9. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

21/2023 FORU LEGEA, abenduaren 26koa, Nafarroako arrantzaren kudeaketari buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ARRANTZAREN KUDEAKETARI BURUZKOA.

ATARIKOA

1

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 50.1.b) artikuluan jasotakoaren arabera, Nafarroak eskumen osoa du ehizaren, ibai eta aintziretako arrantzaren eta akuikulturaren gainean.

Eskumen horiek erabiliz, bai eta aipatutako Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 57.c) artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Parlamentuak 2/1993 Foru Legea onetsi zuen, martxoaren 5ekoa, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

Foru lege honek helburu bikoitza bilatzen zuen: "Alde batetik, behar bezala babestea basafaunaren biodibertsitatea eta haren habitatak Nafarroan, eta, bestetik, ehizaren eta arrantzaren aprobetxamendua antolatzea, gizakiek arrazoizko eran balia dezaketen faunari dagokionez. Foru lege honen bidez, esparru batean, ingurumenaren eta ekologiaren arloan legeak garatzeko dituen ahalak baliatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateak, behar diren babes-neurriak ezarririk estatuko legediaren osagarri; eta bestean, foru araubidea dela bide dituen eskumen esklusiboak baliatzen ditu ehizaren, ibai- eta aintzira-arrantzaren eta akuikulturaren gainean". (Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen zioen azalpena).

Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak basafaunaren aprobetxamenduak arautzen ditu Nafarroan, bereziki ehizari eta arrantzari dagokionez. Eta eremu zabalean egiten du hori, arautzen baititu basafauna oro har, haren habitatak eta faunaren zati baten aprobetxamendua. Hori guztia, errespetatuz eta mantenduz estatuko araudiaren oinarrizko printzipioak nahiz printzipio orokorrak, bereziki Naturaguneen eta Basaflora eta Basafaunaren Kontserbazioari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legea, indargabetua.

Geroago, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea onetsi zen, helburu harturik arau-esparru propio bat ezartzea, basafaunaren zati baten aprobetxamendua arautzeko, bai eta, bestetik, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea aplikatu den hamar urteetako esperientzia jasotzea ere.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen xedea zen Nafarroako Foru Komunitateko ehiza eta arrantza-baliabideen aprobetxamendua jasangarritasun-irizpideen arabera babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea eta indargabetu zituen Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ehizari eta arrantzari dagozkion xedapenak.

2

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak indarrik gabe utzi zuen Naturaguneen eta Basaflora eta Basafaunaren Kontserbazioari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legea, eta ezarri zuen, aprobetxamendu-teknikei dagokienez, horiek oinarri izan dezatela baliabidearen aldez aurreko antolamendua, ehizarako edo arrantzarako aprobetxatzen ez den gainerako basafaunaren babesa bermaturik.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen oinarrizko printzipioen artean dago baliabideen erabilera antolatua sustatzea, natur ondarearen aprobetxamendu jasangarria bermatzeko. Lege horren oinarrizko printzipioak dira, halaber, zuhurtasun-printzipioa sartzea naturaguneak eta espezie basatiak uki ditzaketen esku-hartzeetan, eta politika sektorialetan behar diren eskakizunak txertatzea, natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzeko, jasangarritasunez erabiltzeko, hobetzeko eta leheneratzeko.

Aurrekoarekin bat, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen III. tituluko laugarren kapituluan, espezieen babesa arautzen da ehizaren eta arrantzaren aurrean. Horiek, baliabide naturalen aprobetxamendu gisa, bermatu egin behar dira, baina haien aplikazioa mugaturik autonomia erkidegoek ezarritako eremuetara, garaietara, harrapaketa-metodoetara eta espezieetara. Horien artean ez dira inola ere egonen Interes Bereziko Espezieen Zerrendako espezieak edo Europar Batasunak debekaturiko metodoak edo espezieak.

Lege horrek Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 93/43/EEE Zuzentarauaren transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora (Natura Habitaten eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko Zuzentaraua).

Natura Habitaten eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 93/43/EEE Zuzentarauaren ondorioz, kontserbazio bereziko eremuak (KBE) sortu dira, eta horiek osatzen dute, hegaztientzako babes bereziko eremuekin batera (HBBE), Natura 2000 Sarea. Eremu horietan bizi diren espezieen erabilera eta aprobetxamenduek koherenteak izan beharko dute naturagune horiek kudeatzeko planekin.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea garatzeko onetsi ziren, batetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, Babes Araubide Bereziko Espezie Basatien Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzekoa, eta, bestetik, indarrean den abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretua, Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duena.

Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretua indarrean jartzearekin, administrazio publiko eskudunei eskatzen zaie neurriak har ditzatela populazioak kontrolatzeko eta, behar denean, espezie horiek desagerrarazteko. Bestalde, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak honako hau ezartzen du 64 ter artikuluan: "Autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek, ehizaren eta arrantzaren arloan, plangintzarako eta kudeaketarako tresnak erabiltzen ahalko dituzte zehazteko zein espezieri eragiten dion, beren lurralde-eremuan, aurreko paragrafoaren edukiak. Hori horrela, ehizan eta arrantzan aritu ahal izateko, espezie horiek lege hau indarrean jarri baino lehen okupatzen zuten eremuaren zehaztapen kartografikoa onetsi beharko du autonomia-erkidegoko administrazio eskudunak, eta autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko du. Horren ondotik, ehiza eta arrantza planifikatu eta kudeatzeko lehen tresnak onetsiko dira".

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta hura garatzeko araudia onetsirik, beharrezkoa da Nafarroako araudia onestea eta indarrean den estatuko eta Europako legedira egokitzea. Gogorarazi behar da, gainera, Nafarroako Foru Komunitatea hertsiagoa izan daitekeela, baina inola ere ez laxoagoa, ingurumenaren babesaren arloan.

3

Horregatik guztiagatik, foru legeak lortu nahi du, batetik, arau-esparru bat ezartzea Nafarroako arrain-faunaren aprobetxamendua arautzeko, ingurumenaren babesaren arloan indarrean den araudiari jarraikiz, eta, bestetik, bildu den esperientzia gehitzea, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Legea eta Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aplikatzearen ondoriozkoa, agertu diren behar guztiei erantzuteko.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Lege honen xedea da arrain-baliabideen aprobetxamendu antolatua bermatzea, egungo inguruabar berriei egokiturik, hala ekosistemen egoerari dagokionez nola arrantzari buruz gizarteak duen ikuspegi berriari dagokionez.

Hamabost urte baino gehiago iragan dira Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea onetsi zenetik, eta orduz geroztik eboluzionatu egin dute Nafarroako ekosistema urtarrek eta arrantzaren kudeaketak, bai eta arrantzan aritzen den kolektiboaren profilak ere.

Aurreko foru legeak ehiza eta arrantza barne hartzen zituen, baina gaur egun komenigarritzat hartzen da bi jarduera horiek bereiztea foru lege banatan, biak bereiz ere kudeatzen baitira. Kudeaketaren ezaugarriak, ehiztarien eta arrantzarien kolektiboen berezko profila, arau-aldaketen hobekuntza, eta araudiaren sinplifikazioa, horra hor ehiza eta arrantza bi foru legetan bereizteko proposamena bermatzen duten arrazoiak.

Klima-aldaketak eragina du atmosferaren tenperaturaren igoeran eta prezipitazioen aldaketan eta banaketan, eta hori inpaktu handia izaten ari da ekosistema urtarretan, eta ondoriozko aldaketek baldintza okerragoak sortzen dituzte espezie autoktonoentzat.

Aldaketek, ingurunean dauden presioek eta espezie exotikoak sartu izanak murrizketa handiak ekarri dituzte espezie autoktonoen artean, eta, zehazki, arrantzarako interesgarriak diren zenbaitetan.

Nafarroako Arrantzaren Kudeaketari buruzko Foru Legeak inguruabar berrietara moldatu nahi du, kudeaketa ereduak egokituz eta arrantza modalitate jasangarriago batzuetara bideratuz, horien bidez bateragarriak izan daitezen aisialdiko arrantzan aritzea eta espezieen egoera ona kontserbatu eta mantentzea.

Halaber, kontuan hartu behar da arrantza-espezieen populazioak daudela garatzen diren habitataren egoeraren mende: uren kalitate ona, gainerako arrain-faunaren egoera, elikatzeko, babesteko eta gordetzeko erabiltzen dituzten flora-espezieak, eta hondoen egoera. Izan ere, halakoak aldatzen edo ukitzen badira, horrek ondorio larriak ekar ditzake espezieen ugalketa eta garapenerako. Nafarroako Arrantza Kudeaketari buruzko Foru Legeak aintzat hartu behar ditu arrantza-espezieak garatzen diren ekosistemak, eta horregatik, hain zuzen, berariazko titulu bat gehitu da, ibai-habitata hobetzeko.

Foru lege honek errespetatu egiten du Nafarroan arrantza-baliabideen aprobetxamenduak tradizioz izan duen izaera sozial nabarmena.

Foru legea bost titulutan artikulaturik dago, eta barne hartzen ditu xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaileak eta azken xedapenak; baita bi eranskin ere.

Lehen titulua xedapen orokorrei buruzkoa da. Hartan, foru legearen xedea eta aplikazio-eremua jasotzen dira, eta espresuki aipatzen da baliabidearen jasangarritasuna, legearen helburu nagusi gisa. Horretarako, arrantzaren aprobetxamendua, lehentasunez animalia-populazio naturaletan oinarritua, jasangarritasun-irizpideekin egin beharko da, eta, ondorioz, bateragarria izan beharko du biodibertsitatea mantentzearekin, dibertsitate genetikoari eusteko, populazio aloktonoak sartzea saihesteko, eta arrantza lurralde-garapenean txertatzea sustatzeko moduan. Arrantza egiteko eskubidea arautzen da, definizioak jasotzen dira, legearen ondorioetarako, eta artikulu batzuk, bereziki, gizartearen parte-hartzeari, arrantza-baliabideen kudeaketari eta Arrantzako Aholku Batzordeari buruzkoak dira.

II. titulua arrantza-baliabideen aprobetxamenduari buruzkoa da. Hala, lehendabizi, arrantzarako lizentzia eta baimenez aritzen da (I. kapitulua), eta bigarrenik, espezieez (II. kapitulua), bereizirik arrantzatzen ahal diren espezie autoktonoak, babes araubide bereziko espezie basatiak, eta espezie exotiko inbaditzaileak. Lehen bi kapituluetan ezarri ondoren zer baldintza dauden arrantza-lizentzia eta dagozkion baimenak eskuratzeko, eta zer espezie arrantzatzen ahal diren, III. kapituluak arrantzarako tresna eta bitartekoei eta distantziei heltzen die. Titulu honen azken bi kapituluek hizpide dute, batetik, arrantza-piezen merkaturatzea eta garraioa, eta bestetik, arrantzako kirol-lehiaketak.

Lehen aipatu denez, foru lege honek aintzat hartzen ditu arrantza-espezieak garatzen diren ekosistemak, eta, horrexegatik, III. titulua eskaintzen dio arrain-aberastasuna eta haren habitatak kontserbatu eta hobetzeari. Titulu honek hiru kapitulu ditu. I. kapitulua, nola ez, arrain-aberastasunaren kontserbazioari eta sustapenari buruzkoa da. Han jasotzen dira administrazio-baimena behar duten jarduerak, arrain-faunaren gaineko ukipenak, birpopulatzeak eta askatzeak, ikerketa eta analisia, espezie exotiko inbaditzaileen kontrola, genetikoki eraldatutako arrainak, arrantza-baliabideen jarraipena eta kontrola, eta arrantza baliabideen egoera sanitarioa.

Nabarmentzekoa da espezie exotiko inbaditzaileen kontrolari emandako araubidea. Hain zuzen, aurreko tituluan zehazturik utzi ondoren zer espezie diren espezie exotiko inbaditzaileak, eta haiek hil beharra, harrapatzen badira, 31. artikuluan ezartzen da jarduketak baimentzen ahalko direla espezie horiek kontrolatzeko, zaintza-akordioen, lankidetza-akordioen edo ezartzen diren beste mekanismo batzuen barnean, espezie horiek kontrolatzeko eta are desagerrarazteko ere..

Artikulu horiek foru legean jaso dira: espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak ezartzeko aukerarekin; "espezie exotikoen kontrolerako uren" kalifikazioarekin (52. artikulua); eta kasuan kasuko espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoaren onespenarekin (57. eta 60. artikuluak). Arlo honetako ekintzak osatzeko, berariazko arau-hausteak xedatu dira espezie exotikoen inguruan, hala nola espezie exotiko inbaditzaileak bizirik edukitzea arrantza-tartetik kanpo (arau-hauste oso astuna), ez hiltzea espezie exotiko inbaditzaileak, horiek hiltzea nahitaezkoa denean foru legearen beraren arabera, eta beitatarako erabiltzea espezie exotiko inbaditzaileak edo horien zatiak (arau-hauste astuna).

III. tituluko II. kapituluaren xedea da arrain-espezieen habitata kontserbatzeko programa ezartzea, eta neurriak bideratzen dira arrain-espezieen habitatak, ur-bazterreko landaredia eta konektagarritasuna hobetzeko eta kontserbatzeko.

Azkenik, III. tituluko III. kapituluak aintzat hartzen ditu arrantza-jardueraren sustapena eta ibai-habitataren hobekuntza.

IV. titulua arrantzaren plangintzaz eta antolamenduaz aritzen da, eta hiru kapitulu ditu: I. kapitulua. Uren zonifikazioa eta sailkapena; II. kapitulua. Arrantzaren antolamendua; eta III. kapitulua. Arrantza-barrutiak.

