85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

740E/2024 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez 2024ko dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira landunei zuzendutako prestakuntza programak egiteko, eta 1.700.000 euroko gastua baimentzen baita. DDBN identifikazioa: 751678.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzeko eta enplegua sortzeko behar diren jarduketei heltzeko, jardunbide egokiak bultzatuz elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta. Horrela langileen enplegagarritasunaren hobekuntza zainduko da, horixe baita enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren azken helburua.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duenak, eta lege hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote eta, hala, esparru juridiko berria ezarri dute prestakuntza arloko ekimenentzat.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, administrazio eskudunek prestakuntza eskaintza finantzatzeko dirulaguntza publikoak nola eman arautzeko oinarriak ezarri ziren. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean dago landunei zuzentzen zaien administrazioen ekimena, mota desberdinetako prestakuntza programen bidez garatzen dena.

Agindu horretan aurreikusitakoa garatzeko, deialdi honetako dirulaguntzen xede dira zeharkako prestakuntza programak, bai eta ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako programak, langile autonomoentzako zeharkako programak eta desgaitasuna duten langileentzako zeharkako programak ere.

Aurreko urteetan, deialdi honen aurrekontuaren gauzatze portzentajeak honako hauek izan ziren: %83,12, 2020ko deialdian; %78,75, 2021ekoan; eta %86,43, 2022koan. 2024rako dirulaguntzen deialdi honen helburua da aurrekontuaren %85 baino gehiago gauzatzea berriz ere.

Deialdi horietan programatutako prestakuntza bukatu zuten pertsonen portzentajeari dagokionez, 2020ko deialdian, ikastaroa hasi zuten pertsonen %79,36k bukatu zuten; %86,21ek, 2021ekoan; eta %87,51k, 2022koan. Deialdi honen helburua da, berriz ere, ikasleen %85ek gutxienez bukatzea prestakuntza ekintza.

Bestalde, deialdi honen bidez murriztu nahi da lanbide arlo jakin batzuetan dagoen segregazio horizontala, hala nola Eraikuntza eta Obra Zibilean, Elektrizitatea eta Elektronikan, Energia eta Uran, Instalazioa eta Mantentze-lanetan, eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanetan; izan ere, emakumeak parte-hartzaile guztien %10 baino gutxiago dira haietan. Hala, aurreikusten da gutxienez 75 emakumek egitea lanbide arlo horietako prestakuntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak bat datoz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin.

Deialdi honek zuzeneko eragina du 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean sartutako O.E.2.2.4 helbururako (Irismena hobetzea, prestakuntza lurralde guztietara eta talde guztietara zabalduz) neurri hauetan: "Prestakuntza eskaintzaren optimizazioa eta arrazionalizazioa, lurraldeen premiak kontuan izanda" eta "Emakumeen partaidetza sustatzea gutxi diren sektoreen prestakuntzan".

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau arautuko duten oinarriak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

2. Nafarroako Foru Komunitatean, 2024an landunei zuzendutako prestakuntza programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onestea.

3. Guztira 1.700.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuko "Landunen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren kontura, honela banatuta:

  • 1.300.000 euro, zeharkako prestakuntza programetarako.
  • 150.000 euro, ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programetarako.
  • 150.000 euro, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programetarako.
  • 100.000 euro, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programetarako.

4. Zenbateko gehigarri bat baimentzen ahalko da, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) erregelako 2. kasuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko ebazpena aipatu aldizkarian argitaratzen den eguneko biharamunera arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da prozedura arautzea dirulaguntzak emateko Nafarroako Foru Komunitatean landunei zuzendutako prestakuntza programak finantzatzeko.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate publikoak edo pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak barne, baldin eta kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, prestakuntza ekintzaren berri emateko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Era berean, eta 5.3 oinarrian finantzaketaren mugari buruz ezarritakoa alde batera utzi gabe, inskribatutako prestakuntza entitateen elkarteek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Elkarte horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu Nafarroan inskribatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, ekintzen berri emateko jarduerak egin aurretik, zer instalazio edo lokal erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta horiek eskura dituela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Edonola ere, instalazio horiek inskribatuta egon beharko dute eskatutako prestakuntza ekintzetarako, lehenengo paragrafoan adierazitako epe berean.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta hura osatzen duten entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Deialdi honen babesean, mota hauetako prestakuntza programak gauzatzeko ematen ahalko dira dirulaguntzak:

a) Zeharkako prestakuntza programak, prestakuntza tekniko-profesionaleko eta/edo zeharkako prestakuntzako beharrei erantzuten dieten prestakuntza ekintzez osatuak, lanbide gaitasunekin loturiko kualifikazio premiei erantzuteko.

b) Ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

c) Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

d) Gutxienez %33ko desgaitasun aitortua duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

3.2. Dirulaguntzak ematen ahal dira bai prestakuntza espezialitate bakar batez osatutako prestakuntza ekintzak biltzen dituzten prestakuntza programak gauzatzeko, bai prestakuntza espezialitate batez baino gehiagoz osatutako prestakuntza ekintzak biltzen dituztenetarako; prestakuntza ibilbidea esaten zaio bigarren aukera horri.

