81. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

66/2024 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, 2024an eta 2025ean bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko. DDBN identifikazioa: 753140.

Nafarroako Gobernuaren legegintzaldi honetarako programa akordioaren funtsezko ardatzetako bat Agenda 2030 eta bere Garapen Jasangarrirako Helburuak –GJHak– modu integralean eta zeharkakoan sustatzea da. Ardatz hori garatzeko hainbat neurri ari dira abian jartzen, esaterako, garraio publiko multimodal adimenduna. Horrez gain, mugikortasun aktiboa ere sustatzen ari da, nola oinez, hala bizikletaz. Helburu estrategikoak eta ekintza plana zehazteko, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Gidaria eta Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Gidaria egin ditu.

Bizikleta garraiobide motordunen alternatiba gisa bultzatzeko jarduketa esparru orokor horren barruan, beharrezkoa da bidegorrien eta bizikleta bideen sare bat osatzea Nafarroako Foru Komunitatean, bizikleta garraiobide erabilgarri eta segurua izan dadin bai hiri barneko bai hiri arteko joan-etorriak egiteko. Izan ere, autoa baino lehiakorragoa izan daiteke bizikleta, konektagarritasun, segurtasun eta irisgarritasuneko baldintzak betez gero. Aipatutakoa lortzeko, lagungarria da pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak gero eta gehiago erabiltzen direla.

Horrez gain, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean (SEEP), 50.000 biztanletik gorako hirien edo probintzia hiriburuen metropoli inguruetako mugikortasun sistemaren eraldaketa sustatzen da. Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak proposatutako zenbait jarduketa testuinguru horretan hautagarriak direla uste da.

2022an eta 2023an, bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak egiteko dirulaguntzen deialdien bidez, 7 jarduketa finantzatu ziren Nafarroako zenbait tokitan; guztira 70,4 kilometro izan ziren, 2.341.248 euroko inbertsio justifikatua eta 1.720.835 euroko dirulaguntza. Deialdi hartan, jarduketetarako eskaeren aurrekontuak 5.123.244 euro egin zuen guztira.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ildo horretan jarraitu nahi du, eta dirulaguntza deialdi baten bidez sustatu Nafarroako udalerrietan bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak egiteko jarduketak, 2024an eta 2025ean.

Hala, finantzaketa mekanismo hau ezartzen da, hainbat urtetarako dirulaguntza bat eskuratzeko deialdi baten bidez, 2024 eta 2025erako. Deialdiak norgehiagoka izaera izanen du, eta haren bidez toki erakundeei bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak eraikitzeko laguntza emanen zaie.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuaren 52. artikuluko h) letraren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeentzako laguntzen deialdi bat onestea, 2024an eta 2025ean bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 1.329.600 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuko "Bizikleta azpiegituretarako deialdia" izeneko 230000 23200 7609 441112 partidaren kargura, eta 886.400 eurokoa, 2025eko gastu-aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta ekitaldi horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

7. Adierazi behar da deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko apirilaren 5ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAREN DEIALDIA, BIDEGORRIEN ETA BIZIKLETA AZPIEGITUREN PROIEKTUAK EGITEKO. OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen helburua honako hau da: oinarri arautzaileak ezartzea, Nafarroako toki erakundeek 2024an eta 2025ean eginen dituzten bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuen finantzaketarako laguntzak eman eta ordaintzeko.

Deialdiaren xedea honako hau da: sustatzea toki erakundeek beraien herrietako hiri eremuetan eta hiriartekoetan bidegorriak eta bizikleta azpiegiturak ezar ditzaten, herritar guztientzat, mugikortasun aktibo eta jasangarria bultzatzen baita horrela.

Deialdi honen arabera, hauek izanen dira diruz lagungarriak: batetik, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektu bat osorik gauzatzea; eta, bestetik, proiektu bakar baten fase bat edo batzuk egitea, baldin eta fase horiek funtzionalki independenteak badira eta proiektuaren gainontzeko zatia bukatu gabe erabili edo abian jartzen ahal badira.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honi aurre egiteko kreditua, guztira, 2.216.000 eurokoa da; 1.329.600 euro 2024ko gastu-aurrekontuko "Bizikleta azpiegituretarako deialdia" izeneko 230000 23200 7609 441112 partidaren kontura, eta 886.400 euro 2025eko gastu-aurrekontuko partida baliokidearen kontura, betiere 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

3.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateko deialdia egin eta emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari esleituko zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

4.–Onuradunak eta betekizunak.

Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki erakundeek, zehazki honakoek:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera osatuta egotea. Udalerriak ez diren erakundeek frogatu egin beharko dute diruz lagungarriak diren jarduketak egiteko eskumena esleitu zaiela.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

Orobat, Nafarroako bi toki erakundek edo gehiagok ere egiten ahalko dute proiektu jakin bat elkarrekin egiteko dirulaguntza eskaera bakar bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz. Kasu horretan, erakunde guztiak hartuko dira onuraduntzat.

5.–Gauzatzeko epea.

Dirulaguntzak jasoko dituzten obrak 2024an lizitatu beharko dira, eta 2025eko irailaren 30a baino lehen bukatu.

6.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Honako hauek egiteko gastuak dira diruz lagungarriak:

–Proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idaztea.

–Obren zuzendaritza fakultatiboa. Segurtasuna eta osasuna.

–Dirulaguntzak jasoko dituzten obrak edo jarduerak gauzatzea.

6.2. Diruz lagungarriak izanen dira 2022ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era egindako gastuak.

6.3. Proiektu bat partzialki egiteko dirulaguntza eskatzen denean, proiektu teknikoak eta memoria baloratuak idazteagatiko gastuak diruz lagunduko dira eginen den faseari edo faseei dagokien proportzioan.

6.4. Eskaera bakoitzeko ematen ahalko den dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau da: diruz lagungarriak diren gastuetako bakoitzaren kontzeptuaren %80; gehienez ere 350.000 euro emanen dira eskaera bakoitzeko. Dirulaguntzak emanen dira kreditu erabilgarria bukatzen den arte.

Kreditu nahikorik ez egoteagatik dirulaguntzarik jasoko ez duten proiektuen eskaerak ezetsi eginen dira; horrek ez du galaraziko erreserban gelditzea, puntuazioaren araberako hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiokeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuen proiektuaren dirulaguntza osatuko da. Aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek dirulaguntza eskuratzen ahalko dute, zortzigarren oinarriko 1. eta 4. ataletan aipatzen den zerrendan agertzen diren hurrenkeran, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

7.–Eskaerak aurkeztea, eskatzen diren agiriak eta betekizunak betetzeari buruzko ziur­tagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. I. eranskinean agertzen den eskabide eredua erabiliko da.

7.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten toki erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eskaeraren xede diren jarduketei buruzko proiektu teknikoa edo memoria baloratua eta, hala badagokio, proiektu teknikoa onarturik egotearen ziurtagiria.

b) Aurrekontu xehatua, 6.1. oinarrian aipatutako jarduketa diruz lagungarriak eta horien guztizko kostua biltzen dituena.

c) Udalerriak ez diren toki erakundeek egindako eskaeren kasuan, idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, frogatzen duena erakunde horrek esleitua duela deialdi honetako dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteko eskumena.

d) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (II. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita aipatutako toki erakundeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituela.

e) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria (III. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren proiektuekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso den; horren bitartez ziurtatuko da aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostu osoa.

f) Udal konposatuen kasuan, izan udal horiek osatzen dituzten kontzeju guztientzat edo zenbaitentzat, proiektuak eragiten dien toki erakundeen arteko akordioa frogatzen duen ziurtagiria, aplikatu beharreko araudiak ezarritakoaren araberakoa. Ziurtagiri horretan (IV. eranskineko ereduaren araberakoa) kontzeju horien kopurua eta izenak zehaztuko dira.

g) Aurreko laugarren oinarriaren azken paragrafoan ezarritakoari jarraikiz, beste udal batekin edo batzuekin batera proiektu bat sustatzen duten udalen kasuan, proiektuak eragiten dien udalen arteko akordioa frogatzen duen ziurtagiria, horietako bakoitzaren idazkariarena. Ziurtagiri hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta, bertan, honako hauek adierazi beharko dira:

–Parte hartzen duten udalen kopurua eta izenak.