I. kapitulua bi ataletan banaturik dago. Hala, lehen atalean ezartzen dira uren zonifikazioa, arrantzaren ondorioetarako, eta uren sailkapena, arrantza-aprobetxamenduaren ondorioetarako, bai eta uren seinaleztapena ere, arrantzaren ondorioetarako. Bigarren atala arrantzarako urei buruzkoa da, eta hirugarren atala, berriz, arrantzarako ez diren urei buruzkoa.

II. kapitulua, arrantzaren antolamenduari buruzkoa, plangintzan oinarritzen da jasangarritasuna segurtatzeko funtsezko tresna gisa, bat etorrita hala foru legean nola natura-ondarearen eta biodibertsitatearen kontserbazioari buruzko eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrolari buruzko araudian jasotzen diren printzipioekin. Plangintza horrek oinarri hartu behar du, era berean, populazioen ezagutza zientifikoa, bai eta haiekin elkarreragina izaten dituzten gainerako faktoreena ere, hidrobiologikoak, ekologikoak, sozialak edo beste edozein motatakoak izanik ere. Helburu horiek erdiesteko, ezinbestekoa da arrantza antolatu eta kudeatzeko tresnak onestea, alegia: arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak, arrain-espezieak kudeatzeko planak, arrantza kudeatzeko plan teknikoak eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoak, eta, azkenik, arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak.

Bada garrantzizko aldaketa bat Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen aldean, xedatzen baita arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak ez direla urtero onetsi beharko, eta 5 urte bitarteko indarraldia izaten ahalko dutela.

III. kapituluak arrantza-barruti publiko eta pribatuak ditu hizpide, bai eta arrantza-barruti horien aprobetxamenduen titularrek dituzten betebeharrak ere. Halaber, kapitulu hori ixten duen artikuluan, 65.ean, aukera ematen da arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak debekualdia ezar dezan barrutiaren eremu-zati batean edo espezie jakin baten aprobetxamenduan, edo arrantza-denboraldia murriztu dezan, komenigarri denean basafauna babesteko inguruabar bereziak direla eta; orobat, debekatzen ahalko du arrantza egitea toki jakinetan, deklaratzen bada haietan epizootiak daudela, edo pertsona, etxeko animalia edo basafaunarentzat kutsakorrak diren eritasunak daudela.

Foru legearen azken titulua zehapen araubideari dagokio, eta lau kapitulu ditu: I. kapitulua. Arau-hausteak: II. kapitulua. Zehapenak; III. kapitulua. Eskumena eta zehapen-prozedura; eta IV. kapitulua. Kaltea konpontzea.

Arau-hausteak eta zehapenak egokitu dira foru legeak emandako arau-esparru berrira, eta, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ez bezala, aukera ezarri da zehapenak beti berekin ekar ez ditzan arrantza-lizentziaren galera eta arrantzan aritzeko desgaikuntza. Hala ere, xedatzen da ezen, baldin arau-hausleak desgaikuntza ezarria badu arrantza-lizentzia eskuratzeko, lehenagoko administrazio-ebazpen edo ebazpen judizial irmo baten bidez, eta beste zehapen bat ezartzen bazaio, lizentziaren galera eta desgaikuntza dakartzana, zehapen-ebazpen berriaren ondorioz ezarritako epea hasiko dela kontatzen legearen arabera pertsona hori berriz lizentzia eskuratzeko moduan dagoen egunetik aurrera. Berria da, orobat, behin zehapen-prozedura hasita, ustezko erantzulea den pertsonak aukera izanen duela, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumen arloko leheneratze, kontserbazio edo hobekuntza prestazio bat eskatzeko, ingurumenari onura ekarriko diona, isuna jartzeko eskumena duen organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak eta nondik norakoak betez. Hau da, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean ez bezala, ez da beharrezkoa zehapena irmoa izatea, ordezko ingurumen prestazioa eskatzeko. Nabarmendu behar da, halaber, arau-hausteak loturik badaude ur-ibilguetara eginiko isurketekin eta horiek fauna urtarra ukitzen badute, zehapenak ezarriko direla ur-masan ukitutako tartearen arabera, ukitutako arrain-aleengatik ezarritako zehapenaz gain.

Azkenik, xedapen gehigarri bat dago, Bidasoa ibaian urtero arrantzatzen den izokin atlantikoaren lehen harrapaketa merkaturatzeari buruzkoa; lau xedapen iragankor, lehena araubide iragankorrari buruzkoa da; bigarrena, arrantza-aparailuetan beruna erabiltzeari buruzkoa; hirugarrena, askatzeen jatorri genetikoari buruzkoa eta laugarrena, arrantza-lizentzien indarraldiari buruzkoa.

Xedapen indargabetzailearen eta azken xedapenen xedea da foru lege honetan xedaturikora egokitu daitezen 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa, eta 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzeko helburu bakarra da arrantzaren erreferentzia guztiak kentzea, Nafarroako Arrantza Kudeaketari buruzko Foru Legeak arautuko baitu arrantza, haren aurreproiektua onesten denetik aurrera.

Gainera, egokitzeko Natur-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean eta abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuan ezarritakora, eta, beraz, foru lege honetan xedatutakora, proposatzen da alda dadila 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basafauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

I. TITULUA.–Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru lege honen xedea da arrain-baliabideen aprobetxamendua babestea, kontserbatzea, sustatzea eta antolatzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko baliabide horiei lotutako ekosistemak kontserbatzea eta leheneratzea ere, jasangarritasun-irizpideen arabera.

2. Foru lege hau ez zaio aplikatuko arrantza-ekoizpen komertzialari.

2. artikulua. Baliabidearen jasangarritasuna.

1. Arrantzaren aprobetxamendua lehentasunez animalia-populazio naturaletan oinarrituko da; hori jasangarritasun-irizpideekin egin beharko da, eta, ondorioz, bateragarria izan beharko du biodibertsitatea mantentzearekin, dibertsitate genetikoari eusteko, populazio aloktonoak sartzea galarazteko, eta arrantza lurralde-garapenean txertatzea sustatzeko moduan.

2. Nafarroako Foru Komunitatean arrantzaren kudeaketak espezie autoktonoen garapena sustatuko du.

3. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak neurriak hartzen ahalko ditu espezie edo populazio aloktonoak desagerrarazteko, baliabide naturalen jasangarritasuna bermatzeko helburuz.

4. Baliabidearen jasangarritasuna bermatzeko eta populazio autoktonoen egoera mantendu eta hobetzeko, Nafarroan arrantza eginen da harrapaturiko aleak ingurune naturalera bizirik itzultzeko aukera ematen duten modalitateetan, salbu eta aleak harrapatu eta eramateko arrantza baimendurik dagoen tarte eta ur-masetan.

5. Jarduera orok zaindu beharko du habitaten, espezieen, eta biodibertsitatearen kalitatea, eta, era berean, baliabide naturalen erabilera eta aprobetxamendu antolatua segurtatu beharko du, eta garapen ekonomiko jasangarria ahalbidetu, bai eta gizarte-, kultura- eta kirol-helburuak bete daitezen ere.

3. artikulua. Arrantza egiteko eskubidea.

Badu arrantza egiteko eskubidea foru lege honetan eta garatzeko araudian horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dituen orok, ez baldin bazaio desgaikuntzarik ezarri arrantza egiteko.

4. artikulua. Definizioak.

Foru lege honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hurrengoak:

a) Arrantza egitea: arrantza egitea da, arrantza-tresnak edo beste bitarteko batzuk erabiliz, arrain- edo karramarro-espezieak bilatu, erakarri, jazarri edo inguratzea, haiek harrapatu eta itzultzeko, hiltzeko, haietaz jabetzeko, edo hirugarrenei harrapaketa errazteko, eta horretarako zuzenean behar diren prestaketa-lanak egitea.

Ez dira arrantza egitea izanen, foru lege honen eta berau garatzeko xedapenen ondorioetarako, arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak baimentzen edo egiten dituen ikerketa eta kudeaketa jarduerak.

b) Merkaturatzea: produktu batez hornitzea, ordaindurik nahiz doan, hura merkatuan banatu, kontsumitu edo erabiltzeko, merkataritza-jarduera batean.

Ez da merkaturatzea izanen, foru lege honen eta berau garatzeko xedapenen ondorioetarako, arrantzaren alorrean eskumena duten administrazioen arteko trukeak edo transakzioak, haien artean sinaturiko lankidetza-akordioen ondoriozkoak eta birpopulatzeak eta askatzeak egiteko helburua dutenak.

c) Espezie autoktonoa: bere banaketa area naturalaren barnean bizi dena.

d) Espezie exotiko inbaditzailea: ekosistema edo habitat natural edo erdinatural batean sartu edo kokatzen den espeziea, bertako dibertsitate biologikoarentzat aldaketa agentea eta mehatxua dena, jokabide inbaditzailea duelako edo kutsadura genetikoa gertatzeko arriskua dakarrelako.

e) Inbaditzailea izan daitekeen espezie exotikoa: espezie exotiko bat, Nafarroan inbaditzaile bihur daitekeena, eta bereziki halakoa izatea erakutsi duen espezie bat, Nafarroakoen antzeko baldintza ekologikoak dituzten beste herrialde edo eskualde batzuetan.

f) Ur-masak: ibaiak, errekak, errekastoak, iturburuak, urtegiak, ubideak, erretenak, uharkak, aintzirak, idoiak, baltsak, urmaelak, hezeguneak, ur-biltegiak edo antzeko ezaugarriak dituen beste ur-ibilgu edo ur-metaketa oro, deitzen zaion moduan deitzen zaiola.

g) Arrain-espezieen habitatak: espezie horiek bizitzea eta garatzea ahalbidetzen duten ur-masek, horien hondoek, ur-bazterrek, landarediak eta dagokien biotopoak eratutako ingurunea.

h) Arrantza-pieza: arrantzatutako edo harrapatutako arrain eta karramarro aleak. Ez dira arrantza-piezak izanen legez eratutako industria-ustiategietako aleak. Horiek eraman beharko dituzte jatorria ziurtatzen duten agiriak.

i) Nafarroako arrantza-lizentzia: agiri pertsonal eta besterenezina, arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak emana eta foru lurraldean arrantzan egiteko gaitzen duena.

j) Arrantza-pasea: nominala, banakakoa eta besterenezina den akreditazio bat, barruti batean eta espezie exotikoen kontrolerako uretan arrantza egiteko gaitzen duena, barruti hori edo espezie exotikoen kontrolerako urak kudeatzen dituen entitateak emana.

k) Arrantza-baimena: nominala, banakakoa eta besterenezina den akreditazio bat, tarte, ur-masa edo arro jakinetan arrantza egiteko gaitzen duena, halakoak ezartzen direnean.

l) Presak: foru lege honen ondorioetarako, presak dira ur-ibilguarekiko perpendikularrak diren oztopo artifizialak, gutxieneko garaiera 50 zentimetrokoa dutenak, gailurretik presaren oinaldean den ur-geruzara bitarte.

m) Birpopulatzeak: ingurune naturalean ale biziak sartzea, dauden populazioak indartu edo orekatzeko, edo desagerturiko populazioak leheneratzeko.

n) Askatzeak: arrantzatzen ahal diren espezietako ale biziak askatzea, harrapa daitezen, gizartean dagoen arrantza-eskariari erantzuteko.

ñ) Lurraldea zaintzeko akordioa: borondatez sinaturiko akordio bat, sinatzen dutena pertsona fisiko edo juridiko –publiko nahiz pribatu– batek, lurralde baten gainean erabiltze-eskubide baten jabea edo titularra den aldetik, eta lurraldea zaintzen duen entitate batek, lurralde horren babesa eta kontserbazioa bultzatzeko.

5. artikulua. Gizartearen parte hartzea.

Arrantza aprobetxamenduen gaineko erabakiak hartu behar direnean, gizartearen parte-hartzea ahalik eta zabalena izanen da, eta horretarako baliatuko dira lehendik dauden kide anitzeko eta aholkularitzako organoak. Hartara, ahalik eta adostasunik handiena bilatuko da, eta parte hartzeko bideak ezarriko dira, erabakiak non aplikatu behar diren, hango gizartearen errealitatearen isla izan daitezen.

6. artikulua. Arrantza-baliabideen kudeaketa.

1. Arrantza-baliabideen kudeaketa jasangarria eta haien aprobetxamenduaren antolamendua foru komunitateko administrazioari dagozkio. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak erabiliko ditu eskumen horiek.

2. Haren eskumenak ezertan galarazi gabe, foru komunitateko administrazioak izaten ahalko du izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitate publiko edo pribatuen lankidetza.

7. artikulua. Arrantzako Aholku Batzordea.

Arrantzako Aholku Batzordea gizartearen parte-hartzerako kide anitzeko organoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak arrantza kudeaketaren arloan egiten duen jarduerarako.

II. TITULUA.–Arrantza baliabideen aprobetxamendua

I. KAPITULUA.–Lizentziak eta baimenak

Lehendabiziko atala.–Xedapen orokorrak

8. artikulua. Arrantza egiteko baldintzak.

1. Nafarroan arrantza egiteko, Nafarroako Foru Komunitatearen arrantza-lizentzia eduki beharko da (foru lege honen 11., 49., 50. eta 51. artikuluetan azaltzen diren kasuetan izan ezik), bai eta behar diren baimenak ere, eta legez eta erregelamenduz ezarritako baldintzak bete.

