85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

913/2024 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostu bat betetzeko mugikortasun lehiaketarako deialdia egiten duena.

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 72. artikuluan irakasleen mugikortasunari buruz xedatutakoarekin bat etorriz, eta kontuan hartuz zer dagoen xedaturik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan (maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduan (Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an hartutako erabaki baten bidez onetsia).

Kontuan harturik unibertsitateko irakasle titularren kidegoko lanpostu bat betetzeko mugikortasun lehiaketarako deialdia egiteko erabakia, Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 6an egindako bileran onetsia.

Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontu-hartzailetzak txostena eginik.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Unibertsitateko irakasle titularren kidegoko lanpostu bat betetzeko mugikortasun lehiaketarako deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Hautapen Batzordeko kideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 16an.–Irakasleen Gaietarako errektoreordea, Inés Olaizola Nogales.

UNIBERTSITATEKO IRAKASLE TITULARREN KIDEGOKO LANPOSTU BAT BETETZEKO MUGIKORTASUN LEHIAKETARAKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Oinarri hauen xedea da unibertsitateko irakasle titularren kidegoko lanpostu bat betetzeko mugikortasun lehiaketa arautzea, zehazki, I. eranskinean ageri den lanpostua betetzekoa.

1.2. Lehiaketa arautzeko, honako lege hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa (2023ko martxoaren 22koa); 678/2023 Errege Dekretua (2023ko uztailaren 18koa), Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko Estatuko akreditazioa eta kidego horietako lanpostuetara sartzeko lehiaketen araubidea ezartzen dituena; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak (110/2003 Foru Dekretuaren bidez, 2003ko maiatzaren 12an onetsiak) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamendua (Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6ko erabaki baten bidez onetsia); 18/2015 Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena (2015eko urriaren 30ekoa); 39/2015 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa (2015eko urriaren 1ekoa); 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena (2015eko urriaren 1ekoa); deialdi honen oinarriak, bai eta aplikatu beharreko gainerako arau orokorrak ere.

1.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 80.3 artikuluaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 14.4 artikuluaren arabera, gehienez ere lau hilabete pasatuko dira izangai onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, non eta ez den epe hori luzatzen arrazoi larriren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo bidezko beste arrazoiren batengatik.

Epe hori zenbatzeko, abuztua baliogabea izanen da ondorio guztietarako.

1.4. 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 2015eko urriaren 1ekoa–, hautaketa-prozesu honen ondoriozko argitalpenak, Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdi honen oinarrietan aipatzen direnak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion atalean, eta ez dira baliozkoak izanen beste tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/irakasle-eta-ikertzaileen-deialdiak

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

Mugikortasun lehiaketan onartua izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaz jabetu arte beteko dira:

a) 16 urte baino gehiago izatea, eta nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

b) Gutxienez bi urtez aritu izatea jatorrizko lanpostuan eta unibertsitateko irakasle titular funtzionarioak izatea.

c) Deialdiaren xede den lanpostua betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

d) Ez egotea bazterturik edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, eta ez egotea ezgaitua funtzio publikoak betetzeko. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

3.2.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Bigarren oinarrian lehiaketa honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuen fotokopia.

b) Curriculum vitaea, FECYTen eredu normalizatuan aurkeztua (CVN-FECYT). CVan, merezimendu bakoitzaren egiaztagiria zein den eman behar da aditzera. Horretarako, CVan aipatzen diren moduan ordenatuak eta zenbakituak egon behar dira egiaztagiriak.

c) Laugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu delako egiaztagiria.

3.4. Hautapen Batzordeak prozesuaren edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla egiaztatzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikusten badu izangairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintzetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren nortasuna eta "Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketa" identifikazioa eta izangaiaren izena agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak langabe gisara izena emanda.

Behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4 Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere hamar egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki ohol elektroniko ofizialean (deialdi honi dagokion atalean), lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5.2. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean.

Eskaera ofiziala edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Eskaerak zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean) lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5.4. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo espezifikoak betetzen dituztela. Izendapenerako proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 12. oinarrian adierazitakoarekin bat.

5.5. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

6.–Hautapen Batzordea.

6.1. Hautapen Batzordeak ebatziko du lehiaketa. Oinarri hauen II. eranskinean dago batzorde horren osaera.

6.2. Hautapen Batzordeko kideen curriculuma Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 19. artikuluarekin bat etorriz.

6.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide anitzeko organoei buruzko araudiak arautuko du Hautapen Batzordea, eta, subsidiarioki, administrazio publikoetako kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duen oinarrizko legeriak.

7.–Batzordearen eraketa.

7.1. Hautapen Batzordea jardunean hasi baino lehen eratuko da formalki, deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta gehienez ere hamabost egun balioduneko epean.

Hautapen Batzordeko kide guztiek hartu behar dute parte eraketa-ekitaldian, eta batzordeburuak aldez aurretik jakinarazpen bat bidali eta adieraziko die zein formatutan eginen den, zeina oro har telematikoa izanen baita.

