87. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen deialdi bat, lehiakortasuna hobetzen laguntzeko Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko enpresa txiki eta ertainei. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 749196.

Turismo Zuzendaritza Nagusiak uste du behar-beharrezkoa dela turismo sektorean egindako inbertsioak bultzatzen jarraitzea, turismo arloko azpiegituren eskaintza modernizatzeko, Nafarroaren irudiarekin bat datorren kalitate maila gorena eduki dezan; eta gainera, sektorearen eraldaketa digitala lortzeko prozesua bultzatu nahi du.

Jarduketa horiek aurreikusita daude Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoan (2018-2025), honako izena daraman helburu estrategikoaren barruan: "enpresa sarea indartzea eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea". Helburu estrategiko horrek turismoko instalazio eta azpiegiturak modernizatu eta egungo bezeroaren beharrizan eta gustuetara egokitzea planteatzen du, sektorearen, eta, beraz, Nafarroak helmuga turistiko gisa duen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duelakoan, ezinbestean.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainen (ETE) lehiakortasuna hobetzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 680.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdiaren konpromisoei aurre egiteko. Kopuru hori 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001-A3100-7709-432100 partidaren kontura finantzatuko da.

Deialdian baimendutako kreditua handitzen ahalko da, gehienez beste 20.000 euro gehituta, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001 A3100 4609 432100 partidaren edo 2024ko gastuen aurrekontuko haren baliokidearen kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, eta aldez aurretik eginda behar diren aurrekontu aldaketak.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 13an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN DEIALDIA NAFARROAKO TURISMO ERREGISTROAN INSKRIBATUTA DAUDEN TURISMOKO ENPRESA TXIKI ETA ERTAINEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dauden turismoko enpresa txiki eta ertainentzako dirulaguntzak nola eman arautzea. Aipatutako dirulaguntzak dira ETE horiek inbertsioak egiteko, establezimendu turistikoak modernizatu eta berritzeko, Nafarroako bidaia agentzien, turismo aktibo edo kulturaleko enpresen ekipamendua hobetzeko, baita sektorearen eraldaketa digitalaren prozesuan beharrezkoak diren ekipamenduak eta garapen teknologikoak inplementatu eta bultzatzeko ere.

Deialdi honen xedea da turismoko azpiegituren kalitatea mantendu, sendotu eta hobetzea, turismoaren sektorea indartzearren eta lehiakorragoa izatearren; horrela, Nafarroak helmuga turistiko gisa duen irudi orokorra hobetzen laguntzeko.

2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdiko gastu konpromisoei aurre egiteko baimendutako kreditua 680.000 euro da. Kopuru hori 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001-A3100-7709-432100 partidaren kontura finantzatuko da.

Deialdian baimendutako kreditua handitzen ahalko da, gehienez beste 20.000 euro gehituta, 2024ra luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuko "Dirulaguntzak turismoko enpresa txiki eta ertainei. Lehiakortasuna hobetzea" izeneko A30001 A3100 4609 432100 partidaren edo 2024ko gastuen aurrekontuko haren baliokidearen kontura, bat etorrita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, eta aldez aurretik eginda behar diren aurrekontu aldaketak.

3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak 2023ko urriaren 14tik 2024ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira, egun horiek barne. Inbertsioak epe barruan gauzatutzat joko dira aipatu epean inbertsioa egin, fakturatu eta ordaindu bada, nahiz eta aurkeztutako aurrekontuak lehenagokoak izan.

4. oinarria.–Enpresa onuradunak.

1. Betebehar orokor hauek betetzen dituzten enpresa txiki eta ertainek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

1.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

1.3. ETE eskatzaileek eratzen dutenean pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte bat, edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar dute, behar adinako ahalmena duena onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko.

Kasu horietan, dirulaguntza eskaeran berariaz adieraziko da unitateko kide bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen dituen bere gain. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean adieraziko da kide bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Kide horiek ere onuraduntzat joko dira.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira eskatzaileak Nafarroako Foru Ogasuneko entitateen erroldan duen inskripzio agirian ageri diren partaidetza portzentajeak, salbu eskatzaileak bestelako adierazpenik egiten badu.

1.4. ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).

Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:

a) Kontabilitate arauekin bat galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.

b) Kontabilitate arauekin bat kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.

Debeku hori automatikoki hartuko da aintzat, eta indarrean jarraituko du hura eragin duten inguruabarrek segitzen duten bitartean.

1.6. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

2. ETE eskatzaileek berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta agertzea establezimendu turistikoaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresaren titular gisa, 2023ko urriaren 1a baino lehenagotik.

Enpresa eskatzailea egun horretan titular gisa agertzen ez bada, baina Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa tramitatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu badu dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunerako beranduenez, betetzat joko da betekizun hori.

Frankizia araubidean dauden enpresen kasuan, baldintza hori bete dela ulertuko da laguntza eskatzen duen enpresa frankiziaduna Nafarroan dagoen establezimendu frankiziadunaren kudeatzaile gisa agertzen denean Nafarroako Turismo Erregistroan.

Dirulaguntzaren eskaera aurkezteko egunean, enpresa aldi baterako bajan egoten ahal da Nafarroako Turismo Erregistroan ezinbesteko kausak direla eta (suteak edo uholdeak, adibidez). Inskripzioaren xede izan den jarduera elkarren segidan bi urtetik goiti utziz gero inskripzioa ofizioz indargabetuko da.

2.2. Web-orria izatea, eguneraturik eta jardunean, eta posta elektronikoa ere jardunean. Enpresa baldin bada enpresa-talde bateko kide, baldintza horiek betetzat joko dira enpresa eskatzaileari dagokion enpresa-taldeak web-orri korporatiboa eta posta elektronikoa baditu. Ez dira enpresaren web-orritzat joko bidaien erreserbak kudeatzeko besterik erabiliko ez diren web-orriak eta plataformak, ez badira entitate onuradunaren titulartasunekoak.

2.3. Heldutasun digitalaren mailari buruzko autoebaluaziorako galde-sorta egina izatea, ondoko online plataforma honen bidez: https://turismo.labtdnavarra.com/ Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutako Turismo enpresen eraldaketa digitalerako laborategi-proiektuaren barruan kokatzen da. Galdetegiak eskaera aurkezteko muga-egunean egina behar du, beranduenez, bestela eskatutako laguntza ukatuko baita.

3. Turismo establezimenduek eta bidaia agentziek, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte eskaera aurkezten duten egunerako:

3.1. Ostatuen establezimenduak.

Ekonomia-jardueren gaineko zergaren (aurrerakoan EJZ) epigraferen batean alta emanda egon behar dute, 681.etik 687.era arteko taldeetan, biak barne, ondoko modalitateren batean:

–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta pentsioak).

