85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Aldaketa, Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoaren arauan. Behin betiko onespena

Zizur Zendeako Udalak, 2024ko urtarrilaren 24an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko prezio publikoen arauan.

Iragarkia argitaratu zen 2024ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere. Horren ondotik jendaurreko aldia iragan da, eta inork ez du aurkeztu erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Jarraian aldaketaren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Gazolatzen, 2024ko apirilaren 4an.–Alkatea, Rafael Ansó Ansó.

ZIZUR ZENDEAKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOEN ARAUA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraituz 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak) eta babes harturik haren 28. artikuluan xedatua.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga egitatea da Zizur Zendeako Udalaren kirol instalazioetara sartzea eta horiek erabiltzea, zehazki, Zizur Txikiko eta Asteraingo kirol instalazioetara.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Prezio publiko horiek ordaindu beharko dituzte Zizur Zendeako Udalaren kirol-instalazioetara sartzen direnek edo instalazio horiek erabiltzen dituztenek; Zizur Txikian eta Asterainen dauden horietaz ari gara.

Tarifak

4. artikulua. Tarifak arau honetako prezio publikoen eranskinean ageri dira.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

5. artikulua. Sarrera pertsonala eta besterenezina da; hau da, bi pertsona ezin dira sarrera berarekin sartu instalazioetan.

6. artikulua. Instalazioetara sartzeko urteko kuota sei hilean behin edo urtean behin ordainduko da. Gainerako kuotak ordainketa bakar batean pagatuko dira.

Abonua udako denboraldia amaitu ondoren eskuratzen dutenek urteko kuota hainbanatua ordainduko dute; kirol-instalazioetarako azken hiruhilekoari dagokiona, hain zuzen. Erroldatuta ez daudenentzako alta-kuota osorik ordainduko da beti.

7. artikulua. Gimnasioa erabili nahi duten abonatuek urteko kuota bat pagatuko dute ordainketa bakar batean.

Kuota hiruhilekoen araberakoa izanen da gimnasioa erabiltzen duten abonatu gabeentzat. Udako denboraldian, kuota hainbanatzen ahalko da, baina ez dira alta berriak eginen. Gimnasioaren hiruhileko baten ordainagiria ordaintzen ez bada, automatikoki emanen da baja.

8. artikulua. Instalazioetan ohiko jardueretarako sartzeko, adina edozein dela ere, parte-hartzaileak edo abonatuak herritar txartela aurkeztu beharko du edo, bestela, aurpegia ezagutzeko sistema baliatu. Gainerako erabiltzaileek dagokion sarrera edo baimena aurkeztu beharko dute.

9. artikulua. 12 urtetik beherakoek adinez nagusiko batekin sartu eta egon beharko dute beti, salbu eta Zizur Zendeako Udalak edo kirol-klubak antolatutako kirol jarduerak egiten direnean.

Aurreko apartatuan adierazitako adingabeak instalazioetara sartzen ahalko dira, baldin eta instalazioetan aurkezten badute adingabearen guraso edo tutoreek sinatutako baimena. Adingabe horiek ezin izanen dira, inola ere, beste adingabe batzuen erantzule izan.

Gimnasioa erabiltzeko, gutxienez 16 urte beteta izan beharko dira, eta gurasoen edo legezko tutoreen baimen sinatua beharko da.

3 urtetik beherako haurrek doako sarrera izanen dute.

Urte horretako abenduaren 31n zenbat urte dituen, horren arabera kalkulatuko da adina.

10. artikulua. Instalazioetako eta gimnasioko baja idatziz formalizatu beharko da abenduaren 31 baino lehen, salbu eta gimnasioan hiru hileko bonua dutenen kasuan, horiek kasuan kasuko hiruhilekoa bukatu baino hamabost egun lehenago formalizatu beharko baitute baja.

Abonatuek beren borondatez baja hartu nahi badute, idatziz eskatu beharko dute, ez baita ahozko eskaerarik onartuko.

Erroldatu gabeek baja ematen badute, kirol-instalazioetako abonatuen izaera galduko dute, eta berriz ere instalazioetan alta emateko, ordaindu beharko dute altaren edo matrikularen kuotari dagokion zenbatekoa.

