83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

285E/2024 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2024. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 754638.

Ebazpen honen xedea da finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2024. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzari buruzko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3 puntuan aurreikusita dago ikerketa lana areagotzeko prozedura bat abian jartzea sostengua emateko unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari, baldin eta unitate asistentzial horiek ongi zehaztutako ikerketa-proposamen bat badute eta ibilbide profesional nabarmena frogatua duten profesionalak badituzte; 7.4.2 puntuan, jarduketa-ildoen artean, zainketen arloko ikerketa bultzatzea ezartzen da.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen berrikuntzaren arloko ikerketa lana indartzeko –halakotzat harturik ebidentzian oinarritutako gomendio batzuk ezartzea eta ebaluatzea–, beharrezkotzat jotzen da hautatzen diren ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten erizaintzako langileen lanaldiaren %50 adinakoa.

Azaldutakoa kontuan hartuta, Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak egindako txostena eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8. artikuluaren t) eta y) letrek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Finantzaketa emateko deialdi bat onestea 2024. urtean erizaintzako langileen zainketen berrikuntzaren arloko ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

2. Finantzaketa emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Guztira, 25.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Gastu hori Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari egotziko zaio, "Osasun-langile publikoen ikerketa areagotzeko bekak" izenekoari.

4. Ebazpen hau igortzea Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuari, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Ebaluazio Batzorde Teknikoko kideei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren atalburuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Agintzea ebazpen hau eta dagokion eranskina argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta https://www.navarra.es/eu/hasiera atariko administrazio publikoaren eremurako katalogoen zerbitzuan, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko apirilaren 3an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalek zainketen berrikuntzaren arloan egiten duten ikerketa lana areagotu dadila sustatzea 2024. urtean. Profesional horiek erizaintzako zainketetan zentratutako hobekuntza-plan bat duten unitate asistentzialetako kide izan beharko dira.

2.–Prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskudunak.

Oinarri hauetan aurreikusitako ondorioetarako, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalari esleitzen zaizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaintzako profesionalen zainketen berrikuntzan ikerketa-jarduera areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko eginkizunak.

Instrukzio organoak Batzorde Teknikoaren balorazioari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena.

Oinarri arautzaile hauetan "organo instruktoreari" egindako aipamenak aipatutako Ikerketa eta Berrikuntza Atalari buruzkoak direla ulertzen da.

3.–Eskatzaileak eta onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organikoetako arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale arloko unitateak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko osasun laguntzakoak) eska dezakete beren profesionaletako baten ikerketa lana areagotzea, betiere unitateek hurrengo atalean ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate organikoek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

a) Unitate organikoaren hobekuntza plan bat aurkeztea, ongi zehazturik helburuak, ekintzak eta ebaluazio adierazleak. Hobekuntza plana ebidentzia zientifikoan oinarritutako gomendioen ezarpenean eta ebaluazioan oinarrituko da, eta erizaintzako zainketetan zentratuko da.

b) Ospitaleen eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, "Akreditatua" egoera lortu izana "Akreditazioa" deritzon atalean.

3.3. Ikerketa lana areagotzeko hautagaiek, berriz, onuraduntzat hartuko dira, eta funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura izan beharko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, erizain gisa, eta lanaldiaren %50eko dedikazioa izan, gutxienez, ikerketa lana areagotzea eskatzen den unetik ikerketa lanaren areagotzea amaitu arte.

4.–Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 25.000 euroko gastua gehienez ere, 2024ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastu-aurrekontuko "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten erizaintzako profesionalek utziko duten lana aldi baterako kontratazioaren bidez betetzea.

4.3. Unitate organikoari finantzatzen ahal zaion diru-zuzkidura 25.000 eurokoa izanen da, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Puntuaziorik handiena lortzen duten ikerketa-proiektuak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4.5. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. 12. oinarrian xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5.–Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko langileak urtean duen lanaldiaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezkoen kontratazioaren etenaldiak kasu hauetan bakarrik berreskuratzen ahalko dira: amatasun- edo aitatasun-bajetan edo familia-zainketakoetan.

6.–Eskaerak.

6.1. Ikerketa areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak eskuragarri daude Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

7. eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–1. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala atxikia duen unitate organikoko arduradunak sinatutako eskabidea, unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailetzak ikus-onetsia. Eskaera hori ikerketa lana areagotu behar duen langileak sinatu beharko du.

–2. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen profesionala zer unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren hobekuntza plana, ongi zehaztuta helburuak, ekintzak eta esku-hartzearen ebaluaziorako adierazleak.

–3. agiria. Langile onuradunak ikerketa lana areagotuko duen aldian beteko duen jardueraren zehaztasunak eta kronograma.

–4. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen erizaintzako profesionalaren curriculum vitaea, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera betea (www.nafarroa.eus).