Prestakuntza ibilbideen kasuan, prestakuntza espezialitateak osorik edo moduluka ematen ahal dira, betiere modulutan banatuta agertzen badira irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan xedatzen den Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan:

https://sede.sepe.gob.es/FOET_CATALOGO_EEFF_SEDE/flows/main?execution=e1s1

Prestakuntza ibilbideen kasuan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliozkotu beharko du aurkezten den prestakuntza, horretarako adierazten diren jarraibideak betez.

Dirulaguntzak ematen ahalko dira III. eranskinean aipatzen diren prestakuntza espezialitateak gauzatzeko, kontuan hartu gabe prestakuntza ibilbide bat osatzen duten ala ez.

Salbuespen gisa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza ematen ahalko du III. eranskinean jasotakoez bestelako prestakuntza espezialitateak emateko, baldin eta espezialitateen katalogoan badaude eta entitate eskatzaileak eskaera arrazoitua egiten badu.

3.3. Prestakuntza programak dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera gauzatzen ahalko dira, 2025eko ekainaren 30era arte.

3.4. Prestakuntza ekintza guztietan, eraldaketa digitaleko, garapen jasangarriko eta genero zeharkakotasuneko orduak sartu behar dira.

Honako hauei buruzko prestakuntza jarduketak dira: lan-ingurunean teknologia digital berriak integratzea eta teknologia horiek duten eragina (zerbitzu berriak sortzea, profil profesionalak aldatzea edo sortzea, lan prozesuak aldatzea, komunikazio kanal berriak, etab.); garapen jasangarria (egungo premiak asetzea ahalbidetzen duen garapena, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe, eta oreka bermatuta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte ongizatearen artean); eta genero zeharkakotasuna. Genero zeharkakotasuna estrategia eraginkor bat da emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiteko, genero-desberdintasunak ezabatzeko, lan prozedurak eta metodoak zuzentzeko eta arlo horretan gizarte aldaketarako joerak sustatzeko.

Ematen diren prestakuntza ekintzekin lotuta egon beharko du, eta prestakuntza horretan erabiltzen den irakaskuntza modalitate bera erabili beharko da. Prestakuntza emateko modalitatea mistoa denean, modalitate presentzialean zein teleprestakuntzakoan ematen ahalko da.

Eraldaketa digitaleko prestakuntza prestatzeko, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestatutako erreferentzia-materialak erabiltzen ahalko dira: https://sites.google.com/happeninn.es/tdndicefamprofesionalessne/Indice-TD-SNE-familias-profesionales.

Halaber, Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko prestakuntza espezialitate batzuk erabiltzen ahalko dira erreferentzia-material gisa.

Finantzatu daitekeen gehieneko zenbatekoa prestakuntza ekintzaren iraupenak zehaztuko du:

–50 ordutik beherakoa bada: 2 ordu.

–100 ordutik beherakoa bada: 5 ordu.

–100 ordu edo gehiago badira: 10 ordu.

Entitateak hiru eremuen artean banatzen ahalko ditu orduak, egokitzat jotzen duenaren arabera.

3.5. Modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzak eskolak emateko sistema bimodal baten bidez ere egin ahalko dira, irakasleak eta parte-hartzaile batzuk modu presentzialean aritzen direla eta gainerako parte-hartzaileak modu birtualean aritzen direla. Horrela, parte-hartzaile batzuk ikasgelan egonen dira eta, aldi berean, beste batzuk beste toki batzuetatik arituko dira prestakuntzan, modu partekatuan, ikasgela birtualaren bidez.

3.6. Eskolak emateko sistema bimodalean, ikasgela birtual bidezko prestakuntzak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Ikasgela birtuala erabiltzen ahalko da modalitate presentzialeko prestakuntza ekintzetan, bai eta modalitate mistoko eta teleprestakuntzako ekintzen zati presentzialean ere.

–Ondorio horretarako, honako hau hartzen da ikasgela birtualtzat: tutore-prestatzaileak eta ikasleak harremanetan egoteko ikaskuntza ingurune bat, non denbora errealean elkartzen diren, ezagutzak trukatzeko aukera ematen duen komunikazio sistema telematiko eta sinkrono baten bitartez, ikasgelan parte hartzen dutenei ikasteko aukera emanik.

–Ikasgela birtualaren bitartez emanen den prestakuntza egituratzean eta antolatzean kontuan izan behar da une oro bermatu beharra dagoela prestatzaileak eta parte hartzen duten ikasleak konektatuta egonen direla modu sinkronizatuan, eta komunikazioak bi noranzkokoak izanen direla.

–Ikasgela birtualaren aplikazioak sortutako konexioen erregistro bat izanen da, eta bertan identifikatuko dira, baliabide horren bidez garatutako prestakuntza ekintza bakoitzerako, ikasgelan parte hartzen duten pertsonak, ekintzen datak eta konexio-denborak. Horrez gainera, prestakuntzaren frogak gorde beharko dira (taldeko saioen pantaila argazkien edo grabazioen medioz, adibidez).

–Entitate onuradunak ikasgela birtualerako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

–Irakasleek sinadura orria aurkeztu beharko dute egunero, prestakuntzan parte hartu dutenen izenak adierazita.