11. artikulua. Norbaitek baja ematen badu instalazioetan eta oraindik ordaindu gabeko ordainagiriak baditu, berriz ere inskribatzean ordaintzeke daukan zorra ordaindu beharko du.

12. artikulua. Automatikoki emanen zaio baja urteko kuotaren ordainagiriak itzultzen dituen erabiltzaileari edo ordaintzen ez dituenari.

13. artikulua. Urteko abonuak edo udako bonuak erabiltzen ahalko dira bai Zizur Txikiko bai Asteraingo instalazioetan, eta urte osorako izanen dute balioa (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte).

14. artikulua. Udako denboraldirako kortesiazko bonuak denboraldi horretan erabiltzeko dira. Gimnasiorako kortesiazko bonuak, aldiz, urte osoan zehar erabiltzen ahalko dira.

15. artikulua. Udako denboralditzat hartzen da igerilekuak irekita dauden aldia.

16. artikulua. Udako denboraldian, abonatuentzat eta abonatu gabeko erroldatuentzat baino ez dira erreserbatuko instalazioak.

17. artikulua. Udako denboraldian bakarrik sartzen ahalko da igerilekuetara. Igerilekuak irekita dauden alditik kanpo, maiatzean, ekainean eta irailean, abonatuak berdeguneetara sartzen ahal dira aisialdiko jarduerak egiteko, eta urte osoan, gainerako instalazioetara, arau honetan ezarritakoa kontuan hartuz.

18. artikulua. Kirol instalazioetan egun arrunt batean sartzeko sarrerak edo kortesiazko sarrerak ez dakar berekin gune batzuk erabiltzeko eskubidea, hain zuzen, ere arau honetan araututako erabilera dela-eta berariazko prezioa ordaintzea eskatzen duten guneak. Horiek erabiltzeko, bada, ezarritako prezioa ordaindu beharko da.

19. artikulua. Zizur Nagusian erroldatuek, betiere Zizur Zendeako Udalaren kirol-instalazioetan 2008a baino lehenagotik badaude abonatuta, Zizur zendean erroldatuentzako ezarritako kuotak ordainduko dituzte.

20. artikulua. Zizur zendean erroldatutako familien kasuan, baldin eta haien seme-alabak, zaintza arrazoiak tarteko, ez badaude erroldatuak Zizur zendean, erroldatutzat hartuko dira instalazioetan sartzeko.

21. artikulua. Zizurko eta Asteraingo kirol anitzeko pista taldean erabiltzeko, bai eta pilotan taldean jokatzeko ere, nahitaezkoa izanen da tokia erreserbatzea.

Abonatu batek bakarrik egiten ahalko du erreserba.

Erreserba egiteagatik ezarritako ordainketa ez ezik, arau honetan erregulatutako pertsona bakoitzeko zenbatekoa ere ordaindu beharko dute abonatu gabeek.

22. artikulua. Zizur zendean erroldatutakoek eta Zizur zendean dauden erkidego edo elkarteek soilik erabiltzen ahalko dituzte kiroldegietako aretoak.

23. artikulua. Zizur Txikiko eta Asteraingo instalazioetako aretoak jardueretarako alokatzeari dagokionez, irizpide hauei jarraituko zaie:

1. Aplikatuko zaie gizarte etxeak eta/edo kirol eremuak eskatzen dituzten pertsonei eta/edo entitateei, betiere haien jarduerak unean unekoak eta iraupen aldakorrekoak badira.

2. Unean uneko sarbidea ezartzen ahalko da kirol arloan elkarte gisa eratuta ez dauden pertsona edo taldeentzat, betiere Udalaren berariazko kontzesioa badute kirol eta kultura arloko jarduerak edo antzekoak egiteko.

3. Udalak aldi baterako hitzarmenaren edo protokoloaren bidez arautuko ditu berariazko araubidearen baldintzak, eta lagapenaren xede den jarduerak herritarrentzat duen interes edo onura maila ebaluatuko du irizpide objektibo gisa; balorazio objektiborako beste irizpide batzuen artean egonen da Udalak eman ezin dituen zerbitzuak izatea edo eskatzaileak irabazi asmorik ez izatea.

