88. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69E/2024 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez "Eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzak" emateko deialdia onesten baita. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 752043.

2030erako Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Bizitegien eta merkataritzaren sektoreetan berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmenak dira, eta hor aukera handiak daude isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko.

Hori dela eta, 2023an eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzen deialdi honen helburua da 2030erako Nafarroako Energia Planean eta Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean deskribatutako helburuak lortzen laguntzea.

Era berean, dirulaguntza hau Nafarroako Dirulaguntzen 2023-2025eko Plan Estrategikoan sartuta dago.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. "Eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzak" emateko 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820001-82500-4809-425210: Eraikinetako ziurtapenak egiteko laguntzak

2024

400000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 28an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan ezarritako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, 2024an eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egin daitezen sustatuko du, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko 4/2022 Foru Legearen 40. artikuluan ezarritako baldintza betez.

Energia-efizientziaren ziurtapenen gutxieneko edukia zehazturik dago deialdiaren II. eranskinean (deialdiaren fitxan ikus daiteke).

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Subjektu hauek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

a) Merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik garatzen ez duten pertsona fisikoak.

b) Pertsona fisikoen taldeak.

c) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisikoak; hala bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egon beharko dute, edo, bestela, dagokien tributazio araubidean sartzeko aitorpena egina izan.

d) Jabeen erkidegoak, Jabetza Horizontalaren uztailaren 21eko 49/1960 Legeak araututakoak.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

2. Jarduketa diruz lagungarrien xede diren bizitzek edo eraikinek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta egon beharko dute.

3. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:

a) Egoitza fiskala Espainian izatea.

b) Eraikin baten edo haren zati baten edo familia bakarreko etxebizitza baten jabe, edo bizitegi kolektiboaren tipologiako eraikinen jabe-erkidegoak edo jabe-erkidegoen taldeak izatea, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eratuta badaude; gai horretan, bete beharko da ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoa, arau horrek eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenerako oinarrizko prozedura onesten baitu.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

e) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

4. Atal honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

5. Laguntza hauetatik kanpo daude eraikin hauek:

a) 2007ko apirilaren 30etik aurrera proiektuak administrazio publiko eskudunek onartuak edo lanbide-elkargoek ikus-onetsiak dituzten eraikinak.

b) Obra-lizentzia 2008ko apirilaren 30etik aurrera eskatu duten eraikinak.

c) Azalera erabilgarri osoa 500 m²-tik gorakoa duten eraikinak edo eraikin zatiak, erabilera hauekin:

1. Administrazioa.

2. Osasuna.

3. Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.

4. Bizitegi publikoa: hotelak, hostalak, egoitzak, ostatu-etxeak, apartamentu turistikoak, landetxeak, kanpaleku turistikoak, aterpetxe turistikoak eta antzekoak.

5. Irakaskuntza.

6. Kultura: antzokiak, zinemak, museoak, auditoriumak, biltzar zentroak, erakusketa aretoak, liburutegiak eta antzekoak.

7. Jolas-jarduerak: kasinoak, joko-aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta antzekoak.

8. Ostalaritza: tabernak, jatetxeak, kafetegiak eta antzekoak.

9. Pertsonen garraioa: geltokiak, aireportuak eta antzekoak.

10. Kirola: gimnasioak, kiroldegiak eta antzekoak.

11. Gurtza-lekuak, erlijiokoak eta antzekoak.

12. Industria.

d) Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa edo ikuskapen baliokidea nahitaez egin behar dutenak, 50 urteko edo gehiagoko eraikinak.

e) Bi urteko edo gutxiagoko erabilera epe aurreikusia duten behin-behineko eraikinak.

f) Eraikin independenteak, hots, beste eraikin batzuekin kontaktuan ez daudenak eta 50 m²-tik beherako azalera erabilgarria dutenak osotara.

g) Eraisteko edo 390/2021 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluko d) letran zehazten diren erreformak egiteko erosten diren eraikinak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen helburua da Nafarroan dauden eraikinen edo eraikin-zatien eta familia bakarreko etxebizitzen energia-efizientziaren ziurtapenak egitea.

Energia-etiketen gutxieneko edukiak oinarri hauen II. eranskinean zehaztutakoa bete beharko du (deialdiaren fitxan dago eskuragarri).

Ziurtapena teknikari aditu batek eginen du. Ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, teknikari aditutzat hartuko da eraikuntza-proiektuak idazteko, obrak zuzentzeko eta eraikuntza-obren exekuzioa zuzentzeko gaitzen duen edozein titulazio akademiko edo profesional duen teknikaria, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean ezarritakoaren arabera, edo energia-efizientziaren ziurtagiriak sinatzeko gaikuntza duena. Halaber, teknikari aditutzat jotzen dira atal honetan deskribatutako lanbide arautuetan jarduteko gaikuntza duen unibertsitate-tituluren bat duten teknikariak, Unibertsitate-ikasketa Ofizialen Antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 12.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Teknikari aditutzat hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Europar Batasuneko beste estatu batetik datozen dokumentuak onartuko dira, baldin eta horietatik ondorioztatzen bada betekizun horiek betetzen direla, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

3. Jarduera diruz lagungarrian lanean hasi aurretik aurkeztu behar da eskaera.

4. Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko eguna 2024ko irailaren 30a izanen da, beranduenez.

5. Deialdi honi 400.000 euro esleitu zaizkio, 2024ko gastuen aurrekontuko "Eraikinetako ziurtapenak egiteko laguntzak" izeneko 820001 82500 4809 425210 partidaren kargura.

