Iragarkia
8. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE ARAKIL
Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Uharte Arakilgo Udalak, 2023ko apirilaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharte Arakilgo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 176. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 24an. Jendaurreko epea iragan baita haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, argitara ematen da haren behin betiko testua, ondorio juridikoak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.
Uharte Arakilen, 2023ko azaroaren 17an.–Alkate udalburua, Jose Domingo Huarte Baleztena.
ORDENANTZA, UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Uharte Arakilgo udal-mugarteko herri-lurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek erabiltzeko eta aprobetxatzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedatzen dena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK
5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Uharte Arakilgo Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen inguruan Uharte Arakilgo Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Uharte Arakilgo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela lortzen ahal beste bide batzuk baliatuz, hala nola lagapena edo kargen ezarpena, horiexek baitira lehentasunezko aukerak. Herri-ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da beti, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Uharte Arakilgo Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa. Itzultzea eginen da hasierako prezioari aplikatuta diruaren balioak adjudikazioaren ondoko urteetan izan duen gehikuntza. Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA
7. artikulua. Uharte Arakilgo Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dien bestelako ekintza orori.
8. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko ditu herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura-soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.
10. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, Uharte Arakilgo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala betearaziko dira, horrek galarazi gabe kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezartzen den eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie auzotarrei Udalak.
IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
14. artikulua. Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:
a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua –Txantrelarre eta Martigarroko baratzeak– eta Ugarkaburu, Eniz, Berroeta, Martigarro, Sargaitz eta Ardantzarretako euntzeak.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
d) Okubeko eta Atako larre hesituen aprobetxamendua.
e) Lur-lagapenaren bidezko aprobetxamendua, telekomunikazio-instalazioak jartzeko.
f) Harkaiztietako josteta eta kirol aprobetxamenduak.
g) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Uharte Arakilgo Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da ,eta duten gizarte, ingurumen eta josteta izaerarekin bateragarri eginen du hori guztia.
16.1. artikulua. Oro har, 14 a, b, c, d, eta g artikuluan jasotako Uharte Arakilgo herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia-unitateak edo pertsona juridikoak, haien titularrek baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.
c) Uharte Arakilen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
e) Aziendak Uharte Arakilgo Udalean inskribaturik edukitzea, herri-lurretako aprobetxamenduaren onuradunentzat oro har. Horretarako, urtero aurkeztu beharko du Ustiategiaren Liburua, dagokion urteko urtarrilaren 31 baino lehen, eta bertan azaldu aziendaburu kopurua eta herri-lurra aprobetxatzeko aurreikusten den aziendaburu kopurua.
f) Bestelako azienda izanez gero, hala nola erleak, hegaztiak eta beste batzuk, Udalak kasu bakoitza baloratuko du.
g) Eskaera egin aurreko lau urtean erabilera berdintsuko lur partikularrak saldu dituztenei edo antzeko lurren jabeak izan eta errentan dituztenei ez zaie herri-lurretako aprobetxamendurik zuzenean adjudikatuko.
16.2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak.
16.3. Xedapen hauek ez zaizkie aplikatuko telekomunikazio-instalazioak jartzeko lurrak laga zaizkienei, horiek izan beharko baitute Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean (MLBN) inskribatutako operadoreak.
16.4. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Uharte Arakilgo Udalak argituko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.
17. artikulua. Zuzenean adjudikatutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Uharteko Udalak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena, eta izandako aldaketak.
II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN ETA EUNTZEEN APROBETXAMENDUA
18. artikulua. Laborantzako herri-lurren –Txantrelarre– eta Martigarroko baratzeen aprobetxamendua dagokion ordenantzan arautuko da.
19.1. artikulua. Ugarkaburu, Eniz, Berroeta, Sargaitz eta Ardantzarretako euntzeetako herri-lurren erabilera enkante publikoaren bidez adjudikatuko da; kasu bakoitzerako Uharte Arakilgo Udalak ezarriko ditu hasierako prezioa eta gora jotzeko posturak. Erremate prezioa, dagokion enkantearen ondotik, urtean behin ordainduko da eta, orobat, urtero berrikusiko, KPIaren arabera.
19.2. Enkantean loteren bat adjudikatu gabe gelditzen bada, bigarren enkante batean parte hartzen ahalko dute Uharte Arakilgo udalerrian ustiategiak dauzkaten bizilagunek, baldin horien titularrak erroldaturik badaude, nahiz eta urtean bederatzi hilabetez jarraian ez bizi bertan.
19.3. Enkantean loteren bat adjudikatu gabe gelditzen bada, hirugarren enkante batean Uharte Arakilgo udalerrian kokaturik ez dauden ustiategiek parte hartzen ahalko dute.
