83. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

101/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, 2024tik 2027ra bitarteko urteetarako, familiaren esparrurako zenbait laguntza emateko oinarri arautzaileak onesten dituena.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak honako eginkizun eta helburu hauek ditu, besteak beste: Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Plan Integraletan jasotzen diren jarduketak koordinatu, bultzatu eta ebaluatzea, bai eta familiarentzako programak sustatu, koordinatu eta kudeatzea eta horien jarraipena egitea ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru agindu honen xedea da familiaren esparruan zuzeneko laguntza ekonomikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Hiru egoera hauetarako emanen dira laguntzak:

a) Adingabeko seme-alabak zaintzeko eszedentziagatik eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaindu beharra duten adin nagusiko lehen graduko ahaideak zaintzeko eszedentziagatik.

b) Familia ugarien eta guraso bakarreko familien barruan sortzen diren aparteko gastu beharrezkoak estaltzeko. Halakotzat hartuko dira entzumen-protesiak, preskripzio optikoak eta ortodontzia erosteko edo ordezteko beharrezkoak direnak.

c) Lana eta familia bateragarri egitea errazteko, guraso bakarreko familia akreditatuei dirulaguntzak emanez.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira; hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-dirua agortzen denean, eskaerak ezetsi eginen dira.

Laguntza mota bakoitzerako zuzkidura aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagokion gastuen partidan ezarriko da, eta aurrekontu-ekitaldi bakoitzean aurreikusitako gastua baimenduko da, baita laguntza bakoitzerako zenbateko zehatzak ere.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez ematea baimentzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1. b) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 3.1 artikuluak xedatutakoa kontuan hartuta,

AGINTZEN DUT:

1. Familiaren esparrurako zenbait laguntza ekonomiko emateko oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen 1., 2. eta 3. eranskinetan agertzen direnak.

2. Oinarri arautzaile hauek indarra izanen dute 2024tik 2027ra bitarteko urteetan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

5. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzara eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Iruñean, 2024ko martxoaren 25ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ALDIZKA ORDAINDUKO DIREN ZUZENEKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO, LANGILEEN LANEKO ETA FAMILIAKO BIZITZA BATERAGARRI EGITEKO NEURRI OSAGARRI GISA, LAN ESZEDENTZIAN DAUDENEAN LEHEN GRADUKO AHAIDEAK ZUZENEAN, JARRAIAN ETA ETENGABE ZAINTZEKO

Lehendabizikoa.–Laguntzaren xedea eta onuradunak.

1.1. Aldizka ordainduko diren zuzeneko laguntza ekonomiko hauen helburua da langileen lan-bizitza eta familia bateragarri egitea, lan eszedentzian daudenean lehen graduko ahaideak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eta oinarri arautzaile hauen bigarren oinarrian zehaztutako kasu batean daudenean.

1.2. Laguntzaren onuradun izanen dira bigarren oinarrian jasotako egoeraren batean dauden langileak, lan eszedentzian badaude lehen graduko ahaideak zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzeko, eritasunagatik edo istripuagatik, eta oinarri hauetan jasotako gainerako baldintzak betetzen badituzte.

Bigarrena.–Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak.

2.1. Honako egoera hauetarako eszedentzietan ematen ahalko dira dirulaguntzak:

a) Lehen graduko odol-ahaideak, ezkontidea edo bikotekidea zaintzeko, baldin eta ospitaleratzea ekartzen duen edo ekarri duen eritasun edo istripu larria badute eta eritasunak edo istripuak irauten duen bitartean edo ondoren zuzeneko zaintza jarraitua eta etengabea behar badute.

b) Seme-alaba adingabeak zaintzeko, jaio ondoren, baldin eta hirugarrena edo hurrengoak badira, eta familia-unitatea osatzen duten adingabeetatik gutxienez bi, jaiotakoa(k) barne, 6 urtetik beherakoak badira edo 9 urtetik beherakoak, %33tik gorako desgaitasuna eta/edo mendekotasun aitortua izanez gero.

c) Seme-alaba adingabeak zaintzeko, adopzioaren edo urtebetetik gorako iraupena izanen duen harreraren kasuan.

d) Seme-alaba adingabeak zaintzeko, erditze, adopzio edo harrera anizkoitzen kasuan, seme-alabek 6 urte bete arte edo 9 urte, %33tik gorako desgaitasuna eta/edo mendekotasun aitortua izanez gero.

e) Seme-alaba adingabeak zaintzeko, jaio ondoren, baldin eta lehen seme edo alaba edo hurrengoak badira, guraso bakarreko familia gisa akreditatuak dauden edo guraso bakarreko familien egoeran dauden pertsonentzat, Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen arabera, seme-alabek 6 urte bete arte edo 9 urte, %33tik gorako desgaitasuna eta/edo mendekotasun aitortua izanez gero.

2.2. Familia-unitatean bizi diren seme-alabetako batek gutxienez %33ko desgaitasuna edo mendekotasun moderatu edo larri bat badu, edo mendekotasun handia, seme edo alaba bat gehiago kontatuko da.

