9. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURCHANTE

Deialdia, lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze-lehiaketa bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bete beharrez uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legean xedatutakoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu Publikoan Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz

Alkatearen azaroaren 24ko 254/2023 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zen lanpostu hutsak betetzeko lekualdatze-lehiaketa bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bete beharrez uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legean xedatutakoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko I. eranskineko lanpostu hutsak (Deialdiko ezaugarrien taula).

2. Onestea lekualdatze-lehiaketaren bidezko deialdi honen oinarriak eta I., II. eta III. eranskinak.

3. Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen web atarian, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murchanten, 2023ko azaroaren 24an.–Alkatea, Macario Jarauta Simón.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta aplikatzekoa den araudia.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdaketako merezimendu-lehiaketa bidez betetzea I. eranskineko lanpostu hutsak (deialdiaren ezaugarrien taula), egonkortze prozesuen barnean; hain zuzen ere, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen babespean egiten diren prozesuen barnean (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu Publikoan Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. I. eranskinean (deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula) zehazten dira honako hauek: lanpostu kopurua, maila-betekizunak, lanpostua, titulazioa, destinoa, funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubidea, lanaldi osoa edo partziala, euskara nahiz beste hizkuntza bat jakin beharra eta gainerako ezaugarriak.

1.3. Prozedurak homogeneizatzeko, lehiaketan zenbat lanpostu dagoen, beste hainbeste ezaugarri-taula onesten da, lekualdatze-lehiaketan (I. eranskina).

1.4. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu Publikoan Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

–Aplikatzekoak diren gainerako arauak, oinarri hauen arabera.

2.–Deialdiko lanpostuak.

2.1. Lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko deialdi honetan sartzen dira, hasiera batean, I. eranskineko (deialdiaren ezaugarrien taula) identifikatutako lanpostu hutsak, bai eta lehiaketan lanpostu berri bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere, betiere deialdia egin duen toki-erakundearen plantilla organikokoak badira. Dena den, izangaiek lekualdatze-lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako.

2.2. Deialdia egin duen toki-erakundearen eta, hala behar denean, haren erakunde autonomoen lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauek direla eta: birkokatze prozesuei atxikitzea; jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei adjudikatzea, edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoi tartean egotea.

2.4. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen. Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

3.–Betebeharrak.

3.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdia egiten duen toki-erakundearen edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Deialdiaren xede den lanpostu mota bererako izendatua izatea.

c) Baldin hala ezartzen badu I. eranskinak (deialdiaren ezaugarrien taula), eta jarraikiz ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoari (Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko Legea), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko betekizuna da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Betekizun hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez; erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.

d) Baldin hala ezarrita badago I. eranskinean (deialdiko ezaugarrien taula), eskuratu nahi izanez gero euskara edo beste hizkuntza ofizial bat jakin beharra duen lanpostu bat, eduki beharko da lanpostuari ezarritako euskara maila edo beste hizkuntza ofizial baten maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari; zehazki, eduki beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

e) Behar denean, bete beharko dira eskuratu nahi den lanposturako ezarritako gainerako baldintzak (ezaugarrien taulan zehazten dira).

3.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

3.3. Deialdia egiten duen toki-erakundearen eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, baldin lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartuz.

3.4. Jardunean ez beste egoera batean daudenek frogatu beharko dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.

3.5. Deialdiko mota bereko lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzeko, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta eskabideak aurkeztea.

4.1.1. Nahitaez telematikoki aurkeztu beharko dira deialdirako izen-emateak, deialdia egin duen toki-erakundearen web-atarian. Lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute eredu normalizatuaren bidez (II. eranskina).

4.1.2. Deialdiko 3.1.c) apartatuko baldintza frogatzeko, izena emateko unean erantsiko da, telematikoki, behar den ziurtagiria.

4.1.3. Euskara maila edo beste hizkuntza baten maila frogatzeko (behar denean), egoki den titulu ofiziala aurkeztu beharko da, parte hartzeko eskabidearekin batera.

4.1.4. Nahitaezkoa den beste edozein baldintza frogatzeko, izena emateko unean erantsi beharko da zuzenbidearen arabera baliozkoa den edozein frogabide.

4.1.5. Lehiakideek ez dituzte aurkeztu beharko deialdia egiten duen toki-erakundeak aitortutako zerbitzuei lotutako merezimenduak, hots, administrazio publikoetan egindako zerbitzuei lotutakoak: horiek zuzenean erantsiko dira izangai bakoitzaren espedientera, eta epaimahaiaren esku utziko dira, balora ditzan.

4.1.6. Deialdia egiten duen toki-erakundeak ez dizkie interesdunei eskatuko interesdunak aurretik emandako datuak nahiz agiriak. Hala bada, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu zituen aipatu agiriak.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskabidea aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

5.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, organo eskudunak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila deialdia egin duen toki-erakundearen web fitxan, ohartaraziz izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela 3 egun naturaleko epean, telematikoki, eta, behar izanez gero, akatsak zuzentzen ahalko dituztela.