–Landetxeak.

Onartuko dira, baita ere, EJZan 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua", hurrenez hurren).

–Apartamentu turistikoak.

Onartuko dira, baita ere, EJZan 861. edo 862. taldeetan alta emanda daudenak ("Hiri-lurreko ondasun higiezinen alokairua" eta "Landa-lurreko higiezinen alokairua", hurrenez hurren).

–Kanpaleku turistikoak.

–Aterpetxe turistikoak.

3.2. Jatetxeak.

EJZan alta emanda egon behar dute, 671. taldean. "Jatetxe zerbitzuak".

Karta gutxienez hiru hizkuntzatan eduki behar dute.

Jatetxearen web-orrian argitaratuko da karta hirueleduna.

3.3. Bidaia agentziak.

EJZan alta emanda egon behar dute, 755. taldean, "Bidaia agentziak".

2023ko urriaren 1a baino lehen EJZan alta emanda egon behar dute establezimendu turistikoek, jatetxeek eta bidaia agentziek.

3.4. Establezimendu turistikoek ez dute eduki behar konpondu gabeko okerrik beren instalazioetan. Hau aplikatuko da Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalak horren harira errekerimendurik jakinarazten badu eta horretarako epea amaitu denean enpresak ez badu egin zaion errekerimendua bete.

3.5. Ez dira diruz lagunduko industrialdeetan, merkataritza guneetan edo zerbitzu guneetan kokatutako jatetxeak.

4. Organo kudeatzaileak baieztatuko du 2.1 eta 3.4 apartatuen baldintza espezifikoak betetzen ote diren, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalaren bidez; eta organo kudeatzaileak baieztatuko du gainerako baldintzak betetzen ote diren. Zehatz esateko, EJZa baieztatzeko, Nafarroako Jarduera Ekonomikoen Erregistroko informazioa hartuko da kontuan, esteka honetan: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx

5. Eskaeren tratamendua kasu zehatz batzuetan.

Etxebizitza partikularrak ukitzen dituzten proiektuen kasuan, eskaerak argi bereiziko ditu establezimendu turistikoari dagokion zatia, eta, betiere, diruz lagunduko da, bakar-bakarrik, jarduera turistikorako erabiltzen diren inbertsioen zati proportzionala, establezimendu turistikoarekin zuzeneko eta zalantzarik gabeko lotura duena.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira dirulaguntzen xede:

1.1. Establezimendu turistikoan, mugikortasun urria dutenen edo bestelako muga fisiko, psikiko edo zentzumeneko bat dutenen irisgarritasuna hobetzeko instalazioak eraberritzeko, egokitzeko edo hobetzeko obrak eta jarduketak, baita oztopo arkitektonikoak eta zentzumenetakoak kentzekoak ere.

Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Irisgarritasunaren arloan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.

–Jarduketek Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea bete beharko dute, eragiten dien heinean.

–Aurretik adierazitako inguruabarrak nahitaez enpresa edo profesional eskudun batek egiaztatu beharko ditu, bai eskaera aurkezteko unean bai eginiko jarduketen justifikazioa aurkezteko unean.

–Proiektuarekin batera, eskaera aurkeztean, ez bada aurreko paragrafoan eskatutako egiaztagiria aurkezten, proiektuak ez du jasoko proiektu mota horretarako baremoaren 2. balorazio irizpidean ezarritako puntuazioa.

1.2. Establezimendu turistikoaren kategoriari eusteko edo handiagotzeko eraberritze, berritze, hobetze eta egokitze obrak.

Bereziki, bidaia agentzien kasuan, inbertsio mota hauek beren instalazio edo establezimendu fisikoetan onartzen ahalko dira, baldin eta horiek kalearen maila berean badaude, publikoari aurrez aurre arreta ematen zaion puntua badira eta jarduerari dagokion zerbitzua ematen bada. Ez da inolaz ere onartuko lokal edo instalazio hauen eraberritzea baldin eta, soilik edo nagusiki, enpresaren langileen erabilerarako bulegoetarako erabiltzen badira, publikoa, bisitariak edo turistak hartu gabe.

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, enpresak izan ditzakeen instalazio edo azpiegituretan gauzatutako inbertsioak onartuko dira baldin eta instalazio edo azpiegitura horiek nagusiki bideratzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan turismo aktibo edo kulturaleko enpresa gisa inskribatzeko oinarri izan ziren jardueretara. Inbertsioak ez dira onartuko gauzatzen badira enpresak egin ditzakeen gainerako jardueretara bideraturik –ostalaritza-, kirol-, prestakuntza-jarduerak eta abar, EJZaren zein epigrafetan alta emanda dagoen, horren arabera–.

1.3. Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea.

Zikloturistari hainbat zerbitzu emateko aukera ematen duten instalazioak eta azpiegiturak –esaterako, bizikletak gordetzeko espazioak, tailerretarako espazioak, garbitzeko guneak eta abar– egokitzea xede duten inbertsioak onartuko dira, bai eta aktibo finkoak, bizikletak eta zerbitzu horiek emateko beharrezko ekipamendua eskuratzekoak ere.

Eskaera bat proiektu klase horretakotzat joko da, jarraian zerrendatzen diren baldintzak betetzen baditu. Hala bada, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagokion puntuazioa lortuko du:

–Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzeko inbertsioetan egin gogo diren jarduketen zenbatekoak gainditu behar du dirulaguntzaren xede den proiektu orokorraren zenbatekoaren %80.

–Enpresak parte hartu behar izan du produktu zikloturista bat sortzeko 2021ean edo 2022an egin ziren ikastaroetako baten tutoretza programan (Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatutakoa).

1.4. Establezimendu turistikoen osagarri diren gaua igarotzeko eremuak sortu eta egokitzea, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean barna turismoan dabiltzan autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek gaua igarotzeko eremuak erregulatzen dituen araudian ezarritakoarekin.

Halako proiektuen eskaerak aintzat hartuko dira baldin eta gaua igarotzeko eremua egokitzeko aurreikusitako inbertsioa dirulaguntzaren xedeko proiektuaren zenbateko osoaren %80 baino gehiago bada. Hori betez gero, baremoaren 2. balorazio irizpideari dagozkion puntuak emanen dira.

1.5. Establezimendu turistikoko, turismo aktibo edo kulturaleko enpresen edo bidaia agentziaren altzariak eta ekipamendua eskuratzea.