3.7. Eguneko eskola-orduak ezin izanen dira 8 baino gehiago izan, eta asteko muga 40 izanen da.

3.8. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean ematen direnean, gehienez ere 30 parte-hartzailek parte hartzen ahalko dute talde bakoitzean.

3.9. Teleprestakuntzako modalitatean eta modalitate mistoan, gutxienez tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

3.10. Modalitate mistoan edo teleprestakuntzakoan, entitate onuradunak plataformako esteka eta sarbide-gakoak emanen dizkie Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko teknikariei, prestakuntza jarduera kontrolatzeko eta jarraipena egiteko.

3.11. Prestakuntza ekintzak euskaraz ere eman ahalko dira.

4.–Irakasleei ordaintzea.

4.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleei egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza bukatu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko memoria ekonomikoan eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

4.3. Honela kalkulatuko da orduko kostua: prestakuntza ekintzarako eskatutako dirulaguntzaren %35 zati ekintza horren ordu guztien kopurua.

Zatiketa eginda ateratzen den orduko kostua 40 euro baino gutxiagokoa baldin bada modalitate presentzialean edo 30 euro baino gutxiagokoa teleprestakuntzan, orduko kostua, gutxienez ere, 40 eurokoa izanen da modalitate presentzialean eta 30 eurokoa teleprestakuntzan. Modalitate mistoan, kasuan kasuko kostuak aplikatuko dira, zenbat ordu eman diren modalitate presentzialean eta zenbat teleprestakuntzan.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35 izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.

4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio itzul dezala eskatutako dirulaguntzaren %35 gehienez, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Prestakuntza programa bakoitzagatik emanen den dirulaguntza ez da izanen 11.1 oinarrian adierazitakoa baino handiagoa.

Prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen III. eranskinean zehaztutako modulu ekonomikoak baino handiagoa; modulu horiek parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko dira, lanbide arloaren eta prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

Prestakuntza ibilbide bat emateko eskatzen bada dirulaguntza, emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen haren berariazko modulua baino handiagoa; modulu hori parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finkatuko du, dirulaguntza ematen duenean, ibilbide horrekin loturiko lanbide arlorako.

5.2. Teleprestakuntza modalitatearen modulu ekonomikoa modalitate presentzialerako ezarritako modulu ekonomikoaren %75 izanen da.

Modalitate mistoan, prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

5.3. Prestakuntza programa motetako bakoitzean (3.1 oinarrian zehazten dira), gehienez ere prestakuntza programa bat finantzatuko da entitate eskatzaile bakoitzeko. Muga hori entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo beste entitate batzuekin elkartuta aurkezten den.

Salbuespen gisa, eskaintza Iruñeko eskualdean pilatu ez dadin eta euskarazko prestakuntza eskaintza bultzatzeko, honako hauek finantzatzen ahalko dira entitate bakoitzeko:

–Zeharkako prestakuntza programa bat euskaraz.

–Eskualdekoa ez den zeharkako prestakuntza programa bat.

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programa bat baino gehiago, eskualde desberdinetan badira.

Euskarazko prestakuntza programen prestakuntza ekintzak euskaraz eman beharko dira, eta ez da onartuko beste hizkuntza batean ematea. Ekintza horiek Nafarroako edozein herritan egiten ahalko dira.

Eskualdeko programak dira enplegu agentziei esleitutako herrietan ematen direnak hasieratik bukaerara.

Eskualdeko prestakuntza programen kasuan, dirulaguntzak ematen ahalko dira, soilik, modalitate presentzialean eta/edo mistoan egiten diren prestakuntza ekintzez osatutako prestakuntza programak egiteko.

Eskualdeko zazpi programa hauek ezarri dira:

–Altsasuko eskualdea.

–Agoizko eskualdea.

–Doneztebeko eskualdea.

–Lizarrako eskualdea.

–Lodosako eskualdea.

–Tuterako eskualdea.

–Tafallako eskualdea.

6.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan sartzen diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzu ordainduak ematen dituztenak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian egonik langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuta dauden besteren konturako nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa inskribaturik badaude.

Ez da beharrezkoa izanen lan eskatzaile gisa izena ematea arau espezifiko batek hala aurreikusten badu, eta, bereziki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribatuta dauden gazteen kasuan, Gazte Bermearen Sistema Nazionala bultzatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 23ko 6/2016 Errege Lege-dekretuan xedatutakoaren arabera, salbu eta 7. oinarrian xedatutako beken edo laguntzen eskatzailea bada, kasu horretan lan eskatzaile gisa inskribatuta egon beharko baitu.

Deialdi honetan sartzen diren prestakuntza ekintzetan, langabeak gehienez ere %30 izanen dira prestakuntza programa osoan, programaren barnean prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

f) Administrazio publikoetako langileek 3.1.a) oinarrian aurreikusitako prestakuntza programetan parte hartzen ahalko dute, baina gehienez ere plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10 izanen dira.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe programaren parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

6.2. Langileak prestakuntzaren hasieran zein lan egoeratan dauden, horren arabera esanen da langileak lanean ari direla edo lanik gabe daudela.