24. artikulua. Osoko bilkuraren erabakiaren bidez hitzarmen partikularrak egiten ahalko dira erakunde publiko edo pribatuekin, baldin eta hezkuntza, kirol eta prestakuntza xedeekin erabiltzen badituzte instalazioak. Horretarako eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren erregistroan.

Indarrean jartzea

25. artikulua. Prezio publikoen arau hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Prezio publikoak.

1. Urteko sarrera kuotaren zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, edo zenbateko bereko hiru ordainketa zatikatutan, ahal dela banku helbideratzearen bidez. Lehenengoa, urtarrilean; bigarrena, ekainean.

2. Kirol-instalazioetako urteko abonuaren prezioa berbera da beti, inskripzioa noiz formalizatzen den gorabehera, eta soilik lauhileko bati dagokion zenbatekoa kobratuko da, baldin eta udako denboraldia amaitu ondoren egiten bada alta.

3. Erroldatuta ez daudenentzako alta-kuota berbera da beti, inskripzioa noiz formalizatzen den gorabehera.

4. Edozein modalitatetan abonuak edo sarrerak eskuratzeko, erabiltzailea dagokion taldeari atxikiko zaio, kasuan kasuko urteko abenduaren 31n duen adinaren arabera.

5. Kirol-instalazioetara sartzeko altaren kuota (matrikula) soilik ezarriko zaie Zizur zendean erroldatu gabekoei. Kuota hori ordainketa bakarrean ordainduko da alta ematen den unean. Baja ematen denean, matrikularako eskubidea galduko da.

6. Ordainketa behar duten instalazioen erreserbak kobratu eginen dira, baldin 12 orduko aurrerapenarekin ezeztatzen ez badira.

Udalaren kirol-instalazioetan sartzeko eta haiek erabiltzeko prezio publikoak hauek dira:

A.–Kirol-instalazioetarako sarrerak:

1.–Altaren kuota.

  • Erroldatua: 0 euro.
  • Erroldatu gabea: 98 euro.

2.–Kiroldegian sartzeko urteko abonua.

–Haurrak (3 urtetik 17ra bitartekoak):

  • Erroldatua: 75 euro.
  • Erroldatu gabea: 132 euro.

–Helduak:

  • Erroldatua: 132 euro.
  • Erroldatu gabea: 198 euro.

–Erretiratuak edo pentsiodunak:

  • Erroldatua: 75 euro.
  • Erroldatu gabea: 132 euro.

3.–Karnetaren kopia: 5 euro.

4.–Bonuak eta sarrerak.

4.1. Erroldatuak:

  • Udako bonu osoa, helduak: 90 euro.
  • Udako bonu osoa, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 60 euro.
  • Udako bonu osoa, erretiratuak edo pentsiodunak: 60 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, helduak: 6 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 4 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, erretiratuak edo pentsiodunak: 4 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, helduak: 10 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 6 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, erretiratuak edo pentsiodunak: 6 euro.

4.2. Erroldatu gabeak:

  • Udako bonu osoa, helduak: 130 euro.
  • Udako bonu osoa, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 105 euro.
  • Udako bonu osoa, erretiratuak edo pentsiodunak: 105 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, helduak: 13 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 7 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, erretiratuak edo pentsiodunak: 7 euro.
  • Sarrerak lanegunetan, erromesak: 4 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, helduak: 16 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, 3tik 17 urtera bitarteko haurrak: 10 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, erretiratuak edo pentsiodunak: 10 euro.
  • Sarrerak jaiegunetan, erromesak: 4 euro.
  • Sarrerak ospakizunetarako: 2 euro.

4.3. Abonatuentzako kortesiazko bonuak, udako denboraldirako eta gimnasiorako: 10 sarrerako bonua (70 euro).

Pertsona bakoitzak bonu bat soilik erosten ahalko du urtean.

Bonu horien titular diren abonatuak sarreren onuradunekin batera joanen dira beti.