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresen kasuan, onartuko dira Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea justifikatu zuen jardueraren berezko eta beharrezko ekipamenduan egindako inbertsioak.

1.6. Garapen teknologikoko inbertsioak.

Diruz lagungarritzat jotzen dira enpresaren jarduera kudeatzeko garapen teknologikoetan, digitalizazioan eta merkaturatze-sistemetan hobekuntzak egiteko inbertsioak, honako hauek esaterako: kontabilitate sistemak eta soluzioak; CRM (bezeroen kudeaketa); enpresa kudeaketako soluzioak (ERP), hotel kudeaketako soluzioak; ostalaritzarako saltokiko terminala, zaintzako eta adimen lehiakorreko sistemak (Big data eta adimen artifiziala); seinaletika digitala, establezimenduetarako kontrol, monitorizazio eta kudeaketarako soluzioak, enpresa-efizientziara bideratutakoak; salmenta-puntuak eta hari lotutako marketina kontrolatzeko loT soluzioak (gauzen Interneta); erreserbarako softwareak, eta antzekoak.

Halaber, diruz lagungarriak izan daitezke jada dituzten web-orriak egokitzeko inbertsioak, eskaintzen dituzten zerbitzuak online kontratatzeko edo erreserbatzeko sistemak web-orrietan txertatzekoak, bai eta web-orriak desgaitasunen bat duten pertsonentzako moldatzekoak ere.

Inbertsioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Tresna informatikoen ezarpena sistema estandarretan edo neurrira egindako garapenen bidez garatu beharko da, eta gailu mugikorretara egokitua egon beharko da.

–B2C merkataritza elektronikoaren plataformek aukera eman beharko dute enpresa eskatzaileak merkatuan jartzen dituen produktu edo zerbitzuak kontratatzeko, eta online ordainketen transakzioak denbora errealean egiteko.

Eskaera bat mota horretako proiektutzat hartzeko, garapen teknologikoaren arloan egin beharreko jarduketetarako aurreikusitako zenbatekoak dirulaguntzaren xede den proiektu osoaren zenbatekoaren %80 gainditu behar du.

2. Inbertsio diruz lagungarriak.

2.1. Obra hauek: barne-isolamendua, saneamendua, elektrizitatea, segurtasun-sistemen instalazioa, berokuntza-sistemak, klimatizazioa, igeltserotza, iturgintza, zurgintza, instalazioak, etab.

Halaber, jarduketa diruz lagungarriak izanen dira beharrezkoak direnak Nafarroako Foru Komunitatean barna turismoan dabiltzan autokarabanek, bidaian diren karabanek eta antzekoek gaua igarotzeko eremuak erregulatzen dituen araudiak kategoria bakoitzean ezarritako baldintza tekniko orokor eta espezifikoak betetzeko.

2.2. Zerbitzu tekniko profesionalengatiko ordainsariak, ezinbestekoak eta diruz lagun daitezkeen proiektuak gauzatzearekin zuzenean lotutakoak; soil-soilik, proiektua idazteko, obra zuzentzeko, ingeniaritzako eta dekorazio edo instalazio proiektuen gastuak. Kontzeptu horiengatik, diruz lagungarritzat onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %10, gehienez ere, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko 6. oinarrian eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekoak lortzeko.

Dirulaguntza ordaintzeko unean, kontzeptu horiekin justifikatutako gastutzat joko da justifikatutako gauzatze materialaren zenbatekoaren %10era arte, gehienez. Ondorioz, gastu mota hori bakarrik justifikatzen bada, ezin izanen da emandako dirulaguntzaren inolako ordainketarik egin.

2.3. Eskaintzen diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren ekipamenduak eta aktibo finkoak erostea, baita instalazio eta lokaletako altzariak erostea ere, inbertsioak badira, eta ez birjarpen, mantentze-lan edo kontserbazioa, eta jarduera turistikoarekin zuzenean lotutako erabilera baldin badute.

3. Honako kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Sarbideetako obra edo konponketak salbu turismorako erabiltzen den jabetzaren zatirako badira.

–Erremintak, tresnak eta ekipamendua erostea, eta establezimenduaren, bidaia agentziaren edo turismo aktibo edo kulturaleko enpresaren zerbitzuekin zuzenki lotuta ez dauden instalazioetako eta azpiegituretako inbertsioak. Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da Nafarroako Turismo Erregistroko informazioa, enpresaren inskripzioari edo jarduerari buruzkoa.

–Etxeko gauzak, arropa zuria eta etxetresna elektriko txikiak eta birjartze balioa duten ekipamenduak, salbu eraberritze integraleko proiektu baten parte badira.

–Garraiobideak, lotura esturik ez badute enpresaren jarduera nagusiarekin eta ezinbestekoak ez badira horren jarduera turistikorako. Halakoetan, aurkeztutako aurrekontuaren %50 baizik ez da izanen diruz lagungarria, soilik Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak beren potentzial kutsakorraren arabera honela katalogatutako ibilgailuetan: "zero isurikoak" motan (pegatina urdina), "eko" motan (pegatina urdina eta berdea), eta "berde" motan (pegatina berdea).

–Leasing bidez finantzatutako jarduketetako inbertsioak.

–Ekipamendu informatikoak, ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak, inprimagailuak eta telefono mugikorrak.

–Web-orrien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea, etab.

–Edozein programa edo aplikazio informatiko mantentzeko lanak, sare sozialen kudeaketa, etab.

–Zikloturistentzako arropa, oinetakoak, kaskoak eta ekipamendua, baita bizikletak konpontzeko tresnak eta osagarriak ere.

–Establezimendu turistikoaren perimetrotik kanpo egindako inbertsioak.

–Higiezinak eta lurrak erostea.

–Aktibo finko erabiliak.

–Margotzeko eta papereztatzeko lanak, osorik eraberritzeko proiektu baten parte ez badira.

–Enpresak bere ibilgeturako egindako lanak.

–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.

–Igerileku berriak eraiki edo instalatzeko lanak, bai eta urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua betetzen ez duten igerilekuetan egindako inbertsioak ere.

–Establezimendu turistikoaren mantentze-lanak. Horrelakotzat joko dira aldizka egiten direnak eraikina eta haren instalazioak erabiltzeko egoera ezin hobean mantentzeko (zorrotenak garbitzea, margotzea, zurgintzako konponketak, berokuntza sistemak doitzea, ur bero sanitarioa, klimatizazioa eta abar).

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen inbertsioaren zenbatekoaren gainean %35eko ehunekoa aplikatuta eskuratzen dena da (BEZa kanpo).