6.3. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.4. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

6.5. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzaren sarbidean: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen mendean dauden langileak (baldin Enplegua babesteko zenbait neurri sozial hartu zituen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzetan badaude), emakumeak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzutik igorritako pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak, kualifikazio apaleko pertsonak, 45 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak, luzaroko langabeak eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio apaleko pertsonatzat hartuko dira prestakuntza hasten denean kotizazio talde hauetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Luzaroko langabetzat hartuko dira hautaketa egin aurreko 540 egunetan gutxienez 360 egunez langabezian egon eta enplegu zerbitzu publikoetan lan eskatzaile gisa izena emanda egon direnak.

6.6. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru bertaratze-hutsegite baino gehiago egitea hilabete batean.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza entitateko langileekin.

e) Prestakuntza entitateko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza entitatearen funtzionamendu araudian agertzen ahal den beste edozein.

6.7. Arrazoi justifikaturik gabe prestakuntza ekintza uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman, ezta parte hartu ere, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako prestakuntzari buruzko bere atariaren bidez, iragartzen dituen prestakuntzetan, prestakuntza ekintza uzten dutenetik hiru hilabete igaro arte. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.8. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

6.9. Prestakuntza ekintzaren ikaskuntzaren ebaluazioa eginen da. Alderdi horiek modu independentean ebaluatuko dira prestakuntza espezialitate bakoitzean. Parte-hartzaile bat espezialitate batean gai dela jotzeko, espezialitate horretako orduen %75era, gutxienez ere, joan beharko du, eta hura probetxuz gainditu.

7.–Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta lan eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Gobernuaren atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Eskaera horietan jasotako informazioa IRIS aplikazio informatikoaren Beken atalean erregistratu beharko da, erabilgarri badago.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Emakumeak bertaratzeko beka.

Honako lanbide arlo hauetako prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten emakumeentzat izanen da: Eraikuntza eta Obra Zibila; Elektrizitatea eta Elektronika; Energia eta Ura; Instalazioa eta Mantentze-lanak; eta Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean parte hartzen badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean diruz lagundutako lanbide arlo horietako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Nafarroako Gobernuko Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak edo erakunde baliokideak egiaztatutako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat izanen da. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

d) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleak inskribatuta dauden enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa bada hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko bizilekutik ikastetxera joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraiorako norberaren ibilgailua erabiltzeagatiko laguntza eskubidea izaten ahalko da. Inguruabar hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

e) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

f) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, inguruabar hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 33,33 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

g) Kontziliaziorako laguntza.

Laguntza hau jasotzen ahalko dute 12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen senideren bat (2. mailara artekoa) duten langabeek, baldin eta haiekin bizi badira eta OAEAParen %75etik gorako errentarik ez badute.

Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat. Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Parte-hartzaileek prestakuntza saio presentzialetara bertaratu beharra dutenean baino ez dira eskuratuko bekak eta laguntzak.

Nolanahi ere, bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintzan hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe.

8.–Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

8.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuta. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eskabide-eredu normalizatua erabiliko da.

8.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

Entitate berak ezin izanen du finantzaketarik eskatu, deialdi honen kargura, mota bereko prestakuntza programa bat baino gehiago gauzatzeko (3.1 oinarrian zehazten dira mota horiek), salbu eta finantzaketa eskatzen badu 5.3 oinarrian adierazitakoaren arabera. Muga hori entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaio, kontuan hartu gabe banaka edo beste entitate batzuekin elkartuta aurkezten den.

Entitate batek aurreko paragrafoan ezarritako eskabideen muga betetzen ez badu, aurkeztutako azken eskabidea bakarrik hartuko da kontuan.

8.3. Entitate eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Behar adina instalazio eta giza baliabide badituela dioen adierazpena, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoko espezialitateen prestakuntza emateko.

d) Entitate eskatzailearen adierazpena, adierazten duena eskaeran emandako informazioa eta datuak benetakoak direla.

Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

8.4. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskaera-orria sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza programaren laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera (www.nafarroa.eus).

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 10.2 oinarriko berdintasunaren irizpidea frogatzea, hala badagokio.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio osagarri eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek igortzea, aurrez beste edozein administraziotan aurkeztu badira. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

8.5. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

9.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztuta, eskaerak deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua eginen zaie akatsak zuzen ditzaten, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuta. Horretarako 10 egun balioduneko epea emanen zaie, errekerimendua jaso eta biharamunetik zenbatuta, eta, halaber, adieraziko zaie hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

9.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

10.–Balorazio irizpideak.

10.1. Balorazio irizpideak aplikatzeko, 2022ko ekitaldiko datu kontsolidatuak hartuko dira kontuan.

10.2. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, gehienez ere 70 puntu bitarte:

A) Entitate eskatzaileak programa garatzeko duen gaitasun frogatua: 35 puntu gehienez, honela banatuta:

2.1. oinarrian aurreikusitako elkarteen kasuan, prestakuntza emanen duen entitateak eskaera egiteko unean duen gaitasuna baloratuko da.

A.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren galdetegietan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zer puntuazio lortu zuen entitate eskatzaileak 2022an bukatutako prestakuntza ekintzetan parte hartu zuten pertsonei egindako galdetegietan, zehazki, landunei zuzenduta zeuden eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zituen prestakuntzako dirulaguntzen deialdietakoetan.

