87. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

45/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez S90 eredua onesten baita (sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren –establezimendu iraunkorra– autolikidaziorako eredua), 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako, eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen baitira.

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, Sozietateen gaineko zerga arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, eta gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak, bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten da zer erregistro-diseinu izan behar duten Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunek, baldin eta zergak bi administrazioei batera ordaintzen badizkiete Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera, eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen badute, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

S90 eredua egokitu beharra dago, kontuan hartuta araudian aldaketak izan direla, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legeak zenbait aldaketa egin baititu Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean.

Alde batetik, enpresa bat enpresa txikitzat hartzeko muga handitu da, eta, hala, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, enpresa txikitzat hartuko dira aurreko zergaldian negozio-zifraren zenbateko garbia hogei milioi eurokoa edo txikiagoa izan dutenak.

Garapen jasangarriko eta ingurumena babestu eta hobetzeko proiektuetan gehiago inbertitu dadin, kenkari berri bat arautu da sozietateen gaineko zergaren kuota likidoari dagokionez. Honako proiektu hauetan aplikatuko da: haize-energiako, energia fotovoltaikoko eta baterietako osagaiak (beste enpresa batzuek sortuak) berrerabili eta birziklatzea, hidrogeno berriztagarria ekoiztea eta hidrogeno berriztagarriaren balio-kateko osagaiak fabrikatzea.

Kenkariaren portzentajea ehuneko 15ekoa izanen da, eta kenkariaren gehieneko muga, 15 milioi eurokoa, enpresa eta proiektu bakoitzeko. Arlo horretako eskumena duen departamentuak ziurtatu beharko ditu inbertsioak, eta kenkariaren zenbatekoak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako mugak bete beharko ditu. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Kulturaren eremuan, kenkari berri bat gehitzen da kuota likidoan, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetan inbertitzeagatik. Kenkari hori zehazteko, ehuneko 30eko portzentajea aplikatuko da aipatutako ikuskizunak ekoizteko eta erakusteko izandako zuzeneko kostu artistiko, tekniko eta sustapenekoen gainean. Portzentaje hori ehuneko 40ra iristen ahalko da nazioarteko bira baten parte diren ikuskizunak badira. Nolanahi ere, zergaldi bakoitzean sortutako kenkaria ezin izanen da 500.000 eurotik gorakoa izan. Halaber, kenkariaren zenbatekoak, zergadunak jasotako dirulaguntzekin batera, ezin izanen du gainditu izandako kostuen ehuneko 80.

Horrez gain, pizgarriengatiko kenkarien kapituluan, kenkari berri bat gehitu da, enpresek ekarpenak egiteagatik enpresen gizarte-aurreikuspeneko sistemetara. Enpresen gizarte-aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenen ehuneko 10ekoa da kenkari hori, baldin 27.000 eurotik beherako urteko ordainsari gordinak dituzten langileen alde egin badira. Ordainsariak 27.000 eurokoak edo handiagoak badira, 27.000 eurori dagokion enpresa-ekarpenaren zati proportzionalaren gainean aplikatuko da kenkaria.

Gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako enpresa-ekarpenengatiko kenkari berri horrek kuota likidoaren ehuneko 25eko muga izanen du, 67. artikuluan araututa dagoena.

Etxebizitzak errentan ematen dituzten erakundeen araubide berezian, 93.1 artikuluaren lehen paragrafoan ezarritako hobari orokorra gutxitu da, ehuneko 85etik ehuneko 40ra. Bestetik, artikulu beraren bigarren paragrafoan ezarritako ehuneko 90eko hobariaren ordez, ehuneko 85eko hobaria ezarri da, baldin eta errentak etorri badira honako hauek errentan ematetik: Alokairu Sistema Publikoari atxikitako etxebizitzak, lehenago babestuta zeuden etxebizitzak edo desgaitasuna duten pertsonendako etxebizitzak, baldin eta azken horietan egokitze-obrak egin badira desgaitasuna duten pertsonen garapen duina eta egokia errazteko, irisgarritasuna eta komunikazio sentsoriala kontuan hartuta.