2. Gehieneko dirulaguntza 35.000 eurokoa izanen da enpresa onuradun bakoitzeko.

3. Honako hau da eskaera bakoitzeko eskatzen den gutxieneko inbertsioa (BEZa kanpo):

ESTABLEZIMENDU EDO ENPRESA MOTA

GUTXIENEKO INBERTSIOA

Mikroenpresa

Enpresa txikia

Enpresa ertaina

Establezimendu turistiko orokorrak

6.000

9.000

15.000

Landetxeak, apartamentu turistikoak eta bidaia agentziak

3.000

5.000

9.000

Turismo aktibo edo kulturaleko enpresak

2.000

3.000

5.000

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea 21 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Pertsona juridikoen kasuan eta pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean.

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aitzina, laguntzaren fitxa): https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-pymes-turisticas-inscritas-en-el-registro-de-turismo-de-navarra. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko eta baliabide telematikoen bidez aurkezteko. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna dela zuzenketaren eguna.

b) Pertsona fisikoen kasuan.

Ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, a) letran ezarritako moduan, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistroetako edozein erabiliz.

3. Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den inprimakia erabiliz eginen dira, eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

4. Turismo enpresa bakoitzak eskaera bat aurkeztuko du, ez bada eraikin edo instalazio ezberdinetan, bereizietan, erabat banatuetan eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio-kode ezberdinak dituztenetan egin beharreko proiektuak. Kasu horretan establezimendu turistiko bakoitzeko eskaera bana aurkeztuko da.

Baldin eta eraikin, instalazio, konplexu, espazio edo azpiegitura batean badaude enpresa bereko hainbat establezimendu turistiko, enpresak eskaera bakarra aurkeztuko du multzoan eginbehar dituen inbertsio guztiengatik.

5. Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira (eskaera telematikoa bada, dokumentu bereizietan eskaneatuak eta behar bezala identifikatuak):

5.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:

a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, frogatzeko betetzen direla 4.1 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, jasotako beste dirulaguntza batzuei eta "de minimis" laguntzei buruzkoa (13. oinarrian aipatzen dira).

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluko kasuetako batean dauden eskatzaileek adierazi ahal izateko, hala badagokie, onartzen dutela beste portzentaje batzuk aplikatzea dirulaguntzaren ondoriozko konpromisoetan parte hartzeko, baldin eta portzentaje horiek badira Nafarroako Zerga Ogasuneko entitateen erroldan inskribatzeko egiaztagirian jasota daudenak ez bezalakoak.

d) 2. eta 10. balorazio irizpideetan ezarritako puntuazio aplikatzeko, prestakuntza-ikastaro jakin batzuetara joateagatik, prestakuntza hori egiteko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

e) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzendua (Diruzaintza Atala), baldin enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.

5.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

a) Dirulaguntza zer proiektutarako eskatzen den, horren deskripzio-memoria, gutxienez ere informazio hau jasoko duena:

–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak eta proiektua betez lortu nahi diren helburuak.

–Diruz lagunduko den aldiaren barruan egin diren edo egiteko diren jarduketen deskribapena.

–Proiektua gauzatzeko faseak, zenbat gauzatu den dirulaguntzaren eskaera aurkezten denean, eta erabat burutzeko aurreikusten diren epeak.

–Diruz lagungarria den epean egin diren edo egiteko diren inbertsioen zenbateko xehatua.

b) Aurrekontuak, kontzeptuka zehaztuta, edo proformako fakturak, edo fakturak jarduketak eginda badaude; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balioespenetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak. Ez dira onartuko 100 eurotik beherako aurrekonturik, ez proformako fakturarik ere (BEZa kanpo).

c) Hala badagokio, obra proiektu bisatua.

d) Obra proiektuen kasuan (5. oinarriko 1.2 eta 1.3 zenbakiak), laguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztu beharko da honako agiri hauetako bat:

–Obra-lizentzia (obra handiak).

–Toki entitateari egindako komunikazioa, obra txikiak direla-eta.

–Toki entitatearen ziurtagiria edo txostena, lizentzia edo baimen beharrik ezarena.

Aipatutako lehen edo hirugarren agiriaren ordez, toki entitateari eskaera egin izanaren frogagiria aurkeztea onartuko da, laguntzaren eskaera-orriarekin batera betiere. Frogagiri horren data eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa bada, eskaera ez da onartuko.

Halakoetan, eskatzaileak konpromisoa hartuko du dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko azken egunean aurkezteko, beranduenez, obra-lizentzia edo lizentzia edo baimen beharrik ezaren ziurtagiria. Dokumentazio hori epean aurkezten ez bada, deklaratuko da emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

Obra txikiak egiteko komunikazio-agiria dirulaguntzaren eskaera-orriarekin batera aurkeztuko da, eta haren data ezin izanen da izan eskaerak aurkezteko muga-egunaren ostekoa.

e) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtagiria edo akreditazioa, inbertsio proiektua "irisgarritasuna hobetzekoa" dela adierazten duena.

f) ETE eskatzaileek eskaera inprimakian beren web-orriaren esteka adierazi beharko dute 4. oinarriko 2.2 baldintza betetzeko.

Jatetxeek, halaber, hiru hizkuntzatan idatzitako kartaren esteka adierazi beharko dute, egiaztatu ahal izateko 4. oinarriko 3.2 baldintza betetzen den.

g) Gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, erreforma, berritze eta egokitzeko obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipo ondasunak hornitzeko kasuetan (altzariak eta ekipamenduak erostea), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez eskaeraren inprimakiko "Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa" apartatuan.

Eskatzaileak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.

5.3. Dirulaguntzaren xede den jarduketa baloratzeko dokumentazioa.

1., 2., 3., 4. eta 5. balorazio irizpideak aplikatzeko, ez da inongo dokumentaziorik aurkeztu behar.

Gainerako balorazio irizpideak aplikatzeko, 8. oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu behar da laguntza eskaerarekin batera. Dokumentazio hori eskaera aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, aipatu irizpide horiei dagokien puntuazioa ez da aplikatuko.

6. Eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.

Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adierazteko ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin.

Proposatutako dirulaguntzarekin ados agertzen diren onuradunek dirulaguntza osagarria jasotzen ahalko dute, halako batean aurrekontu-baliabide gehiago sortuz gero (onartutako dirulaguntzak baino dirulaguntza txikiagoak ordaindu direlako edo onartutako dirulaguntzei uko egin zaielako), bakar-bakarrik baldin eta onartutako laguntza kreditu nahikorik egon balitz legokiekeena baino %75 txikiagoa bada.