Kalkulua honela eginen da: galdetegietako 3 baliotik 4 baliora arteko tartea hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) 0 puntu emanen zaio, eta gehieneko balioari (4), berriz, 15 puntu; hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tartean.

2022an prestakuntza emateko onuradun izatea lortu ez zuten entitateei, aldiz, urte horretan kontzeptu honengatik jaso zuten puntuazioaren %75 emanen zaie.

A.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2022ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean. Portzentajea %10 baino txikiagoa denean, 10 puntu emanen dira. Portzentajea %50 baino handiagoa denean, 0 puntu emanen da.

Entitate baten 2022ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, ez zaio punturik emanen.

A.3. Berdintasuna.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat, indarrean eta Nafarroako Gobernuaren edo Espainiako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta; edo, bestela, adierazpen bat aurkezten badu, esaten duena genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela honako esparru hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

A.4. Eraginkortasuna dirulaguntzaren kudeaketan.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Martxoaren 8ko 996E/2022 Ebazpenaren bidez araututako dirulaguntza kudeatzen izandako eraginkortasuna baloratuko da (dirulaguntza hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zuen, landunei zuzendutako prestakuntza programak egiteko).

Emandako dirulaguntzaren %90 gutxienez gauzatu duten entitateei 5 puntu emanen zaizkie. Uko partzialen kasuan, dagokion deialdian ezarritako epean gertatu badira, gauzatze maila kalkulatzeko, uko egitearen ondotik ateratzen den dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko da erreferentziatzat.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

B) Prestakuntza ekintzen alderdi teknikoak: 35 puntu gehienez ere, honela banatuta:

B.1. Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 15 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: lehentasunezko pertsonen portzentajea %30 eta %90 bitartean dagoenean, 0-15 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean. Portzentajea %90 baino handiagoa denean, 15 puntu emanen dira. Portzentajea %30 baino txikiagoa denean, 0 puntu emanen da.

6.5 oinarrian adierazitakoak hartuko dira lehentasunezko pertsonatzat. Programan lehentasunezko pertsonatzat hartutako parte-hartzaileen kopurua zehazteko, parte-hartzaile bat kolektibo batekin baino gehiagorekin identifikatzen ahal bada, behin baino ez da zenbatuko.

B.2. Parte-hartzaileen lurralde-eremua.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion parte-hartzaileen portzentajea %50 eta %90 bitartean dagoenean, 1-20 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean. Portzentajea %90 baino handiagoa denean, 20 puntu emanen dira. Portzentajea %50 baino txikiagoa denean, 0 puntu emanen da.

Pertsona horiek Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkiola ulertuko da komunitate horretan bizi badira.

10.3. Martxoaren 8ko 996E/2022 Ebazpenaren bidez araututako dirulaguntza (landunei zuzendutako prestakuntza programak irakasteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zuena) ez gauzatzeak penalizazio hauek ekarriko ditu:

–Emandako dirulaguntzaren %10era arteko ez-gauzatzeak: ez dago penalizaziorik.

–Emandako dirulaguntzaren %10 baino gehiagoko ez-gauzatzeak: 0-10 tarteari dagokion puntuazioa kenduko da, proportzioan.

Kalkulua honela eginen da: ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza.

10.4. Martxoaren 8ko 996E/2022 Ebazpenaren bidez araututako dirulaguntza (landunei zuzendutako prestakuntza programak irakasteko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman zuena) gauzatzean ez-betetzeak izan badira, kontuan hartuko dira eskaera bakoitzaren amaierako balorazioa egitean, ebazpen hartako II. eranskinean adierazitakoarekin bat.

10.5. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

11.–Adjudikaziorako irizpideak.

11.1. Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun hurrenkera bat ezartzearren, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Programa mota bakoitzerako finkatu den kreditu erabilgarria gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu, eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei.

Lehenik, desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Bigarrenik, ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Hirugarrenik, langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin programa bakoitzeko.

Laugarrenik, euskarazko zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugarekin.

Esleipen hori egin eta gero aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada, zenbateko hori gehituko zaio eskualdekoak ez diren 3.1.a) oinarriko zeharkako programetarako erabilgarri dagoen zenbatekoari.

Bosgarrenik, ordena honetan, eskualdeko zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, muga hauekin:

–Altsasuko eskualdea: 20.000 euro.

–Agoizko eskualdea: 15.000 euro.

–Doneztebeko eskualdea: 20.000 euro.

–Lizarrako eskualdea: 30.000 euro.

–Lodosako eskualdea: 30.000 euro.

–Tafallako eskualdea: 30.000 euro.

–Tuterako eskualdea: 150.000 euro.

Gainera, Tuterako eskualdeko programetan 50.000 euroko muga ezartzen da entitate bakoitzerako.

Eskualdeko zeharkako programak esleitzean, lehendabizi eskualdeko programa bakar bat bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat ere eskatu ez duten entitateei emanen zaie, gero eskualdeko programa bat baino gehiago bai, baina eskualdekoa ez den bakar bat ere eskatu ez dutenei, eta, bukatzeko, eskualdekoa ez den programa bat eskatu dutenei.

