83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA Annecyn (Frantzia) ekainaren 9tik 15era eginen den Annecy Animation International Film Market 2024 jaialdian parte hartzeko.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du (https://www.planinternacionaldenavarra.es/) , Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nafarroaren nazioartekotze-prozesuaren diagnostikoan, zeina oinarri hartu baita aipatu plana egiteko, Frantzia lehentasunezko herrialdeetako bat da, eta ahalegin berezia eskaini behar zaio Nafarroa nazioartekotzeko orduan. Ikus-entzunezkoen sektorea da herrialde horretako sektore estrategikoetako bat.

Annecy Animation International Film Market (https://www.annecyfestival.com/home) jaialdia Annecyn ospatuko da ekainaren 9tik 15era, eta animazio digitaleko zinemari buruzko munduko hitzordu nagusia da. Bertan, 11.000 akreditazio baino gehiago izanen dira, 88 herrialde egonen dira ordezkatuak, eta 500 bat film proiektatuko dira. MIFA animazio-zinemaren nazioarteko merkatuak 3.500 profesional baino gehiago espero ditu aurten, zeinek bateko eta besteko jarduera profesionaletan parte hartuko baitute: garatze bidean dauden proiektuen aurkezpenak, pitching saioak, hitzaldiak, key notes izenekoak, Territory focus Paraguas "Creative Europe MEDIA" izenekoa, animazioko emakumeen nazioarteko topaketak, Mifa Campus-a, etab.

Nafarroako Gobernuak uste du azoka honek aukera garrantzitsuak eskain ditzakeela ikus-entzunezkoen sektoreko Nafarroako enpresentzat, zehazki, animazio digitalaren sektorean lan egiten dutenentzat.

–Ekintzaren helburuak:

  • "Navarra Animation" marka ezagutzera ematea eta Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorearen irudi bateratu, profesional eta erakargarria ematea azokan.
  • Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen animazio-zinemaren sektorea nazioartean.
  • Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresei nazioartekotzeko laguntza instituzionala ematea.
  • Negozio aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresei laguntzea balizko bezeroekin harremanetan jartzen.

–Sektorea:

  • Ikus-entzunezkoak (animazioa eta ikusizko efektuak).

–Ekintzaren edukia:

  • Mahai berezia Nafarroarentzat, Icex/Animation from Spain standaren barruan.
  • Akreditazioak ematea (1 enpresa bakoitzeko).
  • Parte hartzen duten enpresek esportazio-diagnostiko bat egiteko aukera izanen dute (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion), jaialdia baino lehen, parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartera ateratzeko duen prestakuntza maila baloratzeko.
  • Proiektuetarako sustapen materialak argitaratzea.

Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastuak, horiek entitate parte-hartzaileen kontura izanen baitira.

–Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

  • Ikus-entzunezkoen sektoreko entitate bat izatea; elkarte profesionala, garatze bidean dauden zinema- edo telebista-proiektuak edo 2D edo 3D animazio-proiektuak dituzten ikus-entzunezko ekoiztetxeak.
  • Lehentasuna izanen dute ETEtzat hartutako enpresek, eta, leku librerik geratzen bada, baldintza hori betetzen ez duten enpresak eta garatze bidean dauden proiektuak dituzten langile autonomoak (produktore eragileak) sartzen ahalko dira.
  • Egoitza soziala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.
  • Web-orria ingelesez izatea.
  • Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, jaialdiaren aurretik, jaialdia bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

–Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2024ko maiatzaren 17ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

–Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua:

Annecyko jaialdiko ekintza honetan gehienez ere 10 enpresak eta gutxienez ere 4 enpresak parte hartzen ahalko dute. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

Lehentasuna izanen dute Nafarroako Nazioarteko Planaren barruan jaialdi honetan estalitako sektorearentzat 2024an antolatutako beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresek.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
  • Mahaiari arreta ematea jaialdiaren egun guztietan, irekita dagoen ordutegiaren barruan.
  • Ekintza egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
  • Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 15ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2406112