85. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

102/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programak abian jartzeko 2024an. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 750453.

Maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legeak, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoak, 63. artikuluan ezartzen duenez, adingabeen arreta integralari dagokionez, lehentasunezkoak izanen dira balizko babesgabetasun-egoerak eta adingabeen garapena kaltetzen duten edo haien eskubideak urra ditzaketen gabezia larriak prebenitzeko jarduketak.

Era berean, foru lege horrek 67. artikuluan prebentzio komunitarioa zedarritzen du, eta zehazten du prebentzio komunitarioa auzoetan, herrietan eta haranetan garatzen diren hainbat arlotako prebentzio jarduerei dagokiela. Arauak dioenez, prebentzio komunitarioa erantzukizun partekatua da, Nafarroako foru Komunitateko Administrazioaren, toki administrazioen eta haur eta nerabeen arloko sare komunitarioen artekoa. Toki administrazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sostenguarekin, beren lurraldean sustatuko dute haur eta nerabeen arloko erakunde komunitarioak abian jartzea eta garatzea, horretarako baliabide ekonomikoak, lokalak eta langunean horretara bideratuta.

Azkenik, foru lege horren 68. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak deialdi bat eginen du, toki erakundeek haur eta nerabeak babesteko prebentzio plan komunitarioak garatu ahal izan ditzaten.

Erantzukizun partekatu hori gauzatzeko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak (PAGNA) egokitzat jotzen du toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko 2024an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko proiektuak abian jartzearen ondoriozko gastuak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak dirulaguntzak emateko prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela.

Bestalde, hala xedatzen baitu Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak, balorazioa egiteari begira, berdintasuneko klausulak txertatuko dira dirulaguntzen oinarri arautzaileetan, baita beste klausula batzuk ere eragozteko laguntza publikoak ematea sexua edo generoa dela-eta lan jardunbide baztertzaileak izateagatik edo onartzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileei.

Ikusirik espedienteko txosten tekniko eta juridikoak, adierazten dutenak egokia eta interes publikokoa dela deialdi hau onestea eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia izanik, proposatu da deialdi hau onestea.

Horrenbestez, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, norgehiagokako araubidearen araberakoa, osorik edo partez finantzatzeko 2024an haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko proiektuak abian jartzearen ondoriozko gastuak.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 192.000 euroko gastua baimentzea 2024ko gastu-aurrekontuko "(E) Toki erakundeentzako dirulaguntza, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programetarako" izeneko 920008 93300 4609 231700 partidaren kargura.

4. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen aurka, toki erakundeek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta DDBNn argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2024ko martxoaren 25ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, HAURREI ETA NERABEEI ZUZENDUTAKO PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK ABIAN JAR DITZATEN, 2024AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programak abian jar ditzaten 2024an.

Programa horrek garatu behar ditu, modu integralean, hiru prebentzio-mailetara bideratutako prebentzio-jarduerak, legean jasota daudenak. Jarduera horiek udalerrian dauden jardueren esparruan eginen dira (sozialak, eskolakoak, jaietakoak, kulturalak, kiroletakoak, etab.), edo proiektuarekin abian jarritako jardueren esparruan.

2. Erakunde onuradunak.

2.1. Nafarroako Foru Komunitateko toki erakunde guztiek eskuratzen ahalko dituzte deialdi honetako dirulaguntzak, baldin eta izaera hori badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2.2. Toki erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekuak ez izatea.

3. Aurrekontua.

Deialdi honi aurre egiteko aurrekontua, guztira, 192.000 eurokoa da, eta 2024ko gastu-aurrekontuko "(E) Toki erakundeentzako dirulaguntza, haur eta nerabeei zuzendutako prebentzio komunitarioko programetarako" izeneko 920008 93300 4609 231700 partidaren kargura finantzatuko da.