2.3. Familia-harrerako egoeran edo familia-unitateko kideren baten tutoretzapean dauden adingabeak seme-alabatzat hartuko dira.

2.4. Lehen graduko odol-ahaidea, eritasun larriagatik edo istripuagatik, ospitaleratuta dagoela edo egon dela eta zuzenean, jarraian eta etengabe zaintzea behar duela edo behar izan duela egiaztatzeko, medikuntzako edo gizarte zerbitzuetako erreferentziazko profesionalak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2.5. Ez dira inola ere familiako kidetzat hartuko aldi baterako desplazatutako adingabe atzerritarrak, ezta tratamendu medikoa hartzeko, oporretarako edo eskolatzeko aldi baterako etorritakoak ere.

Hirugarrena.–Laguntzaren zenbatekoa eta iraupena.

3.1. Eszedentzia lanaldi osoko kontratua dutenek eskatzen dutenean, laguntzen zenbatekoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzean onesten dena izanen da.

Oro har, laguntzen zenbatekoa ezin da kopuru honetatik beherakoa izan:

a) 725 euro hilabetean, deialdi honen 2.1 oinarriko a) letrako kasuetan.

b) 500 euro hilabetean, deialdi honen 2.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretako kasuetan.

3.2. Eszedentzia lanaldi partziala izanik eskatzen denean, aurreko sei hilabeteetan kotizatutako lanaldiaren araberakoa izanen da laguntza, edo, aldizkako langile finkoen kasuan, aurreko urtean kotizatutako 180 egunen araberakoa. Diruz lagundu beharreko gutxienekoa lanaldiaren erdia da.

3.3. Laguntzek iraupen hau izanen dute:

a) Gastua onesten den ekitaldian eszedentzian dauden pertsonen kasuan, laguntza emanen da ekitaldi horretako urtarrilaren 1etik, edo, eszedentzia gero hasi bada, eszedentzia hasten denetik, gertaera eragilea bukatu arte, baina, betiere, ekitaldi horretako abenduaren 31 arte, gehienez.

b) Gastua onesten den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko azaroaren 2tik abenduaren 31era eszedentzian dauden pertsonen kasuan, laguntza emanen da azaroaren 2tik, edo, eszedentzia gero hasi bada, eszedentzia hasten denetik, gertaera eragilea bukatu arte, baina, betiere, gastua onesten den ekitaldiko abenduaren 31 arte, gehienez.

3.4. Deialdi bakoitzeko laguntza bakarra eskatzen ahalko da, aurretik emandako eszedentzia luzatzea dakarten eta denboran jarraipena duten eskaeretan izan ezik.

3.5. Laguntzak ez du inoiz iraunen 12 hilabete baino gehiago deialdi bakoitzean.

3.6. Deialdi honen 2.1 oinarriko c) kasuan, aurkezteko epea ezin da izan urtebetetik gorakoa, familia-harrera edo adopzio eragilea ebazten den egunetik hasita.

3.7. Langileen hilabeteko ordainsarietan benetako murrizketa dakarten eszedentzietan bakarrik emanen da dirulaguntza. Nolanahi ere, laguntza ez da inoiz izanen hilabeteko ordainsariaren murrizketa baino handiagoa.

3.8. Dirulaguntza hiru urtez emanen da gehienez, hiru deialditan jarraian, ahaide eragile bera izanik, deialdi honen 2.1 oinarriko b), c), d) eta e) kasuetan. Epe hori zenbatzean, kontuan hartuko dira, halaber, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 12ko 159/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako oinarrien eta ondorengo deialdien babesean emandako eszedentziak.

Laugarrena.–Betebeharrak.

4.1. Eszedentzia hartzeagatik oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, dirulaguntza izan dezaketen kasuetako batean egon beharko da eta honako baldintza hauek bete eta mantendu beharko dira laguntza hartzen den bitartean:

a) Laguntza emateko kontuan hartzen diren familiako kide guztiak Nafarroako Foru Komunitatean bizi direla frogatzea, eszedentzia hasteko eguna baino bi urte lehenagotik gutxienez, edo, hala frogatzerik ez badute, aurreko zazpi urteetatik gutxienez bost urtez jarraian Nafarroan benetan bizi izan direla frogatzea.

Betekizun horretatik salbuesten dira legez eraturiko harrera egoeretan dauden adingabeak, tutoretzapeko adingabeak eta familian adopzioz sartzen diren adingabeak, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartzen baldin badira. Kasu horietan frogatu beharko da adingabe horiek Nafarroan izan dutela bizilekua, jaio, adoptatu edo tutoretzapean edo harreran hartu zirenetik.

Deialdi honen 2.1 oinarriko a) letrako kasua ere betekizun horretatik salbuesten da, eta eskatzaileak soilik egiaztatu beharko du Nafarroako Foru Komunitatean benetan bizi dela.

b) Eszedentzia eskatu duen pertsonak besteren kontura lan egitea eta haren ezkontideak edo bikotekideak besteren kontura edo norberaren kontura lan egitea, edo, gutxienez, lanerako ezintasun absolutua izatea, deialdi honen 2.1 oinarriko b), c) eta d) letretako kasuetan.

