86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena, beste sarbide bat irekitzeko AP-15 autobidean Izurdiagan, Iruñerako noranzkoan.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko apirilaren 10ean egindako bilkuran, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmenaren testua onetsi zuen, zeinaren bidez zehazten baitira AP-15 autobidean beste sarbide bat irekitzeko baldintzak –Izurdiagan, Iruñerako noranzkoan–, eta hitzarmena sinatzeko behar dena xedatzen.

Hala, 2024ko apirilaren 11n sinatu zuten hitzarmena.

Izenpetu ondotik, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Azaldutakoa dela eta, hauxe

AGINTZEN DUT:

Xedatzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmena, beste sarbide bat irekitzeko AP-15 autobidean, Izurdiagan, Iruñerako noranzkoan. Hitzarmena foru-agindu honen eranskinean ageri da.

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

HITZARMENA, NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO AUTOBIDEAK SA-REN ARTEKOA, BESTE SARBIDE BAT ZABALTZEKO NAFARROAKO AP-15 AUTOBIDEAN, IZURDIAGAN, IRUÑERAKO NORANZKOAN

Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.

BILDU DIRA

Alde batetik, Óscar Chivite Cornago jauna, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz, horretarako ahalmena eman baitzitzaion Nafarroako Gobernuak, 2024ko apirilaren 10ean hartutako erabakiaren bitartez.

Bestetik, Víctor Torres Ruiz jauna, zeinari hitzarmen hau sinatzeko ahala eman baitzion Nafarroako Autobideak SAren Administrazio Kontseiluak, 2024ko martxoaren 19an hartutako erabakiaren bitartez.

Bi alderdiek hitzartzeko eta elkar behartzeko ahalmena onartu diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE

I.–Nafarroako Foru Diputazioak eta Nafarroako Autobideak SAk (aurrerantzean AUDENASA) 1973ko abuztuaren 10ean egiletsitako eskritura publikoaren bidez formalizatu zuten AUDENASAren aldeko emakida bat, Nafarroako autobidearen lehenengo fasea eraiki, zaindu eta ustiatzeko.

II.–Emakida horren ondotik, hainbat aldaketa egin zaizkio Nafarroako Foru Komunitatearen eta AUDENASAren arteko kontratuari, eta hainbat hitzarmen sinatu dira. Horien bidez, egokituz joan dira kontratuaren zenbait klausula unean uneko errealitatera, baita AP-15 autobidearen egokitzapenera ere, erabateko funtzionaltasuna izan dezan Nafarroako errepide-sareko edukiera handiko errepide gisa. Dena den, osorik eutsi zaie hasiera bateko emakida-kontratuaren izaerari eta oinarrizko baldintzei.

III.–Emakidaren kontratuaren 18. klausulan ezarrita dagoenez, autobidea abian jarri ondotik, behar diren aldaketak egiten ahalko dira trazaduran, dela Nafarroako Gobernuak eskatuta, dela enpresa emakidadunaren ekimenez, bai bideko trafikoa hobetzeko, bai sektore edo herri jakin batzuentzako komunikabideak irekitzeko. Horretarako, hitzarmen bat sinatu beharko da, eta han jasoko dira obrek bete beharreko baldintza partikularrak eta obrek tarifetan izanen duten eragina. Nafarroako Gobernuari dagokio hitzarmen hori onestea.

IV.–Nafarroako Gobernuaren 2022ko maiatzaren 11ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen Nafarroako AP-15 autobidean beste sarbide bat irekitzeko Izurdiagan, Iruñeko norakoan.

Hitzarmen hartan, ahala ematen zitzaien Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari eta Lurralde Kohesioko kontseilariari Nafarroako AP-15 autobideko sozietate emakidadunarekin sarbide berriari dagokion hitzarmena negoziatzeko, eta, behin betiko proiektua edukitakoan, idazteko. Ondoren, Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

V.–Kontuan harturik 95/2023 Foru Agindua, abenduaren 5ekoa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita, eta jendaurreko epea ebazten, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako, "AP-15ean Iruñerako noranzkoan sartzeko errei berria Izurdiagan (Nafarroa)" izeneko proiektua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egikarituko da.

Izurdiagan eginen den zuzeneko sarbide berriaren proiektuaren barruan, sarbide bat egokituko da NA-7010 errepidetik AP-15 autobidera, Iruñerako noranzkoan, Irurtzun udalerrirako eta Arakil haraneko herrietarako; izan ere, gaur egun ez dute sarbiderik autobidetik gertu, eta N-240-A errepidea hartu eta Irurtzun herria zeharkatu behar dute Iruñera joateko. Hartara, hobetu eginen da, gainera, Irurtzungo bide-segurtasuna, eta ez da zeharbidetik zirkulatu beharko autobidera sartzeko; orobat, murriztu eginen da zeharkatu beharreko distantzia eta errepidetik autobidera sartzeko denbora.

VI.–Beharrezko negoziazioak egin ondotik, AUDENASAren Kontseiluak 2024ko martxoaren 19an onetsi zuen sinatu beharreko hitzarmenaren testua, eta Víctor Torres Ruiz jaunari eman zion ahala hura izenpetzeko.

Era berean, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 10ean onetsi du hitzarmen honen testua, eta Óscar Chivite Cornago jaunari eman dio sinatzeko ahala.

