88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

190/2024 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024. urtean abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzak emateko deialdia onesten duena. Identifikazioa: 754340.

Lehen sektoreko bizi- eta lan-baldintzak gainerako sektoreetakoekin parekatzeko, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko lan-baldintzak gainerako lanbide-jardueren lan-baldintza berberak izan daitezela bermatzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza-kategoria horretarako araubide bat ezarri du, kontuan hartuta Batasuneko aurrekontuak eta laguntza-araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek iraupen bera izan ohi dutela.

Abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzak Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 23. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek deklaratzen du barne merkatuarekin bateragarriak direla zenbait laguntza-kategoria, nekazaritza eta basogintza sektoreetakoak eta landa eremuetakoak, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.

Alde horretatik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 214/2023 Ebazpenaren bidez, abeltzaintza-ustiategietan ordezpen-zerbitzuak sortzeko laguntzen araubide bat ezarri zuen 2023-2029 aldirako.

Ondoren, Europako Batzordeko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko agintariek emandako informazio laburtua jaso izanaren adierazpena egin zuen, eta salbuetsitako laguntza-neurriari buruzko jakinarazpena erregistratu zuen SA.107338 laguntza-zenbakiarekin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Hori guztia dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, ebazpen honen bidez, abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzen deialdia onesten du, 2024ko ekitaldirako.

Ikusita Abeltzaintza Zerbitzuak proposamena egin duela eta aurrekontu-baliabideak daudela.

Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 117/2005 Foru Legea aplikatzen zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2024. urtean abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzak emateko deialdia onestea.

2. 2024. urteari dagokion laguntzaren eskabideak aurkezteko epea hilabeteko epean amaituko da, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Deialdi honetarako, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 214/2023 Ebazpena aplikatuko da. Ebazpen horren bidez, 2023-2029 aldian abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

4. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

5. Onuradunak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren martxoaren 30eko 214/2023 Ebazpenaren hamalaugarren oinarrian ezarritako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bidez:

https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565

6. Ebazpen honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 20.000 euroko gastua baimentzen da, 2024ko gastu-aurrekontuetako "Abeltzaintza-ustiategietako ordezpen-zerbitzuetarako laguntzak" izeneko 710004 71300 4700 412212 partidaren kargura.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2406094