85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

247E/2024 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Cintruenigoko udal plan orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, 24. artikuluari eragiten diona (lurzoru urbanizaezina), Rodmon Centro de recuperación de equipos para energías renovables SLk sustaturik.

Aldaketa horri hasiera bateko onespena eman zitzaion 2023ko azaroaren 8an, zeina iragarki baten bidez argitara eman baitzen 2023ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 30ekoan.

Eguzki-energia fotovoltaikotik elektrizitatea sortzeko instalazioak lurzoru urbanizaezinean ezarri ahal izateko, zehazki, "nekazaritza-produktibitate ertaineko lurzorua" kategoria duten lurretan, proposatzen da Cintruenigoko udal plan orokorraren hirigintza-araudi partikularraren 24. artikulua aldatzea, lurzoru horretarako araubidea hortxe ezarrita dagoelako.

Lurzoru mota horren egungo babes araubideak jarduera hori jasotzen ez duenez esplizituki, proposatzen da 24. artikuluan apartatu berri bat sartzea, instalazio fotovoltaikoak eta horien eraldaketa- eta ebakuazio-azpiegiturak jarduera baimendu gisa sartzeko. Kokalekuari dagokionez, araudi sektorialaren erreferentzia jasotzen du (otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindua, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko ingurumen eta hirigintza arloko irizpideak eta baldintzak arautzen dituena), bai eta organo eskudunaren aldeko txosten bat eduki beharra ere, baldin eta kokalekua Nafarroako Ubidearen 2. fasearen barruko lurretan, ureztalurretan edo Ureztalurren Foru Planaren barruan sartuta baldin badago.

Ingurumen dokumentu estrategikoak ondorioztatzen du proposamena bateragarria dela mota horretako nekazaritza-lurzoruetan identifikatutako balioekin, ingurumen balio berezirik ez dutelako eta nekazaritza-ekoizpenerako gaitasun handirik ez dutelako.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak jakinarazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du ingurumen agiri estrategikoaren 7. kapituluan adierazitako ingurumen neurri prebentiboak eta zuzentzaileak txertatzea.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, Cintruenigoko udal plan orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, 24. artikuluari eragiten diona (lurzoru urbanizaezina), ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Rodmon Centro de recuperación de equipos para energías renovables SL izan da.

2. Ingurumen agiri estrategikoan jasotako ingurumen neurri prebentibo eta zuzentzaileak lurzoru urbanizaezinaren gaineko araudi partikularraren 24. artikuluan txertatuko dira. Zehazki:

–Lehentasuna emanen zaio eguzki-instalazio fotovoltaikoak malda txikiko eremuetan kokatzeari, lur mugimendu handirik egin behar ez izateko. Proiektuak erliebera egokituko dira beti, paisaiari eta lurzoruari ahalik eta gutxien eragiteko.

–Landaredi naturala duten eremuen okupazioa minimizatuko da, erreka-zuloak dituzten eremuak errespetatuz; izan ere, askotan, nekazaritza-lurzoru gisa kalifikatuak egon arren, formazio naturalak izaten jarrai dezakete.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Cintruenigoko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2405298