Eskualdeko lehen esleipen hori egin eta gero aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada eskualderen batean, zenbateko hori erabiliko da hasieran dirulaguntzarik jaso ez duten gainerako eskualdeetako programak diruz laguntzeko. Hurrenkera honen arabera esleituko dira: Tutera, Tafalla, Lizarra, Lodosa, Altsasu, Doneztebe eta Agoitz. Balizko txanda bakoitzean programa bakarra esleituko da eskualde bakoitzeko, aurrekontu erabilgarria edo eskualdetako eskaerak agortu arte.

Esleipen hori egin eta gero aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada, zenbateko hori gehituko zaio eskualdekoak ez diren 3.1.a) oinarriko zeharkako programetarako erabilgarri dagoen zenbatekoari.

Azkenik, eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programak esleituko dira, 50.000 euroko mugaren programa bakoitzeko.

Azken esleipen hori egin eta gero aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada, hasieran dirulaguntzarik jaso ez duten programak esleituko dira, aurrekontu erabilgarria edo eskaerak agortu arte, hurrenkera honen arabera:

–Eskualdeko zeharkako prestakuntza programak, ordena honen arabera: Tutera, Tafalla, Lizarra, Lodosa, Altsasu, Doneztebe eta Agoitz. Balizko txanda bakoitzean programa bakarra esleituko da eskualde bakoitzeko.

–Langile autonomoentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Ekonomia sozialeko bazkide eta langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Desgaitasuna duten langileentzako zeharkako prestakuntza programak.

–Euskarazko zeharkako prestakuntza programak.

Balizko txanda bakoitzean programa bakarra esleituko da, zeharkako programen mota horietako bakoitzeko.

11.2. Baldintza hau betetzen duten eskaerak soilik izanen dira onuradunak: eskatutako programa motan, kasua bada, eskualdeko programak eta eskualdekoak ez direnak bereizita, balorazio handiena lortu duen entitatearen puntuazioaren %50 gutxienez lortzea.

Programak diruz lagunduko dira baldin eta aurrekontu erabilgarria behar adinakoa baldin bada eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko.

Aurrekontu erabilgarria eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko nahikoa ez denean, aurrekontu hori gehituko zaio, kasua bada, beste prestakuntza programa batzuk finantzatzeko erabilgarri dagoen zenbatekoari, aurreko atalean ezarritako baldintzen arabera.

Hurrengo esleipen prozesuetan, zegokiena baino zenbateko gutxiagoko esleipena jaso duten prestakuntza programek izanen dute lehentasuna. Kasu horretan, esleipen berria emandako prestakuntza programa gisa zenbatuko da, txanda bakoitzeko prestakuntza programa bateko muga betetzeari dagokionez.

11.3. Puntuazioan berdinketak gertatuz gero, berdinketak hausteko irizpide gisa, lehenik, NL-NEZeko galdetegietan lortutako puntuazioa erabiliko da, eta, ondoren, eskaerak erregistroan sartzeko hurrenkera kronologikoa.

11.4. Baldin entitate onuradunak 2024ko irailaren 30a baino lehen, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, uko egiten badio emandako dirulaguntzari, hurrengo deialdien baloraziorako erreferentzia gisa hartuko dira uko egitearen ondotik ateratzen diren datuak, balorazio irizpideetan besterik adierazi ezean.

12.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

12.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

12.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

12.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

12.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

12.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, aurreikusitako dirulaguntza mantenduko da. Edonola ere, eskaeraren balorazio teknikoan kontuan hartutako baldintzak errespetatu beharko ditu entitate onuradunak.

12.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

12.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

13.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.

b) Ikasleei honako hauen gaineko informazioa ematea: prestakuntzaren hedadura; eskubideak eta betebeharrak; eta, halakorik bada, aurreikusitako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza ekintza egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren ordutegiaren barruan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean dago bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorriak edozein garraiobidetan izaten ahal dira). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek sortzen badira ikastaroan, irteeretan, bisitetan eta in itinere joan-etorrietan gertatutako istripu baten ondorioz.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Entitate onuradunak emanen dio parte-hartzaile bakoitzari ebaluazio positiboarekin gainditutako prestakuntzaren diploma. Agiri hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen du, IRIS aplikazio informatikoaren bidez.

g) Prozeduraren instrukzio fasean behar den informazioa eta dokumentazioa aurkeztea; prestakuntza gauzatzea eta dirulaguntza justifikatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita; eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, bai eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak ere, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako diru zenbatekoen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori betearazpen bidera jo aurreko erreklamazioaren bitartez edo itzulketa egin beharrari buruzko ebazpenaren bitartez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu direla, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horien arabera, jaso beharreko zenbatekoa murriztuko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek aipatu dokumentazioaren kopia igorri beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, enplegurako lanbide prestakuntzaren gaineko araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak betetzea.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

13.2. Gardentasun betebeharrak:

13.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua zenbatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

13.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

13.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera 10 egun balioduneko epean, horren bidez frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

14.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

14.1. Prestakuntza programak garatu eta ematerakoan, ondoko arauak beteko dira: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluak eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17 artikulua.