–Udal bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen.

–Udal bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Ordezkari bakar gisa arituko den erakunde koordinatzailearen izendapena.

h) Toki erakundeko idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, adierazten duena erakunde horrek ezin dituela berreskuratu edo konpentsatu eskatutako dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarren oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

7.4. Hamargarren oinarrian araututako ordainketa aurrerakina eskatuz gero, dirulaguntzaren xedea betetzeko funtsak behar direla egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, toki erakunde eskatzailearen idazkari lanetan diharduenak emandakoa. Erakunde eskatzaileak bat baino gehiago direnean, idazkaritza guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

7.5. Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

8.1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera horien zerrenda ordenatua ezartzeko, hurrengo 2. atalean adierazitako balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioa kontuan hartuta, eta oinarri honen 4. atala aplikatuta.

8.2. Proposamenek, gehienez, 100 puntu jasotzen ahalko dituzte, irizpide hauen arabera:

a) Bidegorriaren edo bizikleta bidearen konektagarritasunaren arabera, gehienez ere 30 puntu, honela banatuta:

–Nafarroako udalerriak lotzen baditu, 10 puntu emanen zaizkio.

–Bide Berdeekin, EuroVelorekin, Donejakue Bidearekin edo Nafarroan barna igarotzen diren Bide Naturalekin lotzen bada, 7 puntu emanen dira.

–Bideak industrialdeetara edo jarduera ekonomikoko guneetara iristea ahalbidetzen badu, 5 puntu emanen zaizkio.

–Bidea ikastetxeekin, osasun-zentroekin, kultura-zentroekin edo aisialdi-zentroekin lotzen bada, 5 puntu emanen dira.

–Bidea aurrez dagoen hiri barruko bidegorriren batekin lotzen bada, 3 puntu emanen dira.

b) Toki erakunde eskatzaileetako biztanleriaren arabera, Nafarroako Estatistika Institutuak bere webgunean (https://nastat.navarra.es/es/tablas_mixtas/-/tag/padrones) argitaratutako informazioan eta abenduaren 5eko 1085/2023 Errege Dekretuaren bidez onetsitako 2023ko urtarrilaren 1eko udal-erroldaren berrikuspenaren ondoriozko biztanleria-zifra ofizialetan oinarrituta, 10 puntu emanen dira gehienez:

–5.000 biztanle baino gehiago: 10 puntu.

–5.000 biztanle edo gutxiago: 5 puntu.

c) Intermodalitatea sustatzeko, bidegorria edo bizikleta bidea herrien arteko garraio publikoaren geltokiekin lotuta badago (errepidea edo trenbidea), 5 puntu emanen dira gehienez.

d) Proposamenaren kalitatearen arabera, eta irizpide hauei jarraikiz, 20 puntu emanen dira gehienez:

–Bidea ibilgailu motordunen zirkulaziotik banatuta egoteagatik 10 puntu emanen dira gehienez.

–Trazaduraren ezaugarriengatik: koherentea eta zuzena; %6ko malda gainditzea soilik salbuespen gisa eta tarte laburretan; ondo seinaleztatuta eta zoru egokiarekin; bizikleten benetako zirkulazio-zabalera. 10 puntu emanen dira gehienez.

e) Proiektua zer fasetan dagoen baloratuko da, eta 25 puntu emanen dira gehienez, honako hauen arabera:

–Proposamenak toki erakundeek onetsitako obra proiektu bat baldin badauka, 25 puntu emanen dira.

–Proposamenak obra proiektu bat baldin badauka, 20 puntu emanen dira.

–Proposamenaren memoria tekniko baloratua egina badago, 15 puntu emanen dira.

f) Bidegorriaren edo bizikleten azpiegituraren balio erantsiagatik, duen erakargarritasun turistikoagatik, proiektuaren jasangarritasun-irizpideengatik, ingurumen-helburuengatik eta gizartearen onarpenagatik. 10 puntu emanen dira gehienez. Dirulaguntza eskaeran, I. eranskinean E atalean berariaz adierazitako alderdiak baino ez dira baloratuko.

