letran adierazitakoak izan ezik, horien sortzapena zergaldiko –hau da, urte naturaleko lehen egunean– izanen baita, eta kuota ez da txikiagotu edo hainbanatuko.

Tarifak eta kudeaketa

8. artikulua.

Aplikatuko diren tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira.

9. artikulua.

Hilerri bereko beste hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta nitxo batean berriz ere ehortziz gero, gorpuzkiak hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

10. artikulua.

Hilotzak nahiz gorpuzkiak erretzetik sortutako errautsek izanen dute gorpuzkiak hobiratzeko tratamendu bera, ordenantza honi dagokionez.

11. artikulua.

Beste gorpuzki batzuk jada dauden nitxo edo kolunbarioetan hilotzak edo gorpuzkiak ehorzteko lizentziak baimen berritzat hartuko dira, eta kontsezioetarako tasak aplikatuko dira.

12. artikulua.

Hilobien kontzesioen luzapenetan, luzapenaren eskaera egitean indarra duen tarifa aplikatuko da.

Kudeatzeko arauak

13. artikulua.

Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen duenak edo hura ematearen onuraduna denak jakinarazi beharko ditu ordainarazpenaren subjektu pasiboari dagokionez gertatzen diren titulartasun aldaketak.

14. artikulua.

Gaur egun esleituta dauden nitxoen eta lurreko hobien errolda edo zentsua eginen du Udalak, kasuan kasuko esleitze data, kontsezio aldia eta ordainarazpenaren subjektu pasiboak adierazita. Halaber, dauden panteoien zerrenda eginen du. Esleitzen diren kolunbarioen zentsua eginen du Udalak.

15. artikulua.

Eskatzaileek ehorzteko eskaera idatzia aurkeztuko dute udalean, horretarako dagoen inprimakiari jarraikiz, eta honako hauek adierazita: eskaera zer izaerarekin egiten duten, ehorzketa motei buruzko lehenespenak (lurrean edo nitxoan), eta zenduaren datuak.

Ehorzketa, lehentasunez, nitxoan eginen da. Salbuespenez, eta egoera bereziengatik, lurrean ehorztea baimentzen ahalko da.

Hilerriaz arduratzen den udal langileak zehaztuko du kasu bakoitzean hilkutxa zer nitxotan paratuko den; zenduaren senideen interesari erantzuten saiatuko da, baina gailendu eginen dira, edonola ere, zerbitzuaren funtzionamenduari hobekien heldu zaizkien kondizioak.

Premiazko kasuetan edo egun baliogabeetan, udal langileak eginen du dagokion esleipena, eta horren berri emanen du udal bulegoetan.

16. artikulua.

Gorpuzkiak garbitu eta lekualdatzeko zerbitzua nahi dutenek udal bulegoetan eskatu beharko dute, eta erabakitako tasa ordaindu.

17. artikulua.

Hilobien kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako egiten dira.

Kontseziodunek epe horretan hilobiak erabiltzeari utziz gero, Udalari jakinarazi beharko diote, eta okupazio eskubidea itzuli beharko diote udalerriari, hilobia beste eskatzaile batentzat erabilgarri egon dadin.

Behar den kontsezioagatiko tasa ordainduta eskuratzen den eskubidea ez da hertsi-hertsian lurraren jabetza fisikoarena, baizik eta, kontzesioak irauten duen denboran espazio horietan ehortziriko hondakinak atxikitzekoa, baldin eta hilobi mota horren titularrek ordaintzen badituzte finkaturiko eskubideak.

Nitxoak, kolunbarioak eta lurra emateko aldia bukatuta, Udalak –interesdunak eskaera eginda– haren luzapena baimentzen ahalko du, epe bererako. Interesdunak ordaindu beharko du une horretan ezarritako tasa.

Deklarazioa, likidazioa eta diru-sarrera

18. artikulua.

1. Subjektu pasiboek zerbitzuak egiteko eskatuko dute kasu bakoitzean.

2. Zerbitzu bakoitza banaka likidatuko da; likidazioa zerbitzu egin ondoan jakinaraziko da, diru-sarrera zuzenean egin dadin Udalaren diru-kutxan, Tributuei buruzko Lege Orokorrak ezarritako moduan eta epeetan.

3. Tasa honen likidazioak behin betikotzat joko dira sortzapena ekarri duen zerbitzua edo jarduera egin ondoan.

19. artikulua.

2. artikuluko a), b), c), d), e) eta f) apartatuetan ezarritako tasak sortzapenaren unean ordainaraziko ditu subjektu pasiboak.

Artikulu bereko h) apartatuan ezarritako ordainarazpena subjektu pasiboak ordainduko du urteko ordainketa eginez, urte natural bakoitzeko azken hiruhilekoan.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua.

1. Tributu arloko arau-hausteei eta haien kalifikazioari dagokienean, baita haien zehapenen gainean ere, jarraitu eginen zaio Tributuei buruzko Lege Orokorrean, Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari.

2. Zehapenak ezarrita, ez dira inoiz bertan behera geldituko sortutako eta preskribatu gabeko kuoten likidazioa eta kobrantza.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indargabetu egiten dira lege honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, ondoko hau:

1.–Ordenantza, hilerriko zerbitzu eta jardueren prezio publikoak eta beste hileta zerbitzuenak arautzen dituena (1997ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 23koa). Eta haren aldaketa, hemen argitaratuta: 2014ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 26an.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko orotan aplikagarri izanen dira Udalaren ordenantza fiskal orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Hileta Osasunari buruzko Erregelamendua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 eta 326. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

TARIFEN ERANSKINA

a) b) c) Ehorzketak eta berrehorzketak egin eta hilotzak hilobitik ateratzeko zerbitzuak:

–Nitxoan ehorztea: 20 euro.

–Panteoian ehorztea: 40 euro.

–Lurrean ehorztea: 250 euro.

–Errautsak ehorztea: 20 euro.

–Nitxo-kaperan ehorztea: 20 euro.

–Gorpuzkien kaxa: 18 euro.

–Panteoiak edo nitxoak irekitzea: 20 euro.

d) Gorpuzkiak lekualdatzeko zerbitzua:

–Panteoira: 40 euro.

–Nitxora: 20 euro.

–Kaperara: 20 euro.

e) Kontzesioak:

–Nitxoen kontzesioa: 870 euro/99 urte.

–Lur kontzesioa: 1.134 euro/99 urte.

–Kolunbarioaren kontzesioa: 205 euro/99 urte.

f) Gorpuzkiak lekualdatzeko behin-behineko okupazioa.

g) Kontzesioen titulartasun aldaketa.

h) Hilerria apaindu, garbitu, zaindu eta begiratzeko zerbitzu orokorrak.

Iragarkiaren kodea: L2316788