85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

82C/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Baigorri Argitaletxe SA enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Baigorri Argitaletxe SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008532012006), enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek 2024ko martxoaren 7an sinatu zutena eta erregistro honetan 2024ko martxoaren 18an sartu zena.

Zuzentzeko errekerimendua egin zen apirilaren 3an, eta enpresak zuzenketak aurkeztu zituen 2024ko apirilaren 12an. Atzemandako akats guztiak zuzendu zituen.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, laneko akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Baigorri Argitaletxe SA enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31008532012006).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

BAIGORRI ARGITALETXE SA-REN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua. Lurralde-eremua eta eremu funtzionala.

Langileen legezko ordezkaritzarekin adostutako hitzarmen kolektibo honetan jasotako arauak Baigorri Argitaletxe SA enpresa osoari aplikatzekoak dira.

2. artikulua. Langileak.

Hitzarmen kolektibo honen edukiak Baigorri Argitaletxe SA enpresako langile guztiei eragingo die.

3. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldia urtebetekoa izango da. 2024ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta 2024ko abenduaren 31ra arte iraungo du, hitzarmenean bertan berariaz besterik xedatzen den alderdietan izan ezik, eta ofizialki argitaratzen den eguna edozein dela ere.

Indarraldia amaituta, hitzarmena automatikoki salatua geratuko da eta aurreraeragina izango du, denbora-mugarik gabe, hitzarmena sinatu duten alderdiek hura ordeztuko duen beste hitzarmen kolektibo bat adosten ez duten bitartean. Hitzarmen kolektibo honen aurreraeragin-aldian, haren xedapen guztien aplikazioa luzatuko da.

4. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen kolektibo honetan itundutako eskubide eta betebehar guztiek osotasun organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, beraz, jurisdikzio eskudunak bertan ezarritako baldintzetako batzuk baliogabetzen baditu, eta horrek funtsezko eran ezabatzen badu alderdiek beren oinarrizko gaien ondorioz ematen dituzten kontraprestazioen arteko oreka, hitzarmen hau erabat baliogabetuko da eta berriro ere eztabaidatzeko izapidera joango da, edukia berriro aztertzeko. Ildo horretan, alderdi bakoitzak ematen edo jasotzen dituen kontraprestazioak bereziki islatzen dituzten oinarrizko gaitzat jotzen dira honako hauek: soldatak, atsedenaldiak, lanaldia eta ordutegiak.

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

Enpresaren zuzendaritzarena da, ez beste inorena, lanaren antolaketa praktikoa eta eginkizunak esleitzeko ahalmena. Erredakzioan, egunkariko zuzendaritzaren eskumena da lana antolatu eta arrazionalizatzeko ahalmena.

Zuzendaritzari emandako aginpidea murriztu gabe, langileen legezko ordezkaritzak aholkuak emateko, orientatzeko eta proposamenak egiteko funtzioak ditu esleituta lanaren antolaketarekin eta arrazionalizazioarekin lotutako gaietan.

Beraz, lanaren antolaketan, produktibitatearen hobekuntzan, teknologia berria sartzean, prestakuntza-programetako parte-hartzean eta abarretan izan daitezkeen aldaketei dagokienez, enpresa behartua dago langileen legezko ordezkaritzari haien berri ematera eta ordezkaritza horrek egindako ekarpenak kontuan hartzera, hitzarmen honetan xedatutako irizpideekin bat.

6. artikulua. Kategoriak.

Langileen sailkapena, haien lanbide-kategorien araberakoa, hitzarmen honetan horri dagokion apartatuan jasotakoaren arabera egingo da, eta Baigorri Argitaletxe SAk ez du horiek guztiak edukitzeko betebeharrik izango, lanaren beharrak eta bolumenak hala eskatzen ez badute.

7. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

A) Mugigarritasun funtzionalak enpresaren barruan edukiko dituen mugak ondorengoak baino ez dira izango: lan-prestazioak betetzeko behar diren titulazio akademiko edo profesionalak edukitzea eta lanbide-talde batekoa izatea. Lanbide-taldeak zehaztu gabe badaude, lanbide-kategoria baliokideen artean egin ahal izango da mugigarritasun funtzionala.

B) Langileen Estatutuaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanbide-taldeari edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak betetzeko mugigarritasun funtzionala hori justifikatzen duten arrazoi teknikoak edo antolamenduzkoak badaude bakarrik izango da posible, eta horretarako ezinbestekoa den denboran.

Funtzio apalagoak aginduz gero, produkzio-jarduerarako luzaezineko edo ezusteko premiekin frogatu beharko da. Langileen legezko ordezkaritzari eman beharko dio egoera horren berri enpresak.

C) Langilearen duintasunari kalte egin gabe eta haren lanbiderako prestakuntzaren eta sustapenaren kontra joan gabe gauzatu behar da mugigarritasun funtzionala; eta benetan egindako funtzioei dagokien ordainsaria jasotzeko eskubidea izango du langileak, funtzio apalagoak agintzen zaizkionean izan ezik, kasu horretan jatorrizko ordainsariari eutsiko baitio. Mugigarritasun funtzionalaren ondorioz, langileak ohiko betebeharrak ez direnak egitean agertutako trebetasunik eza eta egokitasunik eza ezingo dira izan kaleratzeko arrazoi.

D) Mugigarritasun funtzionalaren ondorioz, lanbide-talde edo kategoria baliokideetakoak baino eginkizun goragokoak betetzen badira lau hilabetetan baino gehiagotan urtebetean, langileak mailaz igotzeko eskubidea izango du, eta enpresak aitortuko dio, mugigarritasuna aldi baterako ezintasunagatik, amatasun-atsedenaldiengatik, istripuengatik, lizentziengatik eta eszedentziengatik gertatzen denean izan ezik.

