85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2024 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita toki erakundeei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren zahartze aktiboko programetarako (AGENDA 21). DDBN identifikazioa: 724983.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki erakundeek, herritarren parte-hartzearekin, osasuna prebenitu, sustatu eta mantentzeko programak garatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak politika sanitarioaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea denean Osasun Plan indardunean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean eta Zahartze Aktibo eta Osasuntsurako Estrategian aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat datozenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (aurrerantzean, NOPLOI) bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. g) artikuluak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdi bat, toki erakundeei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren zahartze aktiboko programetarako (AGENDA 21), bai eta haren oinarri arautzaileak ere, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan azaltzen denaren arabera.

2. 180.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 2024ko gastu aurrekontuetako "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, zahartze aktiborako (AGENDA 21)" 520001-51200-4609-313905 partidaren kontura.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau igortzea NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko martxoaren 26an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.

1. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, 2023KO ABENDUAREN 1ETIK 2024KO AZAROAREN 30ERA BITARTE EGITEN DIREN ZAHARTZE AKTIBOKO PROGRAMETARAKO (AGENDA 21). OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, herritarren zahartze aktiboa sustatzen duten programa komunitarioak egin ditzaten beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideekin elkarlanean, talde-ekintzak eta ekintza komunitarioak eginez, aukerak sortzeko adinekoen osasuna eta segurtasuna, eta haien parte-hartze aktiboa hobetzeko, baita erabakiak hartzea ere, jarduera politiko eta sozialetan, kirol eta kultura jardueretan eta jarduera zibikoetan, eta adineko emakumeen ahalduntzea sustatzeko, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobea izan dadin.

Herritarren zahartze aktiboa sustatzen duten programa komunitariotzat hartzen dira talde eta komunitateen osasuna laguntzera eta hobetzera bideratutakoak, eta, horretarako, haien arteko talde-dinamiketan oinarritzen direnak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak eta abar). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzea bilatzen dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak parte hartzea prozesuetan eta gizarteko sektoreen arteko lan partekatua, hau da, sareko lana.

2. Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki erakundeak izaten ahalko dira, deialdiaren epean osasunaren prebentzio, sustapen eta mantentzeko ekintzak edo programak egiten badituzte Nafarroako Foru Komunitatean, eta Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat etortzen badira.

Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Erakunde eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Erakunde onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

3. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.

1. Gastu diruz lagungarriak: 10.000 euro gehienez ere.

a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:

a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak erakundearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, erakundearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo erakunde onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Erakundeko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Langile gastuentzako dirulaguntza Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat edo kasuan kasuko lan hitzarmen kolektiboan ezarritakoa izanen da, gehienez.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Erakundeaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.

a.6) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.

b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, erakunde onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (bestelako langile gastuak, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egin beharko dira.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:

a) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.

b) Inbertsioak.

c) Erakundearen beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

d) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

e) Podologia-zerbitzua eta antzekoak.

f) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

h) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

i) Jardunaldietara edo biltzarretara joate hutsa, begiraleak eta boluntarioak izan ezik.

j) Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei aurre egiteko, 180.000 euroko gastua eginen da 2024ko gastu aurrekontuetako "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, zahartze aktiborako (AGENDA 21)" 520001-51200-4609-313905 partidaren kontura.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Eskaerak.

1. Noiz eta non aurkeztu.

a) Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.

Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Eskaerek gaitutako helbide elektroniko bakarra adieraziko dute, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta erakunde eskatzaileen artean.

c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.

Toki erakundeek programa bakarra aurkezten ahalko dute dirulaguntza lerro honetan, arlo edo departamentu bakoitzeko, haien egituraren arabera.

a) Eskabide ofiziala.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak egina, adierazten duena erakundea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

e) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea.

f) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 9. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, erakunde eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

g) Erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso ote duen adierazten duena.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.

Eskaera aurkezteak berekin dakar erakundeak NOPLOIri baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren baldintzak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio zuzen dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19. artikuluan xedatu bezala.

5. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. NOPLOIk izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.

Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.

2. NOPLOIko zuzendari kudeatzailea da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

Ikusten bada programak edo jarduerak 3. oinarriaren 2. puntuaren arabera dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

7. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea NOPLOIri, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio organoari.

Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.

f) Ariketa fisikoko talde jarduerak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

8. Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketa eskaeretan. Eskaera horiek gorabeherak gertatu bezain laster egin beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta ekar dezakete, bidezkoa bada, emandako laguntza aldatzea eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuli beharra.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu-moten artean gehienez ere %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Erakundearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik erakundeak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio organoari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.

9. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Ordainketa aurreratua.

Erakunde onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean funts likidoz hornitu beharra dutela dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da emandako dirulaguntza, NOPLOIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez.

Horretarako, erakundeak, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2024ko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

Beharrezkotzat jotzen bada, Idazkaritzak emaniko ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazita, hots: diru sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts horniduraren beharra.

Ordainketa aurreratua jaso duten erakundeen kasuan, 2024ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

2. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.

Erakundeak ez badu eskatzen ordainketa aurreraturik, NOPLOIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez eginen da ordainketa, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 10. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztu ondotik.

Ordainketa aurreraturik jaso ez duten erakundeen kasuan, 2024ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

10. Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Memoria tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era egin diren gastuak ere.

2. Erakundeak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntza-fitxan dago eskuragarri) eta NOPLOIko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.

3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, Gizarte Segurantzaren eta PFEZen gastuak aurkeztea onartzen ahalko da, 2025eko otsailaren 5era artekoak.

4. Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, memoria teknikoaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkezten ahalko da, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, toki erakundean kontu-hartzailea egonez gero; gainera, programari loturiko fakturen zerrenda gehitu ahalko zaie.

5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.

11. Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.

Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Entitate kontratatuek erakunde onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da erakunde onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere erakunde onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.

12. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.

Nolanahi ere, programa baterako jasotako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa (administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu eta norbanako guztiek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandako dirulaguntzak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino handiagoa.

13. Itzulketak eta ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.

14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

15. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3.b) artikuluarekin.

17. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

18. Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, NOPLOIren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.

2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK

a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak edo haien lan hitzarmenean indarra dutenak.

Erakundeak programarako jartzen duen langileen gastu gisa onartuko da haren %30, eta gehieneko dirulaguntza kontzeptu horretan 6.000 euro izanen da.

Proiektuari egotzitako langileen orduak zehaztu beharko dira, baita haien lanbide-kategoria eta hitzarmena ere.

b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:

–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakasteko gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.

Irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko orduei dagokienez, 4 ordu izanen dira jarduera berriak egiteko/gauzatzeko ordu bakoitzeko, eta 2 ordu dagoeneko sortutako jardueretarako.

–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, zineforumak: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko. Salbuespena: zenbait eskualde hartzen dituzten proiektuak (behar bezala egiaztatu behar da).

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro programa bakoitzeko.

–Ariketa fisikoko taldeak: gehienez 250 euro taldeko eta hilabeteko, eta, gehienez, 3 talde programako, salbu eta toki erakundeek oinarrizko laguntzako zentroen laguntzarekin egiten dituzten programetan, zeinetan taldeen kopurua oinarrizko laguntzako zentroek esaten dutenaren araberakoa izanen baita. Garraiorako dirulaguntza eskualdeko programetan baizik ez da emanen.

–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.

–Jardueretarako paper-gauzen gastua: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.

Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskinean aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA.–PROGRAMEN BALORAZIOA

Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietatik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuko kontsignazioaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera. Programa bakoitzeko gehienez ere 10.000 euro emanen dira.

Balorazio irizpideak.

Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:

1. Programaren bat-etortze maila eta/edo osagarritasuna: 25 puntu arte.

1.1. Lantzen diren osasun-gaiak bat etortzea Nafarroako edo estatuko indarreko plan eta estrategiekin: 15 puntu, gehienez.

–Planak eta estrategiak:

  • Nafarroako Gobernuaren Zahartzaro Aktibo eta Osasungarrirako Estrategia.
  • Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia, Osasun Ministerioarena.
  • Nafarroako Osasun Plan indarduna, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarena.

