83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Hornidurako eta saneamenduko hargune berriei buruzko arau eta jarraibideak. Behin betiko onespena

Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2023ko abenduaren 28an egin ohiko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen "Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidurako eta saneamenduko hargune berriei buruzko arau eta jarraibideak".

Hasierako onespenari buruzko erabakia 2024ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6an, bai eta Mankomunitateko web-orrian eta Ultzama, Anue eta Odietako udalen iragarki-taulan ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onesten dira"Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidurako eta saneamenduko hargune berriei buruzko arau eta jarraibideak", eta argitara ematen da eranskinaren testu osoa, dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari.

Erripan (Odieta), 2024ko apirilaren 10ean.–Mankomunitateko burua, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ULTZANUETA ZERBITZUEN MANKOMUNITATEAREN HORNIDURAKO ETA SANEAMENDUKO HARGUNE BERRIEI BURUZKO ARAU ETA JARRAIBIDEAK

1.–Jarraibide orokorrak.

Arau eta jarraibide hauek nahitaez bete beharko dira Mankomunitateko hornidura eta saneamendu zerbitzura konektatzeko obrak egitean, bai hornidurako eta saneamenduko hargune berrien kasuan (behin-behinekoak eta/edo behin betikoak), bai lehendik daudenak egokitu edo aldatzean.

Harguneen obrak baimendu ahal izateko, ezinbestekoa da Mankomunitateko buruak ematea horretarako baimen edo lizentzia espezifikoa.

Hori eman aurretik, eta hargunearen lizentzia lortzeko espedientea izapidetu aurretik, jarduketa sustatzen duten pertsonek/erakundeek (edo haiek kontratatutako teknikariek/eraikuntzako enpresek) bilera bat izan beharko dute Mankomunitateko zerbitzu teknikoekin, ezinbesteko alderdiak zehazteko, hala nola hargunearen ezaugarriak, zein erakundek eginen dituen obrak, jarduketa egiteko datak, obren amaiera-data edo bestelakoak.

Horretarako, pertsona/erakunde sustatzaileak data bat adostu beharko du Mankomunitateko zerbitzu teknikoekin, 663 208677 zenbakira deituz, 9:00etatik 14:00etara bitarte (lanegunetan bakarrik) edo, bestela, ultzanueta@ultzanueta.es helbide elektronikoaren bidez.

Era berean, pertsona/erakunde sustatzaileak hirigintzako lizentzia eskatu beharko dio Udalari, eta bertan agertuko da zer higiezinetarako den zerbitzua. Lizentzia horren testuan, ohar egokiak adieraziko dira egin/aldatu beharreko harguneak bete behar dituen ezaugarriei buruz.

2.–Sare orokorretara konektatzeko lanak exekutatzeko baldintzak.

1) Obra sustatzen duen pertsonak/erakundeak honako lan hauek egin beharko ditu, bai eta horretarako beharrezko baimenak lortu ere:

–Zangak egitea sare orokorretaraino.

–Ebakiak prestatzea, Mankomunitateko langileek emandako jarraibideen arabera.

–Zangak seinaleztatzea, segurtasuna bermatzeko, gaian eskumena duen erakundeak agindutakoaren arabera.

–Zangak estaltzea eta zoladura lehengoratzea.

2) Hornidura eta saneamenduko sare orokorretarako konexioak egiteko, ezinbestekoa izanen da Mankomunitateko langile aditu batek lan hori kontrolatzea eta gainbegiratzea. Horretarako, pertsona/erakunde sustatzaileak zangak ireki eta ebakiak prestatu baino bi egun lehenago abisatu beharko du. Mankomunitateko langile edo ordezkariak obrara joaten badira eta ebakiak behar bezala prestatuta ez badaude, faktura bat eginen zaio pertsona/erakunde sustatzaileari, galdutako lanorduak ordaindu ditzan.

3.–Harguneak egiteko eta hornidura zerbitzua kontratatzeko sekuentzia.

Lehena.–Hargunerako baimena edo lizentzia eskatzea Mankomunitateari.

Harguneak egin aurretik, pertsona/erakunde sustatzaileek Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko bulegoetara joan beharko dute eta eskaera bat egin, hargunearen diametroa adierazita. Halaber, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Hargune berria egiteko eskaera, dagokion higiezinaren datuekin batera (titularra, helbidea, etxebizitza edo instalazio mota, etab.).

–Hornidura/saneamenduko hargunearen ezaugarri teknikoak, dagokion tasa kobratzeko kalkuluak egiteko.

–Hornidura zerbitzuaren erabiltzaileen NANak edo IFKak. Pertsona juridiko edo sozietateen kasuan, erakundearen nortasun juridikoaren dokumentazioa aurkeztu beharko da (eraketaren eskriturak, estatutuak, sozietatea eratzeko kontratu zibila, etab.).

–Zerbitzua zer higiezinetarako kontratatzen den, higiezin horren jabetza edo hura erabiltzeko eskubidea (adibidez: alokairu kontratua) frogatzen duen dokumentazioa.

–Zerbitzua zer higiezinetarako kontratatzen den, higiezin horren obren hirigintzako lizentzia eta lehen erabilerako lizentzia, edo irekitzeko lizentzia, Udalak emandakoa, edo, bestela bizigarritasun zedula.

–Ordainagiriak banku-helbideratze bidez kobratzeko baimen-agiria.

–Obretarako ur hornidura kontratatu nahi bada, nahikoa izanen da behin-behineko horniduraren eskaera aurkeztea, indarrean dagoen obren hirigintzako lizentziarekin batera.

Eskaera ez da onartuko harik eta dokumentazio osoa aurkeztu arte eta hurrengo puntuan adierazten den tasa ordaindu arte.

Bigarrena.–Hargunearen tasa ordaintzea.

Pertsona/erakunde sustatzaileak eskubideak (tasak) ordaindu beharko ditu eskatzen den hargunearen diametroaren arabera, eta ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko du. Mankomunitateko zerbitzu teknikoek zehaztuko dituzte tasak.

Tasen zenbatekoa eta dagozkien kontzeptuak bilduta daude honako ordenantza honetan: Ordenantza fiskala, ur horniduraren, saneamenduaren eta Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak egiten dituen gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituena. Ordenantzaren tarifen eranskinean ere agertzen dira, konexiorako obrak eginen diren ekitaldian indarrean dagoen testuaren arabera.

Hirugarrena.–Txosten teknikoa.

Eskaeraren edukia zein den ikusita, Mankomunitateko zerbitzu teknikoei eskatuko zaie hargunearen ezaugarriak egiaztatzeko. Orobat, ziurtatu beharko dute jarraitu direla hirigintzako lizentziaren aurretik emandako txostenen jarraibideak hargunearen baldintzei dagokienez. Zerbitzu teknikoek beharrezko jarraibideak emanen dituzte. Jarraibideok txosten teknikoan bilduko dira, beharrezkotzat jotzen ez denean izan ezik.

Txosten tekniko hori Mankomunitatearen bulegoetara bidaliko da, eta aldekoa bada, Mankomunitateko buruak hargunea egiteko lizentzia edo baimena emanen du, eta behar bezala jakinaraziko zaio pertsona/erakunde sustatzaileari/eskatzaileari.

4.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Hargunei dagozkien arauak ez betetzea arau-haustetzat joko da, eta ekarriko du 100 eta 400 euro arteko zehapena ordaintzea.

Arau-hausteak sailkatuko dira egindakoaren larritasunaren arabera, eta horri dagokion zehapenaren zenbatekoa kalkulatuko da.

Zehapen prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2405772