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

Honako hauek osatuko duten batzorde tekniko batek baloratuko ditu tramitera onartzen diren eskaerak:

Ana Fernández Navascues andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuko kidea, Nafarroako ordezkaria dena Ebidentzian oinarritutako osasun zainketetarako Espainiako Zentroaren Jarraipen Batzordean, Carlos III Osasun Institutuan.

M.ª Josefa Gonzalez García andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Kalitate eta Informazio-sistemetarako Erizaintza Unitateko erizaintzako diplomaduna.

María Arbona Celaya andrea, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako Nafarroako Ekialdeko Zainketa Asistentzialerako eta Etxeko Arretarako atalburua.

Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.

M.ª José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Osasun Plangintza, Estrategia Sanitario eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntzako atalburua.

9.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 10. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

10.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

10.1. Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Ikerketa lana areagotzeko laguntzak jasotzeko izangaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: gehienez 30 puntu.

a.1) Puntu 1, honako egoera hauetakoren bat egiaztatzen badu:

–%33ko edo gehiagoko desgaitasun-ziurtagiria, organo eskudunak emana.

–Amatasunagatiko, aitatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo ardurapeko senideak zaintzeagatiko baimena, 2019ko urtarrilaren 1etik deialdiaren datara arte.

–Genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen dokumentua, Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak emana.

a.2) Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. 5 puntu emanen dira gehienez, honela banaturik:

–Journal Citation Report (JCR) aldizkari zientifikoan indexatutako argitalpen bakoitzeko: Lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 3 puntu. Gainerako egileak: 1,5 puntu.

–Beste datu-base batzuetan indexatutako aldizkari zientifikoko argitalpen bakoitzeko: Lehenengo edo azken sinatzaile gisa edo korrespondentziarako egile gisa agertzen bada: 2 puntu. Gainerako egileak: 1 puntu.

–Liburuko kapitulu bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1, sinatzaile bat baino gehiago badago 0,5 puntu.

–Arreta-protokolo bakoitzeko: sinatzaile bakarra: puntu 1, sinatzaile bat baino gehiago badago 0,5 puntu.

a.3) Biltzarretako komunikazio edo posterrak. 5 puntu gehienez, honela banaturik:

Lehenengo egile gisa:

–Europako kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 3 puntu.

–Nazio mailako kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 2 puntu.

–Eskualdeko kongresu bateko komunikazio bakoitzeko: 1 puntu.

–Europako kongresu bateko poster bakoitzeko: 2 puntu.

–Nazio mailako kongresu bateko poster bakoitzeko: 1 puntu.

–Eskualdeko kongresu bateko poster bakoitzeko: 0,5 puntu.

Gainerako egileen parte-hartzea aipatutako puntuazioaren erdiarekin baloratuko da.

a.4) Ikerketa proiektuetan parte hartzea: 5 puntu gehienez, honela banaturik:

Ikertzaile nagusi gisa parte hartzea:

–Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1,5 puntu.

–Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 1 puntu.

–Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko: 0,6 puntu.

Laguntzaile gisa parte hartu izanez gero, aipatutako puntuazioaren erdia emanen da.

a.5) Beste merezimendu batzuk: 14 puntu gehienez, honela banaturik:

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 2 puntu master bakoitzeko.

–Irakasle gisa parte hartzea: 2 puntu gehienez.

–Etengabeko prestakuntzako ikastaro bakoitzeko:

–Puntu 1, egiaztatuta badago.

–0,5 puntu, egiaztatu gabe badago.

–Mintegi, tailer, jardunaldi edo saio bakoitzeko: 0,25 puntu.

–Asistentziaren kalitatearen arloko prestakuntza (2 puntu gehienez).

–Etengabeko prestakuntzako jarduera frogatuak: 0,5 puntu kreditu bakoitzeko.

–Esperientzia hobekuntza-planetan: 4 puntu gehienez.

–Hobekuntza-plan baten koordinatzaile gisa, 4 puntu.

–Hobekuntza-planen sustatzaile gisa: 2 puntu plan bakoitzeko.

b) Aurkeztutako hobekuntza planaren balorazioa: gehienez 70 puntu.

b.1) Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa: Balorazioa egiteko, kontuan hartuko dira abiapuntuko egoera, arazoa eragiten ari diren arrazoi probableenak eta haien kuantifikazioa. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

–Aldatu beharreko arazoaren diagnostikoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu osoaren testuinguruan aztertuta badago: 20 puntu.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan partzialki aztertuta badago (arlo edo zentro batean): 10 puntu.

–Arazoaren diagnostikoa egiten ez bada Osasunbidea-Nafarroako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren testuinguruan: 0 puntu.

b.2) Proposatutako helburuen eta ekintzen arteko egokitzapena: baloratuko da hobekuntza ekintzak aukeratu izana honako hauek ezagutzearen ondorio logiko gisa: arazoa nolakoa den, haren kausak, ezarritako helburuak eta ekintzen ebidentzia maila. 30 puntu gehienez, honela banaturik:

–Proposatutako ekintza guztiak ebidentzian oinarrituak badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 30 puntu.