4. Dirulaguntzaren banaketa eta zenbatekoa.

4.1. Deialdi honen aurrekontu erabilgarria, guztira, 192.000 eurokoa da.

4.2. Proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 64.000 eurokoa izanen da, gehienez, eta 30.000 eurokoa, gutxienez.

4.3. Proiektu hauek diruz lagunduko dira:

–3.500 biztanle edo gutxiagoko toki erakunde baten programa komunitario bat.

–3.501 eta 5.000 biztanle arteko toki erakunde baten programa komunitario bat.

–5.001 biztanle baino gehiagoko toki erakunde baten programa komunitario bat.

Biztanle-tarte horietako bateko toki erakunde batek ere ez badu proiekturik aurkezten, edo biztanle-tarte batean aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu lortzen oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa, beste biztanle-tarte bateko puntuaziorik onena duen proiektuari emanen zaio dirulaguntza.

5. Prebentzio proiektuek bete beharrekoak.

5.1. Prebentzio komunitarioaren helburuak.

Aurkeztutako proiektuak helburu hauetako bat edo batzuk izan beharko ditu:

a) Adingabeen eskubideak errespetatu eta bermatzen direla zaintzea, informazio, dibulgazio eta sustapen jardueren bidez, eta erantzuna sustatuz lehen adinetan, loturaren hastapenetan, jaio aurreko etapa barne, jaio aurretik eta jaiotzean jarraipena eginez.

b) Integrazio soziofamiliarra eta aisialdiaren jolas- eta sozializazio-erabilera mesedetzen eta bermatzen dituzten jarduera publikoak egin eta irabazi asmorik gabeko jarduera pribatuak sustatzea, era horretan autonomia indartze aldera, esparru komunitarioan batez ere.

c) Adingabeek beren garapen integralari kalte egiten dioten baliabide, produktu eta jarduerak eskura ditzaten mugatzea.

d) Adingabeentzat segurtasun falta edo arrisku egoera ekar dezaketen faktoreak murriztea, arrisku faktoreen aurrean garaiz jardunez, babesten ez duten egoerak bideratzeko, eta haurren beharrak, bai fisikoak bai emozionalak, ekonomikoak eta hezkuntzakoak, modu egokian asetzea, ingurune seguru eta egokituetan eta hasierako adinetatik, harreman egonkor eta seguruak ezar daitezen.

e) Gizarte eta familia ingurunea hondatzen ahal duten arrazoiak saihestea, eta ahalmenak eta gaitasunak areagotzearen alde egitea, orientabideak, formakuntza eta laguntza emanez.

f) Sarean lan egitea edozein eskubide-urraketaren antzemate goiztiarrerako, barne harturik erakundeen egintzetatik erator litezkeenak.

g) Hazkuntzarako lanei sostengu iraunkorra emateko, Nafarroa osoko sare lokal guztietan txertatzea prebentzioaren ikuspegia, prebentziotik helduz detekzioari, sentsibilizazioari eta esku-hartzeari, bai eta tokiko ikuspegia eta komunitarioa ere.

h) Haur eta nerabeei arian-arian eta beren garapenaren esparru guztietan prestakuntza ematea beren buruaren babesa beren gain har dezaten, dituzten heldutasun-mailaren eta gaitasunen arabera. Prebentzio-prestakuntza hori haien autonomia errespetatuz eginen da, eta horretan laguntzaile izanik haien familiak, irakasleak, erreferente komunitario profesional nahiz boluntarioak, gizarte- eta osasungintza-zerbitzuetako profesionalak, eta haren inguruneko erreferentziazko beste edozein pertsona heldu.

