83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

118/2024 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean adinekoei egoitza-arreta emateko titulartasun pribatuko zentroen eremurako funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, 2024ko apirilaren 10ean, 17an eta 24an egitekoa den greba dela-eta (apirilaren 10ean eta 17an bi orduz, eta apirilaren 24an 24 orduz).

LAB sindikatuak greba-deialdia egin du 2024ko apirilaren 10erako, 17rako eta 24rako. Apirilaren 10ean, 10:00etatik 12:00etara; apirilaren 17an, 10:00etatik 12:00etara; eta apirilaren 24an, 0:00etatik 23:59ra.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Adineko pertsonen zaintzaren eta, oro har, gizarte zerbitzuen eremuan, zerbitzu jakin batzuk –hala nola egoitza-zentroak– zaintza-premiako egoerei berehalako erantzuna ematera bideratuak daude, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonala eta soziala errazteko.

Grebaren eragina pairatuko duten adinekoentzako laguntza zerbitzu horien instalazioetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago gizarte baliabide horren erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak.

Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena grebarako deia egin duen sindikatuari bidali zaio, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–2024ko apirilaren 10ean, 17an eta 24an egitekoa den greba dela-eta (apirilaren 10ean, 10:00etatik 12:00etara; apirilaren 17an, 10:00etatik 12:00etara; eta apirilaren 24an, 0:00etatik 23:59ra), grebaren xedeko eremuan, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:

Titulartasun pribatuko egoitza-arretako zentro guztietan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek emanen direla bermatzeko behar den plantillak egon beharko du jardunean. Zehazki, adinekoentzako egoitza-zentroei dagokienez, honako langile hauek:

–Jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere deitutako grebak hartzen dituen lanaldiei zegokien kopurua gainditu gabe.

2.–Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau LAB sindikatuari jakinaraztea, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko apirilaren 8an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2405732