–Proposatutako ekintzen erdiak, gutxienez, ebidentzian oinarrituak badaude eta gomendioaren indarra aipatzen bada: 20 puntu.

–Ekintzak helburuekin lotuak badaude, baina aipatzen ez bada gomendioaren indarra proposatutako ezein ekintzatan: 10 puntu.

–Ekintzak helburuekin lotuak ez badaude: 0 puntu.

b.3) Ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarriak: haien balioa, sentsibilitatea eta espezifikotasuna baloratuko dira, bai eta proposatutako ekintzetan nahi den aldaketa neurtzeko ahalmena ere. 20 puntu gehienez, honela banaturik:

–Proposatutako ekintza bakoitzerako ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri bat badago: 20 puntu.

–Ekintzen erdiak, gutxienez, ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak badaude: 10 puntu.

–Ekintzetako bat ere lotua ez badago, edo ekintzen erdiak baino gutxiago baldin badira ongi definitutako neurketa-adierazle kalkulagarri batekin lotuak daudenak: 0 puntu.

10.2. Hautagaiaren curriculum-merezimenduak finantzatzeko, gutxienez 10 puntu lortu beharko dira, eta aurkeztutako hobekuntza planak, gutxienez, 35 puntu lortu behar ditu.

11.–Ikerketa lana areagotzearen onespena.

11.1. Batzordeak, 10. puntuan ezarritako irizpideei jarraikiz, dirulaguntza emateko behin-behineko proposamen bat onartu beharko du. Proposamen hori Nafarroako Atarian argitaratuko da (Administrazio Publikoaren esparrurako zerbitzuen katalogoan).

11.2. Argitaratu ondoren, 10 egun balioduneko epea irekiko da interesdunek alegazioak egin ditzaten.

11.3. Behin batzordeak bere iritzi loteslea adierazita izangaiek aurkeztutako alegazioei buruz edo behin-behineko zerrendan eragina izan dezaketen bestelako gorabeherei buruz, instrukzio organoak laguntzak emateko eta ukatzeko proposamena eginen du.

11.4. Osasuneko zuzendari nagusia da finantzaketa emateko organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, organo instrukzio-egilearen proposamen arrazoituaren arabera. Proposamen horretan zehaztuko da ikerketa lana areagotzearen onuradun izanen diren pertsonak zein diren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zein unitate organikotakoak diren zehaztuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei, ikerketa egiten den zentroko zuzendaritzari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Atalari, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da.

12.–Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio 2024. urtean zehar, finantzaketaren xedeko gastuak ordain ditzan. Ikerketa lana areagotzen ari denak lan egiten duen zentroaren arabera, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida hauetan eginen da diru-sarrera:

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa: 543000 52200 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza: 541004 52700 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.

13.–Proiektua gainbegiratzea.

Proiektuak gauzatzean kalitatea bermatzeko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Kalitatearen eta Segurtasun Klinikoaren Ataleko buruak etengabe gainbegiratu eta tutorizatuko du hobekuntza-zikloen aurrerapena.

14.–Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatzea.

14.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikerketa lana areagotzen ari denak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.

14.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramatean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro idatziz baimendu beharko du, aurretik, Ikerketa eta Berrikuntza Atalak.

Ordezko langilerik kontratatzen ez bada edo ondorioztatzen bada proiektua ez dela justifikatu, Osasuneko zuzendari nagusiak, Osasun Plangintza, Estrategia eta Ikerketarako Zerbitzuko Ikerketa eta Berrikuntza Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, deusetan galarazi gabe sor litezkeen erantzukizunak.

15.–Ikerketa lana areagotzeko jardueraren amaiera eta justifikazioa.

15.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera amaitzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, hobekuntza asistentzialeko zikloen aurrerapenaren gainbegiratzea eta tutoretza jarraitua egiten duen arduradunak, unitate organikoaren arduradunarekin batera, Ikerketa eta Berrikuntza Atalari igorri beharko dio azken memoria bat, berrikuntzaren eraginari buruzko atal bat jasoko duena: jardun klinikoaren gaineko eragina edo osasun arloko politiken gaineko eragina, osasunaren gaineko eragina edo ematen den osasun zerbitzuaren gaineko eragina. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

15.2. Beharrezkoa bada ikerketa lana areagotzeko jarduera aurrera eramateko, unitate organikoaren arduradunak Ikerketa eta Berrikuntza Atalari eskatzen ahalko dio luza dezala proiektua gauzatzeko epea edo azken memoria aurkezteko epea, behar bezala arrazoituta, betiere gauzatzeko epea bukatu aurretik edo memoria aurkezteko epea bukatu aurretik, kasuan kasukoa.

16.–Konpromiso osagarriak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Ekoizpen horien berri emanen zaio Ikerketa eta Berrikuntza Atalari, azken memoriaren bidalketa-data edozein dela ere.

17.–Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18.–Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.

Iragarkiaren kodea: F2406104