5.2. Prebentzio komunitarioko jarduerak.

Aurkeztutako proiektuak prebentzio komunitarioko jarduera hauetako bat edo batzuk jaso beharko ditu:

a) Komunitatearen baitan gertatzen diren arrisku- eta babesgabetasun-egoeren antzemate goiztiarra.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuekiko lankidetza, arrisku- eta babesgabetasun-egoeren jarraipena egiteko.

c) Banakako eta taldekako gizarte- eta hezkuntza-akonpainamendua, babes-harremanetatik, kaleetan eta arrisku-egoerako haur eta nerabeen zentro komunitarioetan.

d) Haur eta nerabeen partaidetzarako taldeei laguntzea.

e) Askotarikoen berdintasunezko elkarbizitza eraikitzea eta gatazka-ebazpena erraztea.

f) Komunitatera iristen diren haur eta nerabeen harrera komunitarioa.

g) Esparru komunitario seguruak eratu eta garatzea, ekipamendua daukatenak eta haur eta nerabeen ongizate psikosoziala sustatzen dutenak, horrekin batera helduei modua emanik adingabeak babesteko zereginean laguntzeko.

h) Belaunaldiarteko zainketa komunitarioak sustatzea bai krisialdietan bai komunitateko eguneroko bizitzan.

i) Hezitzaile komunitarioak trebatzea.

j) Errealitatearen analisi iraunkorra egitea diagnostiko komunitarioen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuekiko koordinazioan.

k) Haurrak eta nerabeak protagonista gisa txertatzea komunitatearen prozesu sozial eta kulturaletan.

l) Adingabeen eta gizarte- nahiz hezkuntza-erreferente diren helduen artean pertsonarteko harremanak lantzea.

m) Nafarroako, beste autonomia erkidego batzuetako eta munduko beste komunitate batzuetakoak diren beste haur eta nerabeekiko elkartasuna eta harremana suspertzea.

n) Sostengua ematea Nafarroako foru Administrazioaren tutoretzapekoak diren komunitateko haur eta nerabeei, beren helduleku komunitarioei eutsi ahal izan diezaieten familia- edo egoitza-harrerako egoeran dauden bitartean.

5.3. Proiektuen metodologia.

Aurkezten diren proiektuek integralak eta testuinguruan kokatuak izan behar dute. Helburua ez da proiektu bakartuak eta lokabeak abian jartzea, baizik eta askotariko metodo eta jarduerekin agertokiak eraikitzea, toki bakoitzean dagoen ehundurarekin konektatuak eta bertan errotuak.

Era berean, proiektuak honako hauek izan beharko ditu:

–Toki erakundearen esparruan, talde eragile bat, hura dinamizatuko duten profesionalek eta boluntarioek osatua.

–Haur eta nerabeentzako erakunde komunitario bat, gutxienez, edo proiektuan zehar erakunde hori eratzea, proiektuaren helburu gisa.

–Profesionalen eta entitateen tokiko haur eta nerabeen sareak parte hartzea, halakorik badago, edo abian jartzea eta aldi horretan garatzea.

–Udal zerbitzuetako edo mankomunitateetako profesional bat, proiektua koordinatzeko ardura hartuko duena. Lehentasuna emanen zaio Gizarte Zerbitzuetakoa izateari, baina beste arlo batzuetakoa izan daiteke, hala nola berdintasuna, hezkuntza, gazteria, euskara eta abar.

–Aurkeztutako proiektuek kontuan hartu behar dituzte genero-ikuspegia eta desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren ikuspegia. Proiektuaren datu guztiak sexuaren arabera bereizita egonen dira.

6. Gastu diruz lagungarriak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki erakundeek dirulaguntza jasoko dute 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako gastuak finantzatzeko. Gastu horiek honako hauek dira:

a) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak.

b) Proiektua garatzeko laguntza teknikoa, jarduera baterako edo batzuetarako.

c) Langileria gastuak (koordinatzaileak edo zuzenean esku hartzeko langileak): erakundeak ekintza gauzatzeko propio kontratatzen dituen langileen gastuak izan daitezke, edo erakundeko langileek ekintzan duten dedikazioaren portzentajeari dagozkionak; kasu horretan, zehatz-mehatz identifikatu beharko dira langile horiek, bai eta beren lanalditik proiektuari dedikatzen dioten denbora-portzentajea ere.