20.1. artikulua. Herri-lurretako euntzeak erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da, eta emandako aprobetxamendua bost urtean behin berrikusten ahalko da; lurrak abandonatzen badira edo eman ziren erabileretarako erabiltzen ez badira, bertan behera geldituko da aprobetxamendua.
20.2. Aprobetxamendurako epea bukatzean, partikularrek ez dute izanen kalte-ordainik batere jasotzeko eskubiderik herri-lurretan egindako gastuengatik. Berdin gertatuko da, orobat, aprobetxamendua bertan behera gelditzen denean baldintzak ez betetzeagatik.
21. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.
22.1. artikulua. Udalak egoki eta komenigarri iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
22.2. Honako kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
a) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren txostenaren arabera, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.
b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenean, horretara beharturik egonik.
c) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarren batzuei errentan emanak dituztenean.
d) Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak Udaleko aziendaburuen katastrotik ateratzen dituztenean.
23. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikatutakoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.
24.1. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretako euntzeetan egiten diren itxiturak, bai eta sastrakak garbitzeko eta ongarritzeko lanak ere, erremategilearen kontura izanen dira.
24.2. Gutxienez hiru urtean behin, lursaileko sastrakak garbitu beharko dira eta itxitura egoera ezin hobean mantendu beharko da. Itxitura egoera txarrean dagoela edo aipatutako epean sastrakak ez direla garbitu egiaztatzen bada, Udalak eginen ditu lan horiek subsidiarioki, adjudikaziodunaren kontura.
24.3. Pasabideak eta bideak errespetatuko dira. Atakak jartzeko baimena ematen ahalko da, interesdunak hura eskatu eta justifikatu ondoren.
25. artikulua. Ezin izanen da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Uharte Arakilgo Udalak baimena eman ez badu.
26. artikulua. Adjudikaziodunek ez badituzte beren betebeharrak betetzen, Uharte Arakilgo Udalak, 3 hilabete aurretik onuradunei abisua emanda, bertan behera ezten ahalko ditu aprobetxamendu horien adjudikazioak. Aditzera ematen da euntzeen eta/edo larreen aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela onuradunarentzat eskubiderik sortuko kalte-ordainik jasotzeko.
III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA
27. artikulua. Uharte Arakilgo Udalaren herri-larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren barnean udalerriaren titulartasuneko herri-lur guztiak sartzen dira.
28. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez eginen da, urtero.
29.1. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradun.
29.2. Udalak, aprobetxamenduaren beharrak direla eta, aztertuko du udalerrian bizi ez diren eta erroldaturik ez dauden abeltzainak sartzeko aukera, baldin eta abeltzaintza-ustiategia udalerrian kokaturik badago.
30. artikulua. Herri-larreen adjudikazioan, Uharte Arakilgo Udalak nekazaritza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko ditu. Lehentasuna emanen zaie jarduera nagusitzat abeltzaintza duten familia-unitateei eta ekonomikoki apalenak direnei.
31.1. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa egiteko gomendagarria izanen da abeltzain batzorde bat eratzea, herri-basoaren onuradunekin osatua. Azienda mota bakoitzaren ordezkari bat egonen da, eta %50etik gorako ordezkaritza bermatuko zaie jarduera nagusitzat abeltzaintza dutenei. Abeltzaintzako koordinazio lanak eginen ditu, zaintza lanak, herri-larreen aprobetxamendua hobeki egiteko proposamenak, baina betiere Udalaren onespenarekin.
31.2. Abeltzainek ez badute batzorde hori eratzen, Uharte Arakilgo Udalak, aurreko puntuko baldintzak beteta, batzordea izendatzen ahalko du edo bere gain hartu batzorde horren eskumenak.
32. artikulua. Aurreko artikuluaren aipatu bezala, familia-unitateen maila ekonomikoa zehazteko, irizpide objektiboak erabiliko ditu Uharte Arakilgo Udalak, hala nola pertsona fisikoen errenta, landa-, azienda- eta industria-kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-kontribuzioarena –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, bai eta horren gisako beste edozein datu ere.
33. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua zein lagapena. Hori dela eta, Uharte Arakilgo Udalak iritziko dio ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen, familia-unitatearen titular diren bizilagunek beren aziendari baja ematen diotenean udalerrian.
34. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak izan beharko du ustiategi kalifikatuetakoa, eta bete beharko du indarrean den ingurumen-osasunari buruzko araudia.
35. artikulua. Herri-larreak aprobetxatu nahi dituzten abeltzainek azienda udal erregistroan inskribaturik eduki beharko dute, eta, horretarako ondotik adierazten diren agiriak aurkeztu.
–Abeltzaintza-ustiategia.
–Ustiategiko azienden zerrenda.
–Larreak aprobetxatuko dituzten aziendaburuen kopurua eta horien belarritakoen zerrenda.
–Azienda bazkatuko den herri-lurretako eremua.
–Aziendaburu guztien saneamendua.