B.–Kirol instalazioen erabilerak.

1.–Prezioa abonatuentzat:

  • Gimnasioa, urte osoan: 70 euro.
  • Sauna: euro bat erabilera bakoitzeko; urteko bonua, 40 euro.
  • Jarduera birtualak: euro bat pertsona eta orduko.
  • Padel pistako argia: 2 euro orduko.
  • Asteraingo pilotalekuaren erreserba: 10 euro orduko.
  • Asteraingo pilotalekuko argia: 2 euro orduko.
  • Zizur Txikiko kirol anitzeko pista osorik erreserbatzea taldeentzat: 10 euro orduko.
  • Zizur Txikiko kirol pistako argia: 2 euro orduko.
  • Padel pistak hiru egun lehenago erreserbatu behar dira.
  • Asteraingo pilotalekua erabili nahi izanez gero pilotan aritzeko, hiru egun lehenago erreserbatu behar da.
  • Asteraingo pilotalekua taldeentzat erreserbatu nahi izanez gero, bost egun lehenago egin behar da erreserba.
  • Zizur Txikiko bilera-gela bost egun lehenago erreserbatu behar da.

2.–Prezioa abonatu gabeentzat:

  • Gimnasioa, hiruhilekoan: 73 euro.
  • Sauna: 2 euro erabilera bakoitzeko; urteko bonua, 50 euro.
  • Jarduera birtualak: pertsona eta ordu bakoitzeko 5 euro.
  • Padel pista: pertsona eta ordu bakoitzeko: 8 euro.
  • Padel pistako argia: 4 euro orduko.
  • Pilotalekua (pilotan aritzeko), pertsona eta ordu bakoitzeko: 6 euro.
  • Pilotalekua (taldeentzat), pertsonako, kirol erabilerarako: 3 euro.
  • Pilotalekua (taldeentzat), pertsonako, haurren ospakizunetarako: 1,5 euro.
  • Zizur Txikiko kirol anitzeko pista taldeentzat, kirol erabilera orokorrerako: 3 euro.
  • Zizur Txikiko kirol anitzeko pista taldeentzat, haurren ospakizunetarako: 1,5 euro.

Padel pistaren erreserba egunean bertan egin beharko da.

3.–Prezioa elkarteentzat eta taldeentzat:

  • Zizur Txikiko kirol anitzeko pista osoa, ordu bakoitzeko: pista erreserbatzea (Zizur zendeako elkarteak soilik), 30 euro.
  • Zizur Txikiko kirol pistako argia: 4 euro orduko.
  • Asteraingo instalazioetako pilotalekua ordu bakoitzeko: erreserba (Zizur zendeako elkarteak soilik): 30 euro.
  • Asteraingo instalazioetako pilotalekuko argia: 4 euro orduko.
  • Zizur Txikiko bilera-gelak erreserbatzea: 20 euro orduko.
  • Bilera-geletako argia: 4 euro orduko.
  • Asteraingo futbol zelaia erreserbatzea: 100 euro orduko (Club Deportivo Cendea de Cizur salbuetsita).
  • Asteraingo futbol zelaiko argia: 10 euro orduko (Club Deportivo Cendea de Cizur salbuetsita).

Zizur Txikiko kirol anitzeko pista, Asteraingo pilotalekua, Zizur Txikiko bilera gela eta Asteraingo futbol zelaia hiru egu lehenagoa erreserbatu behar dira.

II. epigrafea.–Murrizketak.

–Murrizketa motak.

A1. Familia ugari arruntek edo familia gurasobakarrek %25eko hobaria izanen dute.

A2. Kategoria bereziko familia ugariek %45eko hobaria izanen dute.

A3. Legez aitortutako %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek %30eko hobaria izanen dute.

A4. Legez aitortutako %65etik gorako desgaitasuna dutenentzat doakoa izanen da.

A5. Club Deportivo de la Cendea de Cizur klubeko kideek %20ko hobaria izanen dute.

B1. Abonatu gabeko erroldatuek %20ko hobaria izanen dute kirol instalazioak erabiltzeagatik (abonatu gabekoen prezioen gainean).

