83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261E/2024 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzekoa "Tafalla transformazio-azpiestazioaren barneko 66 kV-eko Tutera 1 linea, Azkoien transformazio eta banaketako azpiestazioaren eta 62. euskarriaren artean, Azkoiengo udal-mugartean" proiektuari, zeinaren sustatzailea baita I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU.

2023ko abenduren 7an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera helarazi zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4 b) multzoan dago sartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta ala ingurumen-inpaktuaren txostena behar duen, txosten honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

–Proiektuaren deskribapena.

Proiektuaren helburua da inguruko elektrizitate-horniduraren kalitatea eta segurtasuna hobetzea, eta, horretarako 66 kV-eko sare berri bat proiektatu da Azkoien transformazio eta banaketako azpiestazioa eta lehengo linearen 62. euskarria lotzeko. Linea berriak gaur egungo zirkuitu bakunekoa ordeztuko du, zeina desegin eginen baita, eta, trazatu berean (aldaketa puntualak bakarrik eginda), zirkuitu bikoitzeko tarte bat ezarriko da (Azkoien transformazio eta banaketako azpiestazioaren eta 134. euskarriaren artean), baita zirkuitu bakuneko tarte bat ere 134. eta 62. euskarrien artean.

Linea airetik igarotzeko proiektatua da, eta 7.249 metro lineal eta 35 euskarri izanen ditu. Aireko zatiak sareta-euskarri metalikoak izanen ditu, aluminio-altzairuzko kablez loturik.

66 kV-eko linea berria Azkoiengo udal-mugartean igaroko da. Linea Azkoiengo hiri-bilbe industrialaren iparraldeko muturretik ipar-ekialderantz igaroko da, Arga ibaia zeharkatuz, eta, gero, NA-115 errepidearekiko paraleloan eginen du aitzinera, errepide horren amaieraraino, 15+439 kilometro-puntuaren ondoan.

Proiektuak barnean hartzen du, orobat, trazadura horretan igarotzen den egungo linea bakuna desmuntatzea –gero, ia osorik erabiliko da instalazio berrian–.

–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua tramitatzea.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Azkoiengo Udalari eta askotariko erakunde ekologistei, bai eta linea berriak ukituriko lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere. Legean aurreikusitako epean, ez zaie eman erantzunik kontsulta horiei.

–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Proiektua egikarituko den eremuan, eragina dute, zuzenean zein zeharka, ingurumena babesteko eta balioesteko zenbait figurak, eta arreta bereziko paisaiak zeharkatuko dira. Lanek zuzenean ukituko dituzten eremuen artean, nabarmentzekoak dira Estellerriko Erriberako Igeltsuak kontserbazio bereziko eremua (KBE), Aragoi eta Arga Ibaien Beheko Tarteak KBE, Azkoiengo 12. zenbakiko estepako hegaztien eremu kritikoa, eta Muga eta Santa Eulalia ibarguneetako lekune naturalak. Kontserbazio bereziko eremuen kasuan, zirkuitu bakuneko linea bat desegin eta zirkuitu bikoitzeko bat proiektatuko da, egungoak baino babes handiagoak dituena talka eta elektrokuzioen aurka. Estepako hegaztien eremu kritikoaren kasuan, egungo linea bakunaren ordez beste linea bakun bat paratuko da, baina talken aurkako balizak eta elektrokuzioak prebenitzeko babesak dituena. Nabarmendu behar da trazadura lehendik dagoena bera edo oso antzekoa dela bi kasuetan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak zenbait aukera aurreikusten ditu, eta, azkenik, egungo linearen trazadura ia osorik aprobetxatzen duen soluzioa aukeratu da, ingurumen-ukipenak ahalik eta gehien murrizteko eta gehiagorik ez sortzeko paisaia babestuetan edo inguruan dauden bestelako babes-figuretan.

Hala, trazadura egungo linearen trazatutik bertatik igaroko da lehenbizi: Estellerriko Erriberako Igeltsuak KBEa zeharkatuko du, batez ere Alepo pinuz basoberritutako lurrak. Tarte horretan, inpaktua oso txikia izanen da lanak behar bezala eginez gero, eta ez da sortuko ukipen gehiagorik edo, sortuta ere, oso txikiak izanen dira funtzionamendu-fasean, aurreko linearen zortasunak direla eta.

Gero, trazadurak izkin egiten du egungo trazadurarekiko X599782 Y4689178 puntu inguruan, eta 50 bat metro desplazatzen du linea –distantziarik handiena duen tokian–; horri esker, saihestu eginen dira ukipenak interes bereziko landarediagatik ingurumen-baliokotzat jotako eremuan.

Gaur egungo trazadura aldatzearen ondorioz, beste toki batetik igaroko da Aragoi eta Arga Ibaien Beheko Tarteak KBEa lehenbizikoz gurutzatzen duen tartea; landare gutxiko eremu bat izanen da, baina, linearen zortasunak direla eta, lau zuhaitz ukituko ditu. Hori dela eta, ondotik deskribatzen diren baldintzak ezarri behar dira.