d) Zeharkako gastuak. Ematen den dirulaguntzaren %10 arte zeharkako gastuei egozten ahalko zaie, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, eta betiere behar bezala justifikatuak badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

Deialdi honen eremutik kanpo geratzen dira deialdi espezifikoago baten xede diren jarduera guztiak, edo diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

7. Laguntza teknikoa.

Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeak PAGNAk deialdirako ezartzen eta kontratatzen duen laguntza teknikoko taldearekin lankidetzan arituko dira. Talde horrek, gutxienez, honako hauek hartuko ditu barnean:

–Prebentzio komunitarioari buruzko tailer bat.

–Tutoretza proiektuaren garapenerako, prebentzio-jarduerak doitzeko.

8. Proiektuaren egitura.

Deialdi honetara aurkezten den prebentzio komunitarioko proiektu orok honako hauek izan behar ditu:

–Proiektuaren beharraren justifikazioa, tokiko errealitate komunitarioaren testuinguruan kokatua.

–Bosgarren oinarrian ezarritako helburuekin bat datozen helburu praktiko eta neurgarriak ezartzea.

–Prebentzio-jarduerak haur eta nerabeek parte hartuko duten jarduerekin lotzea.

–Eginen den prozesua, erabiliko diren estrategiak eta oinarrizko antolaketa eta baliabideak azaltzen dituen metodologia.

–Ebaluazioa:

  • Emaitza- eta prozesu-adierazleekin.
  • Proiektuaren subjektu guztiek parte hartuko dute horretan, bai haurrek eta nerabeek, bai profesional eta boluntario komunitarioek.
  • Esperientzia sistematizatzekoa.
  • Genero-eraginari buruzkoa.

9. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko tokia.

9.1. Erakunde sustatzaileek hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

9.2. Eskaera horiek erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu.

9.3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen webgunean eskuragarri dagoen deialdiaren fitxatik (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan esteka bat egonen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrera jotzeko. Ziurtagiri digitala eduki behar da.

9.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

10. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

10.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduran emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritako baldintzetan; prozedura horretan, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

10.2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak tramitatuko ditu eskaerak, eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari egokituko zaizkio aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Zuzendariordetza horrek, halaber, egiaztatuko du beharrezko baldintzak betetzen direla dirulaguntzak eskuratzeko, eta ofizioz baloratuko ditu eskaerak oinarri hauen arabera.

Instrukzio-organoak aholkularitza teknikoa jasotzen ahalko du.

10.3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin, toki erakunde eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela erakunde eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

10,4 Bestelako kasuetan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagokionez, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

10.5. Kide hauek izanen dituen batzorde tekniko batek baloratuko ditu eskaerak: Familiaren eta Adingabeen zuzendariordea, Familia Ataleko burua eta Arreta Goiztiarreko Zentroko zuzendaria.

10.6. Proiektuak baloratu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio dirulaguntzak emateko eskumena duen organoari.

10.7. Puntuazioen lehentasunerako balorazio-irizpideak deialdiaren II. eranskinean ezarritakoak dira, eta, nolanahi ere, honako hauek:

–Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

–Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte; horietarik 40, gutxienez, II. eranskineko B ataleko balorazioan.

–Dirulaguntzaren zenbatekoaren esleipena bat etorriko da eskatutako eta onartutako aurrekontuaren %100arekin, laugarren oinarrian ezarritako gehieneko mugarekin, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe.

–Laugarren oinarrian ezarritako biztanle-tarte bakoitzean puntuazio handiena duen proiektuari emanen zaio dirulaguntza, adierazitako balorazio-irizpideen arabera eta kreditu erabilgarriaren gutxieneko eta gehieneko mugarekin. Toki erakunde bakoitzeko dirulaguntza bat emanen da.

–Eskaera guztietarako behar adinako krediturik ez badago, ez da hainbanaketarik eginen.

–Proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da erakunde onuraduna.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza (PAGNA) izanen da.