7.2. Eraketa-egintzan, lehiakideak baloratzeko proban erabiliko diren irizpideak eta zenbakizko balorazio globala finkatuko dira, kontuan hartuta deialdian sartutako lanpostuen xehetasunak. Irizpide horiek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako baremoaren araberakoak izanen dira, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren 71.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute (2023ko martxoaren 22koa). Batzordeak lehiaketa gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du.

Irizpide hauetan ezin izanen da sartu akreditazioa dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.

7.3. Akta eta probak baloratzearren batzordeak adostutako irizpideen dokumentua Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira (deialdi honi dagokion atalean).

8.–Aurkezpen ekitaldia.

8.1. Behin izangaien behin betiko zerrenda argitaratuta, gehienez ere hilabeteko epean, batzordeburuak, batzordeko gainerako kideei kontsulta egin ondoren, aurkezpen ekitaldirako deia eginen du, zeina jendaurrekoa izanen baita, eta ekitaldia noiz, non, zer ordutan eta zer formatutan eginen den emanen du aditzera. Aurkezpen ekitaldiaren deialdia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean), ekitaldia egin baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

8.2. Aurkezpen ekitaldian, lehiakideek honako dokumentazio hau emanen diote batzordeburuari, hiru aletan eta formatu elektronikoan:

a) Ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historiaren egiaztagiriak. Curriculumean aipatzen diren moduan ordenatuak eta zenbakituak egon behar dira dokumentuak (3.3.b) oinarrian adierazitako curriculuma). Eskakizun hori ez betetzeak merezimendua ez baloratzea ekar dezake.

b) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketari buruzkoak.

8.3. Aurkezpen ekitaldian, Batzordeak zehatz-mehatz finkatuko du proba nolakoa izanen den, eta behar beste argibide emanen dizkie lehiakideei proba egiteko moduaz. Halaber, lehiatzaileen jardun-ordena erabakiko du zozketaren bidez, eta proba non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den finkatuko du. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.

Batzordeburuak ezagutzera emanen ditu ezarritako epea eta tokia, lehiakideek proba hasi baino lehen modua izan dezaten gainerako lehiakideek aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.

9.–Lehiaketako proba nola eginen den.

Proba egiteko, batzordeko kideak probak egiteko lekuan egon behar dira. Salbuespenez, formatu erdipresentziala onartuko da (telematikoa). Kasu horretan, nahitaezkoa izanen da izangaiak eta gutxienez batzordekide bat presentzialki egotea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, hala, batzordeko gainerako kideek aukera izanen dute beren lana modu telematikoan egiteko.

9.1. Lehiaketetako proba jendaurrekoa izanen da. Izangaiak gehienez ere bi ordu iraunen duen adierazpena eginen du batzordearen aurrean, eta, gero, eztabaida izanen du batzordekideekin alegatu dituen merezimendu hauei buruz:

a) Irakaskuntzako historia akademikoa, non unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta jarduera horiek baloratzeko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikerketako historia akademikoa, barne hartuta bai ikerketako jarduerak bai jakintza transferitu eta trukatzekoak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketari buruzkoak.

Batzordekideek, nahi izanez gero, informazio gehiago eskatuko diote azaldutako merezimenduei buruz.

Atal bakoitza batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta baloratuko da.

Proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balorazioarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Proba hau gainditzeko, lehiakideek batzordeko bi kideren txosten positiboa izan beharko dute gutxienez.

9.2. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatzen ahalko dizkie izangaiek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izanen, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.

9.3. Probak egin bitartean, arauak aplikatzean sortutako zalantzak eta arau horietan aurreikusi ez diren kasuetan jarraitu beharreko bidea erabakiko ditu Hautapen Batzordeak.

9.4. Lehiaketa egin eta gero, izangaien behin betiko emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira (deialdi honi dagokion atalean), haietarako arrazoiak emanez baloratutako alderdi bakoitza bereizirik.

9.5. Izangaiek zilegi izanen dute Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatzea Batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balorazio arrazoituaren ziurtagiria.

10.–Lanpostuak betetzeko proposamena.

10.1. Hautapen Batzordeak, zazpi egun balioduneko gehieneko epean proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita, izangai guztien zerrenda proposatuko dio errektoreari, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatua. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen. Zilegi izanen da, halaber, deitutako lanpostua ez betetzeko Batzordearen proposamenarekin amaitzea prozesua.

10.2. Batzordeak izendapenerako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean (deialdi honi dagokion atalean).

11.–Lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioak.

11.1. Lehiakideek zilegi izanen dute Hautapen Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztea, errektoreari zuzendua, gehienez ere hamar egun balioduneko epean.

11.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle Iraunkorren Lanpostuetara Sartzeko Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako Erreklamazio Batzordeak baloratuko du erreklamazioa.

11.3. Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta izendatze prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko. Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

11.4. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie lehiakide guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die lehiakideek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Hautapen Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

11.5. Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu baloratuko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du. Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordeztu Hautapen Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio teknikoa.