14.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira ekintza hasi aurretik, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala justifikaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

14.3. Prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta prestakuntzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

14.4. Prestakuntza entitateak IRIS aplikazio informatikoan erregistratu beharko du prestakuntza ekintzan parte hartzen duten pertsona guztien zerrenda, aurreko atalean adierazitako epe berberetan. Baliozkotzat joko dira prestakuntzaren %25 gainditzen den eskola egunera arte (egun hori barne) egindako informazio erregistroak.

14.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, "Agirien taula. Landunak" agirian zehazten diren epeetan eta moduan. Agiri hori eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen ataleko deialdiaren fitxan.

15.–Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

16.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

16.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen modalitatean eginen da.

16.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

16.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua egiten ahalko da, emandako zenbateko osoaren %25eko mugarekin. Era berean, beste ordainketa aurreratu bat egiten ahalko da, gehienez beste %35, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren.

Ulertuko da prestakuntza ekintza hasi dela diruz lagundutako prestakuntza gauzatzen hasten denean.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak "Aurrerakinaren edo ordainketa partzialaren eskaera" agiria aurkeztu beharko du. Entitateak IRIS aplikazio informatikoan justifikatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

16.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, honako justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko ditu entitate onuradunak Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen ataleko deialdiaren fitxan dagoen "Ordainketak eta likidazioak" tramitearen bidez:

1. Justifikazioko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko ditu ikasleen bertaratze-orduak, memoria ekonomikoan aurkeztutako informazioa kontrastatuz IRIS aplikazio informatikoan jasotako informazioarekin eta prestakuntza ekintzara joan diren ikasleek sinatutako bertaratze-orriekin.

2. Kalitatea ebaluatzeko memoria bat, emaitzak eta egindako balorazioa jasotzen dituena, 17.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.

16.5. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da gehienez ere, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita.

Dagokion dokumentazioa aurkezten bada aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko justifikazio epea –hots, hilabete– iraganda, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoari penalizazioa aplikatuko zaio, zehazki %1eko murrizketa eguneko, %20ra arte gehienez ere.

Hilabete iragaten bada eta entitate onuradunak ez badu dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitate onuradunari eskatuko dio justifikazioa 15 eguneko epe luzaezinean aurkez dezala. Ez badu justifikazioa aurkezten Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako 15 eguneko epe horretan, dirulaguntza osorik itzuli beharko du, eta prozedura abiatuko da, 19. oinarriarekin bat.

16.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

16.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

16.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen gutxienez %75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

16.9. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ekintza utzi behar izan dutenean lana aurkitu dutelako, beka baten onuradun gertatu direlako edo lanekoak ez diren praktikak egitea hitzartu dutelako, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, pertsona horiek egina izan beharko dute, gutxienez, beren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen %25, konektatuta egon diren ordu kopurua gorabehera.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanekoak ez diren praktikak hasten diren egunera arte.

16.10. Prestakuntza ekintza presentzialetan, parte-hartzaileek aurreko atalean ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak uzten badituzte prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %15era arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman ondoren gertatu beharko dira parte-hartzaileen uzte horiek.

Ekintza presentzialetan ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean egun batean parte hartu duten pertsona guztiek. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzaren modalitatean eman badira, ulertuko da prestakuntza hasi dutela prestakuntza ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean prestakuntza plataforman sartu diren pertsona guztiek.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

17.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

17.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte.

17.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluazio hori IRIS aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen kalitatea ebaluatzeko galdetegi digitalaren bidez eginen da. Prestakuntza entitateak galdetegi hori emanen die parte-hartzaileei, ahal dela prestakuntza ekintza bukatu aurretik.

Galdetegiak betetzeko eta entregatzeko epea bukatu ondoren, IRIS aplikazio informatikoak lortutako erantzunen batezbestekoak eta portzentajeak tabulatu eta kalkulatuko ditu, bai prestakuntza ekintza bati dagozkionak, bai ekintza multzo bati dagozkionak.

17.3. Entitate onuradunek, galdetegi guztien emaitzak aztertuta eta, nahi izanez gero, prestakuntza prozesuaren beste alderdi batzuk kontuan hartuta, 16.4.2 oinarrian aipatutako ebaluazio memorian sartuko dituzte oinarri honetan jasotzen diren kontrol eta ebaluazio jarduketekin loturiko emaitzak, balorazioa eta, hala badagokio, hartutako neurriak.

17.4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako jarduketa hauek egiten ahalko ditu:

a) "Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko xedearekin: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein izan den.

–Parte-hartzaileei bertaratze ziurtagiria edo diploma eman zaien eta bertan Nafarroako Gobernuaren ikurra agertzen den.

–Irakasleei ordaindu zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak aurkitzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko edo konpontzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan.

18.–Azpikontratazioa.

18.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez dela ulertzen da.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa aurrera eramateko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea.

18.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak egoki betetzen direla.