E) Ez dira artikulu honen D apartatuaren barruan hartuko enpresako zuzendaritzak izendatuta hitzarmen honen 33. artikuluan adierazitako erantzukizuneko karguak betetzen dituztenak. Kasu horietan, erredaktore, diseinatzaile, teknikari edo administratibo-funtzioan dagokien kategoriari eta soldatari eutsiko diete, eta, kargu horiek betetzen dituzten bitartean, hitzarmeneko soldaten eta plusen tauletan haientzat ezarritako plusa jasoko dute.

Kargu horiek betetzeari uzten diotenean, beren lanbide-kategoriari dagozkion eginkizunak betetzen jarraituko dute, eta hitzarmeneko soldata-tauletan eta plusetan esleitutako soldata jasoko dute.

8. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

Langileak diharduen herriko mugetatik kanpora bere eginkizunak betetzera eramanez gero, aldez aurretik itundu beharko dute langileak eta enpresak. Adostasunik ez bada, ondoren ezarritako izapideak bete beharko dira:

A) Langileak ezin izango dira lekualdatu enpresaren ohiko lantokitik kanpo, baldin eta horrek bizilekuz aldatzea eskatzen badu, salbu eta hori justifikatzen duten arrazoi teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak badaude, Langileen Estatutuaren 40. artikuluan ezarritako prozedura betez.

B) Langileak eskubidea izango du bi aukeren artean aukeratzeko: lekualdaketa onartzea, gastuen ordainean konpentsazioa jasota; edo kontratua azkentzea, finkatuko den kalte-ordaina jasota, arrazoi teknologiko edo ekonomikoengatik egindako azkentze baimendu bat balitz bezala. Langilearen gastuak eta bere kontura dituen familiakoen gastuak hartu behar ditu lehenengo kasuan aipatutako kalte-ordainak, alderdien artean adostutako moduan Lanpostu berrian hasteko epea ez da hogeita hamar egunekoa baino txikiagoa izango.

C) Arrazoi teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak edota enpresa-jarduerari loturiko kontratazioak direla medio, enpresak aldi baterako lekualdatu ahalko ditu langileak, gehienez urtebeterako, ohiko bizilekua ez duten herri batera, soldataz gain, bidaia-gastuak eta dietak ordainduta. Beste lantoki batera aldatu beharra hiru hilabeterako baino gehiagorako baldin bada, langileak bere jatorrizko bizilekuan lau laneguneko atsedena hartzeko eskubidea izango du, kanpoan ematen duen hiruhileko bakoitzeko, bidaiak kontatu gabe, zeinen gastuak enpresak ordainduko baititu.

Langileak, bidezko arrazoiak jarriz, lekualdaketa onartzen ez badu, lan-arloko agintaritzaren esku utziko da auzia, erabakia bete beharra galarazi gabe, eta haren ebazpena berehala bete beharrekoa izango da.

9. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Gaixotasunak, istripuak edo amatasunak eragindako aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langileak soldataren %100 jasoko du. Konpentsazio hori jasotzeko eskubidea aitortzeko ondoreetarako, enpresak ikuskatzailetza medikoko zerbitzu bat ezarri ahal izango du, gaixotasuna kontrolatzeko. Betiere, langileen legezko ordezkaritzari jakinarazita.

10. artikulua. Lanaldia eta lanaldiaren erregistroa.

1. Hitzarmen honen eraginpeko langile guztien lanaldia astean hogeita hamasei ordukoa izango da, gehienez 1.613 orduko urteko lanaldiarekin, asteburuak, jaiegunak eta oporrak deskontatuta.

2. Lanaldiaren erregistroa langile guztiek bete beharko dute, gaitutako baliabide teknikoen bidez eta langileen ordezkaritzarekin idatziz adostutako irizpideen arabera.

Baliabide tekniko horiek bermatzen dute langile bakoitzak kontsulta dezakeela bere hileko orduen txostena.

Kazetaritza-jardueraren izaerak, aktualitateari lotuta egonik, lan-ordutegi zurruna zehaztea eragozten duenez, langile bakoitzak oinarrizko ordutegi bat izango du esleituta.

Arrazoi beragatik, eguneroko lanaldia alda daitekeenez (eguneroko lanaldi luzeagoak, beste lanaldi txikiagoekin konpentsatuta, adibidez), eta langileak benetan egindako lan-denbora zehazteko egun bat baino aldi edo sekuentzia luzeagoak behar direnez, lanaldiaren eguneroko erregistroa egun batekoa baino sekuentzia luzeago horietan haztatu eta globalizatuko da, benetan lan egindako denbora kontrolatzeko eta kontabilizatzeko.

Horrela, kontabilizaziorako erreferentzia-denbora urte naturala izango da. Epe hori igarota, sei hilabeteko erregularizazio-epea irekiko da.

11. artikulua. Asteko atsedenaldia.

Langile bakoitzak astean bi atseden-egun hartzeko eskubidea izango du, urteko oporraldian izan ezik.

Igandean edo jaiegunetan lan egin behar dutenek plus bat kobratuko dute, hitzarmen honetako tauletan finkatutako zenbatekoan.

Atseden-egunak ezin dira metatu, eta ezingo dira oporrekin lotu. Egun horrek jaiegun batekin kointziditzen badu, beste atseden-egun bat edukiko da.

Lan egindako jaiegunak beste atseden-egun batekin eta lehen aipatutako plusa kobratzearekin konpentsatuko dira.

Ezartzen diren laneko sistemak eta librantzakoak, baita asteko atsedenaldia ere, langileen interesak eta zerbitzuaren beharrak uztar daitezen saiatuz zehaztuko dira, eta ezin izango ditu enpresak bere kabuz alde bakarretik aldatu, non eta ez den produkzioa bermatzeko, aurrez langileen legezko ordezkaritzari jakinarazita.

12. artikulua. Lan-egutegia eta lan-ordutegiak.

Zuzendaritzak urtarrilaren 31 baino lehen egingo ditu lan-egutegia eta ordutegi-taulak langile bakoitzarentzat. Jardun horretan, langileen legezko ordezkaritzak parte hartu beharko du.

Enpresak ordutegien zati bat edo ordutegi osoa aldatu behar badu, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan xedatutakoa zertan eragotzi gabe, inplikatutako alderdiari behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaio neurri horiek hartu dituela, langileen legezko ordezkaritzari kontsulta egin ondoren.

