1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
438E/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasun Departamentuko Osasuneko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.
Azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren bidez, Osasun Departamentuaren egitura organikoa onetsi zen. Horren arabera, departamentuak Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Idazkaritza Tekniko Nagusia izanen ditu.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16.2 artikuluak ezartzen du ezen departamentuko titularrak foru agindu bidez izendatuko dituela zuzendaritza nagusietako eta idazkaritza tekniko nagusiko titularren ordez aldi baterako arituko direnak, baita zuzenean horien menpe dauden beste administrazio organo batzuetako titularren ordez aldi baterako arituko direnak ere, kasuan kasuko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, ezintasun pertsonalen bat duenean edo haren abstentzioa edo errekusazioa deklaratzen den kasuetan. Ordezkapena baliozkoa izateko, ez da derrigorrezkoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, salbu eta baldintza hori ezarrita duten kasu zehatzetan.
Ildo horretan, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 23ko 462E/2019 Foru Agindua onetsi zen, Osasun Departamentuko Osasuneko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatu zituena. Foru agindu horrek aldaketak izan ditu ondoren, azkena azaroaren 23ko 281E/2021 Foru Aginduaren bidez egindakoa.
Egitura onetsi ondoren eta unitate organikoetan eta antolamendukoetan aldaketa batzuk egin direnez, beharrezkoa da aldi baterako ordezkapenen ordena aldatzea, Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren karguak betetzeko, hutsik daudenean, kanpoan edo gaixorik daudenean edo ezintasun pertsonalen bat dutenean.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–Osasuneko zuzendari nagusiaren kargua hutsik dagoenean, hura kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, aldi baterako ordezkoak honako hauek izatea, hurrenkera honetantxe:
1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.
2. Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.
3. Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.
4. Osasun eta Farmazia Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendaria.
2.–Idazkari tekniko nagusiaren kargua hutsik dagoenean, kanpoan denean edo gaixorik dagonean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, aldi baterako ordezkoak Idazkaritza Tekniko Nagusiaren menpeko organoetako titularrak izatea, hurrenkera honetantxe:
1. Araubide Juridikoaren Atala.
2. Kudeaketa Administratiboaren eta Modernizazioaren Atala.
3.–Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren azaroaren 23ko 281E/2021 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez Osasun Departamentuko Osasuneko zuzendari nagusiaren eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatu ziren.
4.–Foru agindu hau Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta ukitutako zerbitzu eta ataletako burutza interesdunei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko abenduaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
Iragarkiaren kodea: F2318298