88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

996E/2024 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpena eta haren oinarri arautzaileak indarrik gabe uzten dituena, eta 2024an zehar enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 748437.

Nafarroan ekintzaileak eta lan autonomoa bultzatzeko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legearen arabera, lege horren helburua da, besteak beste, enplegua sortzea ekintzaileei eta langile autonomoei laguntza emanez. Era berean, foru lege horren printzipio informatzaileetatik nabarmendu daiteke ekintzaileentzako eta lan autonomorako finantzaketa-eredu espezifiko bat indartu eta jarduera berriaren hasieran arriskuak murriztu behar direla. 9.1.a) artikuluan ezartzen denez, norberaren kontura lan egin nahi duten langabeek establezimendu bakoitzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte autonomo gisa.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak 2016ko uztailaren 4an emandako 1365/2016 Ebazpenaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak ematea arautu zen, langabeak langile autonomo edo norberaren konturako langile egitea sustatzeko eta errazteko asmoarekin.

Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 7.2 artikuluak ezartzen du, beren lurralde-eremuan, Konstituzioaren eta haien autonomia-estatutuen arabera, autonomia erkidegoei dagokiela enplegu-politika garatzea, enplegua sustatzea eta lan-legeria eta transferitu zaizkien programak eta neurriak eta ezarritako programak komunak betearaztea, lurraldearen ezaugarrietara egokitutako programa propioak garatu eta diseinatzearekin batera. 10. artikuluak Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategia arautzen du, eta hori enplegua aktibatzeko politiken 6 ardatzen inguruan eratuko da. Horien artean, 5. Ardatza aurkitzen da; hots, "Ekintzailetza", eta horren barruan sartzen dira enpresa-ekimena, lan autonomoa eta gizarte-ekonomia sustatzera bideratutako jarduerak nahiz enplegua eta enpresa-jarduera sortzera eta tokiko garapen ekonomikoa dinamizatu eta bultzatzera zuzendutakoak. 5. Ardatz hori egiturazko helburu moduan garatzen da Enpleguari Laguntza Aktiboa emateko Espainiako 2021-2024 Estrategia onartzen duen 1069/2021 Errege Dekretuan, abenduaren 4koan.

Nafarroan, 38.941 enpresa daude Nastaten arabera (2023ko datuak), eta txikiak dira. Nafarroako enpresen %81ek soldatapeko bi pertsona edo gutxiago ditu, eta horiek eraikuntzan eta gainerako zerbitzuetan biltzen dira. Era berean, enpresen %58 pertsona fisikoek eratzen dituzte.

Halaber, 2024ko otsailean Gizarte Segurantzan afiliatutako 306.063 pertsonatatik –%46,8 emakumeak–, 46.554 Lan Autonomoaren Araubidean zeuden (%18). Nekazaritzakoa ez den LAABean, emakumeak %36 izatera iritsi ziren.

Nafarroako ekonomian eta enpleguan duen garrantzia dela-eta, garrantzitsua da jardueraren hasiera babestea, ekintzailetza-proiektuak abian jartzea indartzeko neurri ezberdinen bitartez.

2024ko Enplegu Planaren helburuetako bat da ekintzailetza eta enpresa-jarduera sustatzea eta sortutako enpresak finkatzea. Bereziki, beharrezkoa da enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeen enplegua (norberaren konturakoa) sustatzen jarraitzea, doako aholkularitza publikoaren (www.navarraemprende.com) eta dirulaguntzen bidez.

Laguntza horiek eraginkorrak izan dira enpleguko politika aktiboen azken planen esparruan. Era horretan, enplegu autonomoa sustatzeko laguntzek laneratze-tasa nabarmena izan dute: laguntza jaso zuten pertsonen %95ak lanean jarraitzen zuen dirulaguntza jaso eta bi urtera, horietatik %94 Gizarte Segurantzaren Lan Autonomoaren Araubidean. Bi urte eta erdira, berriz, %91k jarraitzen zuen, LAABen %89,6 alta emanda, NL-NEZek 2019ko deialdia ebaluatzeko egindako txostenaren arabera.

Horrela, dirulaguntza honek jarduera ekonomiko bat abian jarri eta beren konturako enplegua sortzen dutenei laguntzen die, sozietate zibil edo ondasun-erkidego bateko kide direnak barne.

Era berean, laguntza hori handiagoa da langabezia handiagoa duten pertsonengan: emakumeak, gizon gazteak, 45 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabeak; desgaitasuna duten pertsonak edo errenta bermatua edo antzekoa jasotzen dutenak; eta indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeak.