Deialdi honen 2.1 oinarriko a) eta e) letretan aurreikusitako kasuetan, beharrezkoa izanen da, bakarrik, odol bidezko lehen graduko ahaide heldua zaintzeko eszedentzia eskatu duena aritzea lanean.

Eskatzaileak bere seme-alaben zaintza eta jagoletza esklusiboa badu, nahikoa izanen da eskatzailea eszedentzia egoeran egotea edo gaixorik edo istripua izan duen ahaidea zaintzeko ardura hartzea.

c) Eskatzailea Gizarte Segurantzan eszedentzian egotea gastua onesten den ekitaldian, edo eszedentzian egon izana aurreko ekitaldian, 3.3.b) oinarrian agertzen diren kasuetan, nahiz eta eszedentziak ez jarraitu oraingo ekitaldian.

d) Eszedentzia ziurtatzen duen enpresa Gizarte Segurantzan inskribatuta eta alta emanik egotea.

e) Eszedentziagatik laguntza eskatu duen pertsona Gizarte Segurantzan alta emanik egon izana laguntza eskatu aurreko sei hilabeteetan, salbu eta zuzeneko ahaide bat zaintzeko eszedentzian badago. Aldizkako langile finkoen kasuan, eszedentziagatiko laguntza eskatu aurreko urtean 180 egun kotizatuta eduki beharko dituzte gutxienez.

f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

g) Eskatzailea, dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuetatik kanpo egotea.

h) Eszedentzia eskatzen duen pertsonaren familia-unitatearen errenta ondoren zehazten diren kopuruak baino txikiagoa izatea:

–Familia-unitatearen errentaren guztirako zerga-oinarria Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) (14 ordainketa) halako sei edo txikiagoa izatea 2 eta 3 kide arteko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako zerga-oinarria Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) (14 ordainketa) halako zazpi edo txikiagoa izatea 4 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako zerga-oinarria Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) (14 ordainketa) halako zortzi edo txikiagoa izatea 5 kideko familia-unitateentzat.

–Familia-unitatearen errentaren guztirako zerga-oinarria Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (OAEAP) (14 ordainketa) halako bederatzi edo txikiagoa izatea 6 kideko familia-unitateentzat.

Gutxienekoa IPREMa halako bat igoko da familia-unitateko 6. kidetik gorako kide bakoitzeko.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko, laguntzarako kontuan hartzen diren pertsona guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aitorpenen zerga-oinarrien batura hartuko da kontuan, eritasun edo istripu larria izan duen lehen graduko ahaidearena salbu, laguntza-eskatzailearekin bizi ez bada.

Familia-unitatean %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta duen kide bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

Ondorio horretarako, gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasterako hasiak dauden eszedentzien kasuan, aurreko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. Gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasi ondoren hasten diren eszedentzien kasuan, ekitaldi horretan egiten den aitorpena hartuko da kontuan.

4.2. Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da familia-unitatetzat:

a) Ezkontideek, bikote egonkorrak, ezkontzaren antzeko harremana duten bikoteek eta seme-alaba adingabeek osatzen dutena, bienak izan edo ez, baldin eta zaintza eta jagoletzan badituzte, salbu eta, gurasoek baimendurik, harengandik bereizirik bizi direnak.

b) Guraso bakarreko familiak edo gurasobakartasun egoeran daudenak, otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen arabera egiaztatuak. Bakarrik tituluan agertzen diren pertsonak zenbatuko dira.

c) Jagoletza esklusiboa duen gurasoak osatua, eta harekin bizi diren seme-alaba guztiak, salbu eta gurasoak baimendurik, harengandik bereizirik bizi direnak.

Gainera, kasu guztietan, 18tik 25 urte bitarteko seme-alabak familia-unitateko kidetzat hartuko dira, gurasoengandik bereizirik bizi ez badira.

d) Bakarrik osatzen dutena eskatzaileak eta zaindu beharreko lehen graduko odol-ahaideak, edo ezkontideak, bikotekide egonkorrak edo erregistratu gabeko izatezko bikotekideak.

e) Lehen graduko odol-ahaidearen eritasun edo istripuaren kasuan, ahaide hori familia-unitatean sartuko da, eszedentzia eskatzailearekin bizi baldin bada.

f) Ondorio horietarako, seme-alaba adingabeen izaera bera izanen dute harrera-egoeran edo tutoretzapean dauden adingabeek.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia.

5.1. Dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia, ahal izatera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Dokumentazioa telematikoki tramitatzen bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, zeinek bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaera posta bulegoen bitartez tramitatzen bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.

Ondorio horietarako, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen erregistroak ez dira erregistro ofizialtzat hartuko dokumentuak aurkezteko, non ez dagoen hitzarmen bat Foru Administrazioaren eta gizarte zerbitzu oinarrizkoaren titularra den toki erakundearen artean, eta erregistro ofizial bat ez badu.

5.2. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez ordaintzeko inprimakiak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) egonen dira eskuragarri.

