83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

259E/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, 2024. urterako, toki entitateei dirulaguntzak emateko enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 750805.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen helburuen artean honako hauek daude: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta, gizartearen, ekonomiaren, politikaren, lan munduaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea, pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, eta pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Arauen garapen horren bukaera gisa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan, gizarte inklusioaren arloan bermatuak ez dauden prestazioen atalean, enplegu sozial babestuko proiektuen garapena jaso zen.

Uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuaren bidez, oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema arautu ziren. Bada, foru dekretu horretan jasota dago ezen enplegu sozial babestuaren programari laguntzeko langileak finantzatuko direla foru dekretu horrek arautzen duen finantzaketaren kalkuluaren bidez, eta ez urteko dirulaguntzen deialdien bidez.

Era berean, Europar Batasunaren kohesio-politikak Batasunaren ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa indartzen laguntzen du. Haren helburua da herrialdeen eta eskualdeen arteko desorekak zuzentzea. Zehazki, 2021az geroztik Europako Gizarte Funtsa Plus (EGIF+) izena duen Europako Gizarte Funtsa da Europar Batasunak daukan tresna nagusia honako hauek lortzera bideratutako neurriei sostengua emateko: langabeziari aurrea hartzea eta aurre egitea, giza baliabideak garatzea eta lan merkatuan gizarteratzea sustatzea. Hala, funts horrek enplegu maila handia, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna, garapen jasangarria eta ekonomia- eta gizarte-kohesioa sustatzen dituzten ekimenak finantzatzen ditu. Helburu horiekin bat, programatu da Europako Plus Gizarte Funtsak 2021etik 2027ra bitarte Nafarroako Foru Komunitatera bideratuko dituen 22 milioi euro ingurutik ia 5 milioi euro programatu dira enplegu sozial babestuko ekintzetarako; horrela, proiektu horietarako sostengua indartuko da Europar Batasunetik heldu diren finantza-baliabide gehiago txertatuz.

Horrela, enplegu sozial babestua Nafarroako EGIF+ 2021-2027 programaren Helburu Espezifiko honen barruan sartzen da: "Enplegu eskatzaile guztiak enplegura eta aktibazio-neurrietara iristeko bidea hobetzea, bereziki, gazteei dagokienez, Gazte Bermea aplikatuz, iraupen luzeko langabeei eta lan merkatuan egoera ahulenean dauden taldeei dagokienez eta pertsona ez-aktiboei dagokienez, bai eta norberaren konturako enplegua eta gizarte-ekonomia sustatuz ere".

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xedapenek eta Europako Plus Gizarte Funtsaren (EGIF+) finantzaketaren bidez ezarritako helburuek bat egin behar dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenekin. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Oinarri arautzaile hauen helburua da toki entitateetan enplegu sozial babestuko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea. Proiektu horietan, errenta bermatua jasotzen duten familia-unitateetako onuradunak, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak edo horren arriskuan daudenak eta babestu gabeko lanpostuak eskuratzeko arazoak dituzten pertsonak kontratatuko dira, laneratzeko aukerak hobe ditzaten interes orokorreko jarduera batean arituz eta gizarteratzeko eta laneratzeko abilezietan eta lanbideko trebetasunetan prestatuz.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea, hala xedatua baitago departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 1. artikuluan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutakoak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Toki entitateei enplegu sozial babestuko programarako dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, zeinak foru agindu honen I. eranskinean bildu baitira.

2. 7.900.000,00 euroko gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuko "901003-91600-4609-231606 [PEP: (E-23/000619-01)]: enplegu sozial babestua" aurrekontu-partidaren kargura.

3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera ere.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute toki entitateek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko martxoaren 22an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TOKI ENTITATEEI ENPLEGU SOZIAL BABESTUKO PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO.

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da araubide bat ezartzea toki entitateei dirulaguntzak emateko, "Gizarteratzeko ibilbide integralak: enplegu sozial babestua" proiektuak aurrera eraman ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Dirulaguntza horien bidez, toki entitateek sustatutako interes orokorreko eta irabazi-asmorik gabeko proiektuak finantzatuko dira, zertarako eta, gizarte-bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonak kontrata ditzaten; zehazki, lan munduan eta gizartean txertatzeko aukerak hobetuko dizkien gizarteratze ibilbide bat egiteko gizarte akonpainamendua behar duten pertsonak kontratatu beharko dira.