8.3. Eskaera bakoitzaren guztizko puntuazioa 8.2. puntuko a) ataletik f) atalera bitartean lortutako puntuen batura izanen da. Puntu kopuru berdina eskuratuz gero, berdinketa biztanle gehien dituen toki erakundeen eskaeraren alde ebatziko da. Gutxienez 40 puntu erdiesten ez dituzten eskaerak ezetsi eginen dira.

8.4. Laguntza publikoak jaso dituzten eta eginik dauden bizikleta bideak hobetzea dakarten proiektuetarako eskaerak eta Next Generation funtsen kargura bizikleta azpiegituretarako laguntzak jaso dituzten toki erakundeek sustatutako proiektuetarako direnak puntuazioaren arabera ordenatuko dira, eta 8.1 atalean aipatzen den zerrendaren amaieran jarriko dira.

9.–Laguntzak emateko prozeduraren ebazpena.

9.1. Eskaerak baloratu ondotik, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateari buruz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

–Dirulaguntza jasoko duten erakundeen zerrenda, puntuaziorik altuenetik txikienera zehatz-mehatz ordenatuta, zortzigarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Diruz lagungarria den aurrekontua edo zenbatekoa eta horren arabera eman den dirulaguntza adieraziko dira, seigarren oinarrian ezarrita dagoen gisan, baita dagokion dirulaguntza ekitaldia edo ekitaldiak ere.

–Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik edo kreditu nahikorik ez izateagatik dirulaguntza ukatzen zaien toki erakundeen zerrenda.

9.2. Ebazpena, gehienez, hiru hilabeteko gehieneko epean eman eta jakinaraziko zaie toki erakunde eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/hasiera helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

9.3. Berariazko edo ustezko ezespenaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

10.–Ordaintzeko prozedura. Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa. Aurrerakinak.

10.1. Laguntzen ordainketa bakar bat eginen da diruz lagundutako jarduketa bukatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, 2025eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean. Ordainketa jasotzeko, egindako gastuen justifikazio kontua igorri beharko da aurrez, eta honakoak jasoko dira bertan, aitortzailearen erantzukizunpean:

–Egindako jardueren eta horiei dagokien kostuaren adierazpena, jarduera horiek garatzean egindako gastu guztiak banakatuta.

–Ziurtagiri partzialak, halakorik egonez gero, eta obren amaierako ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak eta adjudikaziodunak sinatuta.

–Izandako gastuen faktura/k eta ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Obren harrera akta, toki erakundeak, zuzendaritza fakultatiboak eta kontratistak sinatua.

–Toki erakundean idazkari lanetan diharduenaren ziurtagiria, honako gai hauek biltzen dituena:

a) Eraikuntza proiektuaren, obraren zuzendaritzaren eta obren gauzatzearen kontratazio prozesua, adjudikazioduna, lizitazioaren eta adjudikazioaren zenbatekoak eta bajaren ehunekoa adierazita.

b) Kontratistak aukeratzean bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluko aginduak, baldin eta gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 euro baino handiagoa bada, obra gauzatzearen kostuari dagokionez, edo 12.000 euro baino handiagoa kontsulta edo laguntza enpresek emandako ekipo ondasunen hornidurari edo zerbitzuei dagokienez.

c) Seigarren oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso den. Hala bada, jaso diren zenbatekoak adierazi beharko dira.

Instrukzio organoak erakunde interesdunari errekerimendua eginen dio aurkeztutako dokumentazioa zuzendu dezan, 10 eguneko epearen barruan. Berariaz ohartaraziko zaio dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzeak edo behar beste ez justifikatzeak laguntza jasotzeko eskubidea galtzea edo dirulaguntza bueltatu beharra dakarrela, Dirulaguntzen Foru Legearen 35. artikuluan adierazten den gisan.

10.2. Justifikatutako gastu diruz lagungarria onartutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan egin den gastuaren arabera doituko da, seigarren oinarrian ezarritako mugak betez betiere.

10.3. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

10.4. Oinarri honen 1. atalean adierazitakoa gorabehera, onartutako dirulaguntzaren aurrerakin bat ematen ahalko da, honako muga eta betekizunen arabera:

–Ordainketa aurrerakin bakarra eginen zaio erakunde onuradun bakoitzari, onartutako dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren %60 adinakoa. Aurrerakina emanen da, baldin eta erakunde onuradunak eskatzen badu eta justifikatzen badu dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla.