5.3. Laguntza-eskatzaileak eta familia-unitatea osatzen duten 18 urtetik gorako pertsonek sinatu beharko dute eskaera.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko edo betekizunak egiaztatzeko, datuak Administrazioaren esku badaude, eskaera sinatzea organo kudeatzaileari emandako baimentzat hartuko da, laguntza hauei buruzko datuak izapidetzeko eta egiaztatzeko beharrezkoa den informazioa lor dezan, zuzenean edo bitarteko telematikoen bidez, Zerga Ogasunean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean edo espedientea ebazteko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko informazio garrantzitsua duen edozein administraziotan, salbu eta interesduna kontsulta horren aurka agertzen bada espresuki. Hala bada, ezarritako baldintzak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.4. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena emanda.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezten hasteko epea, urteko deialdia eta dagokion aurrekontu-ekitaldirako gastua onartzen dituen foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Kasuan kasuko ekitaldiko azaroaren 2an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea, beti.

Zazpigarrena.–Dokumentazioa.

7.1. Laguntza-eskaera eredu normalizatuan aurkeztu beharko da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Familia-unitateko kideen NANaren, AIZren edo nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia; betiere, hura izatera behartuta badaude.

b) Erroldaren ziurtagiri eguneratua, gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna edukiko duena, laguntza honen ondorioetarako kontuan hartzen diren familia-unitateko kide guztiek bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean dutela egiaztatzen duena.

c) Eszedentzia eskatzen duen pertsonaren familia-liburu osoaren fotokopia, edo familiaren osaera egiaztatzen duen Erregistro Zibilaren ziurtagiria; hartan, laguntzarako kontuan hartzen diren pertsonak agertuko dira, familia-unitatean bizi ez diren adin nagusikoak salbu.

d) Zein den kasua, adopzioaren edo tutoretzaren epaia, edo harrera onesten duen ebazpena. Atzerriko ebazpenak behar bezala itzulita eta legeztatuta aurkeztu beharko dira.

e) Eszedentzia eskatzailearen ezkontideak edo bikotekideak zer enpresatan egiten duen lan, haren ziurtagiria, hartan lan egiten duela agerrarazten duena. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean kotizatzen ez duten langileek, autonomoek edo araubide orokorrari atxikirik ez dauden profesional liberalek beren ezkontideak edo bikotekideak eszedentzia eskatu aurreko sei hilabeteetan kasuan kasuko araubidean kotizatu duela frogatzen duten ordainagiriak edo dagokion mutualitateko ordainagiria aurkeztu beharko dituzte.

Araubide orokorrean kotizatzen ez duten langile funtzionarioek zerbitzuak zer administraziotan egiten dituzten, hark igorritako zerbitzu orria erantsi beharko dute; eszedentzia eskaera aurkeztu aurreko sei hilabeteetan administrazio horretan lan egin dutela jaso beharko du orriak.

f) Eszedentzia eskatu duen pertsonak zer enpresatan lan egiten duen, hark egindako ziurtagiria; hartan agerraraziko da baimena eman zaiola dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen dion semea/alaba edo ahaide heldua zaintzeko egoera horretara igarotzeko, baita eszedentziaren hasierako eta bukaerako datak ere.

g) Eskatzailearen lanaldiaren ehunekoa egiaztatzen duen ziurtagiria, kontratu partzialaren kasuan.

i) Behar denean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera, laguntza jasoko duen pertsonaren izenean.

j) Berreratutako familien kasuan, laguntzaren ondorioetarako kontuan hartzen diren aurreko bikote-elkarketetako seme-alaben zaintza eta jagoletza eskatzaileari edo haren bikotekideari edo ezkontideari ematen dizkion epaia.

k) Eszedentzia hartzen duen pertsonaren azken sei nominen fotokopia, edo horren frogagarri den enpresaren ziurtagiriaren fotokopia.

l) Deialdi honen bigarren oinarrian aurreikusitako kasuak daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak.

m) Familia-unitateak eskatu edo/eta hartzen dituen laguntza ekonomiko guztiak aitortzea, haien eta laguntza ekonomiko honen arteko bateragarritasuna baloratzearren.

n) Familia-unitateko 18tik 25 urte bitarteko kideen kasuan, lan bizitzaren ziurtagiria eta jasotako diru-sarreren egiaztapena, dagokionaren arabera. Diru-sarrerarik ez badago, inguruabar hori agertzen duen zinpeko aitorpena.

ñ) Seme-alaben zaintza eta jagoletza esklusiboa duten pertsonek kasu hori egiaztatzen duen epai judiziala aurkeztu beharko dute.

7.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. eta 53. artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean, edo lehendik haren esku dauden agiriak badira. Kasu horretan, identifikatu beharko da zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.

Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da ematen ez diren datuak eta agiriak kontsultatzea edo eskuratzea baimendua dela, non eta prozeduran ez den espresuki interesdunaren aurkakotasuna jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen berariazko adostasuna ematea.

Zortzigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

8.2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

8.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpena.