Horrez gain, landa-ingurunean zerbitzuei eta biztanleriari eusteko enplegua funtsezkoa denez, dirulaguntza honetan kontuan hartzen da baita ere lurraldea egituratzen duten herri txikietan jarduera abian jartzea.

III. Ekintzailetza Planean ezartzen den moduan, horrekin guztiarekin 2024an %5,6ko ekintzailetza-jardueraren tasa (Nafarroako hiru urte eta erditik beherako ekintzailetza-ekimenak) lortzea nahi da, 2020ko %5,2tik abiatuta, eta Nafarroako ekintzailetza-jardueraren %9ko bizitza-luzera, lau puntu handiagoa.

Uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpenaren bidez onartutako deialdiaren oinarri arau-emaileak hainbat aldiz aldatu dira.

Martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legean eta aplika daitekeen gainerako araudian xedatutakoa eta era horretako dirulaguntzen kudeaketan metatutako esperientzia kontuan hartuta, uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpena eta haren oinarri arautzaileak indarrik gabe utzi behar dira eta dirulaguntza horiek emateko deialdi berria eta hori arautzeko oinarriak onetsi.

Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 2024rako enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzen deialdia izapidetzeko banakako ebaluazio-erregimenean.

Ondorioz, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua Erakunde Autonomoaren Estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluak eman dizkidan eskudantzak erabiliz, ondorengoa,

EBATZI DUT:

1. Indarrik gabe uztea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak 2016ko uztailaren 4an emandako 1365/2016 Ebazpena eta haren oinarri arautzaileak.

2. 2024rako enplegu autonomoa sustatzera bideratutako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

3. 2024rako deialdia eraenduko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek Ebazpen honen Eranskinean jasotzen dira.

4. 1.000.000 euroko gastua baimentzea, 2024rako Gastuen Aurrekontuko "Autoenplegua sustatzeko laguntzak" izeneko 950001 96100 4809 241109 aurrekontu-partidaren kontura.

Era berean, gehienez 500.000 euroko zenbateko gehigarria baimendu ahal izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitako legezko egoeraren bat gertatzearen ondorioz baimena emanda. Kreditu gehigarri horren baimena, hala badagokio, eskumeneko organoak emango du, eta deialdiaren baldintza berberetan argitaratuko da. Horrek ez du esan nahi epe berri bat irekiko denik dirulaguntzak aurkezteko, ezta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea berriz zenbatzen hasiko denik ere.

5. Ebazpen honen berri ematea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

6. Ebazpen hau eta Eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabete bateko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Hori egingo da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Foru Sektore Publiko Instituzionalaren inguruko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Iruñean, 2024ko apirilaren 16an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendari Kudeatzailea, Mirian Marton Perez.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauek arautzen dituzten dirulaguntzen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean, langile autonomo edo norberaren konturako langile gisa jarduera ekonomikoa, enpresariala edo profesionala hasten duten eta 18 hilabetez mantentzen duten langabeei finantzaketa ematea.

2.–Onuradunen baldintzak.

1. Dirulaguntzaren onuradun izateko, eskatzaileek, oro har, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Helbide fiskala Foru Komunitatean izatea.

b) Langabezian eta enplegu autonomikoko zerbitzu publiko batean alta-egoeran enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea (besteak beste, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan), jarduera hasten duen unean.

c) Nafarroan, jarduera ekonomikoa egingo duen udalerrian, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.

d) Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Lanbide Elkargoen Mutualitatean alta ematea. Deialdi honetarako, alta-eguna bezala hartuko da "Jarduera hasten den eguna", interesatuaren lan-bizitzan ezarritakoa.

2. Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondasun-erkidego, sozietate zibil edo nortasun juridikorik gabeko beste erakunde batzuetako kide egiten direnean, betiere nork bere izenean eskatzen badituzte. Kasu horretan, erakundeak eratuta egon beharko du dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurretik.

3. Halaber, enplegua eskuratzeko zailtasun handiagoak dituzten talde zehatz batzuek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte Langile Autonomien Araubide Berezian edo dagokien Lanbide Elkargoaren Mutualitatean alta ematen duten unean:

a) Desgaitasuna duten langileak: ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta izatea, desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2023 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Gizarteratze Errenta edo antzeko laguntza jasotzen duten pertsonak: prestazio horren onuradun izatea.

c) Iraupen luzeko langabeak: langabezian izena emanik egotea eta langabeak izatea Langile Autonomoen Araubide Berezian alta eman aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraian.

d) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak: izaera hori frogatzea Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

4. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonei.

3.–Baztertzeko arrazoiak.