6. Energia-ziurtapenaren kosturako laguntzen zenbatekoa jarduketaren zenbatekoaren %80 izanen da.

7. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

Bizitegi-sektorea (bizitegi-eraikin batek ziurtagirian bizitegi ez diren lokalak baditu, lokal horiek ez dira kontuan hartuko laguntza kalkulatzeko):

ETXEBIZITZA KOPURUA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA
(euroak, diruz lagundu ezin den
BEZa)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu daitekeen BEZa)

100 m² baino gutxiagoko azalera garbia duen etxebizitza 1

100 euro

120 euro

100 m² baino gehiagoko azalera garbia duen etxebizitza 1

120 euro

144 euro

2 eta 19 etxebizitza artean ("n" etxebizitza)

120 + (50(n-1))

144 + (60(n-1))

20 eta 150 etxebizitza artean ("n" etxebizitza)

1.020 + (25(n-19))

1.224 + (30(n-19))

150 etxebizitza baino gehiago ("n" etxebizitzak)

4.295 + (15(n-150))

5000

Bizitegietakoa ez den sektorea:

AZALERA GARBIA m² (1)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA
(euroak, diruz lagundu ezin den
BEZa)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu daitekeen BEZa)

150 m²-raino:

1

1,2

151 eta 250 m² artean ("S" m²)

150 + (0,8(S-150)

180 + (0,8(S-150)

250 m²-tik gorakoa ("S"m²)

230 + (0,6(S-250)

260 + (0,6(S-250)

Ziurtatutako eraikin bakoitzeko, 5.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

Gehieneko zenbateko horiek eraikinei dagozkie; posible da, beraz, eskatzaile bat laguntza baten baino gehiagoren onuradun izatea, eta halakoetan, muga bakarra establezimendu bakoitzerako ezarritako 5.000 euroko zenbatekoa izanen da. Onuradun bakoitzeko, 10.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskaera pertsona fisiko edo juridiko baten izenean egiten bada, ordezkaritza-ahalmenak egiaztatu beharko dira.

4. Laguntzen fitxan eskura dagoenaren araberakoa izanen da eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, eta eskaneatuta, agiri bereizietan eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta aurkeztu beharko da. Hauek dira agiriak:

a) Aurrekontua.

b) Eraikina 2008an edo geroago eraiki bada (Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan jasotako informazioaren arabera), haren proiektua, administrazio publiko eskudunak onartua edo lanbide-elkargoak ikus-onetsia.

c) Eraikina 2008an edo geroago eraiki bada (Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan jasotako informazioaren arabera) eta proiektua administrazio publiko eskudunak 2007ko apirilaren 30etik aurrera onartu edo lanbide-elkargoak egun horretatik aurrera ikus-onetsi bazuen, obra-lizentzia eskatu izanaren egiaztagiria.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Oinarri honen 4. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren otsailaren 21eko 3281/2024 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiari 2024. urtean eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.

Laguntzen zenbatekoa 3. oinarrian adierazitakoa izanen da.

2. Energia Planaren eta Europako Proiektuen Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan jasoko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek 2024ko irailaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xede diren jarduketak egin dituztela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 4. oinarriko 2. atalean aurreikusitako moduan:

a) Fakturak.

b) Fakturen ordainagiriak.

c) Eraikinaren kodea agerian duen energia-etiketa.

d) Energia-ziurtapena egin den eraikinera egindako bisita presentzialaren akta, eguna eta ordua adierazita, kalifikazio energetikoa egiten duen teknikariak eta laguntzaren eskatzaileak edo haren ordezkariak sinatuta.

e) Deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren arabera, honako alderdi hauek adierazten dituen memoria:

–Eraikinaren datu garrantzitsuenak.

–Azken bi urteetako energia-kontsumoaren balioespena: elektrizitatea, gas naturala, gasolioa eta abar, 390/2021 Errege Dekretuan alderdi horri buruz jasotakoa betez.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeei aplikatzen ahal zaizkien eta indarrean dauden laguntza-programak.

–Eraikinean kalifikazio energetikoa hobetzeko gomendioak eta hartu beharreko neurri zehatzak, harik eta B klasea edo gutxienez dagoena baino bi letra goragokoa izatea lortu arte.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeen kostua, gutxi gorabeherakoa.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko behar diren esku-hartzeen amortizazio-aldia, gutxi gorabeherakoa, kontuan harturik kostua, eskuragarri dauden laguntzak eta energia-aurrezpen potentziala.

f) Onuradunak dirulaguntza jaso nahi duen banku-kontuaren eguneraketa. Tramite hau webgunean egin dezakezu, "Kontuen eta ordainketen kontsulta" tramitearen bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta), edo transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea aurkeztuz.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

4. Frogagiriak atal honetan ezarritako epean aurkezten ez badira, laguntzarako eskubidea galduko da.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

c) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza onartu aurretik eta bai onartutako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Energia-etiketen gutxieneko edukiak oinarri hauen II. eranskinean zehaztutakoa bete beharko du (deialdiaren fitxan dago eskuragarri).

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak zilegi izanen du beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egitea, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

9. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (L 2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2023ko abenduaren 15ekoa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan laguntza eman aurreko hiru urteetan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek laguntza eman aurreko hiru urteetan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskabidean.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Pertsona juridikoek telematikoki aurkeztu beharko dituzte nahitaez laguntza eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

Pertsona fisikoek, ahal dutela, dokumentazioa bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dute, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen den edozein tokitan.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta, horretarako, erabiliko du Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zer aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-realizacion-de-certificaciones-de-eficiencia-energetica-en-edificios-2024).

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

Iragarkiaren kodea: F2405337