88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

191/2024 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia onesten baita abeltzaintzaren sektoreari laguntzak emateko, liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2024. urterako. DDBN identifikazioa: 754336.

Liburu genealogikoen kudeaketak, errendimendua kontrolatzeko programek eta genetikarekin, ugalketarekin, kalitatearen hobekuntzarekin eta ustiapenaren kudeaketarekin lotutako beste alderdi batzuek abeltzainen profesionalizazioan laguntzen dute eta abeltzaintzaren produktibitatea eta errentagarritasuna handitzea ahalbidetzen dute. Jarduera horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak babestu ditu duela urte batzuetatik hona, Nafarroako arraza ez-autoktonoetako abere hazleen elkarteen bitartez, abeltzaintzaren sektorerako laguntzen araubide bat ezarriz.

Kontuan hartuta iraupen bera izan ohi dutela Europar Batasunaren Nekazaritza Politika Erkidearen aurrekontuak eta laguntzaren araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har. Abeltzaintzaren sektorearentzako laguntza horiek, arraza ez-autoktonoetako liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko direnak, bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 27. artikuluaren 2. puntuaren a) eta b) apartatuetan xedatutakoarekin (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria aitortzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2022ko abenduaren 21ekoa.

Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa). Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak martxoaren 21ean eman 155/2023 Ebazpenaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko. Batzordeak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso zuela adierazi zuen, eta SA.107091 laguntza-zenbakiarekin erregistratu zuen salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Nafarroako Foru Komunitateak, ebazpen honen bidez, abeltzaintzaren sektorearentzako laguntzen deialdia onesten du, arraza ez-autoktonoen liburu genealogikoak mantentzeko eta abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2024ko ekitaldirako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea abeltzaintzaren sektoreari laguntza bat eman dakion 2024an liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.

2. 2024. urteari dagokion laguntzaren eskabideak aurkezteko epea hilabeteko epean amaituko da, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

3. Deialdi honetarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 155/2023 Ebazpena aplikatuko da. Ebazpen horren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren abeltzaintzaren sektoreari laguntzak eman dakizkion 2023-2029 aldian liburu genealogikoak mantentzeko eta arraza ez-autoktonoetako abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.

4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 155/2023 Ebazpenaren hamahirugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 280.000 euroko gastua baimentzen da, 2024ko gastu-aurrekontuen "Abeltzainen elkarteentzako laguntzak, arraza ez-autoktonoak" izeneko 710004 71300 4819 412202 partidaren kargura.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2406093