2. Arrantza egiteko, interesdunak agiri hauek eduki beharko ditu:

a) Indarreko arrantza-lizentzia, salbu eta aurreko apartatuan jasotako kasuetan.

b) Identitatea frogatzeko agiria, Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

c) Arrantza-tarte motari dagokion arrantza-baimena edo espezie exotikoen kontrolerako barruti- edo ur-pasea, horiek behar diren kasuetan.

d) Arrantza pribaturako uretan, arrantza-eskubidearen titularraren edo hura errentan duenaren baimena.

e) Baimen bereziak, baldin eta halakoak behar dituzten arrantza-tresnak edo -bitartekoak erabiltzen badira.

f) Foru lege honetan, berau garatzeko xedapenetan edo indarreko beste edozein arautan eskatzen diren gainerako agiri edo baimenak.

3. Arrantza egiten duenak frogatu beharko ditu bai bere identitatea, bai arrantza egiteko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.

9. artikulua. Arrantza egiteko aldi eta egun baliodunak.

1. Arrantza egiteko aldi eta egun baliodunak izanen dira debekualdiei buruzko xedapen orokorretan xedaturikoak.

2. Oro har, debeku da gauez arrantzatzea, salbu eta interes eta izaera sozialeko egoera jakin batzuetan, Ingurumeneko Departamentuaren aldez aurreko baimenarekin.

10. artikulua. Ontzitik edo flotazioko beste sistema batzuetatik arrantzatzea.

1. Nafarroako ur nabigagarrietan baizik ez dago baimendurik ontzitik arrantzatzea, ibai-arroaren ardura duen erakundeak ezarritako arau eta baldintzei jarraikiz.

2. Oro har, arrantza egiten ahalko da bainuaren osagarriak diren flotazio gailu edo bitartekoetatik (ahateak edo katamaran-ahatea) jabari publiko hidraulikoaren eremuetan, baldin eta bainatzea debekaturik ez badago eta horiek erabiltzea berariaz debekatu ez bada debekualdiei buruzko xedapen orokorrean; orobat, bete beharko dira aplikatu beharreko gainerako arauen eskakizunak.

Bigarren atala.–Arrantza-lizentzia

11. artikulua. Arrantza-lizentzia.

1. Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-lizentzia da foru-lurraldean arrantza egiteko gaitzen duen agiria, eta nahitaezkoa da 13 urte bete dituzten guztientzat.

2. Arrantza-lizentzia eskura dezake hura eskatzen duen orok, baldin eta betetzen baditu foru lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritako baldintzak.

3. Ez dute arrantza-lizentziarik beharko arrantza egiteko 13 urte bete ez dituztenek, baina beti lagundu beharko die arrantza-lizentzia duen adin nagusiko norbaitek.

4. Adingabe emantzipatugabeek, arrantza-lizentzia kontinentala eskatu nahi badute, izan beharko dute haien legezko ordezkaritza duen pertsonaren baimena.

5. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak ezarriko ditu lizentzia-motak, haien indarraldia eta haiek emateko prozedura.

6. Nafarroan arrantza-lizentzia lehenbizikoz eskuratzeko, eskatzen ahalko da prestakuntza jardunaldi batera joateko, zeina administrazioak berak edo entitate laguntzailek emanen baitute, erregelamenduz xedatutakoaren arabera. Jardunaldi hori emateko formatuak bete beharko ditu irisgarritasun unibertsalari eta desgaitasunari lotutako baldintzak, eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatu beharko du.

12. artikulua. Lizentzia eskuratu ezin izateko arrazoiak.

Honako hauek ezin izanen dute arrantza-lizentziarik eskuratu, ez eta berritu ere:

a) Lizentzia eskuratzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenek.

b) Epai judizial irmo baten bidez lizentzia eskuratzeko desgaikuntza ezarria dutenek.

c) Foru lege honen edo berau garatzeko arauen aurkako arau-haustea eginda, zehapen espedientean emandako ebazpen irmo baten bidez desgaikuntza ezarria dutenek.

d) Foru lege honen edo berau garatzeko arauen aurkako arau-haustea eginda, zehapen espedientean emandako ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenak eta gainerako betebeharrak bete ez dutenek.

Hirugarren atala.–Arrantza-baimenak eta arrantza-paseak

13. artikulua. Arrantza-baimenak.

1. Arrantza-baimena eduki beharko da tarte, ur-masa edo arro jakin batzuetan arrantza egiteko, arrantza-lizentziaz gain.

2. Arrantza-baimenek balioko dute tarte, ur-masa edo arro jakin baterako, eta arrantza-egun bakarrerako. Baimena eskuratutakoan, hura pertsonala eta besterenezina izanen da, eta gaituko du emandako baimenari dagozkion espezieak harrapatzeko, baimenean zehaztutako modalitateak erabiliz; gainera, baimena eskuratzearekin, titularrak onartzen ditu tarte, ur-masa edo arro horretarako diren arau espezifiko guztiak.

3. Erronka demografikoko udalerrietan turismoa sustatzeko asmoz, Nafarroako Foru Komunitatean erabilgarri dauden baimenen ehuneko jakin bat erreserbatu ahalko da, ez dena inola ere izanen erabilgarri dauden baimenen %15 baino gehiagokoa. Erronka demografikoko udalerrietan kokatutako turismo-ostatuek eskatu ahal izanen dituzte baimen horiek, baldin eta arlo horretan indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera behar bezala erregistratuta badaude. Ezinbestekoa izanen da baimena ematen zaion arrantzaleak turismo-ostatu horretan igaro dezan baimena baliatu aurreko edo ondoko gaua. Era berean, baimen horiek eskatzea zilegi izanen dute arrantza-jarduerari laguntzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresek.

Debekualdien xedapen orokorrean ezarriko da turismoa sustatzeko baimenak erreserbatzeko eta liberatzeko prozedura, bai eta arrantza-jarduerari laguntzeko zerbitzuak ematen dituzten establezimendu edo enpresen egiaztapena ere.

4. Arrantza-kudeaketaren arloan eskumena duen Departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez ezarriko dira baimen motak, modalitate bakoitzerako erreserbatutako ehunekoak eta horiek emateko prozedura.

14. artikulua. Arrantza-paseak.

1. Arrantza egiteko arrantza-barrutietan eta espezie exotikoen kontrolerako uretan, horiek ezartzen direnean arrantza kudeatzeko plan teknikoetan eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoetan, arrantza-pasea eduki beharko da, behar den lizentziaz gain.

2. Arrantza-paseak agiri pertsonalak eta besterenezinak dira, arrantza-barrutietan eta espezie exotikoen kontrolerako tarteetan arrantza antolatzeaz arduratzen den entitate kudeatzaileak ematen ditu, eta titularrari baimena ematen diote arrantza egiteko araubide bereziko ur horietan.

3. Pasearen titularrak eguneko inkesta jakinarazi beharko dio entitate kudeatzaileari, hura ibaiaren inguruko buzoian utzita, edo sistemak telematikoak erabilita.

4. Paseak adjudikatuko dira, oro har, oinarri hartuta kasuan kasuko arrantza kudeatzeko plan teknikoa edota espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoa, foru lege honen 60. artikuluan jasotakoari jarraikiz, eta aintzat hartuz aukera-berdintasunaren printzipioa.

5. Turismoa sustatzeko helburuz, urtero paseen ehuneko bat erreserbatzen ahalko da, inoiz ez ehuneko bostetik gora, turismoa sustatzeko xedea duten pertsona fisiko edo juridikoentzat. Baimen horiek emateko sistema izanen da aurreko apartatuan aipaturiko foru aginduan ezarritakoa.

II. KAPITULUA.–Espezieak

15. artikulua. Arrantzatzen ahal diren espezie autoktonoak.

1. Foru lege honen eta berau garatzeko arauen ondorioetarako, arrantzatzen ahal diren espezie, subespezie eta arrain-populazio autoktono bakarrak dira ingurune urtarrean bizi eta I. eranskinean jasotzen direnak, betiere errespetaturik estatuaren oinarrizko araudian ezarritako debekuak.

Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu baten bidez, aldatzen ahalko dira aipatu I. eranskineko arrantzatzen ahal diren espezieak, aldez aurreko justifikazio teknikoarekin.

2. Gainerako espezieak ezin izanen dira arrantzatu, eta, harrapatzen badira, berehala itzuli beharko dira jatorriko uretara, ahalik eta kalte gutxienarekin.

16. artikulua. Babes araubide bereziko espezie basatiak.

1. Babes Araubide Bereziko Espezie Basatien Zerrendan, hala Nafarroakoan nola estatukoan, sarturiko espezie, subespezie eta populazioak, edo Europar Batasunean debekaturik daudenak, ezin izanen dira deklaratu arrantzatzen ahal den espezie gisa.

2. Halabeharrez harrapatzen badira aurreko apartatuan sartzen diren espezieak, eta arrantzatu ezin diren espezie autoktonoak, berehala itzuliko dira jatorriko ingurunera, ahalik eta kalte gutxienarekin.

3. Salbuespenez, baimentzen ahalko da espezie horiek harrapatzea, administrazioak kontrolatutako moduan, argi dagoenean hori onuragarria izan daiteke haien kontserbaziorako, bat etorriz kasuan kasuko leheneratze eta kontserbazio planetan edo arrain-espezieak kudeatzeko planetan ezarritakoarekin.

17. artikulua. Espezie exotiko inbaditzaileak.

1. Espezie exotiko inbaditzaileak izanen dira izaera hori dutenak natura-ondarearen eta biodibertsitatearen alorrean indarrean den estatuko legedian ezarritakoaren arabera, bai eta beste espezie batzuk ere, Nafarroarako halakotzat sartu direnak II. eranskinean.

2. Arrantza kudeatzeko neurrien xede izaten ahalko dira II. eranskinean sarturik dauden espezieak, foru lege honetan ezarritako baldintzetan, aurreko apartatuan aipatzen den araudian ezarritako esparruaren barnean.

3. Foru lege honen II. eranskineko espezie exotiko inbaditzaileak baizik ezin izanen dira arrantzatu, kontrolatzeko eta, ahal dela, desagerrarazteko, edo heda daitezen mugatzeko, bederen, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri aurretik ezagutzen ziren banaketa-eremuetan, bat etorriz Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

4. Jatorriz exotikoak diren espezie, subespezie edo populazio berriak ezin izanen dira arrantza espezie deklaratu, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko uretara sartu badituzte edo berez hedatu badira Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri ondoren.

18. artikulua. Espezie exotiko inbaditzaileak hiltzea.

Espezie exotiko inbaditzaileetako aleak hil beharko dira harrapatzen diren unean, baina salbuetsita egonen dira, hala ere, espezie horien harrapaketa arauturik badago foru lege honen 57. artikuluan jasotzen diren plangintza tresnetako baten bidez.

19. artikulua. Gutxieneko neurriak arrantzatzen ahal diren espezieen harrapaketan.

1. Arrantzatzen ahal diren espezieak harrapatzeko gutxieneko neurriak ezartzen ahalko dira foru lege honen 59. artikuluko arrain-espezieak kudeatzeko planetan, edo 61. artikuluko debekualdiei buruzko xedapen orokorretan.

2. Debekaturik dago ezarritako gutxieneko neurriak ez dituzten aleak eduki, garraiatu eta merkaturatzea, akuikultura zentroetatik edo baimenduriko beste jatorri batzuetatik datozenak izan ezik; horien jatorria behar bezala frogatu beharko da.

3. Ezarritako gutxieneko neurriak ez dituzten aleak harrapatu eta berehala itzuliko dira uretara.

4. Honen ondorioetarako, arrainak neurtzen dira buruaren aurreko muturretik itsas-hegalaren atzeko erdiguneraino.

III. KAPITULUA.–Arrantzarako tresnak
eta bitartekoak eta distantziak

20. artikulua. Arrantzarako tresna eta bitarteko baimenduak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean arrantza egiteko, foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan baimentzen diren arrantzarako tresnak eta bitartekoak bakarrik erabiltzen ahalko dira.

2. Oro har, arrainak harrapatzeko arrantzako kanabera erabiltzea baizik ez da baimenduko, eta karramarroak harrapatzeko, sare-saskiak bakarrik.

21. artikulua. Arrantzarako tresna, bitarteko eta modalitate debekatuak.

1. Debekaturik dago animaliak harrapatzeko metodo eta baliabide hauek edukitzea eta arrantzarako erabiltzea, eduki gabe horretarako behar den administrazio-baimena:

a) Sare-mota guztiak.

b) Pozoiak, beita pozoituak edo lasaigarriak, eta beste edozein substantzia edo gailu geldiarazle edo lasaitzaile.

c) Gailu elektrokutatzaile edo geldiarazleak.

d) Lehergaiak.

e) Substantzia edo gailu erakartzaileak (clonk izenekoa barne) edo uxatzaileak.

f) Argi-iturri artifizialak.

g) Arrastoa sortzen duten substantziak.

h) Atzaparrak, burdina-kakoak, hiruhortzekoak, karakoteak, karpinak, arpoiak, arrain-tranpak, baheak, pertolak, esparbelak, esku-sareak, tretzak, salabardoak, kordelak, egoneko amu-hariak eta gisako arrantza-tresnak.

i) Arrain biziak beitatarako.

j) Pisutan, %1eko berun-kontzentrazioa (metaletan adierazia) edo gehiago duten aparailuak.

k) Garrangadun amuak erabiltzea salmonidoen goiko eremuan; foru lege honen 40. artikuluan zehazten da.

l) Tresnak, aparailuak, beitak eta apeuak erabiltzea, baldin eta horiek espezifikotzat jotzen badira I. eta II. eranskinetan arrantzatzen ahal den espezie gisa sarturik ez dagoen basafaunako beste edozein espezie harrapatzeko.

m) Urpeko arrantzarako metodo eta bitartekoak.

