86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 10ean hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako AP-15 autobidearen sozietate emakidadunak (AUDENASA) sinatu beharreko hitzarmena, autobidean sarbide berri bat irekitzeko, Izurdiagan, Iruñerako noranzkoan.

Nafarroako Gobernuak 2022ko maiatzaren 11n hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zen sarbide berri bat irekitzeko Nafarroako AP-15 autobidean, Izurdiagan, Iruñerako noranzkoan.

Erabaki hartan ahalmena eman zitzaien Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari eta Lurralde Kohesiorako kontseilariari Nafarroako AP-15 autobidearen sozietate emakidadunarekin hitzarmen bat negoziatzeko, sarbide berri horri dagokionez, behin betiko proiektua kontuan hartuta. Hitzarmen hori Nafarroako Gobernuak onetsi beharrekoa zen.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abenduaren 5eko 95/2023 Foru Aginduaren bidez, "Izurdiagan (Nafarroa), A-15ean sartzeko errei berria, Iruñerako noranzkoan" izeneko proiektua behin betiko onetsi, eta jendaurrean egoteko fasea ebatzi zen, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura gauzatzeko.

Sarbide berria egokitzeko lanak Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak proiektatu, kontratatu, egin eta zuzenduko ditu oso-osorik.

Obrak egin eta sarbide berria zerbitzuan jarri ondoren, sarbide hori emakidari gehituko zaio. AUDENASAri dagozkio adarraren zatiaren zainketa lanak bi plataformak bakarra bihurtzen diren puntutik aurrera, eta gainerako zatia Nafarroako Gobernuak hartuko du bere gain.

Nafarroako autobidearen lehen fasea eraikuntza eta zainketa lanak egiteko eta ustiatzeko emakida kontratuak, Nafarroako Foru Diputazioak Autopistas de Navarra SAren alde izenpetutakoak, 18. klausulan ezartzen du ezen, autobidea zerbitzuan jarri ondoren, behar diren aldaketak egiten ahalko direla trazaduran, dela Nafarroako Gobernuak eskatuta, dela enpresa emakidadunaren ekimenez, bai bideko trafikoa hobetzeko, bai sektore edo herri jakin batzuentzako komunikabideak irekitzeko. Horretarako, hitzarmen bat sinatu beharko da, non jasoko baitira lanek bete beharreko baldintza partikularrak eta lanek tarifetan izanen duten eragina. Nafarroako Gobernuari dagokio hitzarmen hori onestea.

Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako deskontuen merkataritza-politika aplikatzeagatik AUDENASAri eman beharreko konpentsazio ekonomikoari dagokionez, indarrean jarraituko du konpentsazio hori kalkulatzeko formulak, 2000ko otsailaren 28an sinatutako hitzarmenean eta 2002ko urtarrilaren 30eko, 2007ko maiatzaren 25eko eta 2008ko martxoaren 14ko eta 2023ko urriaren 19ko aldaketetan ezarritakoaren arabera; adar hori gauzatzeak ez du gastu gehigarririk ekarriko AUDENASAri merkataritza-politikagatik eman beharreko konpentsazio-formulan.

Sinatu beharreko hitzarmenaren testua, honi erantsita doana eta une honetan Nafarroako Gobernuak onar dezan aurkezten dena, AUDENASAko administrazio-kontseiluak onetsi du 2024ko martxoaren 19an egindako bileran.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Gobernuak eta Autopistas de Navarra SAk, sarbide hori egokitu eta zerbitzuan jartzeko, sinatu beharreko hitzarmenaren testua onestea. Erabaki honen I. eranskin gisa agertzen da.

2. Lurralde Kohesiorako kontseilariari ahalmena ematea hitzarmena sinatzeko Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz.

3. Erabaki hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau jakinaraztea Autopistas de Navarra SAri.

5. Erabaki hau eta hitzarmena (sinatu ondoren) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2405795