Dena den, lanaldi bat amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte, hamabi ordu igaroko dira gutxienez.

Kazetaritza-lanaren ezaugarriak direla eta –nahitaez amaitu beharrekoa da–, lana zereginen araberakotzat hartzen da; alegia, zereginaren araberako lana da erredaktore batek hitzarmen kolektibo honek zehaztutako lanaldian normalean egin dezakeen lana edo lanen multzoa, erredaktore horren konpetentzia profesionalari dagozkion lanen aldiberekoa izan daitekeena. Zeregina burututa, lanaldia bete da. Lan egiteko modu horrekin batera, beharrezkoa izango da egunero GARA egunkariaren lanketa burutzea, bai eta hari ezartzen zaizkion osagarrien lanketa burutzea ere. Beraz, jarduera hori egin ondoren, lanaldia betetzat joko da.

13. artikulua. Kontratazioa.

Erredakzioko arlo bakoitzari atxikitako langileen kontratazioa, edozein dela ere modalitatea, enpresaren zuzendaritzaren eskumena izango da.

Enpresako zuzendaritzak aldez aurretik jakinaraziko dio langileen legezko ordezkaritzari, egoerak ahalbidetzen badu eta kanpoko kontratazioa egin aurretik, lanpostu hutsak daudela. Langileen legezko ordezkaritzaren proposamenen bat egonez gero horri buruz, enpresak aztertuko du enpresako langileak lanpostu huts horietara sustatzeko aukerarik badagoen, unean-unean zehazten diren irizpideen arabera.

Baigorri Argitaletxe SAren I. Berdintasun Planean ezarritako irizpideen arabera, bermatu beharko da enpresan egiten diren hautaketa- eta sustapen-prozesuak pertsona guztien tratu- eta aukera-berdintasunean egiten direla. Era berean, lanbide-kategoria guztietan ordezkaritza orekatua izaten saiatuko da.

Enpresak berak egiten dituen lan-kontratuei buruzko informazioa emango dio langileen legezko ordezkaritzari, arlo horretan indarrean dagoen legediarekin bat.

Enpresak konpromisoa hartzen du aldi baterako laneko enpresetatik datozen langileak ez kontratatzeko.

14. artikulua. Langileen arteko berdintasuna.

Enpresak tratu-, eskubide- eta aukera-berdintasuna errespetatzen du lan-eremuan, bai eta sexuagatiko soldata-berdintasuna ere, eta, helburu horrekin, pertsonen artean lan-diskriminaziorik ez gertatzeko neurriak hartzen ditu.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren berdintasun-neurriak honako hauekin bideratu dira: berdintasun-batzorde bat sortzea, berdintasun-plan bat egitea eta ordainsarien erregistro bat egitea, indarrean dagoen legediaren arabera.

Enpresan sartzen direnean, pertsona guztiei jakinaraziko zaie enpresak berdintasunarekin duen konpromisoa, Berdintasun Plana dagoela eta horrekin bat etorriz egindako jarduketak.

15. artikulua. Langileen prestakuntza.

Enpresak unibertsitateekin, eskola teknikoekin eta/edo Lanbide Heziketako eskolekin hitzar ditzakeen prestakuntza-akordio zehatzak gorabehera, zuzendaritzak plantillako langileen prestakuntza sustatuko du; horretarako, langileen gaikuntza profesionala eta haiek beren zeregin eta espezialitateetan egunean egoteko ekintzak proposatuko ditu.

Hori dela eta, enpresak erraztasun hauek emango dizkie langileei:

A) Ohiko lanaldia egokitzea, langileen prestakuntzarako ikastaroetan parte hartzeko.

B) Lanbide-prestakuntzarako edo -hobekuntzarako baimenak izatea, lanpostua gordeta.

C) Interesdun bakoitzak behar besteko aurrerapenaz jakinarazi beharko dio enpresari adierazitako neurriak justifikatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direla, langileen prestakuntza errazteko neurri egokiak hartu ahal izateko.

16. artikulua. Oporrak.

Zerbitzuan emandako urte bakoitzeko ordaindutako urteko oporraldia hogeita hamar egun naturalekoa izango da, horietatik 26 lanegunak izango dira nahitaez (larunbatak laneguntzat hartuko dira). Hamabost, gutxienez, jarraituak izango dira. Ahal dela, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean hartuko dira, enpresaren eta langileen legezko ordezkaritzaren arteko akordioak ezertan eragotzi gabe.

Oporrengatik oinarrizko soldataren hileko bat ordainduko da.

Enpresarekin lan-harremana hasten den urte naturalak oporrak hartzeko eskubidea emango du, eta hori urte horretan egiten diren lanegunen proportzioan kontabilizatuko da.

Behin betiko bajen eta eszedentzien kasuan, oporrak eskudirutan konpentsatuko dira, Langileen Estatutuko 38. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe.

Oporren taula urte bakoitzeko apirilaren 30a baino lehen egin beharko da.

Bestalde, abenduaren 24a eta 31 jaiegun izango dira langile guztientzat, oporren, atseden-egunen edo beste edozein baimenen zenbaketa orokorretik kanpo.

17. artikulua. Baimenak.

Honako egoera hauetan eta adierazitako denboran, langileak baimena izango du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, betiere aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu:

A) Ezkontzagatik edo izatezko bikotearen erregistroagatik: hogei egun natural. Baimen hori ezin izango da behin baino gehiagotan hartu 10 urteko aldi bakoitzean.

B) Bost egun, istripu edo gaixotasun larria baldin badu, ospitaleratu behar badu edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoa baldin badu ezkontideak, izatezko bikotekideak edo odol edo ezkontza bidezko bigarren gradurainoko ahaideak (izatezko bikotekidearen odol bidezko ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak.

Hiru egun ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen heriotzagatik. Arrazoi horregatik langileak 200 km-ko baino gehiagoko bidaia egin behar badu, epea bi egun luzatuko da.

C) Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.