3. Enplegu sozial babestuko proiektuek, zein den ere beren tipologia, genero ikuspegia jaso beharko dute, hala horiek prestatzean nola gauzatzean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, hartan ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoek bete beharreko jarduketa-printzipioak Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin Foru Komunitateko bizitzaren eremu eta etapa guztietan.

Bigarrena.–Entitate eskatzaileen eta kontratatutako pertsonen betebeharrak.

1. Gizarte zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak. Entitate eskatzaileek ezin izanen dute enplegu sozial babestuko proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiekturen bat beste toki entitateekin batera aurkezten duten entitateek ezin izanen dute bakarka beste proiekturik aurkeztu.

2. Proiektuak egiteko kontratatzen diren pertsonek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Lan egiteko adina izatea.

b) Dirulaguntza honen babesean egonik guztira lanaldi osoan dauden pertsonen edo hilabeteen %60, gutxienez, programaren bidez kontratatzen diren unean Errenta Bermatua jasotzen ari diren unitateetako onuradunei egindako kontratuak izan behar dira.

c) Guztira ematen diren pertsonen edo hilabeteen %40, gehienez, Errenta Bermatua jasotzen ez duten pertsonei egindako kontratuak izan daitezke, betiere gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan badaude eta gizarte akonpainamendua behar badute gizarteratze ibilbidea egiteko. Horretarako, Gizarte Zerbitzuak SIDIS tresnaren baterako diagnostikoa izan beharko du, eta horren emaitza gizarte-bazterketa edo horren arriskua izan beharko da. Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela. Portzentaje hori handiagoa izaten ahal da udalerri horretan ez badago Errenta Bermatua jasotzen duen inor. Errenta Bermatua jasotzen ari ez diren pertsonak proiektuak irauten duen denbora osorako kontratatzen ahalko dira. Kasu horretan, aipatutako %40 hori handitzen ahalko da.

d) Kontratazioen edo kontratazio-hilabeteen %50, gutxienez, emakumeei egindako kontratuak izanen dira, salbu eta txosten sozialaren bidez egiaztatzen bada ez dagoela kontratatzeko moduko emakumerik; kasu horretan, Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalaren aldez aurreko baimena eduki beharko da.

e) Kontratua bukatu eta hilabeteko epean pertsona berberak kontratatzen badira, ulertuko da 2. puntu honetan ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

1. Kontratazioari dagokionez:

a) Proiektuak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean gauzatu beharko dira. Langileak egun desberdinetan has daitezke proiektuetan, lanean hastea egokituz laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidera.

b) Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean gauzatuko dira.

c) Indarrean dagoen legeriak baimendutako aldi baterako edozein kontratazio modalitateren bidez egiten ahalko dira kontratuak. Langile bakoitzaren kontratuaren iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da kontratuak bide eman behar duela etorkizunean lana lortzeko behar diren ohiturak eta kualifikazioa eskuratzeko.

d) Lanaldien iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da aplikatu beharreko hitzarmenetan jasotakoa. Kontratatu beharreko pertsonen ezaugarriak direla eta, astean 30 orduko lanaldiak onartuko dira lanaldi osotzat. Astean 30 orduko lanaldi mota horiek egiteko kontratatzen denean, lanaldi erdia astean 15 eta 21,5 ordu artekoa izanen da, eta hiru laurdenekoa, berriz, astean 22 eta 29 ordu artekoa. Laneko denboran sartuta dago proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak betetzeko erabiltzen dena.

2. Egin beharreko lanei dagokienez:

a) Bete beharreko lanek errentagarritasuna izanen dute helburu, hau da, langileek lana lortzeko dituzten aukerak hobetzea, eta, beraz, jardueren bitartez, kasuan kasuko jarduketa eremuan atzematen diren enplegu-sorguneen araberako kualifikazioa emanen zaie langileei. Egin beharreko jarduera parte hartzen duten toki entitateen eskumen eremuaren barrenean gauzatuko da.

b) Garrantzi berezia emanen zaio emakumeek lana aurkitzeko aukerak hobetuko dituzten ekintzen diseinuari.