–Osasun arloko gaiak:

  • Parte-hartzea eta gizarte-ekintza: 7,5 puntu gehienez.
  • Hezkuntza, prestakuntza eta ikaskuntza: 7,5 puntu gehienez.
  • Bizimodu osasungarrien sustapena: Elikadura eta/edo ariketa fisikoa: 7,5 puntu gehienez.
  • Informazio eta komunikazio soziala. Adinekoen irudi positiboa: 7,5 puntu gehienez.
  • Beste norbait zaintzea eta nork bere burua zaintzea: 7,5 puntu gehienez.

1.2. NOPLOIren helburuak, NOPLOIren Osasun Publikoko Planaren helburuen artean aurreko atalean sartuta ez dauden gaietarako: 5 puntu, gehienez.

1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea (populazio kaltebera, generoa, euskara): 5 puntu gehienez.

–Ikuspegi bat: 1 puntu.

–Bi ikuspegi: 3 puntu.

–Hiru ikuspegi: 5 puntu.

2. Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu gehienez.

2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu gehienez.

–Egoeraren deskripzioa eta beharraren justifikazioa: 7 puntu gehienez.

  • Hasierako egoera eta erantzun nahi diren osasun beharrak behar adina deskribatzen badira edo proiektuaren beharra justifikatzen bada: 7 puntu.
  • Partzialki deskribatuz gero: 3 puntu.

–Helburuen formulazioa: 6 puntu gehienez.

  • Formulatzen diren helburu orokorrak eta berariazkoak garrantzitsuak, zehatzak eta argiak izatea, eta dagozkien jarduerak adieraztea: 6 puntu.
  • Partzialki formulatuz gero: 3 puntu.

2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu gehienez.

–Atzemateko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak erabiliz gero: 3 puntu gehienez.

–Iraupena: 10 puntu gehienez.

  • Jarduerak 30 ordu baino gehiago irauten badu: 10 puntu.
  • Jarduerak 10 ordu baino gehiago irauten badu, eta 30 ordu edo baino gutxiago: 5 puntu.
  • Jarduerak 10 ordu edo gutxiago irauten badu: 3 puntu.

2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu arte.

–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, talde-osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu gehienez.

  • Estrategia bat erabiltzen bada: 1 puntu.
  • 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
  • 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.

–Jardueren deskripzioa: 3 puntu gehienez.

  • Jarduerak deskribatuz gero (zer, nola, noiz, iraupena): 3 puntu.
  • Partzialki deskribatuz gero: 1 puntu.

–Jarduerak helburuetarako, populazio onuradunarentzat eta estrategietarako egokiak izanez gero: 3 puntu gehienez.

  • Egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: 1 puntu.

–Ebaluazioa: 3 puntu arte.

  • Ebaluazioan zer, nola, nork eta noiz eginen den azalduz gero: 3 puntu.
  • Partzialki azalduz gero: 1 puntu.

3. Erakundeak programa aurrera eramateko duen egokitasun maila: 35 puntu arte.

3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu gehienez.

–Parte hartzea. Erakunde eskatzaileaz gain parte hartzen badute:

  • 2 entitate/zerbitzu/baliabide baino gehiagok: 9 puntu.
  • 2 entitate/zerbitzu/baliabidek: 6 puntu.
  • Entitate/zerbitzu/baliabide batek: 3 puntu.

3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea eta autolaguntza sustatzea: 9 puntu gehienez.

–Xede-populazioak proiektuaren diseinuan eta garapenean parte hartzea: 5 puntu.

–Bakarrik proiektuaren garapenean parte hartuko badu: 3 puntu.

–Gizarte ekintzako entitatea bada: 4 puntu.

3.3. Erakunde eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu gehienez.

–Kofinantzaketa %50ekoa edo txikiagoa izanez gero: 5 puntu.

–Kofinantzaketa %50etik gorakoa izanez gero: 2 puntu.

–Kofinantzaketarik gabea bada: 0 puntu.

3.4. Programa gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu gehienez.

–Erakundearen ibilbide historikoa proiektuekin bat badator: 3 puntu gehienez.

–Baliabideak programarako egokiak izatea: 3 puntu gehienez.

3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu gehienez.

–Programan zerbait egiten badute: 3 puntu.

–Halakorik badago: 1 puntu.

3.6. Lokal publikoak erabiltzea edo/eta baliabideak eta lokalak beste entitate batzuekin partekatzea: 3 puntu gehienez.

Iragarkiaren kodea: F2405149