85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CORTES

Deialdia, kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, hautaprobak eginez, funtzionarioen araubidean jardun dezan

Alkatetzaren apirilaren 11ko 149/2024 Ebazpenaren bidez, honako deialdi honen oinarriak onetsi dira: deialdia, kultura-kudeatzailearen lanpostu bat hautaprobak eginez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jardun dezan Cortesko Udalaren zerbitzura.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cortesen, 2024ko apirilaren 11n.–Alkatea, María Concepción Ausejo Gómez.

OINARRIAK.–DEIALDIA, KULTURA-KUDEATZAILEAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN JARDUN DEZAN CORTESKO UDALAREN ZERBITZURA

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea kultura-kudeatzailearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean jardun dezan; 21 zenbakia du Cortesko Udalaren plantilla organikoan.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, kultura-kudeatzailearen lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Cortesko Udaleko funtzionarioa izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere. Osagarriok hauek dira, gaur egun: lanpostuko osagarria, %13; eta lanaldiaren luzapeneko osagarria, %10.

1.4. Urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoetako langileei dagokiena izanen da; goiz eta arratsaldeko txandak izanen ditu, eta igande eta jaiegunetan lan eginen du.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da. Halere, organo administratibo eskudunek aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Programa eta jarduera kulturalak diseinatu, planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea; harremanak ezartzea erakundeekin; aurrekontua kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea.

–Herriko elkarte eta mugimenduekin harremanetan egotea; eta jarduera-eremuko jarduerak eta gainerako zereginak koordinatzea; udalerrian izaten diren gertakarien berri ematea.

Era berean, udal bulegoetatik kanpo eginen ditu jarduketak eta gestioak, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere, beharrezkoa bada.

–Ekintza-plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultura-guneetarako.

–Espazioak eta materialak erabiltzeko eskaerak ebaztea, eta daten eta ordutegien banaketa planifikatzea.

–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.

–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.

–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta horiek behar bezala inbertitzen direla zaintzea ere.

–Proposatzea nola arautu, nola aplikatu eta nola kontrolatu behar diren laguntzak eta dirulaguntzak, halakoak udalerrian diharduten beste erakunde batzuei ematekoak direnean.

–Kultura-proposamenak egitea, hautemandako beharretatik sortutakoak, eta erabiltzaileek egin eskaeretatik bere eskumenekoak diren horiek ebaztea.

–Aldaketak proposatzea bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.

–Kultura-jardueren programazioa proposatzea, eta programazio hori eraginkortasunez eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea publiko potentzialari. Horretarako, IKTak, hedabideak eta kanalak erabiltzea; esate baterako, tokiko prentsa eta irratiak, webgunea, sare sozialak eta udalaren app-a.

–Jaiekin eta kultura-ekitaldiekin lotutako gestioak.

–Sorkuntza artistikoa sustatzea eta bultzatzea Cortesko bizilagunen eta eragile sozial eta kulturalen artean, bai eta kultura etxeko erabiltzaileen artean ere.

–Ekimen komunitarioko jarduerak kultura etxearen eta Udalaren berezko jarduerekin koordinatzea.

–Guneak ongi erabiltzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera-araudia betearaztea.

–Eraikinetako zerbitzuak, areto teknikoak, txarteldegia eta mantentze-lanak koordinatzea.

–Jarduerak eta mantentze-lanak kudeatzea Cortesko gazteluan, Alto de la Cruzeko erakusketa iraunkorrean eta aztarnategi arkeologikoetan.

–Kirol Zinegotzitzak eta Hego Nafarroa Kirol Mankomunitateak planifikatu eta koordinaturiko jarduerak kudeatzea.

–Cortesko kirol eraikin eta instalazioak kudeatzea.

–Herriko kirol taldeei laguntza eta aholkua ematea.

–Bere jarduera esparruan, herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta sostengatzea, baterako jarduerak egiteko.

–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratzea.