D) Behar-beharrezkoa den denbora, publikoa eta pertsonala den eginbehar saihetsezin bat betetzeko, botoa ematea barne. Legezko edo hitzarmenezko arau batean denbora-tarte jakin bat zehazten bada, hark ezarritakoa beteko da absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez.

Aipatutako betebeharrak 3 hilabetean lanorduen ehuneko hogeitik gora betetzea eragozten badu, enpresak indarreko Langileen Estatutuaren 46.1 artikuluan araututako eszedentzia-egoerara igaro ahal izango du eraginpeko langilea.

Langileak, karguren bat edo beste betebeharren bat betetzeagatik ordaina jasotzen badu, zenbateko hori kendu egingo zaio enpresako soldatatik.

E) Sindikatuetako edo langileen ordezkaritzako egitekoak betetzeko behar duen denbora, legez edo hitzarmenez ezarritakoaren arabera.

F) Azterketetara joateko beharrezko diren baimenak, enpresaren jarduerarekin zerikusia duen titulu akademiko edo profesional bat lortzeko ikasketak erregulartasunez egiten direnean. Gainerako kasuetan, ordainsarirako eskubiderik gabe emango da baimena.

G) Norberaren gauzetarako: hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean bi egun izango dituzte norberaren gauzetarako, urteko oporraldia edo enpresaren eta langileen artean itundu daitekeen beste edozein atseden gorabehera.

H) Langileek, hamabi hilabete baino gutxiagoko seme-alaba edoskitzeko, lantokitik ordubete alde egiteko eskubidea izango dute, eta bi zatitan banatu ahal izango dute denbora hori. Langileak, bere borondatez, eskubide horren ordez lanaldia ordubetez murritz dezake lanaldia, helburu berberarekin. Bi gurasoek lan egiten badute, biek har dezakete baimena.

I) Legezko zaintza dela eta, hamabi urte baino gutxiagoko haur bat edo desgaitasuna duen pertsona bat (ordaindutako jarduerarik betetzen ez badu) zaindu behar duen langileak lanaldi-murrizketarako eskubidea izango du. Gutxieneko murrizketa lanaldiaren zortzirena izango da, eta gehienekoa, berriz, lanaldiaren erdia, eta soldata proportzionalki gutxituko da, murrizketaren arabera.

Baimen hori urtebeteko aldietarako itunduko da. Aldi bakoitza amaitu baino hilabete lehenago, langileak hala eskatzen badu eta egoera mantentzen dela egiaztatzen bada, aldi bererako berrituko da.

J) Jaio aurreko azterketak zein erditzea prestatzeko teknikak egiteko ezinbestekoa den denboraz eta, adopzio-, adopzio aurreko zaintza- edo harrera-kasuetan, lanaldiaren barruan halabeharrez egin beharreko informazio-saioetara joateko zein gaitasun-adierazpenaren aurreko halabeharrezko psikologia- eta gizarte-txostenak prestatzeko saioetara bertaratzeko behar den denboraz.

K) Kontziliazio-arrazoiengatik lanaldia egokitzeko legez ezarritako baimenen kasuan, horiek urtebeteko aldietarako itunduko dira. Aldi bakoitza amaitu baino hilabete lehenago, langileak hala eskatzen badu eta egoera mantentzen dela egiaztatzen bada, aldi bererako berrituko da.

18. artikulua. Borondatez lanpostua uztea.

Langileak bere borondatez baja hartzen duenean enpresaren zerbitzuan, enpresa behartua egongo da likidazioa egitera lan-harremana hautsi den egun berean. Langileek enpresari jakinarazi beharko diote lanpostua uzteko erabakia, hilabeteko aurreabisu-epea betez.

19. artikulua. Soldata.

Hitzarmen honi atxikitako langileen ordainsariak hitzarmen honetan finkatutako lanaldiari dagozkion oinarrizko soldata eta osagarriak dira. Orobat, langileen hartzekoak dira, zein bere kasuan, soldataz kanpoko kalte-ordainak edo konpentsazioak.

20. artikulua. Ordainsarien kontzeptuak.

Hauek dira aplikatu ahal diren ordainsarien kontzeptuak:

1. Oinarrizko soldata.

2. Osagarriak:

2.1. Hilekoak:

a) Igandeko plusa.

b) Karguagatiko plusa.

2.2. Hilabetez gorako muga-eguna dutenak:

a) Udako aparteko ordainsaria.

b) Urte amaierako aparteko ordainsaria.

21. artikulua. Oinarrizko soldata.

Langile bakoitzak bere lanbide-kategoriaren arabera esleituta duen ordainsaria da oinarrizko soldata, inguruabar pertsonalengatik, lanpostuagatik, kantitate edo kalitateagatik, karguagatik edo betetzen duen eginkizunaren beraren baldintzetatik kanpoko beste edozein egoeragatik jaso ditzakeen plusak eta osagarriak gorabehera.

Hitzarmen honi erantsitako soldaten tauletan ezarri dira kontzeptu horren zenbatekoak, lanbide-talde edo -kategoria bakoitzerako.

22. artikulua. Hileko osagarriak.

a) Igandeetan eta jaiegunetan lan egiteagatiko plusak.

Lanaldia igandean edo jaiegunean egiten duten langileek hitzarmen honen eranskinean ezarritako plusa jasoko dute. Era berean, lanaldi horietan edizioburuaren lana egiten duenaren kasuan, plusa hitzarmen honetan hari dagokion eranskinean ezarritakoa izango da.

Plus horiek jasotzeak ez du baliogabetzen hitzarmen honen 11. artikuluan jasotako asteko atsedenerako eskubidea.

b) Karguagatiko plusa.

Zuzendaritzak izendatuta hitzarmen honen 33. artikuluan xedatutako aldi baterako kargua duten langileek plus bat jasoko dute mandatu hori amaitu arte, izendatuak izan diren kargu zehatzaren arabera. Plus horrek proportzioan konpentsatzen du ordutegi-prestasun handiagoa.

23. artikulua. Aparteko ordainsariak.