9.1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena eman ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio ebazpena ematea, arrazoibidezkoa izanen dena, eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

9.2. Epe hori bukatuta, ebazpen espresik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baina, bakar-bakarrik, interesdunek dagokion errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Hamargarrena.–Laguntzaren ordainketa.

10.1. Hilabete bakoitza bukatutakoan ordainduko da laguntza, transferentzia bidez kobratzeko eskaeran eskatzaileak adierazten duen kontu korrontean.

10.2. Lehenengo ordainketa, eszedentzia hasten denetik ebazpena sinatzen den hilabetera arteko aldiari dagokiona, laguntza emateko ebazpenarekin batera eginen da. Gainerako ordainketak hilabete bakoitza bukatuta eginen dira.

Hamaikagarrena.–Laguntzaren iraungipena.

Laguntza iraungiko da hura emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat betetzeari uzten zaionean.

Hamabigarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan araututako laguntzak eskatu eta jasotzen dituzten pertsonek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte. Gainera, laguntza ematen duen organoari jakinarazi beharko dizkiote laguntza jasotzea eragin duten/zuten baldintzen aldaketak oro, horiek gertatu eta 15 eguneko epean.

Hamahirugarrena.–Diru-itzulketak.

13.1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta dirulaguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13.2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, berandutze-interesik eskatu gabe.

13.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.

Hamalaugarrena.–Laguntzen bateraezintasuna eta bateragarritasuna.

14.1. Foru agindu honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok helburu berarekin eta aldi bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin.

14.2. Laguntza hori bateraezina izanen da Gizarte Segurantzak minbizia edo antzeko eritasun larriren bat duten adingabeak zaintzeko ematen dituen prestazioekin.

14.3. Laguntza hauek eta mendekotasunaren laguntzak bateragarriak izanen dira beti. Hala ere, "Familia barruko laguntzak" izeneko laguntzaren kasuan edo horren antzeko beste edozein laguntzaren kasuan, bi laguntzengatik jaso beharreko zenbatekoa ez da gehienekoa baino handiagoa izaten ahalko, eta, ondorio horietarako, eszedentziagatiko laguntzaren zenbatekoa gutxitu eginen da.

14.4. Laguntza hori bateragarria izanen da Gizarte Segurantzako zaintzaile ez-profesionalentzako hitzarmen bereziaren egoerarekin. Hitzarmen hori Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuak arautzen du, hamalaugarren xedapen gehigarrian. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalen hitzarmen berezien araubide juridikoa.

Hamabosgarrena.–Publizitate araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamaseigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamazazpigarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA.–FAMILIA UGARIENTZAKO ETA GURASO BAKARREKO FAMILIENTZAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEKO OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

1.1. Laguntza ekonomikoak ematea familia ugari edo guraso bakarreko familia gisa akreditatuta dauden familiei, baldin eta haien baliabideak ez badira nahikoak entzumen-protesiak, optikako gaiak edo ortodontziako tratamenduak erosteko edo ordezteko beharrezkoak diren aparteko gastuak ordaintzeko.

1.2. Laguntza ekonomiko hauek behin bakarrik hartzekoak, finalistak eta subsidiarioak dira, eta, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

Bigarrena.–Laguntzen onuradunak eta helburua.

2.1. Laguntza hauen onuradunak dira gastua onesten den ekitaldian oinarri hauetan jasotako gastuetakoren bat izaten duten familia ugarietako eta guraso bakarreko familietako kideak.

Era berean, laguntza hauen onuradunak izanen dira familia ugarietako eta guraso bakarreko familietako kideak, baldin eta oinarri hauetan jasotako gasturen bat egin badute gastua onartzen den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldiko urriaren 16tik abenduaren 31ra bitartean.

2.2. Dirulaguntzak entzumen-protesiak eta optikako gaiak erosteko edo ordezteko erabili behar dira, baita ortodontziako tratamenduak egiteko ere, familia-unitateko kideak diren eta familia ugariaren tituluan edo guraso bakarreko familiaren tituluan dauden kideentzat.

Entzumen protesietan diruz lagundu ahalko dira audifonoak eta neurrira egindako tapoiak. Aparatuen pilak ez dira diruz lagunduko.

Diruz lagunduko dira ortodontzia tratamenduak eta deskarga ferulak. Ez dira diruz lagunduko gainerako tratamendu odontologikoak, ez eta arrazoi estetikoengatiko ortodontzia tratamenduak ere.

Ez dira diruz lagunduko eguzkitako betaurrekoak eta ukipen lenteak, arrazoi estetikoengatik erabiltzen badira, ezta lentillak garbitzeko soluzio edo likidoak ere.

Hirugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

3.1. Urtero, baimentzen den gastua onetsiko da, eta muga batzuk ezarriko dira, xede zehatzaren arabera, baita eman beharreko zenbatekoa ere.

3.2. Fakturan ageri den prezioa izanen da kostua, eta hirugarrenen beste laguntza edo estaldura batzuekin laguntzarik edo estaldurarik gabe gelditzen den zatiak bakarrik izaten ahal du dirulaguntza, eta, gehienez ere, diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzerako adierazitako kopuruak.