3. Sostenguari dagokionez:

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuak aukeratuko ditu proiektuetako parte-hartzaileak, zerbitzu horretan arreta jaso dutenen artetik, baloratu ondoren baliabidea nola egokitzen den haien premietara eta laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidean zein puntutan dauden.

b) Proiektuetan oinarrizko gizarte zerbitzuaren sostengua aurreikusiko da, funtsean, honelakoa izanen dena: lan jardueraren eta prestakuntza jardueren helburuak eta lan plangintza bat finkatzea parte-hartzaile bakoitzarentzat, bai eta haren eguneroko funtzionamenduaren jarraipen indibiduala ere (bertaratzea, puntualtasuna, produktibitatea,...).

4. Prestakuntzari buruzkoak:

a) Prestakuntzaren helburuak hauek izanen dira:

–Kontratuaren xedeko lanak egiteko ezagutzak eta trebetasunak eskuratzea.

–Prestakuntza maila edo gaitasun profesionalak lan merkatuko eskakizunetara egokitzea.

–Norberaren egonkortasuna, bizikidetza orekatua, gizarteratzea eta gizartean parte-hartzea bultzatzeko behar diren elementuak eskuratzea.

b) Modalitate hauen bidez eskaintzen ahalko zaie prestakuntza erabiltzaileei:

b.1. Obra-lekuko monitorea, enplegu sozial babestuko proiekturako berariaz kontratatutakoa.

b.2. Obra-lekuko monitorea, berariaz kontratatu ez dena enplegu sozial babesturako eta entitate mankomunatu(ar)en plantillakoa dena, bere lanaldiaren zati bat proiektuan ematen duena, prestakuntza-lanak eginez eta kontratatutako pertsonen lanpostuko jardunaren jarraipena eginez.

b.3. Zerbitzu profesionalak (langile autonomoak) kontratatzea, kontratatutako pertsonen prestakuntza eta monitorizazio lanak eginen dituztenak.

c) Entitateek, nahi izanez gero, prestakuntza-ekintzak garatzen ahalko dituzte talde-kohesioa sustatzeko, jarduera egitean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, parte-hartzaileen trebetasun pertsonalak eta sozialak sustatzeko eta lanpostua betetzeko gaitasun profesionalei buruzko prestakuntza sustatzeko. Horretarako, gizarteratze eta laneratze taldeen (GILAT) laguntza eta aholkularitza erabiltzen ahalko da. Prestakuntza-ekintza horiek ez dira deialdi honen kargura finantzatuko.

Laugarrena.–Bateragarritasuna.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera gauzatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

2. Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik– ez du gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

3. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunek beren borondatez aurkezten ahalko dute oinarri arautzaile hauen bosgarren oinarrian adierazitako kontzeptu diruz lagungarrien kofinantzaketa.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Enplegu sozial babestuko proiektuak egiteko dirulaguntzetan gehienez ere kontzeptu eta zenbateko hauek sartuko dira:

a) Dirulaguntza, lanpostuengatik:

a.1) 2023ko abenduko kontratazioetarako: 1.764,00 euro lanaldi osoan kontratatzen den hilabete bakoitzeko, hau da, otsailaren 14ko 99/2023 Errege Dekretuak ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren %140.

a.2) 2024-01-01etik 2024-11-30era bitarteko kontratazioetarako: 1.852,2 euro lanaldi osoan kontratatzen den hilabete bakoitzeko, hau da, otsailaren 6ko 145/2024 Errege Dekretuak ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldataren %140.

Bi kasuetan, dirulaguntzak barne hartzen ditu ordainsaria, aparteko bi ordainsarien hainbanaketa, gizarte segurantza, kitatzeak eta balizko kalte-ordainak.

Zenbateko horiek kostu sinplifikatu gisa ezarri dira, kontzeptu horrengatik egindako gastua Europako Gizarte Funtsari aurkezteko (kostu unitarioaren baremo estandarra, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 53.1.b eta 55. artikuluetan ezarritakoaren arabera).

b) Kontratatutako pertsonen prestakuntzarako dirulaguntza: Lanpostuengatik emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren ehuneko 15 da. Zenbateko hori tasa finko gisa ezarri da, lehen aipatutako 55. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Kontratatutako pertsonen prestakuntzarako, beharrezkoa izanen da obra-lekuko monitorearen figura izatea. Monitore horrek eguneroko funtzionamenduaren banakako jarraipena eginen du bertaratzeari, puntualtasunari, produktibitateari eta abarri dagokienez, parte-hartzaileei prestakuntza ematen dien bitartean hirugarren oinarriko 4. puntuan adierazitako edozein modalitatetan lanpostuan aritzeko.