11.6. Erreklamazio Batzordeak, Hautapen Batzordeko kideei entzun eta dokumentazio guztia aztertu ondoren, erabaki hauetako bat har lezake, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Hautapen Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu Hautapen Batzordearen proposamenean, aldatu eginen baitu izangaien hurrenkera.

b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Hautapen Batzordearen proposamena. Erreklamazio Batzordeak uste badu eskaeraren batek aurrera egin dezakeela, aukera izanen du, gaiaren mamian sartu gabe, erreklamazioa partzialki baiesteko eta jarduketetan atzera egin eta alegatutako akatsa gertatu zen unera eraman dadin agintzeko, bai eta, beharrezkoa bada, aurkaratu ez diren edo ustez deialdiaren oinarriak errespetatzen dituzten merezimenduen balorazioak gorde daitezela xedatzeko ere. Gainera, erabakitzen ahalko du, bidezkoa baderitzo, ahozko probak gordetzea, 39/2015 Legearen 49 eta 51 artikuluetan ezarritakoaren babesean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 2015eko urriaren 1ekoa).

d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, Erreklamazio Batzordeak Hautapen Batzordearen proposamena berretsiko du.

11.7. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

11.8. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

11.9. Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

12.–Dokumentazioaren aurkezpena.

12.1. Lanposturako proposatutako lehiakideak deialdi honetako oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, lanpostuak betetzeko proposamena (10.2 oinarrian aipatzen dena) argitaratu eta hogei egun balioduneko epean. Horretaz gainera, honako dokumentazio hau ere aurkeztu behar dute:

a) Erantzukizunpeko aitorpena, egiaztatzen duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dela bereizia izan diziplina espediente baten bidez administrazio publiko baten zerbitzutik. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

b) Bateraezintasunik ez daukala adierazten duen aitorpena, jarduera publikoren bat betetzen edo pentsioren bat jasotzen ari bada.

c) Administrazioaren ziurtagiria, funtzionarioa dela adierazten duena eta zerbitzu-orrian diren zirkunstantzien berri ematen duena.

12.2. Lanposturako proposatutako izangaiak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-ordenan hurrengo postuan agertzen den lehiakidea proposatuko du irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak izendapenerako.

13.–Izendapena eta kargu-hartzea.

13.1. Lanposturako proposatutako izangaiak aurreko oinarrian ezarritakoa bete eta gero, unibertsitateko irakasle titularren irakaskidegoko funtzionario izendatuko du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak.

13.2. Izendapenak lanpostuaren izena, kidegoa, jakintza-arloa eta saila zehaztuko ditu, bai eta Langileen Lanpostu Zerrendan lanpostuak duen kodea ere. Langileen Erregistro Nagusian izendapenaren berri emanen da, Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko, eta Unibertsitateen Kontseiluaren Idazkaritza Nagusian ere bai. Izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean", Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean).

13.3. Izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik gehienez ere hogei eguneko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposaturiko izangaiak, eta, orduan, unibertsitateko irakasle titularren irakaskidegoko funtzionario bihurtuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.

14.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, "GIZA BALIABIDEAK" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

15.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen eta Hautapen Batzordearen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoak jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako kasuetan eta forman, 11. oinarrian ezarritako lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioaren aurka izan ezik.

Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Oharra: gaztelaniazko testuan, genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.

I. ERANSKINA.–DEIALDIKO LANPOSTUA

–Lanpostu zk.: 6051.

  • Kidegoa: unibertsitateko titularra.
  • Saila: Osasun Zientziak.
  • Jakintza-arloa: Gorputz eta Kirol Hezkuntza.
  • Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.
  • Ikerketarako eskakizuna: borroka-kiroletako entrenamendua.
  • Tuterako campusa.

II. ERANSKINA.–NOR DIREN HAUTAPEN BATZORDEKO KIDEAK

–Lanpostu zk.: 6051.

Batzordeburua

Titularra

Carlos Lago Peñas

UK

Vigoko Unibertsitatea

1. batzordekidea

Titularra

Ignacio Ara Royo

UK

Gaztela-Mantxako Unibertsitatea

2. batzordekidea

Titularra

Mairena Sánchez López

UT

Gaztela-Mantxako Unibertsitatea

Batzordeburua

1. ordezkoa

Tomás García Calvo

UK

Extremadurako Unibertsitatea

1. batzordekidea

1. ordezkoa

Germán Vicente Rodríguez

UK

Zaragozako Unibertsitatea

2. batzordekidea

1. ordezkoa

Ana Carbonell Baeza

UT

Cádizko Unibertsitatea

Batzordeburua

2. ordezkoa

Miguel Ángel Fernández del Olmo

UK

Coruñako Unibertsitatea

1. batzordekidea

2. ordezkoa

Luis María Alegre Durán

UK

Gaztela-Mantxako Unibertsitatea

2. batzordekidea

2. ordezkoa

Palma Chillón Garzón

UK

Granadako Unibertsitatea

Iragarkiaren kodea: F2406379