87. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

24E/2024 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024-2025 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdi bat, Nafarroako tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren bidez (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, ekainaren 22koan), oinarriak onetsi ziren aplikatu beharreko prozedura ezartzeko laguntzak ematean Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ekoizpen berekiak eta herritarrentzat interesgarriak diren programa gehiago izan daitezela, programazio horrek onura soziala baitakarkie Nafarroako bizilagunei.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarria aplikatuz, beharrezkoa da ebazpen bat ematea 2024ko irailaren 1ean hasi eta 2025eko abuztuaren 31n bukatuko den aldirako urte anitzeko deialdi bat irekitzeko asmoz, bai eta deialdiaren baldintzak ezartzea ere.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak egindako txostena, eta Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1. 2024-2025 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdi bat onestea, Nafarroako tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko.

2. Deialdiaren baldintzak ezartzea, bat etorriz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 5. oinarriarekin. Foru agindu horren bidez, oinarriak onesten dira Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrei ikus-entzunezko edukiak ekoizteko laguntzak ematean aplikatu beharreko prozedura ezartzeko (2021eko ekainaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua). Baldintza horiek ebazpen honen I. eranskinean biltzen dira.

3. Deialdi hau finantzatzeko, 450.000 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, urteko banaketa honen arabera: 100.000 euro indarrean dagoen gastu-aurrekontuko "Nafarroako tokiko telebistak. Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak" izeneko 060003 06100 4709 921500 partidaren kargura, eta 350.000 euro partida horri jarraituko dion eta 2025eko gastu-aurrekontuan onetsiko den partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariaren tramiteen katalogoan argitaratzea.

5. Ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2024ko apirilaren 4an.–Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusia, Miguel Moreno Ariztegi.

2024-2025 urteetarako laguntzen urte anitzeko deialdiaren baldintzak, Nafarroako lurreko telebista digitaleko (LTD) lizentzia pribatuen titularrek ikus-entzunezko edukiak ekoizteko

1.–Diruz lagungarriak diren ikus-entzunezko proiektuen kategoriak.

Diruz lagungarriak diren proiektuen bi kategoria ezarri dira, eskatzaileek beren emisio-lizentziak zein barrutitarako jaso duten, horren arabera zehaztuak:

–A kategoria: Iruñeko LTDaren tokiko barrutiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

–B kategoria: Nafarroako LTDaren gainerako tokiko barrutietako ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak.

2.–Laguntzen gehieneko zenbatekoen mugak, kategoria eta telebista operadore bakoitzeko.

325.000 euro bideratuko dira A kategorian aurkeztutako proiektuetarako, eta 125.000 euro B kategorian aurkeztutako proiektuetarako.

A kategoriako onuradun batek jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza ezin izanen da 200.000 eurotik gorakoa izan, eta B kategoriakoen kasuan ez da 75.000 eurokoa baino handiagoa izanen.

Bi kategorietan, gehienez ere 25.000 eurokoa izanen da dirulaguntza programa bakoitzeko.

3.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da, eta 2024ko maiatzaren 31n itxiko da, egun hori barne.

4.–Proiektuak gauzatzeko epea eta diruz lagundutako programen emanaldiak.

Proiektuak gauzatzeko epea 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra artekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Gauzatzeko epe horretan ekoiztutako programen emanaldiak 2024ko irailaren 1etik 2025eko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira. Dirulaguntzaren xede den programazioa emateko datak adierazi beharko dira laguntza-eskabidearekin batera entregatu beharreko memorian.

Proiektu bakoitzak gutxienez 20 minutuko 16 saioren ekoizpena bermatu beharko du.

5.–Soldata-gastu diruz lagungarrien gehieneko muga.

Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenari atxikitakoak) ezin izanen dira izan ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programako arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 4.237 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.390 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.825 euro.

6.–Dirulaguntza ordaintzeko eta frogagiriak aurkezteko epeak.

6.1. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 8.2 oinarriaren arabera, deialdi honetan onuradun diren telebistek aplikatzekoa den araudian ezarritako gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxa erabiliz, dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatura egokitua, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso aurretik.

6.2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.2 oinarriarekin bat etorriz, deialdi honetan onuradun diren telebistek dagokien dirulaguntza aldez aurretik ordaintzeko eskatzen ahalko dute, deialdiak hartzen dituen bi aurrekontu-ekitaldietako bakoitzaren kargura:

–2024ko gastuen aurrekontuari dagokion aurrerakina deialdi honetako laguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan eskatzen ahalko da, aurreko paragrafoan aipatzen diren gardentasun-betebeharrak bete ondoren. Ordainketa hori egiteko 100.000 euroko gastua onesten da, eta aurrerakina eskatzen duten telebisten artean banatuko da, eman zaien laguntzaren proportzioan.

–2025eko gastuen aurrekontuari dagokion aurrerakina 2025eko otsailaren 28ra arte eskatzen ahalko da, egun hori barne. Ordainketa hori egiteko, 350.000 euroko gastua onesten da, baldin eta kreditu nahikoa badago, eta aurrerakina eskatzen duten telebisten artean banatuko da, eman zaien laguntzaren proportzioan.

Bi aurrerakinen eskaerari dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. 2025eko ekitaldiari dagokion aurrerakina eskatzen duten operadoreek, gainera, 2024ko ekitaldiaren kargura aurreratu zaien gastua egin dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 11. oinarrian eskatutako xehetasunarekin bat etorriz.

6.3. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 10.1 oinarriaren arabera, telebistek 2025eko irailean aurkeztu beharko dute emandako dirulaguntza gauzatu izana justifikatzen duen dokumentazioa, bai eta azken ordainketa egiteko eskaera ere, kasua bada. Dokumentazio hori zein den Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren maiatzaren 28ko 124E/2021 Foru Aginduaren 11. oinarrian zehaztuta dago.

7.–Ez-betetzeak.

Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak osorik edo partez bete ezean, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko du entitate onuradunak, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz; berandutze-interesak ere eskatuko zaizkio, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2405605