2. Debeku da eskuz eta su-armaz arrantzatzea.

3. Debeku da urak beitatzea arrantza egin aurretik edo bitartean.

4. Debeku da beitatarako erabiltzea abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuaren eranskinean sartutako espezie exotiko inbaditzaileetatik edozein, hilik nahiz bizirik, osorik nahiz zatika, bai eta horietatik eratorritakoak ere. Espezie eta ur-masa bakoitzerako baimendutako beita motak baizik ezin izanen dira erabili.

5. Debeku da, arrantza errazteko asmoz, ibilguetan harri, egur edo bestelako materialez eginiko oztopo edo hesiak paratzea dakarren edozein prozedura, edo ibilguak nahiz emariak aldatzea.

22. artikulua. Distantziak.

1. Babesteko espezieak aske joan daitezen ibai-ibilguetatik eta arrantza harmonizatzeko hartan aritzen diren pertsonen artean, bai eta baliabidearen antolaketa bermatzeko ere, honako distantzia hauek ezartzen dira:

a) Foru lege honetako izokin-tartean (foru lege honen 40. artikuluan zehaztua), izokinaren arrantza baimendurik dagoen tokietan, gutxienez 50 metroko distantzia gorde beharko da arrantzariarengandik eta haren beitatik presen oinaldera eta arrainentzako mailadi eta pasabideen irteera eta sarrerara.

b) Salmonidoen eremuaren gainerakoan eta ziprinidoen eremuan (foru lege honen 40. artikuluan zehazten da), gutxienez 10 metroko distantzia gorde beharko da arrantzariarengandik eta haren beitatik arrainentzako mailadi edo pasabideen irteerara eta sarreretara. Arrainentzako pasabiderik ez duten presetan, gutxienez 50 metroko distantzia gorde behar da arrantzariarengandik eta haren beitatik presen oinaldera.

c) Debekualdiei buruzko xedapen orokorrean ezartzen ahalko da presa jakin batzuetan baimendurik egon dadin presaren oinaldean arrantzatzea, aurreko apartatuan ezarritako distantziak gorde gabe.

2. Betiere, eta elkar ez eragozteko, 25 metrokoa izanen da arrantzan ari diren bi pertsonen artean gorde beharreko gutxieneko distantzia, biak ez badira ados jartzen.

3. Karramarroak arrantzatzean, horretan ari den pertsona bakoitzak gehienez 15 metro lineal okupatzen ahalko du ur-bazterrean baimendutako sare-saski bakoitzeko.

IV. KAPITULUA.–Arrantza-piezen merkaturatzea eta garraioa

23. artikulua. Arrantza-piezen merkaturatzea.

1. Debeku da merkaturatzea Nafarroan arrantzatutako ale guztiak.

2. Legez eratutako industria-ustiategietatik badatoz, urte osoan zehar merkaturatzen ahalko dira arrantzatzen ahal diren espezieetako aleak. Haien jatorria frogatu beharko da betiere, eta izan beharko dituzte, orobat, merkaturatzeko behar diren gainerako baimen guztiak.

24. artikulua. Arrantza-piezen garraioa.

1. Arrantza-piezak hilik garraiatu beharko dira. Arrantzatzen ahal diren espezieak bizirik garraiatzeko, behar diren baimenak eduki beharko dira.

2. Baimendurik dago arrantzatzen ahal diren espezie exotiko inbaditzaileetako aleak eduki eta garraiatzea, baldin eta horiek hilik badaude eta autokontsumorako edo ezabatzeko toki egoki batean uzteko badira. Arrantzatzeko debekua duten espezieei dagokienez, horiek ezabatzeko baizik ez da baimenduko garraioa.

V. KAPITULUA.–Arrantzako kirol-lehiaketak

25. artikulua. Arrantzako kirol-lehiaketak antolatzea.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak ahalbidetuko du, kirolari buruzko legediarekin bat, antola eta egin daitezen Nafarroako Arrantza Federazioak antolaturiko kirol-lehiaketa ofizialak. Horretarako, egiaztatuko du kirol-lehiaketa horiek egiten direla ur-ibilgu eta arrantzarako gune egokienetan, eta betiere segurtatuko du horiek bateragarriak direla ekosistema urtar kontinentalen kontserbazio egokiarekin, bai eta kasuan kasuko arrantzarako uren funtzionamendu arauekin ere.

2. Oro har, foru lege honen 50. artikuluan jasotako arrantzarako guneetan baizik ezin izanen dira tarteak erreserbatu, arrantzako kirol-lehiaketak egiteko.

26. artikulua. Arrantzako kirol-lehiaketetarako neurri espezifikoak.

1. Urteko kirol-egutegiaren barneko kirol-lehiaketak egiten direnean, espezie exotiko inbaditzaileen kontrolerako neurriak aplikatuko dira kirol-proba bukatutakoan; hain zuzen ere, espezie horiek hil egin behar dira, foru lege honen 18. artikuluaren arabera.

2. Lehiaketetan, arrantzatzen ahal diren espezieetako ale harrapatu guztiak gorde beharko dira arrainontzi zabaletan, eta, behin kontrolaturik, uretara itzuliko dira ahalik eta egoerarik onenean, salbu eta aurreko apartatuan adierazitako espezieak.

3. Lehiaketa ofizialetan baizik ez daude baimendurik gaueko arrantza eta/edo urak beitatzea. Horiek baimendurik dauzkate, orobat, entrenamendu fasean dauden arrantzariak, Nafarroako Arrantza Federazioan federaturik daudela frogatzen badute. Debekualdiei buruzko xede orokorretan xedatutakoari jarraikiko zaio horretarako.

III. TITULUA.–Arrain-aberastasuna eta haren habitatak kontserbatu eta hobetzea

I. KAPITULUA.–Arrain-aberastasuna kontserbatu eta sustatzea

27. artikulua. Administrazio-baimena behar duten jarduerak.

Dibertsitate genetikoa kontserbatu eta arrain-espezieen habitaten eta oreka ekologikoen aldaketa eragozteko, honako ekintza hauek egin aurretik beharrezkoa izanen da administrazio-baimena:

a) Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean sartzea, haztea eta lekuz aldatzea arrantzatzen ahal diren espezie edo subespezie aloktonoak eta haien azpiproduktuak.

b) Espezie edo subespezie autoktonoak berriz sartzea, haztea, lekuz aldatzea eta askatzea.

c) Arrantza-pieza biziak edukitzea, salbu eta 26. artikuluan ezarritakoa.

28. artikulua. Birpopulatzeak eta askatzeak.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak birpopulatzeak egiten ahalko ditu Nafarroako arrantza publikoko ur-masetan, populazio naturalak indartu edo leheneratzeko; orobat, aleak askatzen ahalko ditu, arrantzatzen ahal diren piezak gehitzeko.

2. Urteroko birpopulatzeak eta askatzeak agiri tekniko batean jasoko dira. Hartan ezarriko da zein ur-masa birpopulatuko diren eta kasu bakoitzean zenbat ale askatuko den.

3. Birpopulatzeak eta askatzeak, ur publikoetan, egoera sanitario oneko aleekin baizik ezin izanen dira egin; kasuan kasuko arroko ugaltzaile autoktonoenak izan beharko dira, edota horien hornidura genetikoak bat etorri beharko du arro horretako populazioenarekin, foru lege honen hirugarren xedapen iragankorrari jarraikiz.

4. Arrantza pribaturako uretan, eginen dira bat etorriz foru lege honen 63. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin.

29. artikulua. Espezie autoktonoak haztea.

1. Foru Komunitateko Administrazioak sustatzen ahalko ditu espezie urtarren hazkuntza, esperimentazioa eta ekoizpena, Nafarroako ingurune naturaleko ur publikoetan askatzeko eta birpopulatzeko, populazio naturalak hobetzeko, ex-situ kontserbatzeko, edo espezie horiek kontserbatzeko beste edozein jarduketa-ildotan erabiltzeko.

2. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak zentro iktiogeniko propioak edukiko ditu, aski prestatuak behar diren aleak ekoizteko, aurreko artikuluko birpopulatzeak edo askatzeak gauzatu ahal izateko.

30. artikulua. Ikerketa eta analisia.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak bultzatuko du hobeki ezagutu daitezen bai arrain-espezieen populazioak, bai horiek uki ditzaketen giza jarduerak. Halaber, lehentasuna emanen zaio espezie exotiko inbaditzaileek ekosistema urtarren gainean eragin ditzaketen ondorioak analizatzeari.

2. Helburu horiek lortzeko, bilatuko da ibai-ingurunearen kudeaketan esku hartzen duten entitate guztien lankidetza.

31. artikulua. Espezie exotiko inbaditzaileen kontrola.

1. Kontrolatzeko eta, ahal dela, desagerrarazteko helburuz, zaintza-akordioen, lankidetza-akordioen edo ezartzen diren beste mekanismo batzuen barnean, jarduketak egiten ahalko dira espezie exotiko inbaditzaileak edo izan daitezkeenak kontrolatzeko.

2. Jarduketa horiek aurrera eramatean, erabiltzen ahalko dira orokorrean baimendurik ez dauden bitartekoak eta/edo tresnak, baldin eta horien erabilera justifikaturik badago eta ez baditu arriskuan jartzen espezie autoktonoak.

32. artikulua. Genetikoki eraldatutako arrainak.

Arrain autoktonoen aberastasun genetikoa hibridazio arriskutik babesteko, debeku da haztea eta edukitzea genetikoki eraldatutako edozein arrain bizi, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde guztian, baldin eta bizigai bada ingurune naturalean eta kutsadura genetikoko arazoak sor baditzake arrain autoktonoen populazioetan.

33. artikulua. Arrain-faunaren jarraipena eta kontrola.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak jarraipen-sare bat sortu eta mantenduko du Nafarroan diren arrain-espezieen jarraipenerako, eta behar diren baliabideak esleituko ditu funtziona ditzan.

2. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak aldian-aldian eginen du arrantza-populazioen jarraipena. Eskuratzen diren datuen arabera ezarriko dira debekualdiak, kupoak eta populazioen aprobetxamendu jasangarria bermatzeko behar diren mugak.

3. Populazioen aprobetxamendu jasangarrirako irizpideak oinarri hartuko dute haien egoeraren aldizkako kontrol jarraitua.

34. artikulua. Arrain-faunaren egoera sanitarioa.

1. Foru Komunitateko Administrazioari dagokio Nafarroako uretako arrain-baliabideen egoera sanitario egokia zaintzea.

2. Animalien osasunaren arloko eskumena duen departamentuak kontrol eta zainketa sanitarioko programak abiatuko ditu akuikulturako ekoizpen-instalazioen gainean, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko arrantza-baliabideen egoera sanitario egokia arriskuan jar dezaketen gainerako jardueren gainean ere.

3. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak kontrol eta zainketa sanitarioko programa bat abiatuko du arrain-populazioen gainean.

4. Kontrol eta zainketa sanitarioko programen ondorioz, arriskurik atzematen bada, aldi baterako debekatzen ahalko da, osorik edo zati batean, arrantzatzen ahal diren espezie jakin batzuen aprobetxamendua, foru lege honetan xedatutakoarekin bat.

II. KAPITULUA.–Arrain-espezieen habitata
kontserbatzeko programa

35. artikulua. Arrain-espezieen habitata hobetzea.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak arrain-espezieen habitata hobetzea sustatuko du, ekosistema urtarrak kontserbatzeko helburu globalarekin bateraturik eta integraturik, eta gainerako administrazio eskudunekin koordinaturik.

2. Bereziki, helburu hauek dituzten neurriak bultzatuko ditu: habitatak babestea, ur-bazterreko landaredia babestea eta hobetzea, eta ur-masen konektagarritasuna hobetzea.

36. artikulua. Arrain-espezieen habitatak kontserbatzea.

Arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak, zehazten ahalko ditu arrain-habitata babesteko tarteak, arrain-espezieen habitatak dauzkaten ur-masen tarteetan, habitat horiek interes berezikoak badira arrain-faunaren bizi-zikloaren faseren bat garatzeko, eta horretarako behar diren neurriak ezarriko ditu.

Tarte horiek jasoko dira arrantza antolatzeko plan zuzentzaileetan edo arrain-espezieak kudeatzeko planetan, eta haietan zehaztuko dira haien kokapenak, datak eta muga espezifikoak, bat etorririk, kasua bada, dagozkien kontserbazio neurriekin, eragozteko Natura 2000 Sareko guneetan degradatu daitezen arrain-espezie naturalen habitatak nahiz beste espezie batzuen habitatak, bai eta beste aldaketa batzuk ere, eragina dutenak eremu horiek izendatzea ekarri duten espezieengan.

37. artikulua. Ur-bazterreko landaredia kontserbatzea eta hobetzea.

Arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak sustatuko du ur-bazterreko landarediz osaturiko zerrenda bat leheneratzea, behar den zabaleran, arrain-espezieei baldintza egokiak bermatzeko moduan.

38. artikulua. Konektagarritasuna hobetzea.

1. Ur-masen iragangarritasuna hobetzeko, kendu eginen dira egun erabiltzen ez diren oztopo artifizialak. Kendu ezin diren besteetan, pasatzeko gailuak jarriko dira, iragangarriak izan daitezen arrain-faunarentzat.

2. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzaile bat garatuko du, ibaietako konektagarritasuna hobetzeko arrain autoktonoen espezieen mugimenduentzat.

3. Ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzaileak atal hauek izan beharko ditu, gutxienez:

a) Jarduketa eremua.

b) Oztopoek hasierako egoeran dituzten ezaugarriak.

c) Iragangarri egiteko jarduketen definizioa eta lehentasuna.

d) Egin beharreko jarduketen ingurumen arloko balorazioa.

e) Ikerketa eta jarraipena.

f) Zabalkundea eta dibulgazioa.