–Beste ziurtagiri batzuk, ogibide nagusia abeltzaintza izatearen egiaztagiria (ATP).
36. artikulua. Debeku da zerriek eta ahuntzek herri-larreak erabiltzea.
37.1. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak eskubidea du onuradunei kanon bat ezartzeko.
–Urtean 7 euroko kanona ordainduko da azienda larriko buru bakoitzeko, eta 1 eurokoa azienda xeheko buru bakoitzeko.
–Ardi- eta ahuntz-azienda: 1 euro buru bakoitzeko.
–Behi-azienda: 7 euro buru bakoitzeko.
–Zaldi-azienda: 7 euro buru bakoitzeko.
37.2. Uharte Arakilgo Udalak urtero ezarriko du larreen onuradunek aziendaburu bakoitzeko ordaindu beharreko kanona, azienda motaren arabera. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen kanona aplikatuko da, bizi-kostuak izaniko igoerari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen arabera.
37.3. Kanona ezartzen bada, epe bakarrean eginen da urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa, azienda inskribatzen den unean.
38.1. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titular diren bizilagunak izanen dira Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) laguntzen eskaera egiteko herri-lurren aprobetxamenduaren onuradunak.
38.2. Zehazki, familia unitateen titular diren bizilagunak honako baldintza hauek bete beharko dituzte NPBko laguntzak eskatzeko herri-lurren onuradun izanen badira:
38.2.1. NPBko laguntzak eskatzeko herri-larreen aprobetxamenduaren ziurtagiriak ematerakoan, honela ezarriko da lehentasuna:
Baremo bat sortuko da 16. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abeltzainen artean, eta hartan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan NPBko laguntzak eskatzeko herri-larreen aprobetxamenduaren ziurtagiria emateko:
–Uharte Arakilgo herri-lurretan bazkatzen den aziendaren titularra eta jabea izatea. 35. artikuluan zehatz jasotako informazioa.
–Beharrezko eta eskatutako hektareak onartuko zaizkie azienda larratzen egiazki eta benetan aritzen diren abeltzainei. Lehentasuna emanen zaie azienda larratzeko lan hori herri-lurretan eta abeltzaintzako profesional gisa egiten dutenei, baldin eta 16. artikuluko baldintzak betetzen badituzte.
–Herri-lurretako gainerako hektareen aprobetxamendua gainerako eskatzaileei adjudikatuko zaie, Uharte Arakilgo Udalak aztertu ondotik.
Ezin izanen dira NPBko laguntzak eskatzeko herri-lurren onuradun izan azienda guztia Uharte Arakilgo Udalaren azienda erregistroan inskribaturik ez badaukate.
–Udal honen azienda erregistroan inskribaturiko aziendaren beharrak estaltzeko adina hektarea emanen da, ez gehiago.
–Inola ere ez zaie ziurtagiririk emanen Uharte Arakilgo Udalaren azienda erregistroan aziendarik inskribaturik ez daukatenei. Emanen den hektarea kopuruak ez ditu gaindituko ustiategiak erregistraturik dauzkan azienda unitateak (AzLU), eta lehentasuna emanen zaie Uharte Arakilgo herri-lurretan larratzen egiazki eta benetan aritzen direnei.
–Aurreko baldintzak beteta, hektareen eskaerak gehiago badira Nafarroako Gobernuak Uharte Arakilgo Udalari esleitutako hektareak baino, murrizketa koefiziente bat aplikatuko da, aipatu baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko.
38.3. Ezin izanen dute NPBko laguntzetarako herri-lurrik eskatu nekazaritzako lurren jabe izan eta hirugarrenei errentan emanda dauzkatenek.
38.4. Uharte Arakilgo Udalak, NPBko laguntzetarako ematen dituen herri-larreen aprobetxamenduaren ziurtagiriengatik, 1,50 euro kobratuko dizkie hektarea bakoitzeko, egiazki eta benetan azienda larratzen aritzen ez diren eskatzaileei.
38.5. NPBko laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:
1) Ustiategiaren liburua, dagokion urteko urtarrilaren 1ekoa; urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu behar da.
2) Ogibide nagusia abeltzaintza izatearen ziurtagiria (ATP).
39. artikulua. Onuradunek zuzen aprobetxatu behar dituzte herri-lurrak.
40. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikatutakoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.
41. artikulua. Adjudikaturiko herri-lurretan egiten diren itxiturek Uharte Arakilgo Udalaren baimena beharko dute.
42. artikulua. Udalak arautuko ditu larreen, asken eta itxituren mantentze-lanak, eta horiek abeltzain adjudikaziodunek eginen dituzte, edo Udalak berak gauzatuko ditu, herri-lurren onuradun diren abeltzainen kargura.