Bestalde, aldaketa batzuk egin dira hirugarren xedapen gehigarrian xedatutako ekintzailetza laguntzeko neurrietan.

Ekintzailetzarako pizgarriak areagotu dira. Entitate ekintzailearen zerga-oinarriari aplikatu beharreko murriztapena ehuneko 20tik ehuneko 30era igo da positiboa den lehen eta bigarren zergaldietan. Entitate ekintzaileetan inbertitzeagatiko kenkaria ere ehuneko 20tik ehuneko 25era igo da, 50.000 euroko mugarekin. Baldin eta inbertsioaren xede den entitateak, gainera, berritzaileak badira edo bereziki sustatu nahi den sektore batean edo espezializazio adimentsuaren sektore batean sartuta badaude, kenkaria ehuneko 35era igotzen da, 100.000 euroko mugarekin. Entitate horiek aukera izanen dute ibilgetu materialaren elementu berrietan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatzeko, ehuneko 5 handituta, eta 100.000 euro igoko da ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egiteagatiko kenkariari dagokion berariazko itzulketaren muga.

Hamazazpigarren xedapen gehigarriaren aplikazioa 2023ko zergaldira luzatu da. Horrela, 2023an, zergadunei aplikatu eginen zaizkie xedapen gehigarri horretan xedatutako likidazio-oinarri negatiboen ehuneko 50eko eta ehuneko 25eko murriztapenerako mugak, baldin eta zergaldia hasi aurreko hamabi hilabeteetan beren negozio-zifraren zenbateko garbia hogei milioi eta hirurogei milioi artekoa bada, edo hirurogei milioikoa edo handiagoa bada, hurrenez hurren.

Azkenik, kirol-mezenasgorako zerga-pizgarriak jaso dira, gizarte-, ingurumen- eta kultura-mezenasgorako dauden pizgarriekin bat etorrita.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 eredua onestea.

S90 eredua onesten da (sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako eredua), 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

1. S90 eredua aurkeztera behartuta daude sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipaturikoak, baldin eta Nafarroako foru-araudia aplikatzen badute, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoarekin.

2. Halaber, S90 eredua aurkeztera behartuta daude establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, Nafarroako foru-araudia aplikatzen badute, bat etorriz Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin.

3. Zergadunek, baldin eta zergak bi administrazioei ordaindu behar badizkiete Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen badute, dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 5.2 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua, ordainketa eta itzulketa.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen dutenean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. Diru-sarrera egiteko "712 ordainketa-gutuna" eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

4. Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioak elektronikoki aurkezteko baldintza orokorrak.

S90 eredua elektronikoki aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du.

b) Aitortzaileak sistema bat eduki beharko du identifikazio, kautotze eta sinadura elektronikorako, eta ziurtagiri elektroniko kalifikatu bat erabili, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen-zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude zerrendaturik, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

c) Bat etorriz 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin (130/2009 Foru Agindua, ekainaren 29koa, kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duena hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate batek aurkezten badu eredua, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko, laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da; Interneteko helbide honetan daude: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

e) Aitortzaileak edo, kasua bada, aurkezle baimenduak bete beharko ditu aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

1. S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1.–Aitorpena laguntza programa erabiliz bete.

2.–Betetako aitorpena baliozkotu.

3.–Baliozkotutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4.–Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen dio ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Baldin eta zergadunek bi administrazioei ordaintzen badizkiete zergak, Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera, eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen badute, autolikidazioak honela aurkeztuko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatiko batean.

b) Fitxategi informatiko hori Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko dute, prozesu honi jarraituz:

1. Sartu Ogasunarekiko tramiteen zerbitzuan, Nafarroako Atariaren bidez, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena baliozkotu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

3. Akats formalak dituzten autolikidazioak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera beste agiri batzuk aurkeztu behar dituzten zergadunek, betebehar hori betetzeko, aitorpena egiteko epearen barnean erantsi beharko dituzte aipatu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Ikerketa eta garapen eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkaria, Zergari buruzko Foru Legearen 61.7 artikuluan aipatutakoa, justifikatzeko agiriak aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunaren webgunean eskuragarri jarriko den inprimakia erabiliko da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2024ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2405274