4. Bat etorriz ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzailean ezarritakoarekin, aprobetxamendu hidraulikoen titulartasuna edo emakida dutenek eraiki beharko dituzte, eta funtzionamendu-egoera onean mantendu, mailadiak, faunaren pasabideak, saretazko uhateak, edo deribazio kanaletako uren sarreran eta irteeran den beste edozein gailu.

5. Ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzaileak onetsiko du arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak.

III. KAPITULUA.–Arrantza-jarduera sustatzea
eta ibai-habitata hobetzea

39. artikulua. Arrantza-jarduera sustatzeko neurriak.

Laguntza ekonomikoak ezartzen ahalko dira xede hauetarako:

a) Arrantza-jarduera zaintzea eta kudeatzea.

b) Arrantza kudeatzeko plan teknikoetan eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoetan hartutako neurrien garapena.

c) Espezie exotiko inbaditzaileen kontrolerako neurriak.

d) Ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzailean ezarritakoa garatzeko neurriak.

e) Ibai-ingurunea hobetzeko eta leheneratzeko neurriak.

IV. TITULUA.–Arrantzaren plangintza eta antolamendua

I. KAPITULUA.–Uren zonifikazioa eta sailkapena

Lehendabiziko atala.–Xedapen orokorrak

40. artikulua. Uren zonifikazioa, arrantzaren ondorioetarako.

1. Arrantzari dagokionez eta espezieen banaketaren arabera, Nafarroako ur-masak honela zonifikatzen dira:

a) Salmonidoen eremua: hura osatzen dute salmonidoak egonkortasunez bizi diren ur-masa guztiek. Era berean, honela banatuko da: salmonidoen goiko eremua, salmonidoen eremu mistoa eta izokin-tartea.

b) Ziprinidoen eremua: hura osatzen dute ziprinido-espezieen komunitate bat nagusi den gainerako ur-masek.

2. Nafarroako ur-masetako salmonidoen eta ziprinidoen eremuen mugak, arrantzaren ondorioetarako, zehaztuko dira arrantza antolatzeko plan zuzentzaileetan (plan horiek foru lege honen 58. artikuluan xedatzen dira).

41. artikulua. Uren sailkapena, arrantza-aprobetxamenduaren ondorioetarako.

Foru lege honen ondorioetarako, arrantzarako ur-masak kudeatzeko eta aprobetxatzeko dauden modalitateen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko urak honela sailkaturik daude:

a) Arrantzarako urak.

b) Arrantzarako ez diren urak.

42. artikulua. Uren seinaleztapena, arrantzaren ondorioetarako.

Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak erabakiko ditu uren seinaleztapenaren ezaugarriak.

Bigarren atala.–Arrantzarako urak

43. artikulua. Arrantzarako urak.

Foru lege honen eta berau garatzeko xedapenen ondorioetarako, honako hauek izanen dira arrantzarako urak:

a) Arrantzarako ur libreak.

b) Araubide bereziko urak.

c) Arrantza pribaturako urak.

44. artikulua. Arrantzarako ur libreak.

1. Arrantzarako ur libreak dira jabari publikoko arrantzarako urak, deklarazio espliziturik behar ez dutenak eta araubide bereziko ur gisa edo arrantza pribaturako ur gisa sailkaturik ez daudenak.

2. Arrantzarako ur libreetan harrapatu eta askatzeko modalitatea baizik ez dago baimendurik, arrantzatzen ahal diren espezie autoktono guztietarako.

3. Arrantza libreko uretarako aprobetxamendu-araubidea arautuko da foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan ezarritako xedapenen arabera.

45. artikulua. Araubide bereziko urak.

1. Araubide bereziko urak dira jabari publikoko arrantzarako urak, non arrantza egin behar baita eremu horietan ezarritako mugekin, edo horietarako plan teknikoan jasotakoari jarraikiz, foru lege honen arabera halakoa behar dutenen kasuan.

2. Araubide bereziko urak honela sailkatzen dira:

a) Erreserba genetikoak.

b) Harrapatu eta eramateko arrantzako urak.

c) Arrantza intentsiboko urak.

d) Arrantza-barrutiak.

e) Arrantzarako guneak.

f) Arrantza-prestakuntzarako urak.

g) Espezie exotikoen kontrolerako urak.

3. Araubide bereziko ur-masa bat egoten ahalko da mota batean edo gehiagotan sailkaturik. Halakoetan, plan tekniko bakarrak arautuko ditu masa guztiaren kudeaketa eta aprobetxamendurako neurriak.

46. artikulua. Erreserba genetikoak.

1. Erreserba genetikoak ur-masa jakin batzuk dira, non mantentzen baitira genetikoki puruak diren populazioak, beharrezkoa denean populazio horiek babestea, potentzial genetikoa eta biodibertsitatea ukigabe mantentzeko.

2. Erreserba genetikoetan harrapatu eta askatzeko arrantza baimentzen ahalko da, baldin eta arrantza kudeatzeko plan teknikoak bermatzen badu populazioa bere kasa mantenduko dela. Betiere, haietatik baztertuko da haien jasangarritasuna edo ezaugarri genetikoak arriskuan jar dezakeen jarduketa oro.

3. Ibai-tarte edo ur-masa bat erreserba genetiko deklaratzeko, oinarri hartu beharko da txosten tekniko bat, populazioaren ezaugarri genetikoak ezarriko dituena eta haren izaera naturala segurtatuko duena.

4. Erreserba genetikoen kokapena eta mugak jasoko dira dagozkien arrantza antolatzeko plan zuzentzaileetan.

47. artikulua. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak.

1. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak dira tarte eta ur-masa jakin batzuk, non harrapatutako arrainak eramaten ahalko baitira harrapatutakoan, baldin eta arrainek eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

2. Harrapatu eta eramateko arrantzako urak izanen dira ibilgu nagusietako arrantzarako luzera guztiaren %20 gehienez, arrantza-arro bakoitzaren barnean, eta barruti gisa deklaratzen ahalko dira edo ez.

3. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileek ezarriko dituzte ur horiek beren aplikazio-eremuan, eta debekualdiei buruzko xedapen orokorrean zehaztuko dira haien kokapena eta mugak arroko ur-masetan.

48. artikulua. Arrantza intentsiboko urak.

1. Arrantza intentsiboko urak dira aldian-aldian modu artifizialean indartzen diren tarte eta ur-masak, arrantzatzen ahal diren espezieak askaturik, gizartean dagoen arrantza-eskariari erantzuteko. Arrantza intentsiborako barruti gisa ezartzen ahalko dira, harrapatu eta eramateko arrantzako eta/edo harrapatu eta askatzeko modalitateetan.

2. Salmonidoen eremuan, arrantza intentsiboko urak ezartzen ahalko dira salmonidoentzako potentzial gutxikotzat deklaraturiko tarte eta ur-masetan bakarrik, kasuan kasuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailearen arabera.

3. Ziprinidoen eremuan, arrantza intentsiboko urak ezarriko dira kasuan kasuko arrantza antolatzeko plan zuzentzaileko jarraibideekin bat datozen tarte eta ur-masetan.

4. Tarteak eta ur-masak arrantza intentsiboko ur gisa deklaratzea egonen da inguruneko ingurumen-balioen kontserbazioarekin bateragarri izatearen mende, eta arrantza antolatzeko plan zuzentzailean zehaztuko dira.

49. artikulua. Arrantza-barrutiak.

1. Arrantza-barrutiak dira arrantzaren kudeaketa espezifiko bat duten tarte eta ur-masa jakin batzuk; kudeaketa hori irabazi-asmorik gabeko entitate edo administrazioek egiten dute, eta barruti horietan arauturik daude arrantzaren intentsitatea, harrapatzen den bolumena, eta arrantzari kopurua, arrain-baliabideen aprobetxamendu antolatu eta jasangarria egiteko.

2. Arrantza-barrutiak ezartzen ahalko dira, osorik edo zati batean, harrapatu eta eramateko arrantzaren araubidean. Erauzketa-arrantzako araubidean dauden arrantza-barrutien guztizko arrantza-luzera erauzketa-arrantzako tarte mugatu gabeei gehituko zaie, eta gehienez ere ibilgu nagusien guztizko luzera arrantzagarriaren %20 izanen da, arrantza-arro bakoitzean. Arrantza-barrutiak eratu eta antolatzeko, bai eta haien funtzionamendurako ere, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Arrantza-barrutietan desgaitasuna duten pertsonentzat antolatzen diren jardueretan, ez da beharrezkoa izanen arrantza-lizentzia edukitzea.

4. Arrantza-barruti publikoak adjudikatzeko irizpideen artean sartuko dira, haiek baloratzeko, desgaitasuna dutenen aldeko ekintza positiboko neurriak eta emakumeek arrantzan gehiago parte hartzeko sustapen neurriak.

5. Haien aprobetxamenduaren arabera, arrantza-barrutiak izan daitezke:

a) Arrantza naturaleko barrutiak: barruti horietan, populazio naturalak arrantzatzen dira.

b) Arrantza intentsiboko barrutiak: barruti horietan, aldian-aldian aleak askatzen dira berehala harrapa daitezen, gizartean dagoen arrantza-eskari handiari erantzuteko.

6. Arrantza-barrutiek izan beharko dute dagokien arrantza kudeatzeko plan teknikoa.

50. artikulua. Arrantzarako guneak.

1. Arrantzarako guneak dira ur-masa jakin batzuk, behar bezala egokitu direnak arrantzarien beharretara, aisialdiko arrantzan zuzentasunez aritu daitezen, eta haien helburua da kirol horren jarduna antolatzea zerbitzu hori eskatzen dutenentzat, arrantzarientzako baldintzak erraztea eta balio ekologiko handiagoko beste toki batzuen degradazioa saihestea.

2. Arrantzarako gune horiek aldi batez okupatzen ahalko dituzte Nafarroako Arrantza Federazioak sustatu edo babestutako arrantza-lehiaketek. Era berean, egiten ahalko dira arrantza-arteen erakustaldiak, arrantzako kirol-lehiaketak eta arrantza sustatu edo erakusteko jarduerak. Entitate, sozietate edo elkarte interesdunek sustatzen ahalko dituzte halakoak. Nafarroako Arrantza Federazioak lehentasuna izanen du egunak erreserbatzeko arrantzarako guneetan.

3. Arrantzarako guneen ezaugarrien arabera, aisialdiko arrantzarako guneak edo kirol-arrantzarako guneak izanen dira. Kirol-arrantzarako gune gisa definitu arren, aisialdiko arrantzarako erabiltzen ahalko dira, gune horiek lehiaketetarako erabiltzen ez direnean.

4. Arrantzarako guneetan antolatzen diren arrantza sustatzeko edo erakusteko jardueretan, arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak baimendurik betiere, ez da beharrezkoa izanen arrantza-lizentzia edukitzea.

5. Arrantzarako guneek izan beharko dute dagokien arrantza kudeatzeko plan teknikoa.

51. artikulua. Arrantza-prestakuntzarako urak.

1. Arrantza-prestakuntzarako urak dira tarte eta ur-masa jakin batzuk, bereziki erabiltzen direnak arrantzaren jarduna ikasi eta hobetzeko, eta jarduera horren balioak zabaltzeko.

2. Arrantza-prestakuntzarako urak ezarriko dira arrantza antolatzeko plan zuzentzaileetan edo debekualdiei buruzko xedapen orokorrean.

3. Arrantza-prestakuntzarako uren erabilera eskatzen ahalko dute lehen apartatuan adierazitako prestakuntza-jarduerak egiteko interesa duten entitateek, eta arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak emanen du horretarako baimena.

4. Tarte horietan, antolatutako jardueren barnean, arrantza egiteko, ez da beharrezkoa izanen arrantza-lizentzia edukitzea.

52. artikulua. Espezie exotikoen kontrolerako urak.

1. Espezie exotikoen kontrolerako urak dira tarte edo ur-masa jakin batzuk, halakotzat esleitu direnak arrantzaren bidez eta beste tresna batzuen bidez kontrolatzeko eta, ahal dela, desagerrarazteko populazio jakin batzuk. Populazio horiek izan daitezke espezie exotiko inbaditzaileenak edo inbaditzaile izan daitekeen espezie exotikoenak (espezie batekoak edo gehiagokoak).

2. Espezie exotikoen kontrolerako uren sorrera justifikatuko da populazio naturalentzako arriskuagatik, ikerketagatik, kontzientziazio-lanengatik edo kontrol-neurriak aztertzeko lanengatik.

3. Espezie exotikoen kontrolerako urek izan beharko dute dagokien espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoa.

4. Ez bada onetsi espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoa, lan puntualak egiten ahalko dira, edo urtebete baino gutxiagoko aldirako lanak, betiere arrantza kudeaketaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko arduradunaren baimenarekin.

53. artikulua. Arrantza pribaturako urak.

1. Arrantza pribaturako urak dira urei buruzko araudian hala ezarrita daudenak, bai eta, titulartasun publikokoak izanik ere, legezko titulu egokien bidez arrantza pribatua dutenak ere. Ur horietan, arrantza-eskubidea titulartasun pribatukoa da, eta bere araudi propioa du, foru lege honetan eta debekualdiei buruzko xedapen orokorrean ezarri bezala.

2. Administrazio-egintza bakarrean gauzatuko dira arrantza-barruti pribatuaren eraketa eta dagokion arrantza kudeatzeko plan teknikoaren onespena.