Emakida osagarri hori zer egunetan egiten den, epe berri bat ezartzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzeko, deialdiaren zerbitzu kudeatzaileak laguntzaren espedientea amaitu ahal izan dezan 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak ixteko eta likidatzeko arauak onesten dituen Foru Aginduak ezartzen dituen epeetan.

3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. irizpidea.–Aurreko urteetan emandako dirulaguntzak.

Kontuan izanik zer laguntza eman zaion enpresa eskatzaileari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak tramitatu dituen ETE turistikoen lehiakortasuna hobetzeko deialdietan (2021., 2022. eta 2023. urteetan), honako puntuazio hau emanen da:

2021 ETA 2023 URTEEN ARTEAN EMANDAKO DIRULAGUNTZEN ZENBATEKOA

PUNTUAK

Dirulaguntzarik ez

20

2.000 euro bitarte

15

2.001 eurotik 5.000 eurora

10

5.001 eurotik 10.000 eurora

5

10.001 eurotik 15.000 eurora

2

15.000 eurotik gora

0

Dirulaguntzei uko egin bazitzaien kasuan kasuko deialdietan ezarritako epeen barnean, ez dira emandako dirulaguntzatzat hartuko, eta alderantziz.

2. irizpidea.–Inbertsio proiektuaren mota.

PROIEKTU MOTA

OINARRIZKO PUNTUAZIOA

PUNTUAZIO OSAGARRIA,
PRESTAKUNTZAGATIK ETA
BERARIAZKO TUTORETZAGATIK

Irisgarritasuna hobetzea eta oztopo arkitektonikoak ezabatzea

25

5 (1)

Garapen teknologikoa

15

5 (2)

Zikloturistentzako instalazioak edo zerbitzuak hobetzea

15

5 edo 15 (3)

Gaua igarotzeko eremu osagarriak sortzea eta egokitzea

15

5 (4)

Gainerako proiektuak

0

5 (4)

Proiektu motaren arabera emanen dira oinarrizko puntuak, eta, horrez gain, puntu gehiago lortzen ahalko dira prestakuntza eta tutoretza espezifikoarengatik, baldin eta egin bada "Nola komunikatu eta komertzializatu turismo inklusiboa genero ikuspegia aplikatuz" ikastaroa (1. edizioa, 2023an emana, edo 2. edizioa, 2024an emanen dena), eta ondoren ezarritakoa betetzeagatik, baldin eta Turismo Zuzendaritza Nagusiak turismoaren sektorerako emandako prestakuntza jakin batean parte hartzen bada edo parte hartzeko konpromisoa harten bada, diruz lagun daitekeen proiektu-motaren arabera:

(1) Ikastarora joatea:

–"Ostatu establezimendu turistiko irisgarriak eta inklusiboak (Turismo Bikaina - Turismo de 10)" (2. edizioa, 2024an emanen da)

Ikastarora bertaratzeaz gain, puntu gehigarri horiek lortzeko, eskaera aurkezten duenean, enpresak ostatu establezimendu turistikoaren irisgarritasun eta inklusibitate konpromisoa formalizatua izan beharko du (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/konpromiso-turistikoak), eta 2023ko edo 2024ko tutoretzetan ekintza-plan bat egin eta sinatu beharko du.

(2) Jarraian adierazitako ikastaro hauetako bitan gutxienez parte hartzea:

–"Ostatu establezimendu jasangarrietan energia aurrezteko teknologia" (2023an emana).

–"Dirua aurreztu zure ostatu establezimendu turistikoaren energia efizientzia hobetuz" (1. edizioa, 2023an emana, edo 2. edizioa, 2024an emanen dena).

–"Egin azterketa bat zure web-orri turistikoari eta ikasi nola hobetu" (2023an emana).

(3) "Ikasi bizikletari lotutako turismorako produktuak komertzializatzen" (2023an emana) ikastaroa egiteagatik beste 5 puntu gehigarri emanen dira.

Puntu gehigarri horiei beste 10 puntu gehituko zaizkie, baldin eta dirulaguntzaren eskera aurkeztu baino lehen Nafarroa bizikletaz Produktu Klubari atxikita egotearen adierazpena bidali bada (https://turismoprofesional.navarra.es/eu/sektorearendako-zerbitzuak/sustapena-laguntzeko-tresnak/nola-agertu-turismoko-webgune-ofizialean).

(4) Honako proiektu hauetakoren bat:

–Ikastaro hauetako tutoretzaren ondorioz sortutako proiektuak: "Barne-diseinuaren eta dekorazioaren garrantzia landaguneko ostatu establezimendu turistikoetan (2023an emana) eta "Barne-diseinuaren eta dekorazioaren garrantzia hiriguneko ostatu establezimendu turistikoetan" (2023an emana).

–"Zure ostatu establezimendu turistikoaren kudeaketa jasangarria" (1. edizioa, 2022an emana, edo 2. edizioa, 2023an emana) ikastaroko tutoretzetan sortutako proiektuak. Ikastarora bertaratzeaz gain, puntu gehigarri horiek lortzeko, eskaera aurkezten duenean, enpresak ostatu establezimendu turistikoaren jasangarritasunerako konpromisoa formalizatuta izan beharko du, eta 2023ko edo 2024ko tutoretzetan ekintza-plan bat egin eta sinatu beharko du.

Honako ikastaro hauetakoren batean parte hartzea:

–"Ostatu establezimendu turistikoetarako lorategi jasangarriak diseinatzea" (2023an emana).

–"Nola komunikatu zure enpresa turistikoaren jasangarritasuna" (2023an emana).

–"Ostatu establezimendu turistikoetan jasangarritasuna lantzeko ekonomia zirkularra" (1. edizioa, 2023an emana, edo 2. edizioa, 2024an emanen dena).

Puntuazio gehigarria lortzeko aurretiaz adierazitako ikastaroetan parte hartu izana ofizioz egiaztatuko dute Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak eta Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuak.

Dirulaguntza eskatzeko epea amaitu ondoren eginen diren 2024ko ikastaroetan parte hartzea aintzat hartuko da baldin eta eskaerarekin batera horren erantzukizunpeko adierazpena eta ikastaroa egiteko konpromisoa aurkezten badira. Konpromiso hori bete den justifikazio fasean egiaztatuko da, eta konpromisoa ez bada bete, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, irizpide horretan eskuratu zituen kalifikazio puntuak kenduta.

3. irizpidea.–Enpresaren tamaina.