Kasu horretan, a) atalaren bidez (dirulaguntza, lanpostuengatik) diruz lagundutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko, obra-lekuko monitore baten hilabetearen %9,46ko kontratazioa eskatuko da gutxienez, lanaldi osoan betiere. Figura horren kontratazio-ehuneko hori justifikatzen ez bada, ulertuko da betebeharrak ez direla bete, eta ez-betetze horren araberako itzulketa egin beharko da lanpostuengatiko dirulaguntzan. Hala, obra-lekuko monitorea kontratatzen ez den hilabeteko bakoitzeko, automatikoki, lanpostuagatiko dirulaguntzaren atalean 9,46 hilabeteko ez-betetzea (edo horren baliokide proportzionala) izan dela ondorioztatuko da.

Klausula honetako a eta b puntuek 2028,60 euroko modulu bakarra osatzen dute kontratazio-hilabete bakoitzeko, 2023ko abenduko hilekorako, eta 2.130,03 eurokoa hilabete bakoitzeko 2024rako; zenbateko horiek urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren %140ri %15eko gehigarria aplikatzearen emaitza dira.

2. Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoez bestelako kontzepturik.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate sustatzaileek 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaera horiek entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, entitateak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira. Horretarako, Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratutako fitxara jo beharra dago (aurrerantzean, laguntzen fitxa), Nafarroako Ataritik abiatuta (www.nafarroa.eus), eta eskaerak Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalera bidaliko dira.

4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek laguntzaren fitxan argitaratuta dagoen inprimaki ofizialean aurkeztuko dute eskaera. Fitxa hori Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian dago eskuragarri, Nafarroako Ataritik (www.nafarroa.eus) abiatuta, eta bertatik eskaera deskargatzen ahalko da, zeina sinatuta erantsi beharko baita.

Enplegu sozial babestuko proiektuan aurretik parte hartu ez duten entitate sustatzaileen kasuan, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere erantsi beharko dute.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki entitate eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Eskaera eta aurrekontua aldatzea eskatzen duten arazoak (akats aritmetikoak, zehaztasun falta...). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bederatzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Deialdi honetako gastuei aurre egiteko 7.900.000,00 euro erabiliko dira, eta 2024ko gastuen aurrekontuko "901003-91600-4609-231606 [PEP: (E-23/000619-01)]: enplegu sozial babestua" partidari egotziko zaizkio.

2. Onartutako proiektuetarako guztira eskatutako diru kopurua ez bada handiagoa helburu horretarako bideratutako aurrekontu-kreditua baino, eskatutako diru guztia emanen da.

Bestela, zenbatekoaren banaketa proportzionala eginen da, honako banaketa-irizpide hauen arabera:

%30, kontuan harturik zer zenbateko kalkulatzen den 2023an oinarrizko gizarte zerbitzuei egiturazko kostuak finantzatzeko (uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuan dago ezarrita finantzaketa hori).

%20, kontuan harturik zenbat familia-unitatek jasotzen duten eskualdean 2023an errenta bermatua.

%15, kontuan harturik zenbat langabe dauden eskualdean 2023an, urteko batezbestekoa eginda.

%15, kontuan harturik zein den pobrezia larriaren tasa eskualdean. (Pobrezia larriko egoeran dauden pertsonen kopurua. Azken datu ofizialak).

%20, kontuan hartuta zer emakida jaso den batez beste azken hiru urtean antzeko deialdietan diruz lagundutako enplegu sozial babestuko proiektuetarako.

–Gutxieneko emakida parte-hartzaileak 6 hilabetez kontratatzeko izanen da, eta gehienekoa, 1.140 hilabetez kontratatzeko; beraz, ezin izanen da sei hilabete baino gutxiago edo 1.140 hilabete baino gehiago eskatu lanaldi osoan.

–Banaketarako irizpide horiek aplikatu ondoren soberakinik badago entitateren batek zenbateko txikiagoa eskatu duelako atal honetan ezarritako irizpideen aplikazioaren arabera zegokiona baino, soberako zenbateko horiek proportzionalki banatuko dira, eragiketa honen arabera (hirukotearen zuzeneko erregela):

X =

A x B

C

Azalpena:

X = Banatu beharreko zenbatekoa.

