85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

117/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko adinekoentzako egoitzen eta eguneko zentroen, etxeko laguntza zerbitzuen eta telelaguntza zerbitzuen esparrurako, 2024ko apirilaren 10ean eta 11n egitekoa den greba dela-eta (zehazki, apirilaren 10eko 7:00etatik 2024ko apirilaren 11ko 7:00etara).

ELA sindikatuak grebara deitu du 2024ko apirilaren 10ean eta 11n Nafarroako Foru Komunitateko adinekoentzako egoitzen eta eguneko zentroen, etxeko laguntza zerbitzuen eta telelaguntza zerbitzuen esparruan. Sindikatuak jakinarazi du greba 2024ko apirilaren 10eko 7:00etan hasiko dela, eta 2024ko apirilaren 11ko 7:00etan bukatu.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Adinekoen zainketen arloan eta gizarte zerbitzuen arloan, oro har, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak, eguneko arretarako zentroak eta etxeko laguntza zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute zainketa beharra dagoen egoera batzuetan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eta laguntza indibiduala, familiarra edo kolektiboa eskaintzen diete egoera ahulean dauden gizarte taldeei, konparazio batera, mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.

Grebaren eragina pairatuko duten adinekoentzako laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena grebarako deia egin duen sindikatuari bidali zaio, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2024ko apirilaren 10eko 7:00etatik apirilaren 11ko 7:00etara egitekoa den greba dela eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:

Gizarte zerbitzuen arlo guztietako egoitza-arretako zentroetan, adinekoentzako eguneko arretarako zentroetan eta etxeko laguntza zerbitzuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe ezarri da:

–Adinekoentzako egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere deitutako grebak hartzen dituen lanaldiei zegokien kopurua gainditu gabe.

–Adinekoentzako eguneko arretarako zentroak: gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

–Etxeko laguntza zerbitzuak: banaketa, elikadura eta ezinbesteko arreta pertsonala bermatuko dira.

2.–Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau ELA sindikatuari jakinaraztea, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2405727