88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

227/2024 EBAZPENA, apirilaren 24koa, zeinaren bidez aldatzen baita 155/2024 Ebazpena, martxoaren 19koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024an uzta heldugaberako laguntzen deialdia onesten duena, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalean ezarritakoarekin.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak eman martxoaren 19ko 155/2024 Ebazpenak onetsi zuen 2024an uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalean ezarritakoarekin.

Bat etorrita martxoaren 12ko 250/2024 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren bosgarren apartatuarekin (errege dekretu horren bidez aldatzen baita, inbertsioen eta uzta heldugabearen arloan, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 41. artikuluaren 3. apartatua), galdutako diru-sarreren konpentsazioa kalkulatzeko, kalkulutik kentzen ahalko dira, justifikatuta betiere, ohiz kanpoko inguruabarrak gertatu diren kanpainak, baldin eta inguruabar horiek oso nabarmen baldintzatu badituzte errendimenduak edo ekoizleek kobratu dituzten prezioak. Hori eginez gero, kendutako kanpainen ordez, aurre-aurrekoak erabiliko dira kalkulurako.

2020 eta 2021. urteetan, COVID-19aren pandemiaren gorabeheren ondorioz, eta, 2022. urtean, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, ardo sektorearen merkatuan gainbehera nabaria gertatu zen, eta horrek eragin zuzena izan zuen urte horietako mahats-biltzeetan mahatsari ezarritako salmenta prezioetan. Halaber, 2023. urtean, lehorteak errendimendua jaistea eragin zuen. Hortaz, kanpaina horien ordez, 2017, 2018 eta 2019. urteetako mahats-biltzeak hartu dira.

Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 41. artikuluko 3. apartatuari jarraikiz, martxoaren 19ko 155/2024 Ebazpenaren 6. apartatuak (ebazpen horrek 2024an uzta heldugaberako laguntzen deialdia onesten zuen, Nafarroako Foru Komunitatean) ezartzen du honako batez besteko prezioak hartuko direla kontuan, kasuan kasuko mahasti lurzatien kokapenaren arabera:

–"Nafarroa" jatorri-deitura babestuko lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,48 euro/kg.

–"Errioxa" jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 0,96 euro/kg.

2024ko apirilaren 18an, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Fruta eta Barazkien eta Mahastizaintzaren eta Ardogintzaren Zuzendariordetzak jakinarazi zuen 2020-2021 kanpaina baino lehenagokoak erabiliz gero, mahatsaren batez besteko KPIarekin eguneratu ahal izanen direla.

Hala, Nafarroako Foru komunitatean 2020-2021 kanpaina baino lehenagokoak erabili direnez, aldatu egin dira mahatsaren batez bestekoaren prezioak 2017, 2018 eta 2019. urteetan izandako kanpaina bakoitzerako, eta horietako bakoitzean KPIaren ehunekoa igo da. Zehazki, mahatsaren prezioan KPIaren ehunekoaren igoerak hauek izan dira: 2017an, %21; 2018an, %18,2 eta 2019an, %17,2.

Aipatu urteetako bakoitzean mahatsaren prezioan ehunekoaren igoera horiek aplikatu ondoren, mahastiak non dauden, honako batez besteko prezio hauek izanen ditu mahatsak:

–"Nafarroa" jatorri-deitura babestuko lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,57 euro/kg.

–"Errioxa" jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 1,14 euro/kg.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea martxoaren 19ko 155/2024 Ebazpenaren 6. apartatua. Ebazpen hori Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak eman zuen, eta bertan onesten zen 2024ko uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoarekin. Beraz, honako hau da 6. apartatuaren testua:

6. "Uzta heldugaberako laguntza kalkulatzeko bi konpentsazio hauek batuko dira: mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuena eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzearen ondoriozko diru galerarena.

Deuseztatzeko zuzeneko kostuen konpentsazioa izanen da kostu unitarioen baremo estandarren %50; I. eranskinean daude jasota kostu unitarioen zenbatekoak, ekintza diruz lagungarri bakoitzeko.

Galdutako diru-sarreren konpentsazio ekonomikoa izanen da laguntza eskatzen den lurzatian uzta heldugabea egiteak dakarren diru-sarreren galeraren %50. Diru-sarreren galera honela kalkulatuko da: laguntzaren xede den lurzatian azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko prezioa bider lurzati horrek datuak eskuragarri dauden azken hiru kanpainetan izan duen batez besteko errendimendua. Kasua bada, errendimendu horrek muga bat izanen du; zehazki, dagokion kalitate figuraren pleguetan ezarritako gehieneko errendimendua.

Galdutako diru-sarreren konpentsazioa kalkulatzeko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainak hartuko dira aintzat.

Aintzat hartutako erreferentzia urteetarako daturik ez dagoen lurzatien kasuan, urte horietan ekoizten hasi gabe zeuden mahasti landaketak zirelako, Nafarroako Foru Komunitatean izandako batez besteko errendimenduen datu ofizialak erabiliko dira, kasuan kasuko lurzatien kokapenaren arabera.

Kontuan hartuko diren mahatsaren batez besteko prezioak honako hauek dira, mahastien kokapenaren arabera:

–"Nafarroa" jatorri-deitura babestuko lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,57 euro/kg.

–"Errioxa" jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 1,14 euro/kg.

Bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 59.3 artikuluarekin, uzta heldugaberako ematen den Europar Batasunaren finantza laguntza ezin da izan mahats-mordoak ezerezteko edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei ezerezte edo deuseztatze horri loturiko diru-sarreren galera batuta ateratzen den zenbatekoaren %50 baino gehiago.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, beraz, interesdunek gora jartzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren aurka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 24an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2406558