A = Aurreko banaketaren arabera emandako zenbatekoa.

B = Aurreko banaketa aplikatu ondoren, partidan gelditzen den soberakina.

C = A-n lortutako zenbateko guztien batura.

Hamargarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluarekin. Tramite hori posta elektronikoaren bidez eginen da, eta dirulaguntzak kudeatzeko Extr@ aplikazioaren bidez.

Aldez aurretik jakinarazten ahalko da diruz laguntzeko proposatutako zenbatekoa, kontzeptuen arabera banatuta.

Proposatutako kopurua jakinarazi ondoren, entitateren batek dirulaguntzari uko egiten badio, gelditzen den diru kopurua bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera onetsitako gainerako proiektuen artean banatuko da.

Hamaikagarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa bukatuta, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

2. Ebazpen horretan honako hauek jasoko dira: dirulaguntzak emanen zaizkien eskatzaileen zerrenda, helburua, diruz lagundutako lanaldi osoko hilabeteen kopurua, obra-lekuko monitorearen figura kontratatzeko hilabeteen kopurua, emandako zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epea, eta horiek justifikatzeko modua eta epea, Europako Gizarte Funtsa Plusen kofinantzaketaren jakinarazpena, eta gainerako eskaeren ezespena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta lau hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.

Hamabigarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Horrez gain, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, aldian behin, Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen webgunean argitara emanen du (https://www.mites.gob.es/UAFSE/es/listado-operaciones/index.htm) laguntza hauen entitate onuradunen zerrenda, EGIF+ Funtsak kofinantzatzen dituenez, Nafarroari esleitutako egitura funtsei gardentasuna eta publizitatea ematearren.

Dirulaguntzak jasotzearekin batera, entitate onuradunek onartzen dute beren izena eta jasotzen dituzten zenbatekoak agertzea argitaratu beharreko zerrendetan.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela justifikatu ondoren 14. oinarrian adierazitakoaren arabera. Ordainketa partzialak eginez gero, proportzionalki ordainduko dira, jarduera egin dela justifikatu ondoren, justifikazioa aurkeztu arte egindako lanaldi osoko hilabeteen kopurua justifikatuta. Halakoetan, 2023ko abenduko kontratazioetarako, 2.028,6 euro ordainduko dira justifikatutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko, eta 2024an egindako kontratazioetarako, 2.130,03 euro justifikatutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko.

2. Organo deitzaileak ordainketa aurreratua egin dezake, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Horretarako, funts horniduraren beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: likideziaren behar iragankor hori frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena; bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–; eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena; edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:

a) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, ordainketa bakarrean ordainduko da dena, aurrerakin gisa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

b) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurotik gorakoa bada, honela eginen da: esleitutako zenbateko osoaren %50, ebazpena sinatzearekin batera, eta beste %50a, aurrerakina eta kofinantzaketa (halakorik balego) justifikatu ondoren.

4. Nolanahi ere, ordainketa egiteko azkeneko txostena, beranduenez, 2024ko abenduaren 9an aurkeztu beharko da.

5. Ordainketa aurreratuak hurrengo oinarrian ezarritakoaren arabera justifikatu beharko dira azkenean.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Entitate onuradunek telematika bidez aurkeztuko dituzte kontratatutako pertsonen lan-kontratuak, bai eta obra-lekuko monitorearenak ere, Nafarroako Gobernuaren erregistro elektroniko orokorraren bitartez, kontratazio datatik hasi eta hilabeteko epean.

Era berean, deialdia ebatzi ondoren, entitateek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte proiektuan parte hartzen duten pertsonen eta obra-lekuko monitoreen kontratu guztiak, emakidaren gaineko ebazpena eman aurretik sinatu direnak, eta, betiere, lehenago aurkeztu ez badituzte.

2. Entitateak benetan lanaldi osoan egindako hilabeteen ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko du emandako dirulaguntza.

3. Era berean, toki entitateak justifikatu beharko du obra-lekuko monitoreak kontratatu direla, zeinek kontratatutako pertsonen eguneroko funtzionamenduaren banakako jarraipena eginen baitute (bertaratzea, puntualtasuna, produktibitatea eta abar) lanpostuan aritzeko prestakuntza ematen dieten bitartean. Diruz lagunduko den gutxieneko kontratazioa hauxe izanen da: obra-lekuko monitorearen lanaldi osoko kontratazio-hilabete bat lanaldi osoko 9,46 hilabeteko, lanpostuetarako dirulaguntzen kasuan.