Beren soldataren zati gisa, langileek aparteko ordainsari hauek jasotzeko eskubidea izango dute:

Udako ordainsaria: ekaineko nominarekin batera jasoko da, eta haren zenbatekoa bat etorriko da hileko soldata arrunt batekin (oinarrizko soldata).

Urte amaierako ordainsaria: abenduan jasoko da, hilaren 20a baino lehen, eta haren zenbatekoa udako ordainsariaren kontzeptu berberek osatuko dute.

Urtean zehar enpresan sartu edo enpresa uzten duten langileei zerbitzu-denboraren arabera hainbanatuta ordainduko zaizkie haborokin horiek. Arau hori bera aplikatuko zaie behin-behineko, bitarteko edo aldi jakin baterako kontratatutako langileei.

24. artikulua. Kilometrajea.

Norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena dagoen kasuetan, enpresak 0,29 euro ordainduko dizkio langileari, kilometro bakoitzeko.

25. artikulua. Ordaintzeko modua.

Nomina hilabeteka ordaintzen da, banku-transferentzia bidez, eta langilearen helbide elektroniko profesionalera bidaltzen da.

26. artikulua. Faltak.

Edozein egintza edo omisio, langileek diziplinaren edo lan-araubidearen aurka egindakoa, honela sailkatuko da haren garrantziaren edo asmo txarraren arabera: arina, astuna edo oso astuna.

Aipatu baino ez dira egiten hurrengo paragrafoetan adierazi multzoetako falta batzuk, izan daitezkeen beste batzuk baztertu gabe; horiek haiekin duten antzekotasunaren arabera sailkatuko dira.

–Falta arinak.

Honako hauek dira falta arinak:

A) Sartzeko ordutegi bat ezarrita dagoen kasuetan, lanera bost minututik gorako atzerapenarekin eta hogeita hamar minututik beherako atzerapenarekin iristea, gehienez ere hiru aldiz hilabete batean.

B) Baja dagokion garaian ez aurkeztea, justifikatutako arrazoi bat dela medio langilea lanera joaten ez denean, ezinezkoa izan dela frogatzen ez bada behintzat.

C) Lana uztea justifikatutako arrazoirik gabe, denbora laburrerako izan bada ere. Lana uzteagatik garrantzizko kalterik eragin bazaio enpresari, edo istripurik lankideei, falta hori larritzat edo oso larritzat hartu ahal izango da, kasuaren arabera.

D) Deskuidu txikiak materiala zaintzean.

E) Lanean jendea zein lankideak behar bezala eta egoki ez artatzea.

–Falta larriak.

Honako hauek dira falta astunak:

A) Hogeita hamar eguneko epean hirutan baino gehiagotan lanera berandu iristea justifikaziorik gabe. Lankide baten erreleboa hartu behar denean, nahikoa da behin lanera berandu iristea hori falta larritzat jotzeko.

B) Hogeita hamar eguneko epean, bi egunetan lanera ez etortzea, justifikatutako arrazoirik izan gabe.

C) Gaixo egotearen edo istripua edukitzearen itxurak egitea.

D) Zerbitzuko edozein gaitan goragokoen esanak ez betetzea. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen dionean, falta oso larritzat jo ahalko da.

E) Arduragabeki edo zabarki aritzea lanean, lan-jarduera onean eragina badu.

F) Zuhurtziagabekeria lanean. Jokabide horrek berak edo lankideek istripua izateko edo instalazioak matxuratzeko arriskua sortzen badu, falta oso larritzat jo ahalko da.

G) Falta arinak behin baino gehiagotan egitea, falta horiek berdinak edo desberdinak diren alde batera utzita, maila hartako lehen faltatik zenbatzen hasita, betiere hilabeteko denbora-tartean egiten badira.

H) Justifikatu gabe lanera berandu iristea hamar alditan baino gehiagotan sei hilabetean edo hogei alditan urtebetean.

–Falta oso larriak.

Honako hauek dira falta oso larriak:

A) Lanorduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe; edota beste enpresa batentzat lan egitea, indarreko araudian xedatutakoa urratuz.

B) Agindutako egitekoetan iruzur egitea, leialtasunik ezaz jokatzea edo konfiantzaz aprobetxatzea eta enpresari, lankideei edo edozein pertsonari lapurtzea, enpresaren egoitzan edota, lanaldian, edozein lekutan.

C) Enpresako lehengaiak, lan-tresnak, lanabesak, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, tresnak eta agiriak desagerraraztea, erabilezin bihurtzea, puskatzea edo hondatzea.

D) Enpresatik kanpo egindako lapurreta-, ebasketa- edo bidegabeko eralgitze-delituagatiko kondena, edo enpresari egilearekiko mesfidantza sor diezaiokeen beste edozein egintzarengatiko kondena.

E) Enpresaren gutunen eta isilpeko dokumentuen sekretua urratzea eta nahitaez isilpean mantendu beharreko datuak enpresatik kanpoko elementu arrotzei ematea.

F) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeriaz jardutea edo errespetu falta larria izatea nagusiei, lankideei eta mendekoei.

Ustezko agintekeriaren bat jasan duen langileak enpresaren zuzendaritzari jakinaraziko dio gertatutakoa, eta hark dagozkion izapideak egingo ditu hori argitzeko eta, hala badagokio, dagozkion zehapen-neurriak hartuko ditu.

G) Istripu larriak sorraraztea zuhurtziagabekeriaz edo zabarkeria barkaezinaz jokatzeagatik.

H) Erantzukizuneko lanpostuan lana uztea.

I) Lanean ohiko errendimendua nahita gutxitzea denbora luzez.

J) Falta larriak behin baino gehiagotan egitea, falta horiek berdinak edo desberdinak diren alde batera utzita, maila hartako lehen faltatik zenbatzen hasita, betiere sei hilabeteko denbora-tartean egiten badira.

K) Sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta LGTBI pertsonen aurkako jazarpena.

–Zehapenak.

