86. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1391/2024 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Javier Montañés Rocha jauna kontratatzen baita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritu dadin, pianista laguntzailearen (dantza) lanpostuan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 2ko 2864/2022 Ebazpenaren bidez, sarrera-prozeduraren deialdi bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzurako pianista laguntzaileen (dantza) lanpostu bat, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan. Ebazpen hori 2022ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14koan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 360/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko otsailaren 13an.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 29ko 1833/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko maiatzaren 29an.

Oposizio-lehiaketa bukatuta, puntuazio handiena izateagatik eta deialdian eskatutako betebeharrak betetzeagatik deialdiko lanpostuan sartzen ahal den izangaia kontratatzeko proposamena egin zuen kalifikazio-epaimahaiak. Proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen 2023ko azaroaren 27an, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 177/2024 Ebazpenaren bidez, bertan azaltzen zen izangaia kontratatzea erabaki zen.

Horretarako epearen barnean, German Barrio Garcia jaunari borondatezko eszedentzia eman zaio, lanpostuaz jabetzen denetik aurrerako ondorioekin, beste administrazio publiko batean zerbitzuak ematen baitago.

Deialdiaren 11.4 oinarrian ezarrita dago ezen, izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa beteko duela gainditutakoen zerrendan haren ondo-ondotik ageri den izangaiak. Horri jarraikiz, bada, Javier Montañes Rocha jauna kontratatzeko proposamen osagarria egin zen, zeina argitaratu baitzen deialdiaren web-fitxan 2024ko martxoaren 12an.

Eskatutako dokumentazioa behar zen epean aurkezturik eta proposatutako izangaiak betebeharrak betetzen dituela egiaztaturik, bidezkoa da kontratazioa egitea eta lanpostu hutsa esleitzea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Javier Montañés Rocha jauna kontratatzea, lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoaren araubidean, pianista laguntzailearen (dantza) lanpostua betetzeko, plantilla organikoan 39542 zenbakiarekin identifikatutako lanpostua esleituz, Hezkuntza Sailari atxikia eta destinoa Iruñean duena.

2. Izangaiak 2024ko maiatzaren 2an sinatu beharko du kontratua, Hezkuntza Departamentuko Langileen Kontrataziorako Atalean.

Lanaldi partzialeko lan-kontratu finkoa sinatzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko izateko eskubide guztiak galduko ditu.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura eta Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeaketako Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Iruñean, 2024ko apirilaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2406016