Ondorio horretarako aurkeztu den erantzukizunpeko adierazpenaren arabera, puntuazio hau emanen da:

ENPRESAREN NEURRIA

PUNTUAK

Mikroenpresa

6

Enpresa txikia

4

Enpresa ertaina

2

4. irizpidea.–Enpresa eskatzailearen EJZko epigrafearen arabera:

EJZko EPIGRAFEA

PUNTUAK

681. taldetik 687. taldera. Ostatu arloko zerbitzuak

4

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresak, eta beste atal batzuetan aintzat hartzen ez diren baina turismo erregistroan inskribatuta dauden gainerako turismo enpresak

4

671 taldea. Jatetxe zerbitzuak

2

755 taldea. Bidaia agentziak

2

861 taldea. "Hiri-lurreko ondasun higiezinak" eta 862. multzoa "Landa-lurreko ondasun higiezinen alokairua"

0

Enpresa alta emanda badago lehen esandako multzoetako batzuetan, eskaerari emanen zaizkio puntuazio handieneko EJZari dagozkion puntuak.

Irizpide honetako puntuazioa 4 izanen da gehienez ere.

5. Irizpidea.–Web-orriaren itzulpena.

Enpresaren web-orria zenbat hizkuntzetara itzulita dagoen, puntuazio hau esleituko da:

HIZKUNTZAK

PUNTUAK

Gaztelania + hizkuntza bat

1

Gaztelania + 2 hizkuntza

3

Gaztelania + 3 hizkuntza edo gehiago

4

6. irizpidea.–Enpresaren titularrek edo bere zerbitzuko langileek ikastaro edo jardunaldietan parte hartzea, turismoaren jardunarekin edo establezimendu turistikoaren kudeaketarekin lotura badute.

2022ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko muga-egunera arte jasotako prestakuntza hartuko da kontuan, eta, ondorio horietarako, frogagiriak aurkeztu beharko dira, eta honako puntuazio hau aplikatuko da:

PRESTAKUNTZA ORDUAK

PUNTUAK

60 ordutik gora

5

46 ordutik 60 ordura bitarteko prestakuntza

4

21 ordutik 45 ordura bitarteko prestakuntza

3

8 ordutik 20 ordura bitarteko prestakuntza

2

Turismo Zuzendaritza Nagusiak emandako ikastaroak ofizioz egiaztatuko dituzte Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak eta Turismoaren Lurralde Garapen Jasangarriko Zerbitzuak, baina nahitaez aurkeztu beharko da ikastaroetan edo beste entitate publiko zein pribatu batzuek antolatutako jardunaldietan parte hartzearen egiaztapena .

Ikastaro bakar batek ez du, inolaz ere, 8. oinarrian jasotako irizpide bakar batean baino gehiagotan punturik emanen. Hala, ikastaroak enpresa onuradunari mesede gehien egiten dion irizpidean emanen ditu puntuak.

7. irizpidea.–Turismo enpresen eraldaketa digitalerako laborategiaren prestakuntza-ibilbidea.

8 punturekin baloratuko da turismo enpresen eraldaketa digitalerako laborategian gomendatutako prestakuntza amaitu izana, balorazio positiboarekin amaitu ere, eskaera aurkezteko muga-eguna baino lehenagoko edizioren batean, edo, bestela, inskripzioa egin izana turismoko laborategi digitaleko 2024ko ediziorako, eta balorazio positiboarekin amaitzea.

Puntuazio hori aplikatzeko, zerbitzu kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du, aipatu laborategiko bulego teknikoaren laguntzaz, zer enpresak parte hartu duten laborategi digitaleko aurreko edizioren batean, edo zer enpresa onartu diren azkenean 2024ko edizioan.

8. irizpidea.–Turismo Erregistro Ofizialean inskribatutako elkarte turistiko batekoa izatea.

Eskatzaileak frogatzen badu Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta dagoen turismo elkarte bateko partaide dela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 3 puntu emanen zaizkio.

Turismo elkarteak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta hartan, besteak beste, eskatzailea elkartekide egin zen data agertuko da. Datu hori agertzen ez bada, ez zaio aipatu puntuazioa esleituko.

9. irizpidea.–Atxikipena Kontsumoko Arbitraje Sistemari.

Eskatzailea atxikita badago Kontsumoko Arbitraje Sistemari deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik, 2 puntu emanen zaizkio.

Organo kudeatzaileak egiaztatuko du irizpide hori, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuarekin batera, bakar-bakarrik eskatzaileak eskaera-orrian horretarako ezarritako erantzukizunpeko adierazpena bete badu.

10. irizpidea.–Genero berdintasunaren arloko prestakuntza berariazkoa eta berdintasun-planak.

Indarreko arauekin bat enpresa ez badago beharturik berdintasun-plan bat prestatzera baina frogatzen badu 2021eko urtarrilaren 1az geroztik berdintasun-plan bat ezarri duela, berdintasunaren arloan neurriak hartu dituela edo berariazko prestakuntza jaso duela, 3 puntu emanen zaizkio gehienez, honela:

–Enpresak frogatzen badu berdintasun-plan bat duela onetsita eskaera aurkezteko egunean: 3 puntu.

–Enpresak berdintasun arloko neurriak hartu baditu: puntu bat horietako bakoitzeko.

–Enpresak berariazko prestakuntza jaso badu berdintasunaren arloan: puntu bat langileei emandako 8 prestakuntza orduko.

Berdintasun-plana aurkeztu beharko da, halakorik badago, bai eta berdintasunaren arloan neurriak hartu izana edo prestakuntza jaso izana frogatzeko agiriak ere.

Deialdia kudeatzen duen organoak aholku eskatzen ahal dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, laguntza eskatzen duten enpresek aurkeztutako agiriak baloratzen lagundu dezan.

11. irizpidea.–35 urtetik beherakoak kontratu mugagabearekin kontratatzea.

Deialdia argitaratzen den egunean indarrean den 35 urtetik beherako pertsona baten lanaldi osoko kontratu mugagabearen kopia aurkezten bada, 2 puntu esleituko dira.

Kontratuak sinatua egon beharko du 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta indarrean beharko du eskaera aurkezteko egunera arte.

12. irizpidea.–Aitortzak eta ziurtagiriak.

Puntuazio hau emanen da, eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean dituen ziurtagirien arabera:

AITORTZA EDO ZIURTAGIRI MOTA

PUNTUAK

Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria

5

EMAS (EB 1221/2009 Erregelamendua)

5

ISO14001 Ingurumenaren kudeaketa

5

ISO 50001 Efizientzia energetikoaren kudeaketa

5

ISO 21401. Jasangarritasuna kudeatzeko sistema ostatuetan.

