1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko abenduaren 27an hartua, zeinaren bidez onesten baita Txulapaingo eta Berriobeitiko udal-mugarteen mugatze jurizdikzional partziala, Aristregiko fazeriaren eta 60. fazeria zenaren ekialdeko mugaren arteko esparruan.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 815/2018 Ebazpenaren bidez xedatu zen hasiera ematea Berriobeitiko eta Txulapaingo udalerrietako muga jurisdikzionaleko marra berreskuratzeko eta haren hobekuntza geometrikoa egiteko lanei, Herri-lurren Atalak helarazitako espediente bat ebazteko, zehazki, "Txulapain eta Berriobeitiko udalerrien arteko muga zehazteko, hartara zehaztu ahal izateko fazeriaren (60.a) ekialdeko mugaren zati bat, eta fazeriaren banaketa zuzen egin zen egiaztatzeko". Alabaina, Txulapaingo Udala prozeduran laguntzearen aurka agertu zen; izan ere, ez zuen nahi izan bere mugatze batzordea izendatu, ezta parte hartu ere "Antsoain zendearen eta Txulapaingo ibarraren arteko mugaren marra egiaztatzeko eta bi mugarteak ukitzen dituzten mugarriak seinalatzeko egindako lanaren akta osagarria" delakoaren sinaduran, ez baitu nahi 60. fazeriaren beste banaketa bat egitea edo 1991n egin zen banaketa berrikustea.
Desadostasunezko testuinguru horretan, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak azaroaren 22an emandako 593/2019 Ebazpenaren bidez, Berriobeitiko Udalaren eta Txulapaingo Udalaren udal-mugarteetako mugatze-prozedura abiatu zen. Ebazpen hori eta espedientearen kopia Geografiako Institutu Nazionalera igorri zen, aginduzko txostena egin zezan, bat etorriz Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duen 1690/1986 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoarekin.
2022ko martxoaren 25ean, Geografiako Institutu Nazionalak idazki bat igorri zion Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, non adierazi baitzen ezen, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak tasa ordaindu izanaren ziurtagiria jaso ondoren, beharrezko idazkia igorriko zuela ingeniariak izendatzeko eta beharrezko bileraren eguna proposatzeko. 2022ko uztailaren 1ean institutu horren idazkia jaso zen, irailaren 8an biltzeko proposamena ekarri zuena.
Aipatu erregelamenduaren 18.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bilera 2022ko urriaren 26an egin zen azkenean, eta honako hauek agertu ziren: Geografiako Institutu Nazionalaren ordezkariak, Itzako eta Berriobeitiko udaletako batzordeak, Txulapaingo Udaleko eta Gartziriaingo Kontzejuko kideak –udal horrek ez baitzuen nahi izan bere mugatze batzordea izendatu– eta instrukzio organoaren ordezkariak.
Desadostasunak zeudenez Txulapaingo Udalaren partetik, eta Gartziriaingo Kontzejuko ordezkariek ere desadostasun horiek berak adierazi zituztenez, bileraren akta egin zen eta hiru udalei eskatu zitzaien dokumentazio osagarria helarazteko; 2023ko martxoaren 9an igorri zen dokumentazio hori Geografiako Institutu Nazionalera.
Hori horrela, Geografiako Institutu Nazionalak txosten bat egin zuen 2023ko maiatzaren 25ean, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian 2023ko ekainaren 12an sartu zena. Txosten hartan proposamen bat egin zuen erakunde horrek, 1930. urtean egindako mugatzea oinarri harturik; izan ere, mugatze hori jaso zen "Antsoain zendearen eta Txulapaingo ibarraren arteko mugaren marra egiaztatzeko eta bi mugarteak ukitzen dituzten mugarriak seinalatzeko egindako lanaren aktan", non koordenatuak zehazten baitziren 1. mugarritik 17.era. Koordenatu horiek guztiak tokian bertan egindako zuinketaren ostean lortu ziren, 1. mugarriaren kasuan izan ezik, haren koordenatuak bere garaian adostu baitziren Berriobeitiren eta Aristregiko fazeriaren arteko marra mugatzeko 1994ko aktan.
2023ko ekainaren 14an, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalak ukitutako udalei jakinarazi zien Geografiako Institutu Nazionalak 2023ko maiatzaren 25ean egindako txostena, eta 20 egun balioduneko epea eman zien txostenaren aurka alegazioak aurkezteko. Ez zen alegaziorik jaso.
Kontuan harturik espedientea instruitu dela bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 12. artikuluan ezarritako prozedurarekin eta Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duen uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren 17. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin, bidezkoa da Foru Komunitateko Administrazioak espedientea ebaztea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Onesten da Txulapaingo eta Berriobeitiko udal-mugarteen mugatze jurizdikzional partziala, Aristregiko fazeriaren eta 60. fazeria zenaren ekialdeko mugaren arteko esparruan; mugaren marra jarraian adierazten diren UTM koordenatuek zehaztuko dute, bat etorriz Geografiako Institutu Nazionalaren 2023ko maiatzaren 25eko txostenean ezarritakoarekin:
PUNTUA (AKTAKO MUGARRIA) | X KOORDENATUA | Y KOORDENATUA |
1. nodoa (lehen mugarria) | 604239,9 | 4749545,1 |
2. nodoa (bi zenbakiko mugarria) | 604420,3 | 4749579,5 |
3. nodoa (hiru zenbakiko mugarria) | 604470,8 | 4749599,2 |
4. nodoa (lau zenbakiko mugarria) | 604614,4 | 4749654,1 |
5. nodoa (bost zenbakiko mugarria) | 604713,4 | 4749708,7 |
6. nodoa (sei zenbakiko mugarria) | 604790,2 | 4749750,5 |
7. nodoa (zazpi zenbakiko mugarria) | 604981,2 | 4749449,3 |
8. nodoa (zortzi zenbakiko mugarria) | 604969,5 | 4749418,6 |
9. nodoa (bederatzi zenbakiko mugarria) | 605055,4 | 4749279,3 |
10. nodoa (hamar zenbakiko mugarria) | 605104,1 | 4749201,9 |
11. nodoa (hamaika zenbakiko mugarria) | 605127,3 | 4749159,7 |
12. nodoa (hamabi zenbakiko mugarria) | 605056,7 | 4749079,2 |
13. nodoa (hamahiru zenbakiko mugarria) | 605016,7 | 4749030,0 |
14. nodoa (hamalau zenbakiko mugarria) | 604958,9 | 4748951,7 |
15. nodoa (hamabost zenbakiko mugarria) | 604885,8 | 4748850,2 |
16. nodoa (hamasei zenbakiko mugarria) | 604862,5 | 4748791,1 |
17. nodoa (hamazazpi zenbakiko mugarria) | 604822,3 | 4748684,5 |
2. Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari agintzen zaio beharrezko diren jarduketak egin ditzan Gobernuaren erabaki hau betearazteko.
3. Gobernuaren erabaki hau Txulapaingo, Berriobeitiko eta Itzako udalei jakinarazi beharko zaie, bai eta Añezkarko, Oteitzako, Elkarteko eta Gartziriaingo kontzejuei ere. Halaber, aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Gobernuaren erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2023ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2318450