Honako pertsona hauek dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira:

a) Enplegu autonomoa sustatzeko NL-NEZen dirulaguntza jaso duten pertsonak jarduera berria hasi aurreko lau urteetan. Horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenaren eguna hartuko da kontuan.

b) Norberaren konturako langile autonomo gisa, nagusiki, jarduera berria hasi aurreko lau urteetan jarduera bera edo antzekoa egin duten pertsonak. Horretarako, jarduera bera edo antzekotzat hartuko da Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalean (JESN) hiru digituko mailarekin bat datorrena.

c) Merkataritza-sozietateetako bazkideak eta merkataritza-sozietate baterako kontseiluko edo administrazioko kargua betetzeak dakartzan zuzendaritza eta kudeatzailetzako funtzioak betetzen dituztenak; kooperatibetako eta lan-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak, Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian sartuta badaude ere; langile autonomoak, senide laguntzaile gisa.

d) Nekazaritzako Araubide Berezian norberaren kontura alta ematen duten pertsonak.

4.–Zenbatekoak.

1. Dirulaguntza honen zenbatekoari dagokionean, kontuan hartuko da eskatzaileak merkatuan sartzeko duen zailtasun berezia, honako eskala honen arabera:

a) Oro har: 2.000 euro.

b) 30 urteko edo hortik beherako gazteak: 2.200 euro.

c) 45 urteko edo hortik gorako pertsonak: 2.200 euro.

d) Iraupen luzeko langabeak: 2.200 euro.

e) Emakumeak: 2.500 euro.

f) Desgaitasunen bat duten pertsonak: 3.000 euro.

g) Gizarteratze Errenta edo antzeko prestazioa jasotzen duten pertsonak: 3.000 euro.

h) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak: 3.500 euro.

Onuradun bat aipatutako taldeetako batean baino gehiagotan egonez gero, zenbateko handienari dagokion dirulaguntza emango zaio.

2. 1.000 euroko laguntza gehigarria jaso ahal izango dute Nafarroako herri batean jarduera abian jartzen dutenek, jardueraren hasieran eguneratutako erroldan 5.000 biztanle baino gutxiago badaude.

Horretarako, pertsonak honako hauek bete beharko ditu:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta emanda egotea 5.000 biztanletik beherako udal-errolda duen udalerri batean.

b) Lokalik ez izanez gero, pertsonak herriak erroldatuta egon beharko du dirulaguntzaren eskaera-eguna baino urtebete lehenago gutxienez, eta helbide fiskala izan beharko du bertan.

5.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntza hauen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta oinarri hauetan aurreikusitako gainerakoak bete beharko dituzte. Berariaz, NL-NEZek edo eskumeneko beste organo batzuek egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduerak onartu beharko dituzte, eta horretarako eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Kontrol horiek eskatu ahal izango dituzte bai Nafarroako Gobernuak, bai Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak, bai EBko beste kontrol-organo batzuek.

2. Gainera, Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokien Mutualitatean alta eman eta hurrengo 18 hilabetez jarraian, honako hauek bete beharko dituzte:

–Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian edo Lanbide Elkargoen Mutualitatean eta JEZen alta emanda egotea.

–Jarduera bera edo antzekoa egitea. Horretarako, jarduera ekonomiko edo profesionalak ohiko eran eta irabazi asmoz egitea eskatzen du, Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean eta Nafarroako ekintzaileak eta langile autonomoak babesteko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera. Jarduera aldatuko balitz, organo emaileari jakinarazi egin beharko diote Erregistro Orokorrak edo Erregistro Orokor Elektronikoak (espediente-zenbakia adierazi) aurkeztutako instantziaren bidez.

–Negozioa herrian bertan mantentzea, 5.000 biztanletik beherako udalerri batean jarduera egiteagatik laguntza gehigarria jasoz gero.

–Diruz lagundutako jarduera bererako edo antzerako merkataritza-sozietate, kooperatiba edo lan-sozietateetako bazkide bezala ez eratzea; autonomo laguntzaileak izatea; Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian kotizatzea.

3. Dirulaguntzaren onuradunek Nafarroako Gobernuaren lankidetzari buruzko publizitatea egin beharko dute, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritako moduan, aipatutako 18 hilabeteko epean. Horretarako, ikusteko moduko leku batean kartel bat jarri beharko dute: DIN A4 tamainakoa lokalean edo lantokian eta presentzia web orrialdearen hasierako orrian. Elementu horiez ez baditu, posta elektroniko profesionalaren sinaduran edo bezeroei aurkezten zaien zerbitzuen zorroan egingo da publizitatea.

"Enpresa honek enplegu autonomoa sustatzeko NL-NEZen dirulaguntza bat jaso du"; NL-NEZen eta Nafarroako Gobernuaren logoak jarriko dira. Ikus eredua izapidearen fitxan.

