9. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

23/2023 FORU LEGEA, abenduaren 26koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri mailegu bat emateko Sunsundegui SAri

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENA EMATEN BAITZAIO NAFARROAREN GARAPEN SOZIETATEA SLRI MAILEGU BAT EMATEKO SUNSUNDEGUI SARI.

HITZAURREA

Nafarroaren Garapen Sozietatea SL sozietate publikoak berariazko baimena eskatu dio Parlamentuari zenbait mailegu eragiketa formalizatzeko Sunsundegui SArekin.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluaren 2. apartatuan –maiatzaren 16ko 10/2014 Foru Legeak emandako testuan–, Parlamentuaren berariazko baimena eskatzen da edozein pertsona fisiko edo juridiko maileguen onuradun izateko, zenbatekoa Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren ehuneko 5etik gorakoa denean. Gehieneko arrisku bizia entitate emailearen araberakoa izanen da, hau da, maileguak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren menpeko entitateek emanak diren.

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Osasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 84.000.000 euro izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, berriz, gehieneko arrisku bizia 142.500.000 eurokoa izanen da. Zenbateko horren %5ari dagokion kopurua 7.125.000 euro dira.

Nafarroaren Garapen Sozietatea SLk 3.400.000 euroko mailegua emana dio Sunsundegui SAri, eta beste mailegu bat ematea aurreikusten du (eragiketa batean edo batzuetan), 4.000.000 eurokoa gehienez. Beraz, gainditu eginen litzateke Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82 ter artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako muga. Horregatik, bidezkoa da artikulu horretan aurreikusitako baimena ematea.

Artikulu bakarra.–Mailegua baimentzea.

Baimena ematen zaio Nafarroaren Garapen Sozietatea SLri gehienez ere 4 milioi euro arteko mailegu bat emateko (eragiketa bakarrean edo batzuetan) Sunsundegui SAri.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko abenduaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2318414