Obra-lekuko monitoreak eginkizun horretarako berariaz kontratatzen ahalko dira, edo tokiko entitateak edo entitate mankomunatuek jadanik kontratatuak dituzten beste pertsona batzuk aritzen ahal dira eginkizun horretan.

Justifikazioa diruz lagundutako entitateko idazkariaren edo hango fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiriaren bidez eginen da, kudeaketa organoak eskura jarriko duen eredua erabiliz. Ziurtagiri horretan kontratuaren datu hauek jasoko dira: hasiera, bukaera, lanaldi mota eta, aldez aurretik kontratatutako langileen kasuan edo beste eginkizun batzuk dituztenen kasuan, programari egotzitako denboraren portzentajea edo maila.

4. Ordainketa partzialak. Entitateak ordainketa partzialak eskatzen ahalko ditu proiektua gauzatzen doan heinean, betiere 2024ko irailaren 30a baino lehen. Eskaera horrek elementu hauek izanen ditu:

a) Diruz lagundutako programaren martxari buruzko txosten narratiboa, kudeaketa organoak horretarako prestatutako ereduaren araberakoa. Tarteko txosten horiek aurkeztuta ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan.

b) Dirulaguntzaren titularra den entitateko idazkariaren edo entitatearen fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, adierazten duena nola gauzatu den kontratatutako lanpostuen kontzeptuagatik emandako dirulaguntza, lanaldi osoko hilabetetan. Ziurtagiri horretan, proiektuan parte hartu duten pertsona kontratatuen zerrenda jasoko da, kudeaketa organoak emanen duen ereduaren araberakoa, baita kontratuen iraupena eta haien lanaldien irismena ere.

5. Azken ordainketa. Azken ordainketaren eskaera aurkezteko azken eguna 2024ko abenduaren 9a izanen da, eta, oinarri honen 4. puntuko a) eta b) puntuetan adierazitakoaz gain, honako hauek jasoko ditu:

a) Entitateko idazkariaren edo entitatearen fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, obra-lekuko monitoreen datuak jasotzen dituena, hiru modalitateetan:

a.1. Obra-lekuko monitorea, enplegu sozial babestuko proiekturako berariaz kontratatutakoa, kontratuen iraupena eta lanaldiaren irismena zehaztuta.

a.2. Obra-lekuko monitorea, berariaz kontratatu ez dena enplegu sozial babesturako eta entitate mankomunatu(ar)en plantillakoa dena, bere lanaldiaren zati bat proiektuan ematen duena, prestakuntza-lanak eginez eta kontratatutako pertsonek lanpostuan betetzen duten jardunaren jarraipena eginez. Kasu horietan, monitoreen dedikazio-denbora eta egozpenaren portzentajea zehaztu beharko dira.

a.3. Zerbitzu profesionalak (langile autonomoak) kontratatzea, kontratatutako pertsonak prestatzeko eta monitorizatzeko eginkizunak beteko dituztenak. Ziurtagirian zehaztuko dira betetako eginkizunak, kontratuaren iraupena eta lanaldiaren irismena.

Hautatutako aukera edozein dela ere, ziurtagirian zehaztuko da zenbat denbora egozten zaion enplegu sozial babestuko programari, lanaldi osoko hilabeteetan zenbateko baliokidetasuna duen adierazita.

Ziurtagiri hori egiteko, kudeaketa organoak eredu bat emanen du aldez aurretik.

Aurkezten diren justifikazioak, partzialak zein azkena, honela ordainduko dira: 2026,6 euro 2023ko abenduan kontratatutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko, eta 2.130,03 euro, berriz, 2024an kontratatutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko.

6. Azken justifikazioa, 2025eko otsailaren 10a baino lehen (egun hori barne) aurkeztu beharko dena, eta honako dokumentazio hau bilduko duena:

6.1. Proiektua gauzatzeari buruzko azken memoria teknikoa, kudeaketa organoak aurretik emanen duen eredu ofizialaren arabera.

6.2. Proiektua gauzatzean bildu diren adierazleen multzoa, gauzatzeari zein emaitzei dagokienez, parte-hartzaile guztiena, horretarako emanen den ereduaren arabera.

Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

6.3. Komunikazio elementuak. Diruz lagundutako proiektuen zabalkunde eta/edo komunikazio elementuen egiaztagiriak bidali beharko dituzte, hala nola argitaratutako prentsa-oharrak, bideoak eta beste elementu grafiko batzuk (kartelak, sare sozialetako agerpenak, seinaleak, web pantailen argazkiak eta abar), Nafarroako Gobernuaren eta Europako Gizarte Funtsa Plusen finantzaketa egon dela adierazten dutenak, 16. oinarriko d. puntuan jasotzen den bezala.

7. Entitatea behartua dago gastu guztien frogagiriak eta egiaztagiriak gordetzera (gastuen frogagiriak, ordainagiriak, fakturak, banku-laburpenak, etab.), baita sinatutako kontratuak ere, bai proiektuan parte hartzen duten langileenak, bai obra-lekuko monitoreenak, dokumentazio hori berrikusi beharra gertatzen den kasuetarako. Zehazki, hamaseigarren oinarriaren g) puntuan ezarritako epea igaro arte gorde beharko dira, han adierazitako baldintzetan.

8. Jarduerak, dirulaguntza honetaz gain, funts berekiekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatzen badira, hori ziurtagiri bidez frogatu beharko da, honako hau adierazita: funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa. Ziurtatu beharko da proiekturako hartutako finantzazioak ez duela proiektuaren guztirako gastuaren %100 gainditzen. Toki entitateko idazkari lanak egiten dituenak ziurtatu beharko du hori.

9. Justifikazio partzialak eta azken justifikazioa eskaeraren fitxatik eginen dira. Fitxa Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratuta egonen da eta Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus). Justifikazioak egiteko aurkeztu beharreko ereduak laguntzaren fitxan egonen dira eskuragarri, eta kudeaketa organoak partzialki beteak ematen ahalko dira, aldez aurretik eskatuta.

Hamabosgarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, proiektuaren prestakuntza-jardueretan baino ez da onartuko azpikontratazioa (obra-lekuko monitorea). Azpikontratazio gisa hartuko da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xedeko jardueraren exekuzio partziala. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Azpikontratazioa egitean, entitate onuradunek lehentasuna emanen diete gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran dauden langileek osatutako enpresei edo entitateei, bat etorriz Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin, betiere gauzatu beharreko prestazio eta jarduerak –nolakoak diren ikusita– halako entitateek egin baditzakete.

Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki entitate onuradunek frogatu beharko dute Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela.

Hamaseigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Toki entitateak honako hauetara daude behartuak:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak eskaeraren eta ebazpenean onetsitako aurrekontuaren arabera gauzatzea, baita oinarri arautzaile hauetan jasotako baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera ere, eta dirua zer helburutarako ematen den, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak eta bitartekoak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea. Azken justifikazioak hamalaugarren oinarriko 6) puntuan ezarritakoa edukiko du eta ezarritako ereduen arabera aurkeztuko da. Ereduak parte hartzen duten entitateei emanen zaizkie aurretik eta laguntzaren fitxan ere eskuratzen ahalko dira, zeina Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratu baita, Nafarroako Ataritik abiatuta (www.nafarroa.eus). Azken justifikazioan, besteak beste, proiektua gauzatu bitartean bildutako adierazleak jasoko dira, hala gauzatzeari buruzkoak nola emaitzei buruzkoak, gero Europar Batasunari jakinarazteko.

Entitateak adierazleei buruz emandako informazioa osatzeko, entitate kudeatzaileak, Gizarte Segurantzari kontsulta telematikoak eginez, egiaztatuko du zein den lan egoera eragiketaren irteera-datan, hurrengo lau asteetan eta handik sei hilabetera.

c) EGIF+ programaren 1057/2021 Erregelamenduaren I. eta II. eranskinetan agertzen diren gauzatze-adierazleak jakinarazi ahal izateko behar diren datuak ematea. Horretarako, entitate onuradunek adierazleen taula bete beharko dute pertsonak kontratatzen hasten direnetik, eta, ahal den neurrian, bertan jasotako informazioa dokumentatu beharko dute (auditoretzako arrastoa), eta, halakorik ezean, erantzukizunpeko adierazpenen bidez.

d) Proiektuen zabalkundea eta publizitatea egitean, diruz lagundutako entitateek dirulaguntza nork eman dien adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat. Gainera, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketari buruzkoak ere, honelako euskarrietan:

Entitate onuradunak EGIF Plusen ekarpenaren berri eman beharko du, webgunearen toki ikusgarri batean jarriz oinarri honetan adierazitako logoa eta esaldi hau, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

"Entitate honek %40ko tasarekin kofinantzatutako laguntza jaso du Nafarroako EGIF+ 2021-2027 programaren helburu espezifiko honen bitartez: "Inklusio aktiboa sustatzea, aukera-berdintasuna eta parte-hartze aktiboa bultzatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzea, bereziki egoera ahulean dauden kolektiboentzat".