19.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

19.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, kasuan kasuko itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

19.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea erabatekoa bada, emandako dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da. Era berean, ez-betetzea erabatekoa izan dela ulertuko da diruz lagundutako jardueraren gauzatzea ez bada bere helburuen %25era iristen, prestakuntza programa gauzatzeko emandako dirulaguntzaren adierazlearen arabera neurtuta.

b) Dirulaguntza eman zen helburuei dagokienez edo justifikazioaren betebeharrari dagokionez ez-betetzea partziala bada, emandako dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da. Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea %25etik %100era bitarte bete bada, ez-betetzearena adinako portzentajea kenduko zaio dirulaguntzari, baldin eta gastuak behar bezala justifikatu badira.

c) Lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko balorazioan lehentasunezkotzat jotako pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortu ziren baina gauzatu ez diren puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta portzentaje hori kenduko da azken likidaziotik.

d) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea ez betetzea.

Programa diruz laguntzeko baloratu diren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuari dagozkion pertsonen portzentajea betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortu ziren baina gauzatu ez diren puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek entitatearen azken balorazioan, eta portzentaje hori kenduko da azken likidaziotik.

e) Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, prestakuntza programan parte hartzen duten langabeak %30 baino gehiago badira, portzentaje horretatik gora parte hartzen duten langabeak kenduko dira, parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

f) Administrazio publikoetako langileen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, 3.1.a) oinarriko prestakuntza programetan, programan parte hartzen duten guztietatik %10 baino gehiago administrazio publikoetako langileak baldin badira, portzentaje hori gainditzen duten parte-hartzaileak baliogabetuko dira, haien partaidetza muga horretara iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

g) Prestakuntza entitateko plantillako langileen portzentajea ez betetzea.

Likidazioaren ondorioetarako, prestakuntza programan parte hartzen duten guztietatik %10 baino gehiago prestakuntza entitatearen plantillakoak badira, betiere plantilla osoaren %10eko muga gainditu gabe, portzentaje horretatik gora parte hartzen dutenak kenduko dira, parte-hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

h) Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Ez badira betetzen 17.1 oinarrian adierazitako ebaluazio eta kontrol jarduketak, azken likidazioa %1,5 murriztuko da.

19.3. Dirua itzultzeko prozedura ofizioz abiatuko da, dirua itzuli beharra dakarren kasuren bat gertatu dela ikusten den unetik (oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarrita dauden kasuak).

19.4. Atal honetan ezarritako itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean "dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei" buruz ezarritakoa.

19.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe. Eskualdeko zeharkako prestakuntza programen kasuan, 11.1 oinarrian zehaztutako lehentasun hurrenkera erabiliko da.

Kreditu gehigarririk baimentzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da dirulaguntzak emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe, hasiera batean eskualdekoak ez diren zeharkako prestakuntza programetarako dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei. Azken esleipen hori egin eta gero aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada, hasieran dirulaguntzarik jaso ez duten programak esleituko dira, 11.1 oinarrian ezarritako hurrenkeraren arabera (programak esleitzeko hurrenkera, aurrekontu erabilgarririk gelditzen bada, eskualdekoak ez diren zeharkako programak esleitu eta gero). Eskualdeko zeharkako prestakuntza programen kasuan, 11.1 oinarrian zehaztutako lehentasun hurrenkera erabiliko da.

20.–Datuen babesa.

20.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

20.2. Entitate eskatzaileen, onuradunen eta parte-hartzaileen identifikazio datuak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, entitate eta pertsona interesdunak honako hauetan aitortzen zaizkien eskubideez baliatzen ahalko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta gainerako garapen arauak.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; eta gainerako garapen arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean. Entitate onuradunen ardura izanen da prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

21.1. Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua (agindu horren bidez uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen da, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, hots, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta horren finantzaketari dagokionez, eta ezartzen dituena hura finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); azaroaren 25eko TES/1109/2020 Agindua (agindu horren bidez martxoaren 28ko TMS/368/2019 Agindua aldatzen da, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duena, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, hots, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena, administrazio eskudunen prestakuntza eskaintzari eta horren finantzaketari dagokionez, eta ezartzen dituena hura finantzatzera bideratutako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak); irailaren 9ko 30/2015 Legea, lan arloan enplegurako lanbide prestakuntzaren sistema arautzen duena; eta uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena. Aplikagarri izanen dira, orobat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein arauzko xedapen. Era berean, aplikatzekoak izanen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea.

22.–Dirulaguntzen publizitatea.

22.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

22.2. Entitateak deialdi honen berri emateko eta zabalkunderako baliatzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabili beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

23.–Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA, EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKOA

Aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketen esparruan:

1) Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40ra artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %15eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %20ko penalizazioa.

2) Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %40 baino gehiago.

3) Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1) puntuan ezarritako penalizazioa %50 murriztuko da.

4) Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.

5) Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Irakasleei ez ordaintzea deialdian zehaztutakoarekin bat.

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Bertaratze-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura.

–Ikasleei gai kalifikazioa ematea ekintzaren %75era bertaratu gabe.

–Hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egin dituzten ikasleei prestakuntza ekintzan jarraitzeko aukera eman izana.

6) Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gordailura bidalitakoak.

III. ERANSKINA.–ZEHARKAKO PROGRAMAK (2024).

Deskargatu artxiboa (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2405591