Kasu bakoitzean, gehieneko zehapen hauek jarri ahalko dira, egindako faltaren larritasuna kontuan hartuta:

  • Falta arinengatik: idatzizko kargu-hartzea.
  • Falta larriengatik: bi eta hamar egun bitartean enplegua eta soldata etetea. Idazki arrazoitu bidez jakinarazi beharko zaie langileari eta langileen legezko ordezkaritzari.
  • Falta oso larriengatik: hamaika eta hogeita hamar egun bitartean enplegua eta soldata etetea. Nahitaezko lekualdaketa. Kaleratzea. Espedientea izapidetu beharko da; eragindako langileari entzun beharko zaio, eta zuribide-froga proposatzeko aukera izango du. Langileen legezko ordezkaritzari kontsulta egingo zaio, eta hark bere iritzi arrazoitua eman beharko du gehienez ere hiru eguneko epean.

–Preskripzioa.

Falta arinek hamar eguneko preskripzio-epea izango dute, larriek hogei egunekoa, eta oso larriek hirurogei egunekoa, enpresak faltaren berri izandako egunetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta handik sei hilabetera preskribatuko dira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, egintza gauzatu eta hemezortzi hilabetera preskribatuko dira leialtasunik eza eta konfiantza-abusua.

27. artikulua. Istripu-asegurua.

Laneko istripuen eta eritasun profesionalen ondoriozko arriskuen estaldura zein den gorabehera, haiek Gizarte Segurantzaren edo ugazaben mutualitatearen bidez kontratatu behar baitira nahitaez, enpresako zuzendaritzak istripu-aseguruko poliza, 36.061 eurokoa, izenpetuko du, bere kargura, enpresako langile guztientzat, edozein istripuren ondoriozko heriotza eta baliaezintasuna estaltzeko. Aseguru horrek indarra izateari utziko dio langileak enpresarekin duen lan-harremana eteten den unean.

28. artikulua. Mediku-azterketa.

Enpresak, mediku-zerbitzu egokien bidez, mediku-azterketa orokor bat egingo die urtero langile guztiei. Azterketa hori borondatezkoa izango da.

Azterketa horien emaitzen kopia emango zaio langile bakoitzari.

29. artikulua. Hitzarmenaren zaintza-batzorde parekidea.

Batzorde parekide bat sortuko da hitzarmen honetako apartatu guztiak betetzen direla zaintzeko eta kontrolatzeko, lan-agintaritzari edo jurisdikzio eskudunari horren inguruan dagokion eskumena ezertan eragotzi gabe. Hitzarmenean xedatutakoa interpretatzean eta aplikatzean sor daitezkeen arazo guztiak ebazteko eskumenak izango ditu.

Era berean, zaintza-lanak egingo ditu, bai eta hitzarmenaren eraginkortasun praktikora bideratutako jarduera guztiak ere.

Erabakiak adostasunez hartuko ditu.

Lau ordezkarik osatuko dute: enpresa-ordezkaritzak izendatutako bik eta langileen legezko ordezkaritzak izendatutako beste bik.

Langileen legezko ordezkaritza handitu ahal izango da, hala badagokio, gai-zerrendak edo jorratu beharreko gaiek, lan-ordezkaritza horren iritziz, presentzia hori beharrezkoa egiten dutenean.

Alderdi bakoitzak, aztertu edo baloratu beharreko gaiari dagokionez, beharrezkotzat jotzen dituen aholkulariekin batera parte hartu ahal izango du.

Batzordeak idazkari bat izendatuko du bere kideen artean, eta idazkari horrek bileraren edukiaren eta hartutako erabakien akta egingo du.

Batzordeak, bakarra baita hitzarmenaren esparru osorako, berariazko eginkizun hauek izango ditu:

A) Hitzarmena interpretatzea.

B) Itundutakoa betetzen dela zaintzea.

C) Alderdiek planteatutako arazo edo aferetan konponbidea bilatzea.

D) Nahitaez esku hartuko du batzordeak aipatu gaietan, alderdiek agintaritza edo jurisdikzio eskudunera jotzeko duten askatasuna galarazi gabe.

E) Batzordeko kideetako bat ez baldin badago, dagokion alderdiak izendatzen duen beste batek ordeztuko du. Langileen legezko ordezkaritzaren kasuan, langileen legezko ordezkaritzako kideetako bat izango da.

Batzordea bilduko da egun baliodunen hirurogeita hamabi orduko gehieneko epean, betiere alderdietako batek eskatzen duenean, batzordeko idazkariari idatziz jakinarazita. Bi ordezkaritzak hautatu eta beste alderdiari jakinarazi beharko zaizkio, hitzarmen kolektibo hau probintziako aldizkari ofizialean argitaratzen denetik gehienez ere hogei eguneko epean.

Batzordeak erabakitzen dituen ebazpenak emateko epea bost egunekoa izango da, bilera egiten denetik zenbatzen hasita. Akordioak aho batez hartuko dira eta pertsona interesdunei bilerako aktaren kopia bidez jakinaraziko zaie.

Nolanahi ere, bi alderdiek adierazten dute konpromisoa hartzen dutela sor daitezkeen desadostasunak, ahal dela, adosturiko adiskidetze- eta arbitraje-bideak erabiliz konpontzeko.

30. artikulua. Kategoriak eta erantzukizuneko karguak.

Hitzarmen honetan jasota dagoen langile-sailkapena azalpen hutsezkoa da, eta ez du behartzen kategoria eta kargu guztiak betetzera, enpresaren premiak eta lan-bolumenak halakorik eskatzen ez badute.

Lan-kategoria berriak definitzea edo hitzarmen honetan zerrendatutakoak, berau indarrean dagoen bitartean, berrikustea beharrezkoa den kasuetan, langileen legezko ordezkaritzaren eta enpresaren artean negoziatuz egingo da.

Lanbide-kategoriez gain, plusen sistema bat ezartzen da erantzukizuneko karguen jarduna ordaintzeko.