12. Laguntzak emateko ebazpena.

12.1. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (PAGNA) zuzendari kudeatzailea izanen da dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie toki erakunde interesdunei, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, eta deialdiaren fitxan argitaratuko da. Epealdi horretan berariazko ebazpenik eman edo argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

12.2. Dirulaguntza emateko ebazpenak dirulaguntza jasoko duten erakunde eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada, baita arrazoiak ere.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

2024ko azaroaren 30a baino lehen, toki erakunde onuradunek egindako jarduera justifikatu beharko dute.

Gauzatutako aurrekontuaren zenbatekoa eskatu zena baino txikiagoa denean, azkenean gauzatutakoa izanen da justifikatu beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak kanpo utzita.

Erakunde onuradunek diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, honako hauek jasoko dituena:

a) Txosten teknikoa: gutxienez honako atal hauek jasoko ditu, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Sexuaren arabera banatutako datuak.

–Lortutako emaitzak.

–Garatutako jarduerak.

–Garatutako antolaketa- edo sare-egiturak.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

Txosten teknikoa hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliz idatzi beharko da.

b) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera xehakatuta.

c) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, izan diren desbideratzeak adierazita.

d) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu den. Zerrenda horri gastuaren frogagiriak erantsiko zaizkio (fakturak eta nominak, eta froga-balio bereko gainerako agiriak).

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

Eskaeran aurkeztutako kalkulu ekonomikoa benetan justifikatutakoa bezalakoa ez bada, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera erregularizatu beharko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarduerak, dirulaguntza honez gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatzen badira, azken justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak dirulaguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

Toki erakundeak, gainera, idazkaritzak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko du. Ziurtagiri horretan, diruz lagundutako jardueren adierazpena eta kostua jaso beharko dira, jarduera horiek gauzatzean egindako gastuak banakatuta.

Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketak egiaztatzeko balioa izanen du.

14. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzaren ordainketa bakarra eginen da, aurreratu eta ebazpena ematearekin batera egiten ahalko dena toki erakundeek aski baliabiderik ez dutenean diruz lagundutako jarduera aldi batez finantzatzeko, eta, betiere, hori behar bezala frogatzen badute.

Dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egin behar ez den kasuetan, dirulaguntza ordainduko da programa egin dela justifikatu ondoren, 13. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

15. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki erakundeek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako; baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

16. Ez-betetzeak.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo PAGNAren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta, beraz, jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

Azkenik, erakunde onuradunen balizko ez-betetzeei dagokienez, balizko ez-betetzeen mailaketa honako hauen araberakoa izanen da:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko murriztapena.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murrizketa.
  • Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

17. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritako betebeharrak betetzea. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen dibulgazioa egiteko arauak ezarri ziren, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetarako.

Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren parte-hartzea azaltzeko betebeharra bete dela frogatzen duen frogagiria aurkeztu beharko da; izan ere, proiektuari lotutako publizitate, hedapen eta agiri guztietan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu behar dira, edozein dela ere erabilitako bitartekoa: "Nafarroako Gobernuak-Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak diruz laguntzen dute". Testu horrek urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko ditu, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

h) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

i) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

j) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektuaren exekuzioa nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira.

Funtsezko aldaketatzat joko dira helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina dutenak, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, gastu diruz lagungarri guztien %5eko desbideratze ekonomikoa ekartzen dutenak. Proiektua aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekartzen ahalko du, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari dagokion justifikazio txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

k) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako dirua itzultzea.

l) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

m) Erakunde eskatzaileek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

n) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

o) Erakunde onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

p) Dirulaguntza honen babesean sortutako haur eta nerabeentzako erakunde komunitarioek legez eratuta eta erregistratuta egon behar dute, maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA.–BALORAZIO-IRIZPIDEAK (100 PUNTU)