–Ordainketa aurrerakina eman izana jasoko da dirulaguntza emateko ebazpenean, bederatzigarren oinarrian araututakoan.

11.–Gerakinak.

11.1. Erakunde onuradunak dirulaguntzaren helburuak bete dituenean, eta, baliabideak efizientziaz erabiltzeagatik, soberakinak daudenean, onuradunak diruz lagundutako jarduerarekin lotutako beste jarduera batzuetan erabiltzea eskatzen ahalko du.

11.2. Eskaeran, hasierako proiektuaren helburuen zabalpena zehaztuko da, bai eta dagokion aurrekontua eta gauzatzeko epea ere. Nolanahi ere, zabalpena onartzeko, bosgarren eta hamargarren oinarrietan aurreikusitako epe berberak bete beharko dira.

11.3. Eskaera onartuz gero, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du, gerakinaren xede den dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko.

12.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

12.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

12.2. Instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla justifikatzea.

12.3. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru sarrera edo baliabiderik eskuratu duen.

12.4. Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den edukiari buruz behar duen informazio guztia.

12.5. Noiznahi onartzea Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduketa gauzatu dela egiaztatzea.

12.6. Toki erakundeek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

12.7. Erakunde onuradunek erantzukizunpeko adierazpen bat eginen dute azaltzeko ezen konpromisoa hartzen dutela diruz lagundutako jardueraren publizitatean Nafarroako Gobernuaren marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzeko, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuari jarraikiz (foru dekretu hori aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako testuaren arabera).

Diruz lagundutako proiektuari lotutako argitalpen, publizitate eta hedapen lan guztietan eta diruz lagundutako proiektuari buruz prestatzen den dokumentazio guztian agertu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

13.–Aldaketak diruz lagundutako jarduketetan.

13.1. Dirulaguntzaren xede diren jarduketak deialdi honetan ezarritako epean eta baldintzetan gauzatu beharko dira, aurkeztutako proiektu edo memoria teknikoaren arabera.

13.2. Hala ere, organo instruktoreak, aldaketa gauzatu aurretik onuradunak eskatuta, eta betiere arrazoi objektibo eta justifikatuak badaude, aldaketak baimentzen ahalko ditu, ekintza osagarriak edo gehigarriak jasotzen badituzte, baina diruz lagundutako jarduketen xedea edo irismena funtsean aldatu gabe.

Baloratutako proiektu edo memoria teknikoetan aurreikusitako partiden amaierako gauzatzearen kostua %10 baino gutxiago handitzea dakarren aldaketarako ez da aurretiazko baimenik beharko.

13.3. Moldaketa horrek ez du handituko, inolaz ere, hasiera batean onuradunari emandako diru­laguntzaren zenbatekoa.

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste laguntza batzuekin. Behar den kasuan, beste erakunde batzuetatik jasotako dirulaguntzak kendu eginen dira onuradunari deialdi honen bidez esleitu zaion dirulaguntzaren zenbatekotik.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren gastu lagungarria.

15.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

15.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, jasotako dirua edo diruaren zati bat bueltatu beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

15.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedurari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

18.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan esanbidez ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren https://www.navarra.es/eu/web/guest/hasiera webgune ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, erakunde onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Dirulaguntza eskabidea, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak gauzatzeko.

II. eranskina.–Ziurtagiri eredua, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluko betebeharrak betetzeari buruzkoa.

III. eranskina.–Toki erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiri eredua, deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso den adieraztekoa.

IV. eranskina.–Udal konposatuen idazkaritzaren ziurtagiri eredua, udala osatzen duten kontzeju guztientzako edo batzuentzako bidegorrien edo bizikleta azpiegituren proiektu bat sustatzeari buruzkoa.