31. artikulua. Arloen definizioa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileak honako arlo hauetan sailkatuko dira:

1. Erredakzioa.

2. Administrazioa eta kudeaketa.

3. Arlo teknikoa.

1. Erredakzioko langilea. Beharrezko diren ezagutzak izanik, kazetaritza-lanak egiten ditu, haren alderdi literario, grafiko eta maketaziokoari dagokionez, edo hartan parte-hartzen du zeregin osagarriak eginez.

2. Administrazioa eta kudeaketa. Arlo honetan sartzen dira enpresaren kudeaketa administratibo eta ekonomikoari dagozkion jarduerak egiten dituzten profesionalak.

3. Teknikariak. Profesional kualifikatuak dira, eta, besteak beste, enpresako sistema informatikoez, horien mantentze-lanez eta aplikazio berrien garapenaz, aplikazio horiek ustiatzeko prest jartzeaz eta erabiltzaileei arreta emateaz arduratzen dira. Era berean, beren kualifikazio profesionalaren barruan, enpresak dituen inprimaketa-aurreko makinen, ekipo informatikoen eta instalazio komunen (aire girotua, ekipo elektrogenoa eta abar) mantentze prebentiboa eta zuzentzailea egiten dute, eta gorabehera informatikoak konpontzen dituzte eta ustiapenak eskatzen dituen errutinak gauzatzen dituzte.

32. artikulua. Kategoriak.

Kategoria langile bakoitzari, eskuratutako lanbide-gaitasunen arabera, emandako lanbide-kualifikazioari dagokio.

1. Erredakzioa.

Arlo horretan sartzen dira:

a) Erredaktoreak. Lan batez ere intelektuala egiten duten kazetariak, modu literarioan eta testu, irudi eta maketak uztartuta; era berean, informazio-alor bat lantzeko enkargua dute, eta beren zeregina informazioa editatzeko prest dagoenean amaitzen dute.

Erredaktoreak kategoria hauetan sartzen dira: 1. erredaktorea, 2. erredaktorea, 3. erredaktorea, 4. erredaktorea, 5. erredaktorea eta 6. erredaktorea (praktiketan). Kategoria arrunta 3. erredaktorearena da; hortik behekoak prestakuntza- eta garapen-aldiei edo zeregin espezifikoei dagozkie, eta goragokoak, berriz, zuzendaritzak berariaz emandako aitorpenari.

b) Diseinatzaileak, 1. diseinatzailearen, 2. diseinatzailearen eta praktiketako diseinatzailearen kategorietan, kualifikazioaren edo bete beharreko zereginen arabera.

c) Erredakzioko laguntzaileak. Laguntzako funtzio tekniko ezberdinak egiten dituzten erredakzioko langileak hartzen ditu; 1. erredakzioko laguntzailearen eta 2. erredakzioko laguntzailearen kategoriak dituzte, kualifikazioaren edo zereginen arabera.

2. Administrazioa eta kudeaketa.

Arlo honetan sartzen dira:

a) Administrazioko goi-mailako ofiziala.

b) Administrazioko lehen mailako ofiziala.

c) Administrazioko bigarren mailako ofiziala.

d) Administrari laguntzaileak.

e) Telefonistak.

a) Administrazioko goi-mailako ofiziala. Maila profesional egiaztatua duten langileak dira, beren agindupean langileak dituztenak edo ez dituztenak, eta arloko berezko eginkizunak betetzen dituzte hierarkian gorago dagoen baten mende.

b) Administrazioko lehen mailako ofiziala. Ekimena eta erantzukizuna izanik, beren agindupean langileak izan edo ez, arloko berezko eginkizunak betetzen dituzten langileak dira, hierarkian gorago dagoen baten mende.

c) Administrazioko bigarren mailako ofiziala. Erantzukizun mugatua duten langileak dira eta, arloburuaren eta lehen mailako ofizialen mende, halakorik badago, arloko berezko eginkizunak betetzen dituzte.

d) Administrari laguntzaileak. Halakotzat hartzen dira arloko berezko eginkizun osagarriak betetzen dituzten administrariak.

e) Telefonistak. Telefonogune batez arduratzea eta funtzio horren administrazio-lan osagarriak betetzea dute helburu langile horiek.

3. Arlo teknikoa.

Arlo honetan sartzen dira informatikako teknikariak, kategoria hauetan: lehen mailako teknikaria, bigarren mailako teknikaria, hirugarren mailako teknikaria, eta praktiketako teknikaria, egin beharreko kualifikazioaren, garapenaren eta/edo zereginen arabera.

33. artikulua. Karguak.

Kargutzat hartzen da zuzendaritzak modu diskrezionalean emandako aldi baterako erantzukizuna, koordinazio-, antolaketa- eta/edo zuzendaritza-lanetan etengabe eta denbora zehaztugabean gauzatzen dena. Haren izaera diskrezionala, aldi baterakoa eta lanaldi osoko egoera bati lotua da. Izendatzeko eta erantzukizuna hartzeko idazki batean zehazten da. Karguak ekonomikoki konpentsatzen dituen plusa ezin da finkatu.

1. Erredakzio-arloa.

Eduki editorialaren eta ordezkaritza publikoaren gaineko erantzukizun handienarekin zerikusia duten zuzendari- eta zuzendariorde-karguez gain, karguen egitura honela banatzen da:

a) Erredaktoreburuak. Zuzendariak eskuordetuta, erredakzio osoaren gaineko erantzukizun globala duten kazetariak dira. Bertan, esparru bateko edo batzuetako edukiak eta edizio literarioa eta grafikoa gainbegira eta koordina ditzakete.

b) Arloko buruak. Erredakzioaren eremu bat antolatzeko erantzukizuna beren gain hartzen duten kazetariak dira, alde batera utzi gabe hortik erredakzio osoaren zuzendaritza-lanean parte hartzea.

c) 1. ondokoa. Aurrekoei edukiak koordinatzen eta editatzen laguntzen dieten kazetariak edo diseinatzaileak dira, eta, hala badagokio, haiek ordezten dituzte ez daudenean.

d) 2. ondokoa. Lan teknikoetan eta koordinazioan laguntzen dutenak dira, aurrekoena osatzeko eta, hala badagokio, haiek ez daudenean ordezteko.

e) Kronikariak. Informazio-arlo zabal baten jarraipen orokor eta jarraitua bere gain hartzen duten kazetariak dira, eta zuzendaritzaren argitalpen-irizpideak aplikatzeko orduan erantzukizun eta autonomia handiagoa dute.