3.3. Familia onuradunek behar adina laguntza eska dezakete, zein diren laguntza jasotzen duen familia-unitateko kide bakoitzaren beharrak, horren arabera. Kide berarentzat ezin izanen da laguntza bat baino gehiago eskatu elementu bererako.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak lortu ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

4.1. Familia ugariaren tituluaren edo guraso bakarreko familiaren tituluaren jabe izatea laguntza eskaera aurkezten den unean.

4.2. Laguntzarako kontuan hartzen diren familiako kide guztiak Nafarroan erroldatuta izatea eta benetako bizilekua Nafarroan izatea, 2 urteko antzinatasunarekin, gutxienez ere.

4.3. Familia-unitatearen per capita errenta urte bakoitzean ezarriko den zenbatekotik beherakoa izatea.

Hauxe hartuko da familia-unitatearen per capita errentatzat: familia ugaria edo guraso bakarreko familia osatzen duten kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarriaren zati orokorra, kasuan kasuko zergaldikoa, zati horretarako zenbatzen diren familia ugariko kideen kopurua.

Familia-unitatean %33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortuta duen kide bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

Guraso bakarreko familien edo guraso bakarreko egoeran daudenen kasuan, kide bat gehituko zaio guraso bakarreko familia txartelaren kide konputagarrien kopuruari.

Ondorio horietarako, laguntza noiz eskatzen den, ekitaldi horrexetan egindako errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan.

Gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasterako eskatu diren laguntzen kasuan, aurreko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. Gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasi ondoren eskatzen diren laguntzen kasuan, ekitaldi horretan egiten den aitorpena hartuko da kontuan.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia, ahal izatera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Dokumentazioa telematikoki tramitatzen bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, zeinek bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaera posta bulegoen bitartez tramitatzen bada, posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako moduan aurkeztu beharko da.

Ondorio horietarako, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen erregistroak ez dira erregistro ofizialtzat hartuko dokumentuak aurkezteko, non ez dagoen hitzarmen bat Foru Administrazioaren eta gizarte zerbitzu oinarrizkoaren titularra den toki erakundearen artean, eta erregistro ofizial bat ez badu.

5.2. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez ordaintzeko inprimakiak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) egonen dira eskuragarri.

5.3. Laguntza-eskatzaileak eta familia-unitatea osatzen duten 18 urtetik gorako pertsonek sinatu beharko dute eskaera.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko edo betekizunak egiaztatzeko, datuak Administrazioaren esku badaude, eskaera sinatzea organo kudeatzaileari emandako baimentzat hartuko da, laguntza hauei buruzko datuak izapidetzeko eta egiaztatzeko beharrezkoa den informazioa lor dezan, zuzenean edo bitarteko telematikoen bidez, Zerga Ogasunean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean edo espedientea ebazteko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko informazio garrantzitsua duen edozein administraziotan, salbu eta interesduna kontsulta horren aurka agertzen bada espresuki. Hala bada, ezarritako baldintzak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.4. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio okerra zuzendu dezan gehienez 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, behin ebazpena eman ondotik urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta abenduaren 3ko 15/2019 Foru Legeak ezarritako moduan (lehenbiziko legea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa da, eta, bigarrena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoa).

5.5. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko gastua baimentzeko foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta kasuan kasuko ekitaldiko urriaren 15ean bukatuko.

Seigarrena.–Dokumentazioa.

6.1. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erroldaren ziurtagiri eguneratua, gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna edukiko duena, laguntza honen ondorioetarako kontuan hartzen diren familia-unitateko kide guztiek bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean dutela egiaztatzen duena.

b) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

c) Fakultatiboaren agindua, gaitza dela-eta dirulaguntzaren xedeko materiala erabiltzeko premia dagoela adierazten duena.

d) Diruz lagundutako materiala erosi izana frogatzen duen faktura eta haren ordainketaren frogagiria.

Ordainketa banku-laburpena aurkeztuz justifikatuko da, edo, eskudirutan ordaindu bada, ordainketa egin dela eta ordainketaren kontzeptua adierazten duen agiri sinatu eta zigilatuaren bidez. Ordainketa epeka egin bada, finantzaketaren agiria aurkeztuz justifikatuko da.

Ortodontzia tratamenduaren kasuan, medikuak egindako aurrekontua beharko da aurkeztu, baita ordaintzeko modua, epeak eta data ere, eta kasuan kasuko ekitaldian egindako ordainketen frogagiriak. Eskaera aurkezten den egunera arte egindako ordainketak ordainduko dira.

Tratamenduak finantzatuak badira, finantzaketa-kontratua aurkeztu beharko da, eta egindako eta behar bezala justifikatutako ordainketak baino ez dira diruz lagunduko, baldin eta deialdiaren aldian sartzen badira.

e) Familia-unitateari, diruz laguntzen den materiala erosteko edo berritzeko, eman zaizkion laguntza guztien aitorpena, laguntza ekonomiko honekin bateragarriak ote diren baloratzeko eta, bidezkoa denean, eman beharreko zenbatekoa baloratzeko.

f) Harreran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia-unitatearen parte direnez, lan-bizitzaren ziurtagiria eta diru-sarreren frogagiria, lan egiten badute, edo bestela, lanik egiten ez dutela dioen aitorpena.