5

UNE170001 Irisgarritasun unibertsalaren kudeaketa

5

Ecolabel etiketa

5

"Kalkulatzen dut-murrizten dut" zigilua

5

Eskumena duen entitate egiaztatzailearen ziurtagiria edo aitortza baduela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.

Kontzeptu honengatik 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

13. irizpidea.–Nazioartean ospea duten aitortzak.

Eskaera aurkezten den egunean enpresak indarrean badauka nazioartean ospea duen aitortzaren bat bere jardunarengatik, 5 puntu emanen dira, eta ondorio hauetarako, horixe frogatzen duen ziurtagiria edo dokumentazioa aurkeztuko da.

4. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

a) Dirulaguntza aurkezteko unean inbertsio guztiak gauzatuak dituzten eskaerak, eta lehentasuna emanen zaie diruz lagungarria den inbertsiorik handiena dutenei.

b) Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu ziren data; lehentasuna emanen zaie antzinatasun handiena dutenei.

c) 1. balorazio irizpidearen arabera dirulaguntza txikiena jaso duten eskaerak.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak (Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzua) aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Turismoko zuzendari nagusia da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.

Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Inbertsioak justifikatzea.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Noiznahi aurkezten ahalko dira egindako jarduketen frogagiriak, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2024ko urriaren 14an, egun hori barne.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Justifikazioa 7.2 oinarrian adierazi bezala aurkeztuko da, eta laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen inprimaki espezifikoa bete beharko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-para-la-mejora-de-la-competitividad-de-las-pymes-turisticas-inscritas-en-el-registro-de-turismo-de-navarra). Eskaera Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

Modu telematikoan aurkeztuz gero, laguntzaren fitxa erabiliko da; fitxa horretan esteka bat izanen da, horren bidez joateko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzen justifikaziorako erregistrora.

3. Egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eta, bide telematikoak erabiliz gero, eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:

a) Azken txostena, eginiko inbertsio guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen excel formatuko ereduarekin bat.

c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak aurkeztea.

100 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).

d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.

Onuradunak banku transferentzia bidez, erreziboen zordunketa bidez edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz eginen ditu ordainketak. Horrela, ordainketen egiaztagiritzat hartuko dira ordainketak finantza entitate baten bidez egin eta enpresaren kontuan kargatu direla adierazten dutenak. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

Ordainketaren egiaztagiri bakoitza dagokion fakturari lotuko zaio.

e) Adierazpen bat, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzkoa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, diruz lagundutako jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela iragartzeko betebeharra bete dela frogatzen duten argazkiak, frogagiriak edo estekak, 12. oinarrian eskatutakoarekin bat.

g) Egindako jarduketen argazkiak:

–Establezimendu turistikoen birgaitze, berrikuntza, egokitzapen eta hobekuntzako edozein lan egiten bada, establezimendu turistikoaren kanpoko eta barneko argazkiak, ikusi ahal izateko egoera nolakoa den jarduketak egin baino lehen eta jarduketak egin eta gero.

–Altzariak edo ekipamendua erosten badira, diruz lagundu diren aktibo finkoen argazkiak.

h) Hala badagokio, enpresa edo profesional eskudun baten ziurtapena edo akreditazioa, erakusten duena hasierako "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuak oraindik ere betetzen dituela 5.1.2 oinarrian ezarritako baldintzak, sailkapen horri eusteko.

i) Kasua bada, eta 7.5.2.d) oinarrian eskatutako dokumentazioa ez bazen dirulaguntzaren eskaerarekin aurkeztu, dagokion agiria: obra-lizentzia (obra handietarako) edo toki entitatearen ziurtagiria, lizentzia edo baimen beharrik ezaren gainekoa.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Turismo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko zaio, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.

Laguntza ordaintzeko ebazpena 2024ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Entitateek, dirulaguntza emanen zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori jasoko da adierazpenean).

b) Diruz laguntzen diren inbertsioak oinarri hauetan ezarritako epeetan egin eta justifikatzea.

c) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hamar egun balioduneko epean, edo 2024ko irailaren 1era arte (egun hori barne), uko egiten zaiola emandako dirulaguntzari, baldin jarduketa diruz lagungarriren bat edo guztiak ez badira ezarritako exekuzio aldian egin behar.

Komunikazio hori kontuan hartuko da oinarri honen 2. zenbakian ezarritako murrizketak aplikatzeko orduan.

d) Baimena eskatzea diruz lagundutako inbertsioan funtsezko aldaketak egiteko. Eskaera behar bezala justifikaturik egonen da, eta aldaketak egin baino lehen aurkeztu beharko da.

e) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak martxan jartzea edo, hala badagokio, establezimendu turistikoa jendearentzat irekitzea 2024ko abenduaren 31rako (egun hori barne), eta Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuari irekiera-egunaren berri ematea. Epe horrek ez du esan nahi epe luzeagoa dagoenik dirulaguntzaren xede diren inbertsioak gauzatzeko; izan ere hura ezartzen da onuradunak baimena, lizentziak, erregistroko inskripzioa eta abar tramitatzeko.

f) Kasua bada, obra-lizentzia edo obrak egiteko lizentzia edo baimen beharrik ez dagoela ziurtatzeko agiria aurkeztea egindako inbertsioak justifikatzeko epearen barrenean.

g) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea, jakin bezain laster, deialdi honetan diruz lagundutako jarduketa bererako lortu den beste edozein diru-sarrera, dirulaguntza, babesletza eta abar.

h) Diruz lagundutako inbertsioen azken gauzatze maila %75etik beherakoa izatea aurreikusten bada, horren berri eman beharko zaio organo kudeatzaileari 2024ko irailaren 1erako, egun hori barne.

i) Diruz lagundutako ondasunak turismo jarduerari atxikirik edukitzea gutxienez 10 urtez, ondasun higiezinen kasuan, eta gutxienez 5 urtez, ondasun higigarrien kasuan, jarraian.

Garapen teknologikoko inbertsioetatik etorritako dirulaguntzaren bat jaso badu, gutxienez 3 urtez atxiki behar dira jardunean diruz lagundutako merkaturatze turistikoko plataformak.

Dirulaguntza ordaintzen denetik hasiko da kontatzen epe hori.

Ondorio horietarako, ondasunak jarduera turistikoari atxikitzat joko dira, honako hiru baldintza hauek aldi berean betetzen direnean:

–Ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda etengabe azaltzea jarduera turistikoari dagokion epigrafean, adierazitako aldietan.

–Web-orri bat izatea, jardunean eta eguneraturik, aldi horietan.

