86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 10ean hartua; honen bidez luzatzen da Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko aldia; Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatu zuen.

Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako erabakiaren bidez hasi zen tramitatzen "Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua eta Iruñeko antzinako tren geltokiaren eremua garatzeko" udalez gaindiko plan sektoriala aldatzeko espedientea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatua. Erabaki hori 2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6an.

Horren arabera, aldaketa espedientea jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalei entzunaldia emateko aldi bereko tramitea betetze hasi zen, 45 eguneko epe batez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako eta dagokion ingurumen prozeduraren ondorioetarako, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz. Epe hori 2024ko apirilaren 12an bukatuko da.

2024ko otsailaren 29an, Pablo Lorente Zapateria jaunak, Sustrai Erakuntza Fundazioko lehendakaria den aldetik, alegazio idazki bat aurkeztu zuen, garaiz eta behar den moduan, jendaurrean egoteko aldia bertan behera uzteko eskatuz. Fundazioak 2024ko urtarrilaren 17ko Gobernu Erabakiaren xedapenen atalaren 4. apartatuan oinarritu zuen eskaera. Haren ustez, Administrazioak espresuki onartzen du espedientea ez dagoela osorik, LAHFLTBren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, horregatik, sustatzaileari eskatzen dio espedientea osa dezan, prozedurarekin jarraitu ahal izateko.

Gobernuaren erabakiak, azalpenaren zatian, esku artean dugun UGPSa aldatzeko espedientearen aurrekariak eta xedea aipatzen ditu, eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak espediente horri buruz 2023ko abenduaren 18an onartutako txostenari aipamen zabala egiten dio. Ondorioen atalean, txosten horrek aipatzen ditu erabakiaren testuan adierazten diren eta tramitatzen ari den aldaketak argitu beharrekoak diren zenbait alderdi. Halaber, adierazten da dokumentua bat etorri beharko dela aurrerago emanen diren txosten sektorialetan adierazten diren determinazioekin, espedientearen azken ebazpena eman aurretik. Horregatik guztiagatik, gobernuaren erabakiaren 4. puntuak xedatzen du "Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, hots, espedientearen sustatzaileari, aurkeztutako dokumentazioa osatzeko eskatzea, LAHFLTBaren 43. artikuluan zerrendatutako beharrezko edukiak barne, izapideekin jarraitu ahal izateko, eta kontuan hartuta Lurralde Antolamendurako Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostena eta igorritako eta eskatutako txosten sektorialetako oharrak".

4. puntu horrek ez du ezartzen espedientea osatu gabe dagoenik hasierako onarpena emateko eta jendaurrean jartzeko eta udalei entzunaldia emateko, LAHFLTBn araututakoarekin bat etorriz; erabakiak xedatzen duena da zuzendaritza nagusi sustatzaileak proposatutako aldaketa egokitu beharko duela, Lurralde Antolamenduko Batzordeak eta igorri eta jaso gabeko sektoreetako txostenek egindako oharrak aintzat hartuta. Plangintzarako tresnen tramitazioan, aldaketak, zuzenketak eta egokitzapenak izaten ahal dira, prestatzeko eta onesteko prozesuan zehar, eta azkenean onartzen den dokumentuan jasotzen dira prozeduran zehar txosten sektorialen bidez nahiz partikularren eta erakunde publiko eta pribatuen ekarpenen bidez egindako ekarpenak. Era horretan, dokumentuak funts handiko aldaketak jasoko balitu, berriro ere pasatu beharko luke jendaurrean jarri eta ukitutako toki entitateei entzunaldia emateko prozedura. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Sustrai Erakuntza Fundazioak informazio publikoaren eta entzunaldiaren tramitea eteteko egindako eskaera ezestea.

Bigarrenik, eta modu subsidiarioan, Sustrai Erakuntza Fundazioak eskatzen du jendaurreko epea luzatzea, alegazioak egiteko. Alegatzaileak uste du espedientearen dokumentazioa izugarria dela eta emandako epea ez dela nahikoa teknikariekin aztertu eta kontsultatzeko eta dagozkion txostenak egiteko. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 32. artikulua ekartzen du gogora.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluak ezartzen duenez, Administrazioak onar dezake, kontrako agindurik izan ezean, ezarritako epeak luzatzea, egoera dela-eta komeni denean eta ez bada hirugarrenen eskubideen kalterako; luzapena ez da izanen epe horien erdia baino handiagoa. Epea luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie. Edonola ere, interesdunen eskaera eta luzapenari buruzko erabakia kasuan kasuko muga epea bukatu aurretik egin beharko dira. Epeak luzatzeko edo luzapena ukatzeko erabakien kontra ez da errekurtsorik aurkezten ahalko, bai ordea prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren kontra.

Bestalde, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluak dio, besteak beste, epeak luzatzeko erabakiak arrazoituko direla, egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginez.

Ildo horretatik, gogora ekarri behar da LAHFLTBaren 7. artikuluan (herritarren parte-hartzea arautzen du) xedatutakoa, hark ezartzen baitu administrazio publikoen betebeharra dela saiatzea lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko gizartearen behar eta nahien araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak bermatuko dituzte.

Legezko arauak eskatzen duen parte-hartze zabal hori bermatzeko, eta herritarrek babes faltatzat jotzen ahal dituzten egoerak edo inguruabarrak saihesteko, eta are gehiago, LAHFLTBk eta ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 9ko 21/2013 Legeak informazio publikoko izapideetarako gutxieneko epeak iradoki besterik egiten ez dutenean, bidezkoa da Sustrai Erakuntza Fundazioaren alegazioa onestea eta jendaurrean jarri eta ukitutako udalei entzunaldia emateko epea luzatzea.

Hasieran emandako jendaurreko epea 45 egunekoa da eta, beraz, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 32. artikulua aplikatuz, orain proposatzen den epea 22 egunekoa izanen da eta 2024ko maiatzaren 15ean bukatuko da. Epea luzatzen da bai Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko tramitazioaren ondorioetarako, bai ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioetarako.

Horrenbestez, bat etorriz Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenarekin, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren Garapena" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen jendaurreko informaziorako eta entzunaldirako epea 2024ko maiatzaren 15era arte luzatzea (Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak da sustatzailea), Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 17an hartutako Erabakiaren xedapenen ataleko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitakoaren ondorioetarako (Erabaki horren bidez hasi zen tramitatzen Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak sustatutako "Abiadura Handiko Trenaren Geltoki Berriaren eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremuaren Garapena" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea).

2. Dokumentazioa ikusgai egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian:

https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak

Epe horretan, egoki jotzen diren alegazioko idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

3. Erabaki hau Sustrai Erakuntza Fundazioari jakinaraztea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Iruñeko, Zizurko, Zizur Nagusiko eta Barañaingo udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2405794