Horrenbestez, bi alderdiek adosten dute sinatzea lankidetza-hitzarmen hau, zeina klausula hauek eraenduko baitute:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

1973ko abuztuaren 10eko emakida-kontratua garatzeko, 18. klausularekin bat etorriz eta Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n hartutako erabakiaren bidez, adosturik geratzen da beste sarbide bat irekitzea Nafarroako AP-15 autobidean, Izurdiagan, Iruñeranzko norakoan.

Bigarrena.–Bidesariak.

AP-15 autobideko Izurdiagako sarbide berria erabiltzen duten ibilgailuek bidesariak ordaindu beharko dituzte, unean-unean indarra duten tarifa eta dirulaguntzen arabera. Halaber, aplikatzekoak izanen dira indarrean dauden deskontuak, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Autobideak SAren arteko hitzarmen bidez adostutakoak.

Sarbide berri hori irekitzeak ez du aldatuko AP-15 autobideko tarte-antolamendua, bidesariak ezartzearen ondorioetarako.

Hirugarrena.–Obrak kontratatzea, egikaritzea eta zuzentzea.

Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak proiektatu, kontratatu, exekutatu eta zuzenduko ditu oso-osorik sarbide berria egokitzeko obrak.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute obra horiek egiten laguntzeko, zeinek bere eskumenen esparruan, eta bereziki ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, dela autobidean, dela obrek ukituriko gainerako errepideetan.

Obrak egin bitartean, lanen bilakaeraren berri emanen zaio AUDENASAri, zeinak eskura izanen baitu beharrezko dokumentazio guztia.

Laugarrena.–Inbertsioaren finantzaketa.

Nafarroako Gobernuak finantzatuko ditu oso-osorik hitzarmen honen xede diren obrak, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Obren aurrekontua 1.113.258,36 eurokoa da, BEZa kontuan hartu gabe.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eginen ditu obrek ukituriko lurrak legez okupatzeko beharrezko administrazio-izapideak, eta bere gain hartuko du horren kostua.

Bosgarrena.–Zerbitzuan jartzea, autobidean sartzea eta ustiapena.

Sarbide berria obrak amaitu ondotik irekiko eta jarriko da martxan, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak ezartzen duen egunean. Egun hori behar besteko aurrerapenez jakinaraziko zaio emakidadunari.

Hitzarmen honetako obrak egin eta sarbide berria martxan jarri ondotik, emakidari gehituko zaio AP-15 autobidearekin bat datorren tartean eraikitako sarbide berria. AUDENASAri egokituko zaio adarraren zatia kontserbatzea plataforma bakarra izatera igarotzen den puntutik aitzinera, eta gainerako zatia, berriz, Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain.

Foru-agindu honekin batera doan planoan dago adierazita adarraren zein zati dagokion kontserbatzea Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuko Zainketa Zerbitzuari eta zer zati gaineratuko zaion emakidari –eta, beraz, zer zati kontserbatu eta ustiatu beharko duen AUDENASAk–.

Argiztapenari dagokionez, obra amaitu ondotik, Nafarroako Gobernua arduratuko da biribilguneari eta saihesbidearen tarteari dagokion argiztapenaren hornidura- eta mantentze-lanez; adarrari dagokion tartekoak, berriz, AUDENASAk hartuko ditu bere gain. Atxikitako planoan dago jasota bakoitzari dagokion argiztapena, egokitasun tekniko onenari jarraikiz egina.

Seigarrena.–Sarbide berriaren inpaktu ekonomikoa.

Nafarroako Gobernuak, diruz lagundutako deskontuen politika komertziala aplikatzeagatik, AUDENASAri egiten dion konpentsazio ekonomia kalkulatzeko formulak bere horretan segituko du indarrean, 2000ko otsailaren 28an sinatutako hitzarmenean eta 2002ko urtarrilaren 30eko, 2007ko maiatzaren 25eko, 2008ko martxoaren 14ko eta 2023ko urriaren 19ko aldaketetan ezarritakoarekin bat.

Sarbide berria irekitzeak ez du inolako eraginik izanen trafikoaren bolumenean, ez eta Zuastiko ordainlekuaren merkataritza-politikaren arabera aplikatutako deskontuetan ere; izan ere, gaur egun Guliako lotunean AP-15era sartzen den trafikoak baliatuko du sarbide hori, hau da, Irurtzunetik eta Iruñera bitarteko toki-igarobideei loturiko zirkulazioak.

Horregatik, adar hori egiteak ez dio gastu gehigarririk ekarriko AUDENASAri konpentsatzeko formulengatik (merkataritza-politikagatik eta itzulerako ibilgailu arinei deskontuak 24 orduko epean aplikatzeagatik). Beraz, indarrean egonen da klausula honen lehen paragrafoan aipatutako hitzarmenetan ezarritakoa, inolako aldaketarik gabe.

Zazpigarrena.–Araubide ekonomikoa.

Alderdiak hitzarmen honetan ezarritakoari lotzen zaizkio, baita 1973ko abuztuaren 10eko emakida-kontratuari, kontratu horri egindako aldaketei eta hura garatzeko hitzarmenei ere.

Eta ados egotearen frogagarri, hitzarmen honen bi ale izenpetzen dituzte, ondorio bakarrarekin, Iruñean, 2024ko apirilaren 11n.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Óscar Chivite Cornago jauna.

AUDENASAren izenean, Víctor Torres Ruiz jauna.

1. ERANSKINA.–OINPLANO OROKORRA

2. ERANSKINA.–ARGITERIA-PLANTA

Iragarkiaren kodea: F2406049