–Herriko turismo-jarduerak kudeatzea, herrian turismoa bultzatzeko.

–Aipatutakoez gain, bestelako zereginak betetzea, halakorik aginduz gero ezarritako helburuak lortu beharrez, betiere karguari dagozkion gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorririk.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten beste eginkizun batzuk, Cortesko Udalak agintzen dizkionak.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea, edo lortzeko moduan egotea: unibertsitateko diploma edo gradua, ingeniaritza teknikoko titulua, arkitektura teknikokoa edo baliokidea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) Cortesko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.

g) B1 motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cortesko Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Cortesko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabide horiek izan beharko dute I. eranskin gisa argitaratutako ereduaren araberakoak. Eredu hori Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko esteka honetan deskarga daiteke:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/33e93979-8e2d-4755-a493-b2f997f9e5a8/

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

b) 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu honetan:

–Caixabank: ES65 2100 4958 9222 0002 9718.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: kultura-kudeatzailearen azterketa.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Cortesko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren gardentasun atarian, honako esteka honetan:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/33e93979-8e2d-4755-a493-b2f997f9e5a8/

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzitakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, honako esteka honetan:

https://cortes.sedelectronica.es/transparency/33e93979-8e2d-4755-a493-b2f997f9e5a8/

Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: María Concepción Ausejo Gómez, Cortesko Udaleko alkate udalburua.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Inmaculada Concepción Ciriza Marco, Cortesko Udaleko lehen alkateordea.

Epaimahaikide titularra: Ana María Zardoya Gómez, Ribaforadako Udaleko kirol eta kultura teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Pilar Martínez de Olcoz Esquide, Vianako Udaleko kultura eta turismo teknikaria.

Epaimahaikide titularra: Alicia Rodríguez Alegría, Valtierrako Udaleko kirol eta kultura teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Raquel Astudillo Marrodán, San Adriango Udaleko kirol teknikaria.

Epaimahaikide titularra: María Reyes Lorente Fernández, Cortesko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezko epaimahaikidea: Luis Morales Cerdán, Cortesko Udaleko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkari titularra: Jesús Litago Zardoya, Cortesko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Andrea Lafuente Bozal, Ribaforadako Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2024ko ekainetik aurrera hasiko da.

6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Administrazio publikoetan, B mailan, kultura-kudeatzaile edo kultura-teknikari gisa egindako zerbitzuengatik: 1 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

6.3.b) Administrazio publikoetan, C mailan, kultura-kudeatzaile edo kultura-teknikari gisa egindako zerbitzuengatik: 0,70 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.

6.3.c) Administrazio publikoetan, B mailan, kirol-kudeatzaile edo kirol-teknikari gisa egindako zerbitzuengatik: 0,70 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.

6.3.d) Administrazio publikoetan, C mailan, kirol-kudeatzaile edo kirol-teknikari gisa egindako zerbitzuengatik: 0,50 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei.

Aurreko atalen batura ez da izanen 10 puntu baino handiagoa.

2. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4. Izangaia zerbitzu berezietan egon den aldiko zerbitzuak kontatuko dira benetan betetako lanpostuan egindako zerbitzu gisa. Zaintzagatiko eszedentzia berezia salbuespena izanen da, halakoetan hartuko baita izangaiak egoera horretara iristeko unean zuen lanpostuan egindako zerbitzutzat.

5. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

6. Egin diren zerbitzuak frogatzeko, administrazio kontratatzaileak emandako ziurtagiriak soilik erabiliko dira, bai eta lan-bizitza ere, horiekin batera.

6.3.e) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Cortesko Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4. Oposizioaldia: ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio-epaimahaiak esanen duen eran.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Bigarren proban, kasu praktiko bat edo batzuk ebatziko dira, eta izangaiek aukera izanen dute deialdiko lanpostuaren eginkizunei buruz dituzten ezagutza praktikoak frogatzeko, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei dagokienez.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edo ahoz edo ordenagailuz egiten ahalko du epaimahaiak. Era berean, ariketa ordenagailuz egiteko eska dezake epaimahaiak. Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatziz adierazteko gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta laburtzeko gaitasuna.

Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 25 puntu erdietsi behar dira gutxienez.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

6.4.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Cortesko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Cortesko Udaleko erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, edo Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (http://cortes.sedelectronica.es/info.1), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu proposatutako izangaiak Cortesko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) B1 motako gidabaimenaren kopia.

7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzea eskabidean egindako faltsukeriagatik, kasua bada.

7.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, eta probak gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Cortesko Udaleko alkate udalburuak Cortesko Udaleko funtzionario izendatuko du, kultura-kudeatzailearen lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Cortesko Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 15 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia, lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraikiko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan eta Cortesko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ordenatuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago; halaber, indarrean iraunen dute kontrataziorako beste deialdi bat egiten den arte.

9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, deitzerakoan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua adierazita.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Cortesko Udalean, baldin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean berdina den lanpostu bat bete behar bada Udalean, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.

Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere, bidezko diren zenbatekoetan.

10.–Datuen babesa.

Cortesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da kultura-kudeatzailearen lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.

Hona tratamenduaren oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez (datuak babesteari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@cortes.es).

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

11.–Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Cortesko Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoko gardentasun atarian.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

Izena: ..........................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ............................................... (edo balio bereko beste agiriren bat); sorteguna: ...............(e)ko .....................................aren ...............(e)(a)n; sorterria: ............................................................... (........................................), nazionalitatea: ...........................................................; egungo bizitokia: ............................................... (.........................................), kalea: ..........................................................................................., posta kodea: ...................., telefonoa: ......................................... eta posta elektronikoa: .........................................................................................

Honako hau adierazten dut:

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, Cortesko Udalean kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen ........... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...................................................................

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

–(Kasua bada) Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Kasua bada) Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Cortesko Udaleko kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.

Cortesen, 2024ko ..............................aren ..........(e)(a)n

(Sinadura)

CORTESKO UDALEKO ALKATEA

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Tratamenduaren arduraduna: Cortesko Udala. Helburua: kultura-kudeatzailearen lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta beste eskubide batzuk ere, deialdiaren 10. oinarriko informazio gehigarrian azaldutakoarekin bat.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, publikoentzako arreta eta horien kudeaketa kultura-jardueretan.

2. gaia.–Kultura-proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.

3. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.

4. gaia.–Kultura-etxe bateko jarduerak programatu eta gauzatzea. Kultura-ekipamendu motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.

5. gaia.–Cortesko Udaleko Kultura Zerbitzuaren antolaketa, eta tokiko kultura eragileak, ospakizunak eta elkarteak ezagutzea.

6. gaia.–Komunikazio eta zabalkunderako estrategiak kultura-ekintzan. Publikoen fidelizazioa eta heziketa.

7. gaia.–Publiko berrien kudeaketa eta kultura bitartekaritza.

8. gaia.–Kultura-kudeatzailea: prestakuntza profesionala. Enpatia lanerako dohain gisa. Harremana beste kultura-eragile batzuekin eta artistekin. Publikoarekiko harremana.

9. gaia.–Udalaren kultura-jardueraren finantzaketa iturriak, publikoak zein pribatuak. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea.

10. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki entitateei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.

11. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.

12. gaia.–Cortesko kirol-jarduera, udalarena nahiz klub eta taldeena. Hego Nafarroa Kirol Mankomunitatea.

13. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.

14. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa.

15. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa.

16. gaia.–7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Nafarroako Turismoari buruzkoa.

17. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

18. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

19. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

20. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: Udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

21. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

22. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

23. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutakoak.

24. gaia.–Cortesko Udalaren Erregelamendu Organikoa, 2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

25. gaia.–Cortesko Udalaren administrazio-prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza, 2018ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 14an.

26. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

27. gaia.–Cortesko Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2018ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, irailaren 6an.

Oharra: Udalak ez ditu gaiak garaturik emanen. gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2405913