2. Administrazioa.

a) 1. administrazioburuak. Arloko jardueren antolaketa eta erantzukizuna bere gain hartzen duten langileak dira, eta arlo horretako langileak kontrolatzeko eta agintzeko gaitasuna dute.

b) 2. administrazioburuak. Arloko jarduerak antolatzen laguntzen duten langileak dira, eta arlo horretako langileak kontrolatzeko eta agintzeko gaitasuna dute.

3. Arlo teknikoa.

a) Arlo teknikoko burua. Informatika-arloko taldea zuzentzeko eta koordinatzeko erantzukizuna du, eta, aldi berean, eremu horretan finkatutako zereginak eta helburuak betetzeaz arduratzen da.

34. artikulua. Sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta LGTBI pertsonen aurkako jazarpenaren aurkako protokoloa.

Enpresak sexu-jazarpenari, sexuan oinarritutako jazarpenari eta LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari aurre egiteko prebentzioarekin eta jarduerarekin duen konpromisoa azpimarratzen du.

Horren ondorioz, eta Berdintasun Plana betez, sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta LGTBI pertsonen aurkako jazarpena prebenitzeko protokolo bat ezarri da, Aholkularitza Konfidentzialeko Batzorde bat izendatu da hura kudeatzeko, eta protokolo hori erakundean zerbitzuak ematen dituzten langile guztiei aplikatzen zaiela jakinarazten da, izan langile propioak edo izan beste enpresa batzuetatik datozenak.

35. artikulua. Urrutiko lana kontziliazioa dela eta.

Enpresako lanpostu guztiak presentzialak dira.

Baigorri Argitaletxe SAren Berdintasun Planean ezarritako kontziliazio ardurakidea bultzatzeko helburu espezifikoaren ildotik, eta lanaren antolaketaren jasangarritasunak ahalbidetzen duen guztietan, bi kasuistika aurreikusten dira.

–Urrutiko lana, noizbehinkakoa edo irregularra, kontziliazioko edo lana antolatzeko arrazoiengatik (irekierak, itxierak etxetik). Asteko lanaldiaren %25eko muga ezartzen da.

–Urrutiko lan erregularra, kontziliazioko arrazoiengatik, mendeko adingabeak edo adinekoak zaintzeko egoeretan. Neurri hori aldi baterakoa eta dinamikoa izango da, eta gutxieneko presentzialtasuna bermatu beharko du.

Erregresiboa izango da adingabeak zaintzen direnean. Lehen tartea %100eraino irits daiteke, 3 urtera arte; bigarren tartea, derrigorrezko hezkuntzako adinera arte; eta hirugarren tartea, 12 urtera arte –bigarrena eta hirugarrena eskola-ordutegiari lotuta egongo dira–.

Mendekotasun-egoeran dauden adinekoen kasuan, progresiboa izango da, eta mendekotasun-maila eta langilearen zaintzaile-izaera justifikatu beharko dira.

Lortzen diren akordioak idatziz jasoko dira, eta urtebeteko gehieneko balioa izango dute. Ondoren, langileak hala eskatuta, premia-egoera eta bi alderdientzako akordiorik bideragarriena baloratuko dira berriro.

36. artikulua. Lan Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.

Hitzarmen honetan jasotako baldintzak ez aplikatzeari buruzko Langileen Estatutuaren 82,3 artikuluarekin bat etorriz, Hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak ez aplikatzeko lanaldiari, soldatari, ordutegiari eta lan eta errendimendu denboraren banaketari eta Gizarte Segurantzaren babes-ekintzaren borondatezko hobekuntzeei dagokienez, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziozkoengatik, kontsulta aldia agortu eta Batzorde Parekideak adostasunik gabe esku hartu ondoren, gatazkak ebazteko judizioz kanpoko prozeduren mende jarriko dira alderdiak, nahitaezko arbitrajea alde batera utzita.

37. artikulua.

Hitzarmen honetan berariaz arautu ez diren gaiei dagokienez, indarreko Langileen Estatutuak, Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoak eta aplika daitezkeen gainerako xedapen orokorrek eta enpresaren barruko ohiturek eta usadioek gai horiei buruz ezartzen dutena hartuko da kontuan.

GEHIGARRIA.–SOLDATA TAULA 2024

Erredaktorea 1

1.821,95

Erredaktorea 2

1.704,60

Erredaktorea 3

1.610,04

Erredaktorea 4

1.350,95

Erredaktorea 5

1.179,60

Erredaktorea 6 (praktiketan)

1.136,00

Diseinatzailea 1

1.610,04

Diseinatzailea 2

1.350,95

Diseinatzailea praktiketan

1.136,00

Erredakzioko laguntzailea

1 1.416,04

Erredakzioko laguntzailea

2 1.212,26

Adm. Goi-mailako ofiziala

1.744,68

Adm. 1. mailako ofiziala

1.212,26

Adm. 2. mailako ofiziala

1.136,00

Adm. Laguntzailea

1.136,00

Telefonista

1.136,00

1. mailako Teknikaria

1.821,95

2. mailako Teknikaria

1.704,60

3. mailako Teknikaria

1.610,04

Teknikaria praktiketan

1.136,00

–Igande / Jai egunen Plusa:

Igande / Jai egunak

54,64 euro

Igande / Jai egunetako edizio buruak

103,1 euro

–Karguagatiko Plusak:

Erredaktore burua

680,81 euro

Arloko burua

509,19 euro

Publikazio burua

509,19 euro

Kronista

306,90 euro

Ondokoa 1

202,29 euro

Ondokoa 2

90,26 euro

Administrazio burua 1

463,95 euro

Administrazio burua 2

347,00 euro

Teknikari burua

306,90 euro

Iragarkiaren kodea: F2406091