A.–BIDEZKOTASUN INSTITUZIONALA

17 PUNTU GEHIENEZ

A1

Esperientzia haurtzaroa sustatzeko lanaren arloan

10 puntu gehienez

Azkeneko 5 urteotan egindako proiektu edo ekimenen kopurua (2 puntu proiektu bakoitzeko; 0 puntu, proiekturik ez bada)

2 puntu, proiektu bakoitzeko

A2

Koordinazio-egitura dago haurren arloan

7 puntu gehienez

Haurren arlorako talde eragilea edo tokiko sarea dago

3 puntu

Haur eta nerabeen erakunde komunitarioa dago

4 puntu

B.–PROIEKTUAREN BALORAZIOA

77 PUNTU GEHIENEZ

B1

Proiektuaren koherentzia

38 puntu gehienez

b.1.a

Proiektuaren justifikazioa, tokiko errealitate komunitarioaren testuinguruan kokatua

5 puntu gehienez

–Errealitate komunitarioarekin guztiz koherentea eta testuinguruan kokatua da.

5 puntu

–Errealitate komunitarioarekin partez inkoherentea eta testuinguruan kokatua da

3 puntu

–Errealitate komunitarioarekin inkoherentea, zehaztu gabea eta testuinguruan kokatu gabea da

0 puntu

b.1.b

Proiektuaren oinarria, espazio komunitarioan artatu beharreko haurren premia zehatzei dagokienez

4 puntu gehienez

–Erabat koherentea da

4 puntu

–Partez inkoherentea da

2 puntu

–Inkoherentea eta zehaztu gabea da

0 puntu

b.1.c

Helburu praktikoak, neurgarriak eta koherenteak deialdian ezarritako helburuekin

5 puntu gehienez

–Guztiz praktikoak eta neurgarriak dira, eta koherenteak deialdian ezarritako helburuekin

5 puntu

–Ez dira oso praktikoak eta nekez neur daitezke eta/edo ez dira koherenteak deialdian ezarritako helburuekin

3 puntu

–Ez dira praktikoak, ezta neurgarriak ere, edo ez dira koherenteak deialdian ezarritako helburuekin

0 puntu

b.1.d

Prebentzio-jardueren deskribapena

7 puntu gehienez

–Zehaztasunez deskribatuak daude, eta jarduera komunitarioekin koherenteak dira, deialdiaren arabera

7 puntu

–Zehaztasunez deskribatu gabeak dira edo ez dira guztiz koherenteak jarduera komunitarioekin, deialdiaren arabera

3 puntu

–Deskribatu gabeak (soilik zerrendatuak) dira edo ez dira koherenteak jarduera komunitarioekin, deialdiaren arabera

0 puntu

b.1.e

Metodologia

7 puntu gehienez

–Eginen den prozesua, erabiliko diren estrategiak, antolaketa eta oinarrizko baliabideak azaltzen dituen metodologia, oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz

7 puntu

–Ez dator guztiz bat oinarrietan ezarritakoarekin

3 puntu

–Ez dator bat oinarrietan ezarritakoarekin

0 puntu

b.1.f

Jardueren egutegia

5 puntu gehienez

–Zehatz deskribatuta dago

5 puntu

–Zehatz deskribatu gabe dago

3 puntu

–Ez da atal hau bete

0 puntu

b.1.g

Jarduerak egitean hartutako zeharkako neurrien intentsitatea (genero ikuspegia, aukera berdintasuna, ingurumen neurriak, hizkuntzen erabilera, kulturartekotasuna, belaunaldien arteko harremanak)

5 puntu gehienez

–Gutxienez zeharkako hiru neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

5 puntu

–Gutxienez zeharkako bi neurri jasotzen ditu (genero ikuspegia barne)

3 puntu

–Genero ikuspegia zeharka jasotzen du

2 puntu

B2

Ebaluazioaren azterketa

7 puntu gehienez

b.2.a

Adierazleak:

4 puntu gehienez

–Esperientzia sistematizatzen duten emaitzen eta prozesuen adierazleak daude

4 puntu

–Emaitzen adierazleak edo prozesuen adierazleak bakarrik daude, eta/edo ez dute esperientzia sistematizatzen

2 puntu

–Ez dago adierazlerik, edo ez dira egokiak

0 puntu

b.2.b

Haur eta nerabeen, profesional eta boluntario komunitarioen parte-hartzea:

3 puntu gehienez

–Haur eta nerabeen, profesional eta boluntario komunitarioen parte-hartzea ebaluazioan, prozesuan zehar

3 puntu

–Haur eta nerabeen, profesional eta boluntario komunitarioen parte-hartze partziala ebaluazioan, prozesuan zehar

2 puntu

–Haur eta nerabeen, profesional eta boluntario komunitarioen parte-hartzerik ez ebaluazioan, prozesuan zehar

0 puntu

B3

Giza baliabideen eta baliabide tekniko eta ekonomikoen azterketa

16 puntu gehienez

b.3.a

Giza baliabideen egokitasuna: (Profil teknikoak eta esleitutako eginkizunak zehaztea baloratzen da)

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Hala moduzkoa

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

b.3.b

Boluntarioen parte-hartzea proiektuan (boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa)

4 puntu gehienez

–Boluntarioek eginkizun zehatzekin parte hartzen dute

4 puntu

–Boluntarioek parte hartzen dute, eginkizun zehatzik gabe

2 puntu

–Ez dute parte hartzen

0 puntu

b.3.c

Baliabide teknikoen egokitasuna: materialak, lokalak…

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Hala moduzkoa

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

b.3.d

Aurrekontuaren xehakatze egokia:

4 puntu gehienez

–Oso egokia

4 puntu

–Egokia

3 puntu

–Hala moduzkoa

2 puntu

–Desegokia

0 puntu

B4

Aurkeztutako proiektuak beste zerbitzu publiko batzuekin duen osagarritasunaren eta haiekiko koordinazioaren azterketa:

8 puntu gehienez

b.4.a

Egitura bat planteatzen du aldian aldiko koordinazioa egiteko zerbitzu publikoekin (gizarte, osasun, hezkuntza eta gazteria arlokoekin eta beste batzuekin)

8 puntu gehienez

–Koordinazioa sistematikoa eta erregularra da

8 puntu

–Koordinazioa badago, baina ez da sistematikoa

4 puntu

–Aldian behin jartzen dira harremanetan

1 puntu

–Ez dago ez koordinaziorik ez harremanik beste zerbitzu publiko batzuekin

0 puntu

B5

Pertsona onuradunen parte-hartzearen azterketa

8 puntu gehienez

b.5.a

Aurkeztutako proiektuaren onuradunen profila

Gehienez 5 puntu
(metagarriak)

–Komunitateko haur eta nerabeei zuzendua

3,5 puntu

–Eragile komunitarioei zuzendua

1,5 puntu

b.5.b

Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea

3 puntu gehienez

–Bada halakorik, eta behar adina zehaztuta daude

3 puntu

–Bada halakorik, baina ez dira nahikoak edo ez daude behar adina zehaztuta

1 puntu

–Ez dago halakorik

0 puntu

C.–BESTE BATZUK

6 puntu gehienez

C1

Programa berritzailea izatea

Gehienez 4 puntu
(metagarriak)

Berritzailea da, ez baita halakorik inoiz egin Foru Komunitatean

2 puntu

Berritzailea da zentzu honetan: berrikuntzak dakartza metodologian, helburuetan, erabilitako baliabideetan, etab.

2 puntu

Ez du inolako alderdi berritzailerik

0 puntu

C2

Jarduerak egitean hartutako zeharkako neurriak desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen premia espezifikoei erantzuteko

2 puntu gehienez

Gutxienez hiru neurri jasotzen ditu

2 puntu

Gutxienez bi neurri jasotzen ditu

1 puntu

Iragarkiaren kodea: F2405151