Era berean, enplegu sozial babestuko proiektuak kudeatzen diren toki eta lokaletan, eta proiektuak irauten duen bitartean behintzat, argi eta garbi adierazi eta identifikatu beharko da DIN A3 neurriko kartel bat, non Europako Plus Gizarte Funtsaren logoa paratuko baita, oinarri honetan jasotako ereduaren arabera, aurreko paragrafoan aipatutako esaldiarekin batera.

Orobat, foru agindu hau argitaratzen denetik aurrera egiten diren kontratu guztietan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak eta Europako Plus Gizarte Funtsak kofinantzatzen dituztela.

e) Nafarroako Gobernuak, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten dituzten egiaztapenak eta litezkeen kontrolak onartzea, eta haietan laguntzea.

f) Entitate bakoitzaren izaeraren arabera dagozkion kontabilitate betebeharrak betetzea. Era berean, kontabilitate sistema bereizi bat eraman beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat kofinantzaketarako aurkeztutako eragiketei dagokienez (proiektuan parte hartzen duten langileen gastuak eta diru-sarrerak). (1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.4.b) artikulua).

g) Justifikazio-agiriak bost urtez gordetzeko konpromisoa hartzea, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera. Epe hori Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuak jakinaraziko dio, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jakinarazi ondoren.

h) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeen kontrola, etab.

i) Aldaketarik baldin badago kontratatutako pertsonen eta proiektuari esleitutako obra-lekuko monitoreen artean, horren berri ematea Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuari.

j) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

k) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

l) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak betetzea.

n) Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalera igortzea, deialdiaren fitxaren bidez, parte-hartzaileen eta obra-lekuko monitoreen kontratuak, hilabeteko epean, kontratazioaren egunetik hasita. Fitxa hori Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian egonen da eskuragarri, Nafarroako Ataritik abiatuta (www.nafarroa.eus).

o) Dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartutako edozein baldintza aldatu nahi izanez gero, entitate onuradunek Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta lortu beharko dute.

p) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

q) Entitate eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

r) Diruz lagundutako entitateek konpromisoa hartuko dute datuak elektronikoki trukatzeko sistemen bidez emateko informazio hori, eta Administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuen atarian argitaratuko den eskaeraren fitxaren bidez komunikatuko dira, zeina Nafarroako Ataritik abiatuta eskuratu baitaiteke.

Proiektua gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek baimena eskatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren edukia aldatzeko, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamazazpigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin eta azken justifikazioan ez-betetze guztiak formazkoak baino ez badira, kontuan hartuko da zenbat egun joan diren epea bukatu zenetik behar diren dokumentuak aurkeztu arte, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5era arteko murriztapena.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

4. Aurreko ataletan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hemezortzigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta ebazpenaren aurka, berariazkoa izan ala presuntziozkoa, toki entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarritakoaz gainera, aplikatzekoak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua eta apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretua, gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, betiere aurreko arauei kontra egiten ez dien heinean.

Hogeigarrena.–Europar Batasuneko Egitura Funtsen kofinantzaketa.

Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak %40an kofinantzatu daitezke, Nafarroako 2021-2027 EGIF+ programaren helburu espezifiko honen bidez: "Inklusio aktiboa sustatzea, aukera-berdintasuna eta parte-hartze aktiboa bultzatzeko, eta enplegagarritasuna hobetzea, bereziki egoera ahulean dauden kolektiboentzat".

Hortaz, aurreko paragrafoan adierazitako laguntzen onuradun diren entitateak Europar Batasunaren aurrekontuetatik datorren finantzaketaren onuradun ere izanen dira, eta, horrenbestez, hamaseigarren oinarriko b), c), d), e), f), g) eta h) puntuetan kofinantzaketari buruz adierazitakoa aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: F2405161