6.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. eta 53. artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean, edo lehendik haren esku dauden agiriak badira. Kasu horretan, eskatzaileek identifikatu beharko dute zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da ematen ez diren datuak eta agiriak kontsultatzea edo eskuratzea baimendua dela, non eta prozeduran ez den espresuki interesdunaren aurkakotasuna jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen berariazko adostasuna ematea.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

7.2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

7.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena eman ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak arrazoibidezko ebazpena emanen du eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean. Dirulaguntzak emanen dira horretarako kreditua dagoen bitartean.

Dirulaguntza ematen duen ebazpenean hauek jasoko dira: onuraduna, dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedeko kontzeptuak.

Aipatutako epean jakinarazten ez bada eta berariazko ebazpena ematen ez bada, ezetsitzat joko da.

Bederatzigarrena.–Ordainketa.

Ordainketa bakar batean ordainduko da laguntza, transferentzia bidez kobratzeko aurkezten den eskaeran ageri den kontu korrontean.

Hamargarrena.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.

10.2. Onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.

Hamaikagarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.

Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk (aseguruak, etab.) helburu bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin. Ematen diren dirulaguntza guztiak, batera, ezin dira inoiz izan erositako materialaren edo egindako tratamenduaren kostuaren %100 baino handiagoak.

Hamabigarrena.–Laguntza itzultzea.

12.1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta dirulaguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

12.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.

Hamahirugarrena.–Publikotasun araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamabosgarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. ERANSKINA.–GURASO BAKARREKO FAMILIEI KONTZILIAZIORAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da laguntza ekonomikoak ematea guraso bakarreko familiei edo gurasobakartasun egoeran dauden familiei, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko.

Bigarrena.–Onuradunak.

Pertsona helduak izanen dira laguntza honen onuradun, baldin eta guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia direla aitortuta badute eta eskaera egiten den egunean indarrean dagoen guraso bakarreko familiaren tituluarekin egiaztatuta badaude.

Hirugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa urte bakoitzean gastua baimentzen duen foru aginduan ezarriko da.

Nolanahi ere, ezin da 800 eurotik beherakoa izan urteko ordainketa bakarrean honako kasu hauetan:

3.1. Familia-unitatea bi pertsonak osatzen dutenean eta per capita errenta urteko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa (14 ordainsari) halako 2,5 edo txikiagoa denean.

3.2. Familia-unitatea hiru pertsonak edo gehiagok osatzen dutenean eta per capita errenta urteko Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publiko (14 ordainsari) halako 2 edo txikiagoa denean.

Hauxe hartuko da familia-unitatearen per capita errentatzat: familia-unitatearen errenta zati guraso bakarreko familiaren txartelean zenbatzen diren familiako kideen kopurua.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortuta duen pertsona bakoitza bi izanen balira bezala zenbatuko da.

Ondorio horietarako, laguntza noiz eskatzen den, ekitaldi horrexetan egindako errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan.

Gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasterako eskatu diren laguntzen kasuan, aurreko ekitaldian egindako aitorpena hartuko da kontuan. Gastua onesten den urtean aurreikusten den errentaren kanpaina hasi ondoren eskatzen diren laguntzen kasuan, ekitaldi horretan egiten den aitorpena hartuko da kontuan.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira, laguntza eskatzen den unean eta hura hartzen denean:

4.1. Familia-unitate eskatzaileko kide guztiak Nafarroako Foru Komunitateko herriren batean erroldatuta egotea bi urteko antzinatasunarekin, gutxienez.

4.2. Laguntza eskatu duenak norberaren edo beste baten kontura lan egitea.

Eskaeraren aurreko sei hilabeteko epean lanean hiru hilabeteko antzinatasuna duela frogatu beharko da, eta, gainera, beste baten kontura lan egiten bada, kontratua gutxienez lanaldi erdikoa izan beharko da.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira, behar bezala beteak, eskatzaileak eta, hala badagokio, bere ordezkariak ere sinatuak, eskatzen den dokumentazioarekin batera.

5.2. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko deialdia onesteko eta gastua baimentzeko foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta kasuan kasuko ekitaldiko azaroaren 2an bukatuko.

5.3. Dirulaguntzen eskaera eta dokumentazio atxikia, ahal izatera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen fitxaren bidez (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz.

Dokumentazioa telematikoki aurkezten bada, eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaerak postetxe batean aurkezten direnean, Posta Zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako moduan aurkeztu beharko dira.

Ondorio horietarako, dokumentuak Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen erregistroetan aurkeztea ez da erregistro ofizialtzat hartuko, non ez dagoen hitzarmen bat Foru Administrazioaren eta gizarte zerbitzu oinarrizkoaren titularra den toki erakundearen artean.

