86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

33/2024 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Energia, Enpresa I+G+B eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Amaya Solar 2 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

1. 2021eko uztailaren 23ko eskaera.

2021eko uztailaren 23an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Zizur, Oltza Zendea eta Orkoien udal-mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko 35 MWp-eko "Amaya Solar 2 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuz.

2. Aurreproiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jartzea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2021eko 212. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Administrazio Publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

3. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 2021eko urriaren 29an bidali zizkion Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten tramiteetan jasotako txostenak eta alegazioak.

2023ko martxoaren 29an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk aurreproiektuaren eta ingurumen eraginaren azterketaren beste bertsio bat aurkeztu zuen. Horren aurrean, zerbitzuaren aburuz, jendaurreko informazioaren eta kontsulten beste izapide bat egin behar da.

4. Aurreproiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jartzeko bigarren tramitea, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Eskaera berria jendaurrean jarri zen, iragarkia argitaratuz 2023ko apirilaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (88. zenbakia), prentsan eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.

Gainera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien administrazio publikoei eta interesdunei.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

5. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

2023ko ekainaren 15ean, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidean jasotako txostenak eta alegazioak igorri zitzaizkion.

Jasotako txosten eta alegazioei erantzunez, sustatzaileak, 2023ko ekainaren 3an, dokumentazio berria aurkeztu zuen. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorri zitzaien, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea eta ingurumen eraginaren adierazpena eskatu ziren.

6. Lurzoru urbanizaezinean jarduerak eta erabilerak baimentzea.

Espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, 2023ko azaroaren 10ean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin zuen, eta honako hau ondorioztatu zuen:

–Instalazio fotovoltaikoaren kokapenak lurzoru babestu mota desberdinei eragiten die, eta proposamena bateraezina da 64/2006 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin.

–Jarduketak nabarmen eragiten dio 3. LAPeko Lurralde Garapeneko Ereduan diseinatutako Eremu Libreen eta Konektagarritasunaren Sistemako elementuetako bati.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa ez da bateragarria Zizurko hirigintza plangintzaren hirigintza araubideekin.

–Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiaren kontrako txostena dago, 2023ko ekainaren 19koa, proposatutako ebakuazio linea eta, ondorioz, instalazio fotovoltaikoa baimentzea eragozten duena. Izan ere, adierazten du bateraezina dela Iruñerriko trenbide sare berriaren proiektuari buruzko informazio azterlanean (tren begizta kentzea eta geltoki intermodal berria) onartutako trazadurarekin eta jendaurrean jarritako Iruñerriko trenbide sarearen informazio azterlanean aztertutako alternatibekin (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 77. zk., 2023ko martxoaren 31koa).

–Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren 2023 maiatzaren 30eko txostenak adierazten duen bezala, oro har, "kontuan hartu beharko da lursaila hondoratzeko arriskua, instalazio fotovoltaikoak ezarri ziren eremuko meatze jarduera zaharraren ondorioz", eta, bereziki, Undioko meatze ahoaren eta Muru-Asterainen artean lerrokatutako eremua, aire zabaleko hainbat ustiategi zahar islatzen dira, meatze ahoa bera eta azken 25 urteetan izandako hainbat subsidentzia. Beraz, zuhurtziaren printzipioari jarraikiz, ez litzateke inolako jarduerarik baimendu beharko azterketa geotekniko zehatzik egin gabe.

–Ukitutako udalek kontrako txostena egin dute.

Aurrekoa ikusita, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak abenduaren 21ean emandako 330E/2023 Ebazpenaren ukatu egin zen Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk sustatutako Amaya Solar 2 eguzki instalazio fotovoltaikoaren proiekturako lurzoru urbanizaezineko jardueren eta erabileren baimena.

7. Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Lurzoru urbanizaezineko jardueren eta erabileren baimena ukatu dela ikusirik, eta espedientearen azterketa teknikoa egin eta gero, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura era egokian egin dela, eta espedientea ebaztea proposatu du, eskatutako aurretiazko administrazio baimena ukatuz.

Bestalde, 2024ko martxoaren 5ean, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatu du instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea aurretiazko administrazio baimena, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk eskatutakoa, Zizur, Oltza Zendea eta Orkoien udal-mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko 35 MWp-eko "Amaya Solar 2 eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 2.000.000 euroko bermea itzul dezan; Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLk jarri zuen berme hori 2020ko apirilaren 21ean (erregistro zenbakia: 5020000109 CFNA 2020 (Av-NAV-0234)).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Arkitektonikoaren Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau ondoko hauei jakinaraztea: Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SLri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Nafarroako Autobideak SAri, Enagasi, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Iruñerriko Zerbitzuak SAri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari. Ohartarazten da, halaber, ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita (5100-CE).

6. Ebazpen hau Zizur Zendeako, Oltza Zendeako, Itzako eta Orkoiengo udalei jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzioari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2405658