3. Arrantza pribatuko ur-masak behar bezala seinaleztatuko dira beren sarbide natural guztietan.

4. Ur horietan arrantza egiteko, titularraren baimena beharko da, behar den lizentziaz gain.

Hirugarren atala.–Arrantzarako ez diren urak

54. artikulua. Arrantzarako ez diren urak.

Foru lege honen eta berau garatzeko xedapenen ondorioetarako, arrantza-debekuguneak izanen dira arrantzarako ez diren urak.

55. artikulua. Arrantza-debekuguneak.

1. Arrantza-debekuguneak dira tarte edo ur-masa jakin batzuk, non arrantza aldi baterako edo behin betiko debekaturik baitago, antolamenduari eta kudeaketari lotutako arrazoiengatik.

2. Foru lege honen ondorioetarako, izanen dira:

a) Debekugune iraunkorrak: arrantza behin betiko debekaturik dutenak, espezie, subespezie, arraza, barietate genetiko edo ekosistema urtar jakin batzuen kontserbazioa segurtatzeko, arrantza egitea horrekin bateraezina baldin bada.

b) Aldi baterako debekuguneak: arrantza aldi baterako debekaturik dutenak, debekua deklaratzeko balio eta inguruabarrek iraun bitartean.

3. Debekugune iraunkorrak ezarriko dira arrantza antolatzeko plan zuzentzaileetan, eta aldi baterako debekuguneak, bestalde, debekualdiei buruzko xedapen orokorretan.

II. KAPITULUA.–Arrantzaren antolamendua

56. artikulua. Plangintza.

1. Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak planifikatuko ditu arrantza-baliabideen kudeaketa eta aprobetxamendua, haien jasangarritasuna segurtatzeko, bat etorrita hala foru lege honetan nola natura-ondarearen eta biodibertsitatearen kontserbazioari buruzko eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrolari buruzko araudian jasotzen diren printzipioekin.

2. Arrantza-baliabideen plangintzak oinarri hartu beharko du populazioen ezagutza zientifikoa, bai eta haiekin elkarreragina izaten dituzten gainerako faktoreena ere, hidrobiologikoak, ekologikoak, sozialak edo beste edozein motatakoak izanik ere.

57. artikulua. Arrantza antolatzeko eta kudeatzeko tresnak.

1. Arrantza-baliabideen jasangarritasuna bermatzeko, haien aprobetxamendua arautuko da honako antolamendu-tresna hauen bidez:

a) Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak.

b) Arrain-espezieak kudeatzeko planak.

c) Arrantza kudeatzeko plan teknikoak eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoak.

d) Arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak.

2. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak eta arrain-espezieak kudeatzeko planak berrikusiko dira 12 urteko epean, eta aurrekoak indarrean iraunen du plan berria onesten den arte. Hala ere, berrikusten ahalko dira indarrean jarri ondoren, edonoiz, komenigarria bada klima-aldaketaren inguruabarretan gertatzen diren aldaketengatik, edo egoerak hala eskatzen duen guztietan.

3. Arrantza kudeatzeko plan teknikoek bost urteko indarraldia izanen dute. Hala ere, berrikusi eginen dira egoerak hala eskatzen duen guztietan.

58. artikulua. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak.

1. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak eginen dira Nafarroako Foru Komunitateko uretako baliabideak antolatzeko. Ondoko xedeak izanen dituzte: beren aplikazio-esparrua definitzea, espezieen aprobetxamendu jasangarria bermatzea, neurri egokiak ezartzea aprobetxamendua ingurunearen ekoizpen ahalmenari egokitzeko, eta arrantzaren gozamena gizarte osoaren eskura jartzea.

2. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileek honako hauek ezarriko dituzte, gutxienez:

a) Planaren eremuko ur-masen mugak.

b) Arrantza baliabideen jarraipenari, kontrolari eta aprobetxamendu iraunkorrari buruzko gidalerroak eta arau orokorrak.

3. Arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak onetsiko dira foru dekretu bidez, arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren proposamenez.

59. artikulua. Arrain-espezieak kudeatzeko planak.

1. Arrain-espezieak kudeatzeko planen bidez zabaldu egiten dira arrain-espezie jakin batzuen jarraipena eta kontrola egiteko mekanismoak, espezie horiek berezko kudeaketa-planik behar badute haien egoera edo haien gaineko lege-eskakizunak direla eta.

2. Arrain-espezieak kudeatzeko planek honako hauek xedatuko dituzte, gutxienez:

a) Espeziearen edo espezieen banaketa-eremua osatzen duten ur-masen mugak ezarriko dira.

b) Populazioen hasierako egoera zehaztuko da.

c) Ur-masa bakoitzaren harrera ahalmena eta ekoizpen ahalmena zehaztuko dira, posible bada.

d) Espeziearen edo espezie multzoaren arabera, jarraibide espezifikoak eta neurri egokiak ezarriko dira kontserbatzeko, jarraipena egiteko, kontrolatzeko, jasangarritasunez aprobetxatzeko eta, beharrezkoa bada, desagerrarazteko.

e) Jarraipen programak zehaztuko dira.

3. Arrain espezieak kudeatzeko planak onetsiko dira arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen baten bidez.

60. artikulua. Arrantza kudeatzeko plan teknikoak eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoak.

1. Arrantza kudeatzeko plan teknikoen xedea da baldintza partikularrak ezartzea arrantza-barruti gisa (publikoak eta pribatuak) eta arrantzarako gune gisa sailkatutako ur-masen kudeaketa eta aprobetxamendurako.

2. Espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoen helburua da neurriak eta ekintzak ezartzea kudeatzeko, kontrolatzeko eta, kasua bada, desagerrarazteko espezie exotiko inbaditzaileen edo inbaditzaileak izan daitezkeenen populazioak.

3. Plan horiek honako atal hauek izanen dituzte, gutxienez:

a) Araubide bereziko ur-masaren deskribapena, haren mugak, sarbideak eta aparkalekuak, behar izanez gero.

b) Uraren eta bertako biozenosiaren ezaugarriak.

c) Ur-masa bat baino gehiago badago, bakoitzaren sailkapena, uren kudeaketa eta aprobetxamendu moten arabera.

d) Ur-masa seinaleztatzeko plana, erabiliko diren seinale motak eta horien esanahia.

e) Harrapatzen ahal diren espezieak, gehieneko ale kopuruak, harrapaketa kupoak eta harrapatutakoen legezko neurriak.

f) Arrantzarako aldi, egun eta ordu baliodunak.

g) Gehieneko arrantzari-kopurua arrantza-egun baliodun bakoitzeko.

4. Arrantza kudeatzeko plan teknikoak eta espezie exotikoak kudeatzeko plan teknikoak onetsiko dira arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen baten bidez.

61. artikulua. Arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak.

1. Arrantzaren aprobetxamendua antolatzeko, arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak onetsiko ditu arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak, aprobetxatzen ahalko diren espezieak jasota, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

2. Arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorretan berariaz aipatuko dira arrantzarako eremu, sasoi, egun eta aldi baliodunak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxatzen ahal diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haiek kontrolatzeko prebentzio neurriak ere.

3. Arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorren indarraldia 5 urtekoa izanen da gehienez.

III. KAPITULUA.–Arrantza-barrutiak

62. artikulua. Arrantza-barruti publikoak.

Arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak deklaratuko ditu arrantza-barruti publikoak, ofizioz edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek eskatuta. Entitate horiek justifikatu beharko dituzte barrutiaren komenigarritasuna eta lortu nahi diren helburuak.

63. artikulua. Arrantza-barruti pribatuak.

1. Ur pribatuen edo arrantza-eskubide pribatuen titularrek hala eskatuta, arrantza-barruti pribatuak sortzeko baimena ematen ahalko da.

2. Barruti pribatua sortu baino lehen, arrantza kudeatzeko plan teknikoa egin beharko du titularrak, eta aurkeztu beharko dio arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuari, hark onets dezan. Eskuratu beharko ditu, gainera, eskatzen diren beste baimenak.

3. Arrantza kudeatzeko plan teknikoak honako agiri hauek izanen ditu, foru lege honen 60. artikuluko 3. apartatuan adierazitakoez gain:

a) Uren jabetza-titulua edo ur horietako arrantzaren jabetza pribaturako eskubidea frogatzen duen titulua.

b) Birpopulatzeen plana, halakoak aurreikusiak badaude.

c) Zaintza plana.

4. Barruti pribatua sortzeko eskaera sei hilabeteko epean ebatziko da gehienez, arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen baten bidez. Onespen baldintzatua ematen ahalko da, eta, hala, eskatzaileak espresuki adierazi beharko du ados dagoela ebazpen espedientean proposaturiko aldaketa zehatzekin. Kasu horretan, plana osoki onetsitzat joko da, eratzeko ebazpenean xedatutako aldaketak eginik.

5. Urtero, aprobetxamenduaren titularrak kudeaketa-memoria bat aurkeztu beharko du, arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak onets dezan. Memorian jasoko dira urteko jarduera eta baimenen eta harrapaketen estatistika-datuak, eta hurrengo urterako aprobetxamendu-plan bat, arrantza kudeatzeko plan teknikoan onetsitakoan oinarritua.

6. Arrantza-barruti pribatuak indarrean egonen dira indarrean dagoen arrantza kudeatzeko plan tekniko bat duten bitartean.

7. Birpopulatzeak eta askatzeak aprobetxamenduaren titularraren kargura izanen dira arrantza-barruti pribatuetan. Birpopulatzeko, foru lege honen arabera autoktonotzat hartzen diren espezieak baizik ez dira erabiltzen ahalko, eta betiere betez Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuan xedaturikoa. Birpopulatzeko aleek etorri beharko dute baimendutako ustiategi edo eremuetatik, eta indarreko lege-eskakizunak bete.

64. artikulua. Arrantza-barrutietako aprobetxamenduen titularren betebeharrak.

Arrantza-barrutietako aprobetxamenduen titularrek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arrantzarako faunaren babesari buruzko araudia betetzen laguntzea.

b) Arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuari ematea hark eskatutako estatistika-datuak.

c) Barrutian egiten diren jardueren antolaketaz eta horiek behar bezala gauzatzeaz erantzutea.

d) Barrutia behar bezala garbitzea eta seinaleztatzea.

e) Legedian ezarrita dauden edo ezartzen diren tasak ordaintzea.

f) Barrutian arrantza babesteko zaintza egokia jartzea, arrantza kudeatzeko plan teknikoari jarraikiz.

g) Men egitea barrutiaren kudeaketari buruz arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak egiten dituen ikuskapen eta kontrolei.

65. artikulua. Kontrol neurriak.

Arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak, aurretik interesdunari entzunaldia emanda, honako hauek egiten ahalko ditu:

a) Barrutiaren zati batean arrantza debekatzea, edo espezie jakin baten aprobetxamendua debekatzea, edo arrantza garaia murriztea, basafauna babesteko baldintza bereziak direla-eta beharrezkotzat jotzen bada.

b) Epizootiak edo pertsonei, etxeko abereei nahiz basa animaliei kutsatu ahal zaizkien gaitzak dauden tokietan arrantza jarduerak debekatzea.

V. TITULUA.–Zehapen-araubidea

I. KAPITULUA.–Arau-hausteak

66. artikulua. Arau-hausteak.

Administrazioko arau-hausteak izanen dira foru lege honetan eta berau garatzeko xedapenetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak.

67. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hausteak izan daitezke oso astunak, astunak eta arinak.

2. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Arrantza egitean, baimenik gabe erabiltzea foru lege honen 21. artikuluko 1. apartatuko a, b, c eta d letretako bitarteko eta prozedura debekatuak.

b) Ur-masetan askatzeak edo birpopulatzeak egitea, edozein espezie urtarretako aleekin.

c) Espezie exotiko inbaditzaile biziak edukitzea, arrantza-tartetik kanpo.

d) Arrantzatzen ahal diren espezieetako aleak merkaturatzea, horiek merkaturagarritzat deklaratu ez badira edo merkaturatzea debekatu bada.

e) Espezie babestuak eduki, garraiatu edo merkaturatzea, horretarako behar den baimena izan gabe.

3. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Ibaiaren inguruetan sare edo tramankulu debekatuak edukitzea, horretarako administrazio-baimenik izan gabe eta tresna horiek beste xede baterako direla behar bezala frogatzeko modurik izan gabe.

b) Arrantzatzen ezin diren arrain-espezieak edukitzea edo garraiatzea, horretarako behar den baimena izan gabe.

c) Arrain-espezieen merkataritza.

d) Berehala ez itzultzea harrapatu eta eramateko arrantza baimendurik ez daukan ale oro.

e) Arrantzan aritzea horretarako desgaikuntza ezarria izanik.

f) Arrantzan aritzea izan gabe arrantza-lizentziaren, arrantza-baimenaren edo barrutirako edo espezie exotikoen kontrolerako uretarako pasearen titularra.

g) Arrantzan aritzea distantziak gorde gabe arrantzariarengandik eta haren beitatik presen oinaldera eta arrainentzako mailadi eta pasabideen irteera eta sarrerara.

h) Arrantzan aritzea debekualdian.

i) Uretara ez itzultzea arauzko neurrietara iristen ez diren arrainak, edo halakoak edukitzea.

j) Arrantzaren inguruko eginkizunetan ari direlarik, agintaritza-agenteen ikuskapenari eta zaintza-lanari oztopo egitea, jarkitzea edo desobeditzea.

k) Ez jartzea edo egoera onean ez mantentzea ubide, erreten eta deribazio ibilguetako saretak, arrain-aberastasuna babestekoak.

l) Administrazioaren aginduz emakidadunek egindako obrak kontserbazio egoera onean ez mantentzea, obra horiek interes hidraulikoak eta arrantzaleen interesak uztartzeko helburuarekin eginak direnean.

m) Arrantzan aritzea arrainentzako mailadi edo pasabideetan.

n) Suzko armekin edo aire konprimatuko armekin arrantzatzea, edo urpeko arrantzarako bitartekoekin.