5.4. Laguntza eskatzeko eta transferentzia bidez kobratzeko inprimakiak Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzaren bulegoetan, gizarte zerbitzu oinarrizkoetan eta Iruñeko Udaleko auzoko unitateetan eskura daitezke, baita www.nafarroa.eus Nafarroako Gobernuaren webgunearen bidez ere.

5.5. Laguntza-eskatzaileak eta familia-unitatea osatzen duten 18 urtetik gorako pertsonek sinatu beharko dute eskaera.

Familia-unitatearen errenta kalkulatzeko edo betekizunak egiaztatzeko, datuak Administrazioaren esku badaude, eskaera sinatzea organo kudeatzaileari emandako baimentzat hartuko da, laguntza hauei buruzko datuak izapidetzeko eta egiaztatzeko beharrezkoa den informazioa lor dezan, zuzenean edo bitarteko telematikoen bidez, Zerga Ogasunean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean edo espedientea ebazteko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko informazio garrantzitsua duen edozein administraziotan, salbu eta interesduna kontsulta horren aurka agertzen bada espresuki. Hala bada, ezarritako baldintzak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5.6. Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio okerra zuzendu dezan gehienez 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, behin ebazpena eman ondotik urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ezarritako moduan (lehenbiziko legea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa da, eta, bigarrena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa).

Seigarrena.–Dokumentazioa.

6.1. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten pertsonak benetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi direla egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago emana.

b) Laguntza eskatzen duen pertsonaren azken sei hilabeteko hiru nominaren fotokopia, edo egoera hori frogatzen duen enpresaren ziurtagiria; langile autonomoen kasuan, autonomoen araubideko kuota ordaintzen dutenez, Gizarte Segurantzari azken sei hilabetean ordaindu beharreko hiru kuotaren ordainagiria, eta JEZaren altaren frogagiria.

Enpresaren ziurtagirian eskatzaileak egindako lanaldiaren ehunekoa jaso beharko da.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

d) Familia-unitateari helburu bererako eman zaizkion laguntza ekonomiko guztien aitorpena.

e) Harreran edo tutoretzapean diren 18 eta 25 urte arteko seme-alaben kasuan, deialdiaren ondorioetarako familia-unitatearen parte direnez, lan-bizitzaren ziurtagiria eta diru-sarreren frogagiria, lan egiten badute, edo bestela, lanik egiten ez dutela dioen aitorpena.

6.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. eta 53. artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez da beharrezkoa izanen eskatzen diren agiriak aurkeztea, baldintza horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean, edo lehendik haren esku dauden agiriak badira. Kasu horretan, identifikatu beharko da zer espedientetan dauden agiriak; halaber, organo eskudunek eskatzen ahalko diete hori egin dezaten.

Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da ematen ez diren datuak eta agiriak kontsultatzea edo eskuratzea baimendua dela, non eta prozeduran ez den espresuki interesdunaren aurkakotasuna jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen berariazko adostasuna ematea.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

7.1. Deialdi honen ondorioetarako, Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Familien Atalari esleitu zaizkio foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

7.2. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

7.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

8.1. Prozedura instruitu eta ebazpen proposamena eman ondoren, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak arrazoibidezko ebazpena emanen du eta eskatzaileari jakinaraziko dio, eskaera aurkezten denetik hiru hilabeteko epean. Dirulaguntzak emanen dira horretarako kreditua dagoen bitartean.

8.2. Dirulaguntza ematen duen ebazpenean onuraduna eta dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko dira.

8.3. Hiru hilabeteko epean ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Bederatzigarrena.–Ordainketa.

Ordainketa bakar batean ordainduko da laguntza, transferentzia bidez kobratzeko aurkezten den eskaeran ageri den kontu korrontean.

Hamargarrena.–Onuradunen betebeharrak.

10.1. Laguntzen onuradunek, haiek jasotzeko baldintzetan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman beharko diote Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari, aldaketa izan eta 15 egun balioduneko epean.

10.2. Onuradunek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak egiten dituen kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta kudeaketa organoak edo beste organo eskudun batzuek, indarra duen araudiarekin bat, eskatzen dizkieten agiriak eman.

Hamaikagarrena.–Bazterketak eta laguntzen bateragarritasunaren araubidea.

Deialdi honetan araututako laguntza ekonomikoak bateraezinak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate pribatuk helburu bererako ezar dezakeen beste edozein laguntzarekin.

Hamabigarrena.–Laguntza itzultzea.

12.1. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe onuradunari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez, eta dirulaguntza bidegabeki ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2. Laguntza eskuratzen bada horretarako behar diren baldintzak bete gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egotzi beharreko arrazoiengatik, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo partez.

12.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatutako kasuetan ere itzuli beharko dira jasotako diru kopuruak, osorik edo partez.

Hamahirugarrena.–Publikotasun araubidea.

Onartzen diren dirulaguntzak ez dira argitaratuko, zeren, dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunen datuak zabaltzea pertsonen intimitatea babestearen aurkakotzat jotzen baita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Hamabosgarrena.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2405150