–Enpresak Nafarroako Ogasunari diruz lagundu beharreko establezimendu turistikoaren negozioaren ustiapenaren diru sarreren aitorpenak aurkeztea, fakturazio positiboarekin.

j) Gerora sortutako arrazoi bat dela kausa, dirulaguntza jasotzen duen enpresak dirulaguntzaren xedeko establezimenduko jarduera turistikoa utzi behar baldin badu, xedearen gaineko betebeharra beteta dagoela ulertuko da, eta, beraz, ez da laguntza itzuli beharko, baldin eta bermatzen bada establezimendu horretan beste jarduera turistiko batek jarraituko duela (deialdian diruz lagungarriak izateko modukoak hartzen direnetako bat) eta han kokaturik jarraitzen badu dagokion epea bukatu arte.

Kasu honetan, establezimendu horretan jarduera turistikoa egiten jarraitzen duen enpresa subrogatu eginen da dirulaguntza jaso duen enpresa onuradunaren betebehar guztietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Enpresa onuradunak nahitaez eta aurrerapen nahikoarekin jakinarazi beharko dizkio inguruabar horiek Turismo Zuzendaritza Nagusiari. Bertan, gainera, jaso beharko da jarduera turistikoarekin jarraitzen duen enpresari jakinarazi zaiola, jakinaren gainean dagoela, eta bere gain hartzen dituela dirulaguntzaren enpresa onuradunak jasotako dirulaguntzatik eratorritako betebehar guztiak.

k) Dirulaguntzaren publizitate egokia ematea, ondotik zehazten den moduan, 3 urtez, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera edo, hala badagokio, inbertsioak abian jartzen direnetik aurrera:

–Kartel bat jarriko da turismo establezimenduan, argi ikusteko moduko toki batean, laguntzaren fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

–Garapen teknologikoko inbertsioen kasuan, turismo aktibo edo kulturaleko enpresentzat eta bidaia agentzientzat ondoko testu hau enpresaren web-orrian txertatzea bakarrik izanen da nahitaezkoa. "Enpresa honek dirulaguntza jaso du turismoko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko 2024ko deialdian".

–Sustapenerako materialean, halakorik badago, eta web-orrian, Nafarroako Foru Komunitatearen marka turistikoa azaldu beharko da. Laguntza fitxan horretarako azalduko den loturaren bidez eskatu beharko da hori.

l) Ez da erabiliko emakumeak diskriminatzen dituen irudirik diruz lagundutako jarduketetan, publizitate euskarrietan eta jarduerak zabaltzeko materialetan; emakumeen eta gizonen berdintasuna eta rolen pluraltasuna sustatuko da, eta hizkera inklusiboa erabiliko da. Halaber, ez da hizkera sexistarik erabiliko diruz lagundutako jardueraren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

m) Enpresen deslokalizazio kasuetatik batean ere ez erortzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

ñ) Turismo Zuzendaritza Nagusiak egin edo finantza ditzakeen kanpaina guztietan aktiboki parte hartzea, sektorearen parte-hartzea behar denean.

o) Turismoaren Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalak emandako ikuskapen txostenean jasotako establezimendu turistikoaren gabeziak zuzentzea, horretarako ezarritako epean. Justifikaziorako aldia bukatutakoan zuzenketak egiteko epea bukatu baldin bada zuzenketa egin gabe, deklaratuko da onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu egin dela.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Gardentasun betebeharra duten onuradunek eskatutako informazioa aurkezteko betebeharrari buruz (12.1.a) oinarrian ezarritakoa):

–Informazioa epez kanpo aurkezten bada, baina 2024ko urriaren 14ra arte (egun hori barne), ordaindu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da, eta, data horren ondoren aurkezten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

–Onuradunak informazioa emateko betebehar hori betetzen ez badu, ez zaio onartutako dirulaguntza ordainduko, eta dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

b) Justifikazio agiriak aurkezten badira 2024ko urriaren 14tik 2024ko urriaren 31ra bitarte (bi egun horiek barne), %5 murriztuko da ordaindu beharreko dirulaguntza. Egun horren ondotik aurkezten badira, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

c) Diruz lagundutako jarduketak prezio merkeagoan egiten badira (ezarritako epean gauzatu, fakturatu eta ordainduta), murrizketa hauek aplikatuko dira:

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik %75era bitarteko prezioan egiten bada, azken dirulaguntzaren ordainketa murriztuko da: justifikatutako inbertsioaren ondoriozko dirulaguntzaren %50.

–Diruz lagundutako jarduketaren %50etik beherako prezioan egiten bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Murrizketa horiek ez dira aplikatuko onuradunak ezarritako epean aurkezten badu oinarri honetako 1.h) apartatuan aurreikusitako jakinarazpena.

Gauzatze maila zehazteko, diruz lagundutako inbertsioaren zenbatekoa eta 2024ko urriaren 31ra arte justifikatzen den inbertsio onartuaren zenbatekoa alderatuko dira.

Era berean, justifikatzen den inbertsio diruz lagungarria ezin da baxuagoa izan 6. oinarrian adierazitako gutxieneko inbertsioa baino. Izan ere, baxuagoa bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

d) Oinarri honen 1.i) edo 1.k) apartatuetan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.

e) Turismoko laborategi digitaleko 2024ko deialdiaren prestakuntza ibilbidea balorazio positiboarekin amaitzeko hartutako konpromisoa betetzen ez bada, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, 7. balorazio irizpidean esleitutako puntuak kenduta.

Puntuazioa birkalkulatu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

f) Betetzen ez bada 8. oinarriko 2. irizpidean adierazitako prestakuntza egiteko konpromisoa (puntuazio osagarrikoa) edo 10. oinarrian adierazitako prestakuntza egitekoa, eskaeraren puntuazioa berriro kalkulatuko da, kasuan kasuko irizpidean esleitutako puntuak kenduta.

Puntuazioa birkalkulatu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

g) 10. oinarriko 3.h) puntuko justifikazio agiriak aurkezten ez badira, "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, kasuan kasuko irizpidean lortutako kalifikazio puntuak kenduko dira.

Puntuazioa birkalkulatu osteko emaitzarekin ezin badu laguntzen onuradun izan, laguntza kobratzeko eskubidea galduko du.

h) 10. oinarriko 3.i) puntuko justifikazio agiriak aurkezten ez badira, "irisgarritasuna hobetzeko" proiektuan egindako inbertsioek kalifikazio hori izaten jarraitzen dutela egiaztatzeko, aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

i) Oinarri honetako 1.e) apartatuan inbertsioak abian jartzeko edo jendearentzat irekitzeko ezarri den data betetzen ez bada (2024ko abenduaren 31), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta "de minimis" laguntzen izaera.

1. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak, halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira.

15. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2405349