V. eranskina.–Ziurtagiri eredua, bidegorrien edo bizikleta azpiegituren proiektuak partekatzen dituzten toki erakundeetako idazkaritzena.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA ESKABIDEAREN EREDUA

BIDEGORRIEN ETA BIZIKLETA AZPIEGITUREN PROIEKTUAK GAUZATZEKO DIRULAGUNTZA
ESKABIDEA

A. TOKI ERAKUNDEA

IZENA:

IFK:

B. HARREMANETARAKO PERTSONAREN DATUAK

LEHEN DEITURA:

BIGARREN DEITURA:

IZENA:

NANa/AIZ:

HELBIDEA:

TELEFONOA:

HERRIA:

POSTA KODEA:

HELBIDE ELEKTRONIKOA:

C. PROIEKTUAREN DATUAK

PROIEKTUAREN IZENA:

ZENBATESPEN EKONOMIKOA GUZTIRA (BEZa barne):

ORDAINKETA AURRERAKINA ESKATZEN DU: Bai Ez

Proiektu honetarako beste laguntza batzuk jasotzen ditu (14. oinarria).

Bai Ez

Aurkeztutako proiektuak lehendik diruz lagundutako jarduketen hobekuntzak biltzen ditu (8.4 oinarria)

Bai Ez

D. AURKEZTEN DEN DOKUMENTAZIOA

a) Onetsitako proiektu teknikoa proiektu teknikoa memoria baloratua

b) Aurrekontua

c) Jarduketak gauzatzeko eskumena frogatzeko ziurtagiria

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluko baldintzak betetzeari buruzko ziurtagiria

e) Beste laguntza publiko zein pribatu batzuk eskatu edo jaso izanari buruzko ziurtagiria

f) Udal konposatuetako toki erakunde parte-hartzaileen arteko akordioa adierazten duen ziurtagiria

g) Konpentsatu edo berreskuratu ezin diren zeharkako zergen ziurtagiria

h) Udalen arteko akordioaren ziurtagiria

i) Funts horniduren beharrari buruzko ziurtagiria

E. PROIEKTUAREN DESKRIBAPEN LABURRA (baremoaren irizpideen araberakoa. Gehienez 500 hitz)

..........................................(e)n, 2024ko .............................aren ......(e)(a)n.

LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTUA. Erakunde eskatzailearentzako kopia.

DATU PERTSONALAK BABESTEAREN GAINEKO INFORMAZIOA

Datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Erregelamendu horren 13. artikuluan xedatutakoa betetzeko, hauxe jakinarazten da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA

Lurralde Kohesiorako Departamentua

San Ignazio etorbidea 3, 31002 Iruña.

movilidad@navarra.es

DATUEN BABESERAKO ORDEZKARIA

Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritza

dpd@navarra.es.

TRATAMENDUAREN XEDEA

Deialdiko parte-hartzea kudeatzea.

TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA

Ahal publikoak betetzean edota interes publikoko aferetan egin beharreko tratamendua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

DATUAK GORDETZEKO EPEA

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

DATUEN LAGAPENA

Ez da aurreikusten datuak hirugarrenei lagatzea, salbu eta araudiak baimentzen badu eta ukitutakoek berariaz adostasuna ematen badute.

ERABILTZEN AHAL DIREN ESKUBIDEAK

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, arestian esandako helbidera, indarreko araudiak ezarritako moduan.

Datuen babesari buruz dituzun eskubideak urratu direla uste baduzu, erre­klamazioa aurkez dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan. https://www.aepd.es/.

II. ERANSKINA.–ZIURTAGIRI EREDUA, DIRULAGUNTZEI BURUZKO FORU LEGEAREN 13.2 ARTIKULUKO BETEBEHARRAK BETETZEARI BURUZKOA1

Nik .......................................................................................................................................................k, .............................................................. toki erakundeko idazkaria naizen honek,

ZIURTATZEN DUT:

1.–………………………………………. toki erakundeak bete egiten dituela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden baldintza orokorrak.

Eta horrela jasota gera dadin eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emandako …...…....ren …..…(e)ko ..…../2024 Ebazpenean aurreikusitako ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkatearen edo buruaren oniritziarekin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako toki erakundeak diruz laguntzeko deialdia onesten da, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egin ditzaten.

..........................................(e)n, 2024ko .............................aren ......(e)(a)n.