Jarraian, KBEa bigarrenez gurutzatu baino lehen, lineak egungo trazadura berreskuratzen du, eta hortik egiten du bigarren gurutzatze hori, baita estepako hegaztien eremu kritikoaren trazadura ere.

Aireko linearen tarteetan, badira intereseko habitat naturalak dituzten eremu batzuk, katalogatuak. Esate baterako, proiektuak ukituriko eremuan habitat katalogatuak ageri dira; besteak beste, landaredi mediterraneoa, larre xerofiloak eta landaredi gipsiliko iberikoa dituztenak, bai eta ibaiertzeko landaredia ere.

Abelbideei dagokienez, linea berriak lau aldiz zeharkatzen du abelbide-sarea. Lehenik eta behin, lerroak Cañada de Vallacuera adarra gurutzatzen du; gero, El Vergelillo adarra, eta, azkenik, Corral del Alto eta Corral de Carredoro arteko adarra bitan.

Proiektuan ez daude zehatz-mehatz jasota sarbideak, gaur egun halakorik ez dagoen kasuetarako; hortaz, ezin da balioztatu zer eragin izanen duen sarbideak egokitzeak landaredi naturalean.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen-inpaktua aztertuta, Ingurumen Ebaluazio Atalak irizten dio ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela izanen eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, betiere ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira.

Hala, aldeko txostena ematen zaio "Tafalla transformazio-azpiestazioaren barneko 66 kV-eko Tutera 1 linea, Azkoien transformazio eta banaketako azpiestazioren eta 62. euskarriaren artean, Azkoiengo udal-mugartean" proiektuari, betiere txostenean jasotako baldintzak betetzeko eginbeharrarekin. Orobat, adierazten da ez dela beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Dena den, horrek ez du galarazten indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Tafalla transformazio-azpiestazioaren barneko 66 kV-eko Tutera 1 linea, Azkoien transformazio eta banaketako azpiestazioaren eta 62. euskarriaren artean, Azkoiengo udal-mugartean" proiektuak, zeina I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatua baita, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzetan. Beraz, ez du bete behar 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Abifauna elektrokutatzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko, nahitaez betetzekoa izanen da: lotzeko euskarrietan gutxienez 1 m-ko distantzia gordetzea euskarriaren gurutzetaren eta eroaleen artean. Babes- edo maniobra-elementuak alderantzikaturik paratuko dira, euskarriko burualdetik behar adinako tartea utzita. Nolanahi ere, isolatu eginen dira tentsio-elementuen arteko lotura zubiak, baita ebakigailuak, autobalbulak eta konexio-botilak ere. Ganga-erako euskarrietan, isolatu eginen da erdiko eroalea, esekitze-grapa barne, 1 m alde bakoitzean. Isolatzeko erabiliko den materialak egokia izan beharko du goi-tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko. Debekaturik dago silikonazko zinta edo antzekoak erabiltzea, eta elementu bakoitzerako aurrez formatutako pieza espezifikoak erabiliko dira.

–Era berean, bi tarte seinalatuko dira talken aurkako balizekin, abifauna babesteko. Fase bereko elkarren segidako bi balizaren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita. Kontserbazio bereziko eremua gurutzatzeko hasierako puntua X598055, Y4688577 izanen da, eta amaierakoa, berriz, X601590, Y4690433. Estepako hegaztien eremu kritikoan kokatutako ekialdeko aireko tartea ere balizatuko da: X602711, Y4691652 puntuan hasi, eta X603712, Y4692491 puntuan bukatu.

–Azkoiengo 12. zenbakiko estepako hegaztientzako eremu kritikoaren barruan egin beharreko lanek errespetatu egin beharko dute inguru horretako hegaztien ugalketa-aldia. Hori horrela, martxoaren 1etik uztailaren 15era bitartean eginen dira eremu horretako lanak.

–Ibilguen inguruko lanei dagokienez: lanek zorrotz errespetatu beharko dute ibaiertzeko landaredi autoktonoa, eta, ukipen puntualen bat beharrezkoa izanez gero –lau zuhaitz-ondotan gertatzen den moduan–, toki horiek berroneratu egin beharko dira garbitu ondotik.

–Lanek ibaiertzeko landaredian eragin ditzaketen kalteak landaketekin konpentsatu beharko dira, eta, horretarako, egungo linea desegin ondoko inguruak proposatzen dira, ibaia gurutzatzen duen parean, han ez baita proiektatzen linea berria. Horri dagokionez:

–Ukituriko zuhaitz- edo zuhaixka-espezie bakoitzeko hiru ondo landatuko dira, espezie berekoak.

–Landareok baimendutako mintegietatik ekarriko dira, eta haien jatorri genetikoa Nafarroako hegoaldekoa edo inguru hurbilekoa izanen da.