6.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Oinarri arautzaile hauetan aipatutako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen diren beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez izapidetuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

8.–Eskaera aurkezteko epea.

Soilik dirulaguntza emango zaie deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren LAAB/Mutualitatean alta emandakoei.

Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da jarduera hasi eta biharamunetik hasita; hau da, Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion Lanbide Elkargoen Mutualitatean alta emandako egunaren biharamunetik hasita.

Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

9.–Instrukzioa, izapidea eta ebazpena.

1. Prozedura alde batek eskaturik hasiko da, interesdunak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura eskaera bidalita.

2. Eskabideak batez ere telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko izapideen katalogoan dagokion fitxaren bidez, www.navarra.es orrialdean (aurrerantzean, "laguntzen fitxa"):

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6475/Subvenciones-para-la-promocion-del-empleo-autonomo

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako tokietan eta bitartekoekin aurkeztu ahal izango da.

3. Eskabidea aurkeztearekin deialdi hau arautzen duten oinarriak onartuko dira, eta baimena emango zaio NL-NEZ erakundeari informazioa kontsultatzeko eta egindako edo edozein administrazio publikotan dagoen dokumentazioa eskuratzeko, baldin eta hori ebazteko beharrezkoa bada. Horren aurka berariaz jo nahi izanez gero, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagokio.

5. Eskaerarekin batera, ondorengo informazioa eta dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Ekintzailetzan hasiko denaren, haren jardueraren (memoria) eta hautatutako forma juridikoaren inguruko datuak.

b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

c) Kasu bada, dagokion Lanbide Elkargoaren Mutualitatean langilea alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

d) 5.000 biztanletik beherako herrian jarduera egiteagatik 1.000 euroko laguntza gehigarria eskuratu nahi bada, JEZen lokalaren katastro-informazioa agertu beharko da (metro karratuak, partzela, etab.), lokalaren dokumentu bidezko ebidentzia aurkeztearekin batera (alokairuaren kontratua, eskriturak, etab.).

e) Jarduera enpresariala, profesionala edo artistikoa egiteko negozio-lokalik ez badu, beharrezkoa da dirulaguntzaren xedeko jardueraren helbide fiskalari dagokion herriko errolda-ziurtagiria aurkeztea, eskatzailearen benetako bizilekuarekin.

f) Ordainketa Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan onuradunak duen kontuan egingo da; kontu hori https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/consulta-de-cuentas-y-pagos URLan kontsultatu eta, hala badagokio, aldatu ahal izango da, ziurtagiri digitala edo Gakoa erabilita. Ziurtagiri digitalik edo Gakorik ez izateagatik kontua URL horretan erregistratu ezin badu, laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko transferentzia bidez ordainketa egiteko eskabidea aurkeztu beharko du. Horren inprimakia URL honetan deskarga daiteke: https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/impresos-generales-de-la-administracion-foral-de-navarra.

g) Honako erantzukizunpeko adierazpen hauek:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen gaineko erantzukizunpeko adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen berariazko adierazpena. Halaber, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da.

h) Datu pertsonalak tratatzeko eta fitxategi publikoetan datuak kontsultatzeko baimena. Baimenik ematen ez bada, eskatzaileak dagokion informazioa aurkeztu beharko du.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatutako beste edozein dokumentazio.

Atal honetan aipatutako adierazpenen eta memoriaren ereduak deialdi honetako Eranskinen ereduetara egokitu beharko dira. www.navarra.es helbidean agertzen den dirulaguntzaren izapide-fitxan eskuratu ahal izango dira.

6. Ez da beharrezkoa izango pertsonak aurretik edozein Administraziori egindako edo aurkeztutako dokumentuak aurkeztea. Horretarako, eskatzaileak adierazi beharko du zein unetan eta zein administrazio-organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta NL-NEZek elektronikoki eskuratu beharko ditu, interesatua horren aurka dagoenean izan ezik. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen inguruko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Salbuespen moduan, aipatu erakundeak dokumentu horiek bildu ezin baditu, berriro ere eskatu ahal izango dizkio interesatuari.

7. Aurkeztutako eskabideak prozedura hasteko beharrezko baldintzak betetzen ez baditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen inguruko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluarekin bat eginez, interesatuari eskatuko zaio hori zuzentzeko gehienez hamar egun balioduneko epean; gainera, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emango dela, hori jakinaraztearekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluaren arabera.

8. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzak erabakiko du dirulaguntzak eman edo ukatzea.

Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoko erregistroan sartzen denetik hasita. Ebazpen espresik jaso gabe epe hori iraganez gero, aurkeztutako eskabidea ezetsitzat hartzen ahal da isiltasun administratiboa dela medio.

Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko; beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren kontra Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabidearen ustezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariaren aurrean, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrerako edozein unetan, administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.

10.–Justifikazioa eta ordainketa.

Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den kontuan dirulaguntza ordaindu aurretik, ezarritako baldintzak betetzen dituela eta dirulaguntza emateko oinarria izan den jarduera burutu duela frogatu beharko du onuradunak.

Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiteko unean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izango da.

Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izango da.

11.–Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldarazi eta emandako dirulaguntza itzultzea eragin dezake.

12.–Publizitaterako arauak.

Emandako dirulaguntzak navarra.es helbidean argitaratuko dira, dagokien fitxaren bitartez, eta honako hauek zehaztuko dira: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 17ko 38/2003 Legearen 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.

13.–Jarraipena eta kontrola.

Behin dirulaguntza emanda, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ondorengoak ofizioz egiaztatuko ditu: jarduera egiten jarraitzen den, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dagoen eta gainerako baldintzak eta betekizunak betetzen dituen, tartean jarduerarekin jarraitzen duen (JEZ) 5.000 biztanletik beherako herrietan, 18 hilabetez.

Halaber, jarduera egiaztatzeko bisitak egingo dira emandako helbideetara.

Lanbide Elkargoaren Mutualitatean alta emanez gero, dirulaguntzaren onuradunari dagokion Mutualitateko ziurtagiria eskatuko zaio, alta emanda dagoela egiaztatzeko.

14.–Dirua itzultzea.

1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aipatzen diren zergatikoez gain, kobratutako dirua osorik edo hein batean itzuli beharko da, eta berandutza korrituak pagatu, dirulaguntza eman zenetik hura itzuli behar dela erabaki bitarte, Foru Lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.

2. Gizarte Segurantzako Lan Autonomoaren Araubide Berezian edo Lanbide Elkargoko Mutualitatean baja aurreratua emanez gero edo oinarrietan aurreikusitako beste ez-betetze batzuk egiten badira, zehazki 5. Oinarrian, 5.000 biztanletik beherako herrian egiten den jarduera barne, dirulaguntza itzultzeko salbuesten duen arrazoitzat hartuko da soilik onuraduna hiltzea edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia aitortu izanaren justifikazio fede-emailea.

3. Gainerako kasuetan, ez-betekotzat hartuko da, eta dirulaguntza osorik edo horren zati bat itzuli beharko da. Ez da Gizarte Segurantzan baja ematea edo jarduera uztea justifikatzeko arrazoi gisa hartuko arrazoi ekonomikoetan oinarrituta jarduera uztea edo amaitzea.

4. Dirulaguntza osorik itzuli behar da ez-betetzea lehenengo 9 hilabetetan gertatzen bada; partzialki itzuliko da 9 hilabete eta egun bat eta 18 hilabete artean gertatzen bada, proportzionaltasunaren irizpidea aplikatuz. Bi kasuetan, berandutze-interesak batuko dira.

5. Ez-betetzea 5.000 biztanletik beherako udalerri batean jarduera mantentzeari buruzkoa soilik bada, 1.000 euroko laguntza gehigarriarekiko irizpide bera aplikatuko da; hau da, zenbatekoa osorik itzuliko da pertsona alta emanda badago 9 hilabetetan edo gutxiagoan eta partziala-proportzionala izango da gainerako aldian, berandutze-interesak eta guzti.

6. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du.

15.–Zehapen-prozedura.

Itzultzeko espedientea izapidetzeagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. Tituluan tipifikatutako arau-hausteren bat antzemanez gero, Foru Lege horretan ezarrita dagoen prozedura jarraituko da.

16.–"De minimis" araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak "de minimis laguntzak" dira, Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Erregelamendu horren arabera, Estatu kide batek enpresa bakar bati (deialdi honetan, autonomo bakarra, onuraduna), emandako "de minimis" laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan. "Enpresa bakarraren" definizioa Erregelamendu horretako 2.2 artikuluan ezarritakoa izango da.

2. Ondorio horietarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako gainerako "de minimis" laguntzak aitortuko dituzte.

17.–Datuak babestea.

Deialdi hau betetzeko beharrezkoa izango da datu pertsonalak tratatzea, eta tratamendu hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren araberakoa izango da. Erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Halaber, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa eta hura garatzeko gainerako araudietan ezarritakoa beteko dira, haren aurka ez doan guztian.

18.–Aplika daitekeen araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta aplikatu beharreko gainerako araudia aplikatuko dira.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabete bateko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.

20.–Indarrean jartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2406536