1. Hainbat toki erakunderen artean egiten den proiektua bada, erakunde guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

III. ERANSKINA.–TOKI ERAKUNDEKO IDAZKARITZAREN ZIURTAGIRI EREDUA, DEIALDI HONEN XEDEKO LANETARAKO BESTE LAGUNTZA PUBLIKO ETA/EDO PRIBATURIK ESKATU ETA/EDO JASO DEN ADIERAZTEKOA1

Nik, ......................................................................................................................................................k, ............................................................... toki erakundeko idazkaria naizen honek,

ZIURTATZEN DUT:

1.-…………............................................. toki erakundeak ez duela ez eskatu ez jaso deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren proiektuetarako beste ezein laguntza publiko edo pribaturik.

EDO

1.–…………............................................ toki erakundeak eskatu eta/edo jaso egin dituela deialdi honen bidez diruz lagungarriak diren proiektuetarako beste laguntza publiko eta/edo pribatu batzuk, horien guztizko zenbatekoa .................................... euro izanik.

Eta horrela jasota gera dadin eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emandako …...…....ren …..…(e)ko ..…../2024 Ebazpenean aurreikusitako ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkatearen edo buruaren oniritziarekin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako toki erakundeak diruz laguntzeko deialdia onesten da, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egin ditzaten.

.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.

1. Hainbat toki erakunderen artean egiten den proiektua bada, erakunde guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

IV. ERANSKINA.–AKORDIO EREDUA, UDAL KONPOSATUEK BERAIEN KONTZEJU GUZTIENTZAKO EDO BATZUENTZAKO BIDEGORRIEN ETA BIZIKLETA AZPIEGITUREN PROIEKTUAK SUSTATZEKO

Nik, .....................................................................................................................................................k, ..........................................................ko Udaleko idazkaria naizen honek,

ZIURTATZEN DUT:

1.–...............................................................................(e)ko Udalak bere udal mugartean kokatutako kontzejuarentzat/kontzejuentzat bidegorri eta bizikleta azpiegituren proiektu bat sustatzen duela, eta proiektuak ukitzen dituen toki erakundeen arteko akordioa adostu dela, indarreko araudi aplikagarriak ezartzen duen gisan.

Zehazki, honako kontzejuen artean adostu da bidegorrien eta bizikleta bideen proiektua sustatzea: …………................................................................................................................. (adierazi kontzejuak).

Eta horrela jasota gera dadin eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emandako .…...…....ren …..…(e)ko ..…../2024 Ebazpenean aurreikusitako ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkatearen edo buruaren oniritziarekin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako toki erakundeak diruz laguntzeko deialdia onesten da, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egin ditzaten.

.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.

V. ERANSKINA.–ZIURTAGIRI EREDUA, BIDEGORRIEN EDO BIZIKLETA AZPIEGITUREN PROIEKTUAK PARTEKATZEN DITUZTEN TOKI ERAKUNDEETAKO IDAZKARIENA

Nik, ....................................................................................................................................................k, ........................................................ Udaleko (toki erakunde koordinatzailearen izena) idazkaria naizen honek, honako hau:

ZIURTATZEN DUT:

1.–……………………………………………………………..(e)ko Udalak, ………….………………(e)ko (adierazi gainerako udalak) udalekin batera, bidegorri eta bizikleta azpiegituren proiektu bat sustatzen duela, eta aipatu diren udalen arteko akordioa adostu dela, indarreko araudi aplikagarriak ezartzen duen gisan, zeinak honako hau ezartzen baitu:

–Udal bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen: (adierazi konpromisoak).

–Udal bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa hau da: (adierazi zenbatekoak).

–………………………………….(e)ko Udala erakunde koordinatzaile izendatu dute, eta bera arituko da ordezkari bakar gisa administrazioaren aurrean.

Eta horrela jasota gera dadin eta Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emandako ….....…..ren …..…..ko …..…../2024…. Ebazpenean aurreikusitako ondorioak izan ditzan, ziurtagiri hau ematen dut, alkatearen edo buruaren oniritziarekin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako toki erakundeak diruz laguntzeko deialdia onesten da, bidegorrien eta bizikleta azpiegituren proiektuak egin ditzaten.

..........................................(e)n, 2024ko .............................aren ......(e)(a)n.

Iragarkiaren kodea: F2405718