–Landaketa geldialdi begetatiboan eginen da, udazken-amaieran edo negu-amaieran, izozte-alditik kanpo. Landatzeko zuloak aurrez prestatuko dira, hilabete lehenago behintzat bai, eta gutxienez 40 x 40 x 40 cm-koak izanen dira.

–Landareak ureztatu eginen dira landatzean, eta mantentze-lanak eginen zaizkie ondotik:

  • Eskuzko jorra (aitzur edo antzekoekin) hiru urtez, landarearen inguruko landaredi lehiakidea erretiratzeko.
  • Udako ureztatzeak lehen hiru urteetan: 30 litro aldiko, eta gutxienez bi aldiz udan.

–Zuhaixka-landareak landatuz gero, babes-hodiak jartzeko aukera aztertuko da.

–Linea elektrikoaren ibilguen gurutzaketek nahitaez bete beharko dituzte Arroko Erakundeak (CHE) ezarritako gutxieneko altuerak eta babesak.

–Lanek dirauten bitartean, solido asko mugituko dira; beraz, ibaia gertu dagoenez, neurriak hartu beharko dira solidoak atxikitzeko.

–Lanak agorraldian eginen dira; hartara, saihestu eginen da uholdeak gertatuz gero urak ibilgutik ateratzea obrek ukituriko eremuan.

–Makina astunak erabili behar badira, ertzetatik lan egin beharko dute, ibilgura sartu gabe.

–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak bukatu ondotik.

–Jarduketa-eremua bisoi europarraren ohiko habitata denez, espeziearen ugalketa-aldian eragozpenik ez sortzeko, lanak irailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean eginen dira.

–Arrain faunaren garrantzia dela eta, ahal dela, lan guztiak makinek ibai-ohea inbaditu gabe eginen dira. Beharrezkoa izanez gero, jakinaren gainean jarri beharko da Basozaintza-Ingurumena Zaintzeko Taldea, neurri egokiak hartzeko.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia. Ibilguan hormigoi freskoa botatzeak berehala akabatzen du arrain-fauna.

–Erreka-zulo edo erretenetako gurutzaketak, ahal dela, urik ez daramatenean eginen dira. Lehorrean lan egin beharko da beti, eta saihestekoa izanen da urak uhertzea eta/edo kutsatzea.

–Baimen honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik (bereziki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoarenak). Eskaerako jarduketa batzuk jabari publiko hidraulikoan daude kokaturik, eta hori estatuaren eskumena da, Uren Legearen arabera (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua; haren bidez onetsi zen Uren 29/85 Legearen testu bategina), eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren bidez egikaritzen du.

–Ez dagoenez zehaztuta sarbiderik, horiek ez diote kalterik eginen Europar Batasunaren intereseko landarediari eta ahalik eta txikienak izanen dira dagoenaren gaineko ukipenak. Obra-zuinketak egiterakoan, ukipenak ahalik eta txikienak izateko moduan markatu beharko dira euskarriak eta planteatu beharko dira sarbideak.

–Eragin puntualik egin behar izanez gero, lurra jatorrizko egoerara lehengoratu beharko da obrak bukatu ondotik.

–Behar bezala berroneratuko dira lanek aldatutako eremu guztiak, barnean harturik euskarrietarako bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondotik utziko ez diren trazatuak, lanen aurretik zuten erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Berroneratze-lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako laborantza-lurrak harrotzea.

–Bidetik kanpoko zangak irekitzeko lanetan eta euskarri berriak zimendatzeko zuloak egitean, gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza bat kenduko da hasieran; geruza hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean.

–Desegin eginen dira zerbitzurik gabe gelditzen diren aldi baterako azpiegitura guztiak, baita zerbitzuz kanpo gelditzen diren desegin beharreko lineako azpiegitura guztiak ere.

–Txosten hau eginda ere, nahitaezkoa izanen da sustatzaileak indarrean dagoen legedian eskaturiko gainerako baimenak lortzea, eta, bereziki, inguruko balizko aurkikuntzei edo aztarnategiei buruzko txostena egitea, baita interes kulturaleko elementuei buruzkoa ere.

–Obra bukatuta dagoenean, jakinaren gainean jarri beharko da Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa (seguimiento.ambiental@navarra.es); jakinarazpenarekin batera bidaliko zaizkio espedientearen kodea, linearen georreferentzia-artxiboa, euskarri eta guzti, eta euskarrion argazkiak.

–Lanak hasi baino astebete lehenago, jakinaren gainean jarriko da Tafalla-Zangoza barrutiko Basozaintza (gmaestellasur@navarra.es), obrak ikuska ditzan eta, egokia bada, zuhaitzak markatu ditzan.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen-txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jartzen ahal direnak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ibai Ingurunearen Atalari, Azkoiengo Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2405466