ñ) Barrutietako ur-masen edo debekuguneen seinaleak bota, hondatu edo lekuz aldatzea, bai eta arrantza kudeaketaren arloko eskumena duen departamentuak jarritako beste seinale batzuk ere.

o) Urpeko arrantzan aritzea edo modalitate horretarako bitartekoak arrantzarako erabiltzea.

p) Arrantzan aritzea debekuguneetan edo arrantza espresuki debekaturik dagoen tokietan.

q) Arrantzarako erabiltzea foru lege honetan debekatutako bitartekoak, horretarako behar den baimena izan gabe, arau-hauste hori astunagotzat jotzen ez den kasuetan.

r) Eskuz arrantzatzea.

s) Espezie autoktonoak lekuz aldatzea ur-masa batzuetatik besteetara.

t) Espezie exotiko inbaditzaileak ez hiltzea, halakoak hiltzea nahitaezkoa denean foru lege honetan ezarritakoaren arabera.

u) Beitatarako erabiltzea espezie exotiko inbaditzaileak edo horien zatiak.

v) Ez jartzea arrainentzako pasabideak, edo saretazko uhateak edo beste edozein gailu deribazio kanaletako uren sarrera eta irteeretan, fauna urtarrak kanal horietan sartzea eragozteko, edo ez edukitzea beren funtzioa betetzeko moduko mantentze-egoera onean, ibai-oztopoak iragangarri egiteko plan zuzentzailearen arabera.

4. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Arrantzan aritzea 13 urteak beteak izan gabe eta arrantza-lizentziaren titularra den adin nagusiko arrantzari batek lagundu gabe, bestearen arrantza kontrolatzeko eta hartaz arduratzeko.

b) Arrantzan aritzea aldean eraman gabe arauzko agiriak, nahiz eta agiri horien jabe izan.

c) Arrantzan aritzea kanabera gehiago erabiliz aldi berean baimendurik daudenak baino.

d) Arrantzan aritzea traba eginez arrantza egiteko eskubide legitimoa lehendik erabiltzen ari den beste arrantzari bati, gorde gabe arrantzarien arteko 25 metroko gutxieneko distantzia.

e) Izokinaren arrantzan, 20 minutu baino gehiago irautea postua utzi gabe beste arrantzari bati, azken horrek hala eskatu dionean, baldin eta epe horretan ez badauka alerik helduta.

f) Urratzea arrantza-debekualdiei buruzko xedapen orokorrak edo arrantzarako antolamendu-tresnak, salbu eta foru lege honetan halako arau-hausteak astunagotzat jotzen badira.

g) Beitatarako arrain biziak erabiltzea edo urak beitatzea arrantza egiteko, horretarako baimenik ez dagoen toki edo modalitateetan.

h) Salmonidoen eremuan, arrantzan egitea erabiliz gazta, gantz solidoak, haragi-oreak, arrabak edo "haragi-harra" edo "asticot" izenekoa.

i) Edukitzea edo merkaturatzea arrantzarako bitarteko debekatuak, horretarako baimenik izan gabe.

j) Ez betetzea arrantza-barrutietako aprobetxamenduen titularrei 66. artikuluan ezarritako betebeharrak, salbu eta arau-hausteak astunagotzat tipifikaturik ez badaude.

k) Foru lege honetan edo berau garatzeko arauetan ezarritakoaren kontrako edozein arau-hauste, astunagotzat kalifikaturik ez badago.

68. artikulua. Erantzukizuna arau-hausteak egitean.

1. Titulu honetan araututako arau-hauste administratiboen oinarri diren egintzengatiko zehapena jasotzen ahal dute, doloa edo errua dela eta, haien erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoek, foru lege honetan eta bere garapenerako arauetan ezarritakoarekin bat, deusetan galarazi gabe erantzukizun zibilak eta zigor eta ingurumen arloetakoak, bidezkoak direnean.

Zehazterik ez dagoenean arau-haustea batera egin duten pertsonetako bakoitzak zenbateraino parte hartu duen, erantzukizun solidarioa egotziko zaie, ezertan ukatu gabe erantzukizuna beren gain hartu dutenen eskubidea gainerako parte-hartzaileei berreskatzeko.

Erantzukizun bera aplikatuko da arrantza-piezen garraioan, baldin eta ez bada betetzen foru honen 24. artikuluan horri buruz xedaturikoa, arrantza-piezak garraiatzen, erosten eta saltzen dituztenei dagokienez.

2. Guraso-ahalaren edo zaintzaren titularrak izanen dira erantzule ardurapean dituzten adingabeek edo desgaitasuna duten pertsonek sortutako kalte-galerengatik, salbu eta adingabea 13 urte bete gabekoa bada eta adin nagusiko batek laguntzen badio, foru lege honen 11.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, orduan azken hori izanen baita erantzulea.

69. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso astunek bost urteren buruan preskribatuko dute, astunek hiru urteren buruan, eta arinek urtebeteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea hasiko da kontatzen arau-haustea egin den egunetik. Arau-hauste jarraitu edo etengabeen kasuan, araua hausteko jokabidea bukatzearekin batera hasiko da epea kontatzen.

3. Preskripzio epea eten eginen da, baldin eta, interesduna jakitun delarik, zehapen-prozedura administratibo bat hasten bada, baina zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik egoten bada ustezko arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren bategatik, preskripzio epeak aurrera jarraituko du.

70. artikulua. Adingabeek egindako arau-hausteak.

1. Adingabeei ezarritako isunak guraso-ahalaren titularrek ordainduko dituzte, eta, isunen ordez, konfiskatzen ahalko zaie arau-haustea egiteko erabilitako bitartekoa, edo, bestela, ezartzen den ordezko ingurumen prestazioa egin beharko du adingabeak.

2. Adingabea 13 urte bete gabekoa bada, eta adin nagusiko batek laguntzen badio, foru lege honen 11.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, adingabeari laguntzen dio adin nagusikoak ordainduko ditu ezarritako isunak.

71. artikulua. Egoitza Espainiako estatutik kanpo dutenek egindako arau-hausteak.

1. Arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko egoitza Espainiako estatuan duela, pertsona salatzaileak behin-behinean ezartzen ahalko du isunaren zenbatekoa, eta isuna ordaintzen ez bada edo ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartutako bideetako edozein erabiliz, arau-haustea egiteko erabilitako ibilgailua ibilgetuko du edo arau-haustea egiteko erabilitako tresnak konfiskatuko ditu, kasuan kasukoa.

2. Arau-hausleak isunaren zenbateko osoa ordaindu edo bermatu beharko du. Betiere, zehapen espedientea bukatutakoan, zenbatekoaren murrizketa lortzen ahalko du, bidezkoa bada.

II. KAPITULUA.–Zehapenak

72. artikulua. Zehapenak.

1. Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteek berekin ekarriko dute zehapen hauek guztiak edo horietako batzuk ezartzea:

a) Arau-hauste oso astunak direnean:

1. 3.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna.

2. Lizentzia galtzea eta desgaikuntza ezartzea hiru urtetik bost urtera bitarte.

b) Arau-hauste astunak direnean:

1. 301 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

2. Lizentzia galtzea eta desgaikuntza ezartzea sei hilabetetik hiru urtera bitarte.

c) Arau-hauste arinak direnean:

1. 300 eurorainoko isuna.

2. Lizentzia galtzea eta desgaikuntza ezartzea hilabetetik sei hilabetera bitarte.

2. Baldin arau-hausleak desgaikuntza ezarria badu arrantza-lizentzia eskuratzeko, lehenagoko administrazio-ebazpen edo ebazpen judizial irmo baten bidez, zehapen-ebazpen berriaren ondorioz ezarritako desgaikuntza-epea hasiko da kontatzen legearen arabera pertsona hori berriz lizentzia eskuratzeko moduan dagoen egunetik aurrera.

3. Zehapenen mailaketa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 29. artikuluan xedatutakoarekin bat eginen da.

73. artikulua. Zehapen osagarriak.

1. Zehapen osagarri hauek ezartzen ahalko dira: arau-haustea egiteko erabilitako baliabideak suntsitzea edo kentzea, eta bidegabeki harrapatutako arrantza-piezak kentzea.

2. Baimen jakin baten baldintzak betetzen ez direnean, baimen hori indarrik gabe uzten ahalko da arau-hauslea zehatzeko.

3. Arau-hausteak loturik badaude ur-ibilguetara eginiko isurketekin eta horiek fauna urtarra ukitzen badute, ukitutako arrain-aleengatik ezarritako zehapenaz gain, ondoren ageri diren zehapenak ezartzen ahalko dira ur-masan ukitutako tartearen arabera.

a) Ur-masaren ibilguaren zabalerak, batez beste, 1,5 metro baino gutxiago badu, 1 euroko isuna ukitutako tartearen metro bakoitzeko.

b) Ur-masaren ibilguaren zabalerak, batez beste, 1,5 eta 10 metro bitarte badu, 5 euroko isuna ukitutako tartearen metro bakoitzeko.

c) Ur-masaren ibilguaren zabalerak, batez beste, 10 metro baino gehiago badu, 10 euroko isuna ukitutako tartearen metro bakoitzeko.

d) Ur-masa itxietan, hala nola baltsa, aintzira, urtegi edo antzekoetan, 5 euroko isuna ur-bazterrean ukitutako metro bakoitzeko.

Honen ondorioetarako, ukitutako ur-masaren tartea hau da: heriotzak eragin dituen isurketa edo aldaketa gertatu den puntutik agintaritza-agentearen aburuz behatutako arrain-populazioaren erdia egoera onean dagoen eta hildako alerik atzematen ez den puntura doan tartea.

74. artikulua. Zehapenen murrizketa.

Zehapenak murriztuko dira bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin.

75. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek bost urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunengatik ezarritakoek hiru urteren buruan, eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.

2. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea.

3. Preskripzio epea eten eginen da, baldin eta, interesduna jakitun delarik, betearazpen prozedura bat hasten bada, baina hura hilabetetik gora geldirik egoten bada arau-hausleari ezin egotzi zaion arrazoiren bategatik, preskripzio epeak aurrera jarraituko du.

4. Zehapena ezartzen duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri, eta ustezko ezespena gertatzen bada, isunaren preskripzio epea kontatzen hasiko da errekurtsoa ebazteko legez ezarritako epea bukatu eta biharamunetik.

76. artikulua. Tresnak eta arrantzatutako aleak konfiskatzea.

1. Foru lege honetan xedaturiko administrazioko arau-hauste orok berekin ekar dezake konfiskatzea hura egiteko erabilitako bitartekoak edo haren ondorioz eskuratutako produktuak edo aleak.

2. Beti konfiskatuko dira arau-haustea egiteko erabilitako tresna eta bitarteko debekatuak, eta horiek gordailutuko dira arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuaren instalazioetan. Tresna eta bitarteko debekatu horiek suntsitu eginen dira, eta arau-hausleak ez du izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

3. Arrantza arloko ikuskapen eginkizunak dituztenek eginen dute konfiskazioa, eta hura jasota utziko dute dagokion ikuskapen-aktan.

4. Harrapaketa kupoetan ezarri baino ale gehiago harrapatzen badira, harrapatu diren guztiak konfiskatuko dira.

5. Bizirik dagoen animalia bat konfiskatzen denean, diharduten langileek hura askatu eginen dute ingurune naturalera, baldin eta uste badute bizirik iraun dezakeela eta espezie autoktonoa bada, betiere.

6. Hilik dagoen animalia bat konfiskatzen denean, jaso eginen da, behar den tokian uzteko, hondakinak arautzen dituen araudian xedatutakoaren arabera.

77. artikulua. Ingurumen arloko ordezko zerbitzua.

1. Behin zehapen-prozedura hasita, ustezko erantzulea den pertsonak aukera izanen du, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumen arloko leheneratze, kontserbazio edo hobekuntza prestazio bat eskatzeko, ingurumenari onura ekarriko diona, isuna jartzeko eskumena duen organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak eta nondik norakoak betez. Zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoren ere, bidezko izanen da isun gisako zehapenaren ordez ingurumen prestazio bat eskatzea hilabeteko epean.

2. Isun gisako zehapenaren ordez ordezko ingurumen prestazio bat eskatzeko prozedura izanen da ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen araudian ezarritakoa.

3. Prestazioa esandako epeetan egiten ez bada, isuna berriz ezarriko da, berandutze-interesak barne direla.

4. Nolanahi ere, isuna ordaindu ordez ingurumen prestazioa egiteak ezin izanen ditu barne hartu berandutze-interesak, halako interesik sortzen bada.

III. KAPITULUA.–Eskumena eta zehapen-prozedura

78. artikulua. Egiazkotasun presuntzioa laguntzeko eginbeharra.

1. Administrazio publikoetako ikuskatzaileek egiten dituzten ikuskapen-aktetan edo salaketetan azaltzen diren gertaerak egiazkotzat hartuko dira, kontrako frogarik izan ezean.

2. Nafarroako arrantza-barruti publiko eta pribatuetako zaintzaileek arrantzaren arloan salatzen dituzten foru lege honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteak jakinaraziko zaizkio arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuari, zehapen-prozedura hasi eta izapidetzeko.

3. Foru lege honetan xedatzen denak ukitutakoek behar den laguntza eman beharko diete foru lege hau bete beharrez ikuskapen eta kontrol eginkizunetan ari direnei, beren izaera frogatzen badute behar diren agirien bidez.

