86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

8E/2024 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak emana, ziurtagiriak emateko eskumena departamentuko zerbitzuko zuzendariei eskuordetzen diena, bakoitzari bere eskumeneko gaietan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuak idazkaritzen esku uzten du departamentuan dauden agiri eta datuen gainean fede emateko eta horien gaineko ziurtagiriak egiteko eskumena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua geroz eta eskaera gehiago jasotzen ari da ziurtagiriak egiteko, zerbitzuen eskumenekin zerikusia duten gaietan, eta, gainera, une jakin batzuetan berehala egin behar dira. Hori dela eta, komeni da zerbitzu kudeatzaileek berek ematea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkaritza tekniko nagusiak eskuordetuta, zerbitzu bakoitzaren berezko gaiei dagozkien ziurtagiriak, esleituta baitituzte honako hauen arabera: abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena) eta azaroaren 15eko 155/2023 Foru Dekretua (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onartzen duena).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, 11. artikuluan, xedatzen du Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dutela esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere. Elkarlotura hierarkikorik gabeko organoak badira, beharrezkoa izanen da goragoko organo hierarkiko komunak aldez aurretik horretarako onespena ematea.

Ondorioz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin lotuta,

EBAZTEN DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko zerbitzuko zuzendarien esku uztea nork bere eskumeneko gaiei lotutako ziurtagiriak luzatzeko eskumena.

2. Ebazpen hau Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko zerbitzuei helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 7an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia, Tania Bernaldo de Quirós Miranda.

Iragarkiaren kodea: F2405941