C1. Errenta bermatuaren edo baliokide baten onuradunek %30eko hobaria izanen dute.

–Murrizketen aplikazioa.

1.–A1, A2, A3, A4 eta C1 epigrafeetako murrizketak bakarrik aplikatuko dira urteko kuotetan eta udako denboraldiko bonuetan; ez, ordea, kirol instalazioetan sartzeko eta erabiltzeko gainerako tarifetan.

2.–A5 epigrafeko murrizketak bakarrik aplikatuko dira urteko kuotetan.

3.–B epigrafeko murrizketak bakarrik aplikatuko dira jarduera hauetan:

a. Gimnasioa, hiruhilekoko kuota.

b. Jarduera birtualak, prezioa pertsona eta ordu bakoitzeko.

c. Padel pistak, prezioa pertsona eta ordu bakoitzeko eta argia ordu bakoitzeko.

d. Zizur Txikiko kirol anitzeko pista (taldeentzat), prezioa pertsona bakoitzeko eta kirol erabilerarako eta prezioa pertsona bakoitzeko eta haurren ospakizunetarako.

e. Asteraingo pilotalekua (pilotan aritzeko), prezioa pertsona eta ordu bakoitzeko.

f. Asteraingo pilotalekua (taldeentzat), prezioa pertsona bakoitzeko kirol erabilerarako eta prezioa pertsona bakoitzeko haurren ospakizunetarako.

4.–Murrizketa mota guztiak honela eskatuko dira:

a. Alta egitean eskatuko dira.

b. Lehendik abonatuta zeudenak:

b.1. Azaroaren 15a baino lehen aurkeztutako eskabideak urte horretan bertan jarriko dira indarrean.

b.2. Azaroaren 16aren ondoren aurkeztutako eskabideek hurrengo urtean izanen dituzte ondorioak.

5.–A epigrafeko murrizketak eskatu nahi dituztenek eskabide bat aurkeztu beharko dute Udalaren erregistro orokorrean edo Udalaren kirol-instalazioetan, dokumentazio honekin batera:

a. Familia ugariagatik murrizketa izateko, familia ugariaren titulua edo egiaztagiria, Nafarroako Gobernuak emandakoa, betiere jarraikiz Familia ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legeak –maiatzaren 18ko 6/2005 Foru Legeak aldatua– ezartzen duen familia ugariaren definizioari. Murrizketa hori indarrean izanen da harik eta familia ugariaren egiaztagirian agertzen den balio-data iritsi arte. Epea bukaturik, berriz ere eskatu beharko da hobaria.

b. Familia gurasobakarra izateagatik murrizketa izateko, familia gurasobakarraren egiaztagiria, Nafarroako Gobernuak emana. Murrizketa hori indarrean izanen da harik eta familia gurasobakarraren egiaztagirian agertzen den balio-data iritsi arte. Epea bukaturik, berriz ere eskatu beharko da hobaria.

c. Desgaitasunagatik murriz izateko, dokumentu ofiziala, adierazten duena zer desgaitasun maila duen. Murrizketa hori indarrean izanen da harik eta dokumentu horretan agertzen den balio-data iritsi arte. Epea bukaturik, berriz ere eskatu beharko da hobaria.

6.–Honela aplikatuko da C1 epigrafeko murrizketa:

a. Nahitaezkoa da edukitzea Zizur Nagusiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txosten bat familiaren egoera ekonomikoari buruz, hobaria aplikatu behar den ala ez zehazteko.

b. Txosten hori Zizur Zendeako Udalari igorriko zaio. Eskatzaileari ere txostenaren kopia bat emanen zaio.

c. Eskaerarekin batera honako hau aurkeztuko da: errenta bermatua emateko ebazpena edo, antzeko diru-sarreren kasuan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen txosten bat.

7.–Murrizketak ez dira metagarriak izanen. Hortaz, murrizketarako eskubidea badago arrazoi batengatik baino gehiagorengatik, aukeratu beharko da haien artean zein aplikatuko den eta behar den dokumentazioa aurkeztu.

Iragarkiaren kodea: L2405504