Horri dagokionez, arrantzaria ibilguaren barnean edo ontzi batean dagoenean, laguntza eskatzen badiote ikuskapen eta kontrol eginkizunetan ari diren agintaritza-agenteek, arrantzariak ikuskapenean lagunduko du, adierazitako puntura joanda. Agintaritza-agenteen aginduei kasu ez egitea hartzen ahalko da ikuskapenari oztopo egite, jarkitze edo desobeditzetzat.

79. artikulua. Zehatzeko eskumena.

Honako hauei dagokie zehatzeko ahala erabiltzea:

a) Arau-hausteak arinak edo astunak badira, ingurumen arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiaren titularrari.

b) Arau-hausteak oso astunak badira, ingurumen arloko eskumenak dituen departamentuko titularrari.

80. artikulua. Prozedura.

Foru lege honen aurkako arau-hausteak egiteagatik, zehapenak ezarriko dira dagokien prozedura instruitu ondoren, eta bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean edo ordezko araudian xedatutakoarekin.

81. artikulua. Prozedura iraungitzea.

1. Zehapen-prozeduran ebazpena eman eta jakinarazteko epea urtebetekoa izanen da, espedientea hasteko administrazio ebazpena ematen den egunetik hasita.

2. Ebazteko eskumena duen organoak, bidezko arrazoiren bat baldin badago, aplikatu beharreko gehieneko epea luzatzen ahalko du administrazio ebazpen arrazoitu baten bitartez. Luzapena, gehienez, hasieran ezarritako epearen erdia izanen da.

IV. KAPITULUA.–Kaltea konpontzea

82. artikulua. Kaltea konpontzea.

Kasu bakoitzean bidezko izan daitezkeen zehapen penal edo administratiboak batere ukatu gabe, arau-hausleak zuzendu egin beharko du egindako kaltea. Konponketaren xedea da ingurunea leheneratzea erasoa gertatu aurreko izaera eta egoerara, ahal den neurrian. Era berean, administrazio eskudunak berak gauzatzen ahalko du kaltearen konponketa, subsidiarioki, arau-hauslearen kontura.

83. artikulua. Kalte-ordainak.

1. Kalte-galeren erantzuleek bidezko diren kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, betearazpen bidez ezarritakoak, ezartzen zaien epean.

2. Aurreko zenbakian aipatutako kalte-ordainaren zenbatekoa ezartzerakoan, arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak animalia espezieen baloraziorako ezartzen duen baremoa erabiliko da, kasua bada.

Xedapen gehigarri bakarra.–Nafarroan arrantzatutako aleak merkaturatzeko salbuespena.

Nafarroan arrantzatutako aleak merkaturatzeko debekua, foru lege honen 23.1 artikuluan aurreikusten dena, ez da aplikatuko Bidasoa ibaian denboraldi bakoitzean izaten den izokin atlantikoaren lehen harrapaketan, "Lehenbizikoa" deitu ohi den horretan. Hura identifikatzea Basozainen Zerbitzuko langileen eginkizuna izanen da, ez beste inorena.

Lehen xedapen iragankorra.–Araubide iragankorra.

Foru lege hau ez zaie aplikatuko bera indarrean jarri baino lehen hasitako prozedurei; hala bada, horiek aurreko araudiaren araberakoak izanen dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Beruna erabiltzea arrantza-aparailuetan.

Arrantza-aparailuetan beruna erabiltzeari buruz 21.1 j) artikuluan ezarritakora egokitzeko, 2025eko urtarrilaren 1era arteko egokitze-epea ezartzen da.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Askatzeen jatorri genetikoa.

Foru lege hau indarrean sartzen denetik 8 urteko epean, Nafarroako Gobernuak egokitu eginen ditu zentro iktiogenikoetako lerro genetikoak, 28.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Laugarren xedapen iragankorra.–Arrantza-lizentzien indarraldia.

Arrantza kudeaketaren arloan eskumena duen departamentuak zehazten ez dituen bitartean lizentzia motak, haien indarraldia eta haiek emateko prozedura, arrantza-lizentzien indarraldia urtebetekoa izanen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki:

1. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legetik, honako hauek indargabetzen dira:

–II. titulua.

–IV. tituluaren 2. atala.

–Laugarren xedapen gehigarria.

2. Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretutik, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatzeko eta betearazteko Erregelamendua, II. titulua.

Azken xedapenetako lehenbizikoa. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzea.

Bat.–Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen izenburua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari buruzkoa".

Bi.–1. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko ehiza baliabideen aprobetxamendua iraunkortasun irizpideen arabera babestu, kontserbatu, sustatu eta antolatzea".

Hiru.–2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"2. artikulua. Aprobetxamendu antolatua.

Ehizan aritzea zilegi izanen da, soil-soilik, ehiza antolatzeko plan indarduna duten ehiza barrutietan edo ehiza kontrolatuko eremuetan, foru lege honetako xedapenei eta hura garatzen duten gainerako arauei jarraituz.

Foru lege hau onetsi eta bi urteko epean, Nafarroako Gobernuak ehiza antolatzeko eskualde-planak eginen ditu, non eskualdeetako ehiza barrutiek bete beharreko kudeaketa-ildo oinarrizkoak ezarriko baitira.

Lau.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"3. artikulua. Baliabidearen jasangarritasuna.

1. Ehiza baliabideen aprobetxamendua lehentasunez animalia populazio naturaletan oinarrituko da. Iraunkortasun irizpideen arabera eginen da; beraz, biodibertsitatearen iraupenarekin bateragarria izan beharko du, aniztasun genetikoa kontserbatzeko, populazio aloktonoen sarrera galarazteko eta ehiza lurralde-garapenean txerta dadin sustatzeko.

2. Ingurumen arloan eskumena duen departamentuak espezie edo populazio aloktonoak deuseztatzeko neurriak hartu ahalko ditu, baliabide naturalen iraunkortasuna bermatzeko xedearekin.

3. Ehizaren antolamendua dela bide, espezieen bideragarritasunari eusteko behar adinako kudeaketa unitateak eratuko dira eta barrutien titulartasunen erantzukizunpeko autonomia sustatuko da.

4. Ehiza-jarduera orok habitaten, espezieen, biodibertsitatearen eta paisaiaren kalitatea zaindu beharko ditu, eta, era berean, baliabide naturalen erabilera eta aprobetxamendu ordenatua ziurtatu beharko ditu, bai eta garapen ekonomiko iraunkorra eta gizarte-, kultura- eta kirol-helburuak ahalbidetu ere".

Bost.–4. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"4. artikulua. Gizartearen parte hartzea.

Ehiza aprobetxamenduen gaineko erabakiak hartu behar direnean, gizartearen parte-hartzea ahalik zabalena izanen da. Lehendik dauden organoak izanen dira parte-hartze horretarako bitartekoak, hala nola Ehizako Aholku Batzordea edo Nafarroako Ingurumen Kontseilua, eta organo berriak ere sortu ahalko dira. Hartara, ahalik adostasun handiena bilatuko da eta parte hartzeko bideak ezarriko dira, erabakiak non aplikatu behar diren, hango gizartearen errealitatearen isla izan daitezen".

Sei.–85. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"85. artikulua. Ehizarako animaliei kalte egitea.

1. Lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako animaliei egindako kalteak.

2. Kalte-ordainen zenbatekoa erregelamendu bidez ezarri eta eguneratuko da".

Zazpi.–100. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"100. artikulua. Zehapenak.

Ehizaren arloko arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinek 50 eurotik 500 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea gutxienez hilabeterako eta gehienez urtebeterako.

b) Arau-hauste larriek 501 eurotik 2.000 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia etetea eta ezgaitzea gutxienez urtebeterako eta gehienez hiru urterako.

c) Arau-hauste oso larriek 2.001 eurotik 6.000 eurora bitarteko isuna, eta lizentzia kentzea eta berriz eskuratzeko ezgaitzea gutxienez hiru urterako eta gehienez bost urterako.

d) Barrutiaren titularrak edo ehiza aprobetxamenduaren titularrak egindako arau-haustea izanez gero, zehapen gisa barrutiko ehiza jarduera aldi baterako eten ahalko da, arau-haustea arina edo larria denean, edo behin betiko, arau-haustea oso larria denean".

Zortzi.–102. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"102. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Ehizaren arloko arau-hausteengatik ezartzen diren administrazio zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute arau-haustea oso larria bada, bi urteren buruan, arau-haustea larria bada, eta urtebeteren buruan, arina bada. Zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik kontatuko da preskripzio epea".

Bederatzi.–107. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"107. artikulua. Ordezko ingurumen prestazioa.

1. Behin zehapen-prozedura hasita, ustezko erantzulea den pertsonak aukera izanen du, isun gisako zehapenaren ordez, ingurumen arloko leheneratze, kontserbazio edo hobekuntza prestazio bat eskatzeko, ingurumenari onura ekarriko diona, isuna jartzeko eskumena duen organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak eta nondik norakoak betez. Zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoren ere, bidezko izanen da isun gisako zehapenaren ordez ingurumen prestazio bat eskatzea hilabeteko epean.

2. Isun gisako zehapenaren ordez ordezko ingurumen prestazio bat eskatzeko prozedura izanen da ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen araudian ezarritakoa.

3. Prestazioa esandako epeetan egiten ez bada, isuna berriz ezarriko da, berandutze-interesak barne direla.

4. Nolanahi ere, isuna ordaindu ordez ingurumen prestazioa egiteak ezin izanen ditu barne hartu berandutze-interesak, halako interesik sortzen bada".

Azken xedapenetako bigarrena.–Basafauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea aldatzea.

Bat.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"18. artikulua.

Katalogoan sartzen diren espezie, subespezie edo populazioak kategoria hauetako batean sailkatu behar dira:

a) Galzorikoa: oraingo egoera eragiten duten faktoreek jarraituz gero nekez iraunen dute taxon edo populazioak.

b) Kaltebera: baldin eragiten dieten faktore kaltegarriak zuzentzen ez badira, etorkizun hurbilean aurreko kategoriara pasatzeko arriskua duten taxon edo populazioak".

Mehatxuaren kategoria batetik bestera aldatzea ezertan eragotzi gabe, "habitataren aldaketen aurrean ahula" kategorian jasotzen diren espezieak "kaltebera" kategorian sartuko dira. "Interes berezikoa" kategoriako espezieak ez dira egonen aurrerantzean katalogoan sarturik, baina izanen dute Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 57. artikuluan ezartzen den babes-araubidea, eta Babes Araubide Bereziko Basafauna Espezieen Nafarroako Zerrenda osatuko dute, aipatu legearen 56. artikuluko 4. apartatuari jarraikiz. "Desagertuak" kategoriako espezieak katalogotik kanpo geldituko dira, ezertan eragotzi gabe aipatu 42/2007 Legearen 55. artikulua aplikatzea.

Bi.–19. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita gelditzen da:

"19. artikulua.

1. Espezie, subespezie edo populazio bat "Galzorikoa" kategorian katalogatzeak eskatuko du espezie hori leheneratzeko plan bat idaztea, galtzeko arrisku hori kentzeko neurriak zehaztuko dituena.

2. Espezie, subespezie edo populazio bat "Kaltebera" kategorian katalogatzeak eskatuko du haren habitata kontserbatzeko eta, beharrezkoa bada, babesteko plan bat idaztea.

3. Nafarroako Gobernuak leheneratzeko eta kontserbatzeko planak onetsiko ditu Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 59. artikuluko 1. apartatuan ezarritako epean, espeziea katalogoan sartzen denetik hasita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

4. Administrazioak sistema batzuk jarriko ditu abian, espezie mehatxatuen eta habitat sentikorren kontserbazio egoeraren zaintza eta jarraipena egiteko; hala, aldian-aldian ebaluatuko dira leheneratzeko eta kontserbatzeko planetan hartutako neurrien ondorioak".

Azken xedapenetako hirugarrena.–Arauak emateko gaikuntza.

Ingurumen arloko eskumena duen departamentuaren titularra gaitzen da behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru lege hau garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru-lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.

1.ERANSKINA.–ARRANTZATZEN AHAL DIREN
ESPEZIE AUTOKTONOAK

Ondoren ageri diren arrain-espezie autoktonoak bakarrik arrantzatzen ahalko dira:

–Graellsko barboa (Luciobarbus graellsii).

–Txipa (Phoxinus bigerri).

–Hondoetako korrokoia (Chelon labrosus).

–Lupia (Dicentrarchus labrax).

–Platuxa latza (Platichthys flesus).

–Izokina (Salmo salar).

–Tenka (Tinca tinca).

–Ibai eta itsas amuarraina (Salmo trutta).

2. ERANSKINA.–ARRANTZATZEN AHAL DIREN ESPEZIE EXOTIKO INBADITZAILEAK

Ondoren ageri diren espezie exotikoak bakarrik arrantzatzen ahalko dira:

a) Arrain exotiko inbaditzaileak:

–Alburnoa (Alburnus alburnus).

–Karpa (Cyprinus carpio).

–Urrearraina (Carassius auratus) eta beste Carassius sp. batzuk.

–Lutxoa (Esox lucius).

–Perka amerikarra edo black-bass deitutakoa (Micropterus salmoides).

–Arrain katua (Ameiurus melas).

–Silurua (Silurus glanis).

–Ortzadar amuarraina (Oncorhynchus mykiss).

b) Ornogabe exotiko inbaditzaileak:

–Paduretako karramarroa (Procambarus clarkii).

–Karramarro seinaleduna (Pacifastacus leniusculus).

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko abenduaren 26an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2318413