5.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak administrazio-egintza bat emanen du, lehiaketa hutsik gelditu dela deklaratzeko. Administrazio-egintza hori argitaratu beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta deialdia egin duen toki-erakundearen web-orrian.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanik, organo eskudunak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila deialdia egin duen toki-erakundearen web-orrian.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hiru kidek osatuko dituzte lekualdatze-lehiaketako kalifikazio epaimahaiak, eta beste hainbeste ordezko izendatu beharko dira.

6.2. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera eratzen ahalko dira lehiaketen kalifikazio-epaimahaiak.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

6.4. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

6.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.7. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 9. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea eta jardutea.

7.–Merezimenduen kalifikazioa.

7.1. Epaimahaiak merezimenduak baloratuko ditu.

7.2. Baloratzeko merezimendu bakarra izanen dira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, eta puntu bat (1) emanen da urteko, kontuan hartuta deialdia egin duen toki-erakundeak eta, behar denean, haren erakunde autonomoek aitortutako antzinatasuna, deialdia argitaratzen den egunean. Hala, benetan emandako zerbitzutzat hartzen dira administrazio publikoen arloan emandakoak, nahiz administrazio-kontratuaren araubidean, nahiz lan-araubidean (aldi baterakoa zein finkoa), nahiz funtzionario gisa.

Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

7.3. Langile publikoa egon bada zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian, edo aritu bada unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

7.4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

7.5. Lehiakideak puntuetan berdindurik baldin badaude, berdinketa ebatziko da deialdia egin duen toki-erakundean –eta, kasua bada, haren erakunde autonomoetan– zerbitzu ematen denbora gehien daramanaren alde. Berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

8.1. Epaimahaiak lehiakide guztien merezimenduak kalifikatuko ditu, eta argitaratuko ditu toki-erakundearen deialdiaren web-orrian.

8.2. Izangaiek 5 egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, bidezko alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

8.3. Aurkeztutako alegazioak ebatzirik, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdia egin duen toki-erakundearen web-orrian, merezimenduen behin betiko balorazioa.

9.–Lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Honela hautatuko dira lanpostu hutsak:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, parte-hartzaileen eskura jarriko da aukeran dauden lanpostuen zerrenda, bai hasieran iragarritako lanpostuenak, bai lekualdatzearen ondoriozko lanpostuenak. Deialdia egin duen toki-erakundearen web-orrian emanen da informazio hori.

b) Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dute lanpostuen hautaketa, 5 egun naturaleko epean baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, deialdiaren web-orrian adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer lanpostu zenbaki eta/edo zentro nahi duten, hasieran deitutako lanpostuak izan nahiz lekualdatzearen ondoriozkoak izan.

c) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta adjudikatzeko egintza.

d) Deialdia egin duen toki-erakundearen web-orrian argitaratuko da hautaketaren emaitzaren informazioa.

9.2. Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak adjudikatzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

9.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duenak lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu.

10.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

10.1. Lehiakideei ebazpen bidez adjudikatuko zaizkie lanpostuak, lanpostu hutsak hautatu ondotik, prozesuaren ondoriozko lehentasun hurrenkeraren arabera. Ebazpen horretan zehaztuko da noiz laneratuko diren, egun bera ezarrita guztientzat. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozeduren ebazpena formalizatuko da egonkortze prozeduretan lanpostuak esleitu aurretik.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–EZAUGARRIEN TAULA

1.–Lanpostuen identifikazioa:

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA
ORGANIKOAN

DEIALDIAREN XEDE DEN LANPOSTUAREN IZENA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

Administrari-ofiziala

(Diruzaintza)

C

Funtzionarioa

Osoa

Murchanteko Udala

Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea

Kultura etxeko atezaina

D

Lan-kontratudun finkoa

Osoa

Murchanteko Udala

Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea.

2.–Baldintzak.

2.1. Parte hartzen ahalko dute Murchanteko Udaleko langile finkoek, deialdiaren xede den lanpostu berean jarduteko izendatuak badaude eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian badaude.

2.2. Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin aipatutako baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin gutxienez ere urtebetez egon badira administrazio egoera horretan: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

3.–Lekualdatze-lehiaketaren web fitxa toki-erakundearen atarian.

https://murchante.sedelectronica.es/transparency/1e673c36-e377-4134-941a-6b0bece28183/

4.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Murchanteko Udaleko alkatearen maiatzaren 13ko 99/2022 Ebazpenaren bidez, 2022ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen. Deialdi hori argitaratu zen 2022ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19an.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/97/36

5.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Murchanteko Udaleko alkatearen 254/2023 Ebazpena, azaroaren 24koa.

II. ERANSKINA.–LEKUALDATZE-LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA

https://murchante.sedelectronica.es/transparency/1e673c36-e377-4134-941a-6b0bece28183/

III. ERANSKINA–MEREZIMENDUEN AUTOBALORAZIORAKO AGIRIA

https://murchante.sedelectronica.es/transparency/1e673c36-e377-4134-941a-6b0bece28183/

Iragarkiaren kodea: L2316795