IV. KAPITULUA.–ZURAREN ETA EGURRAREN APROBETXAMENDUAK
43. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Uharte Arakilgo Udalak etxerako egur lote edo epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.
44. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
45. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.
46. artikulua. Udalak urtero finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, epaitzak markatzea, bideak konpontzea eta lanak ekartzen dituen beste gastu batzuk kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean epaitzei egozten ahal bazaizkie. 2024rako 40 euroko kanona ezarri da eta urtero berrikusiko da.
47. artikulua. Udalak urtero epe bat irekiko du epaitzak eskatzeko. Aldez aurretik, aurreko urteko loteen exekuzioa aztertuko da, eta kasuan kasuko bizilagunei zehapenak ezartzen ahalko zaizkie, hala behar denean. Eskabide horien eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozkatuko dira.
48.1. artikulua. Epaitzak biltzeko epea uztailaren 1etik azaroaren 1era bitarte izanen da, Alkatetzak berariaz bestelako baimenik eman ezean.
48.2. Onuradunak behartuta daude, egurra jaso ondotik, hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen tokietan ere. Betiere, kasu eginen diete Udalak eta/edo basogintzako administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie hurrengo urteetan.
48.3. Adjudikaziodun batek epaitza aprobetxatzen ez badu, ukoa jakinarazi beharko dio Udalari, eta galdu eginen du eskatzean ordaindutako zenbatekoa. Epaitzaren kudeaketa Udalaren esku geldituko da.
48.4. Adjudikaziodun batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.
48.5. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada aprobetxamendua dela-eta, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, bai eta zehapenak ordaintzera ere, halakorik ezartzea bidezkoa izanez gero.
49. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren oniritzia. Eskaeren ordenaren arabera onartu eta banatuko da aprobetxamendua bizilagun interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Aparteko aprobetxamendu hau bateragarria izanen da urteroko ohiko aprobetxamenduekin, nahikoa egur dagoen bitartean. Familia-unitate bakoitzeko eroritako bi zuhaitz hartzen ahalko dira gehienez. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten bizilagunek.
V. KAPITULUA.–LARRE HESITUEN APROBETXAMENDUA HERRI-BASOAN
50.1. artikulua. Oro har, Uharte Arakilgo herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia-unitateak edo pertsona juridikoak, haien titularrak ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.
50.2. Larre horietako azienda-karga estaltzen ez bada, sartzen ahalko da Uharte Arakilen kokaturiko abeltzaintza-ustiategietako azienda. Betiere, horien titularrek udalerrian erroldaturik egon beharko dute, nahiz eta bertan ez bizi bederatzi hilabetez urtean eta jarraian.
51.1. artikulua. Abeltzainek jarraipen batzorde bat izendatuko dute larre hesituen aprobetxamendurako. Jarraipen batzordeak bi kide izanen ditu gutxienez, eta gutxienez horietako %50 izanen dira jardueran egiazki eta benetan ari diren abeltzainak. Jarraipen batzordearen eginkizunak izanen dira, besteak beste: egin beharreko lanak proposatzea; aziendak kontrolatzea (kontrol horren ardura jarraipen batzordeko kide baten edo batzuen esku uzten ahalko da); edo larreetan hobekuntzak egitea, betiere Udalaren oniritzia izanik.
51.2. Abeltzainek ez badute batzorde hori eratzen, Uharte Arakilgo Udalak, aurreko puntuko baldintzak beteta, batzordea izendatzen ahalko du edo bere gain hartu batzorde horren eskumenak.
52.1. artikulua. Batzordeari kontsulta eginik, Udalak azienda-karga egokia ezarriko du teknikari baten laguntzarekin, betiere lurrak duen larre-ahalmenaren arabera.
52.2. Udalak ezarriko ditu aziendak larreetara eta herri-lurretara sartzeko eta handik ateratzeko datak.
52.3. Gehieneko azienda-kopurua ezarriko da lurrak duen larre-ahalmenaren arabera, eta bilatuko da behar den azienda-karga egotea, ahalik eta aprobetxamendurik egokiena egin dadin.
53.1. artikulua. Azienda orok indarrean diren osasun arauak bete beharko ditu eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ez da azienda ibiltaririk onartuko.
53.2. Orobat, debeku da azienda berria, batez ere ferietatik datorrena. Nahitaezkoa da berrogeialdia edo segurtasun neurriak betetzea, gaixotasunik ez kutsatzeko edo zabaltzeko.
54. artikulua. Aprobetxamendu epeak, larre hesituetan.
54.1. Orokorrean, larreak maiatzaren 1ean irekiko dira eta abenduaren 15ean itxiko, eta hori jarraipen batzordeak erregulatuko du. Dena den, Uharte Arakilgo Udalak data horiek aldatzen ahalko ditu.
54.2. Ahuntz-azienda Okubeko larrean soilik bazkatuko da. Okubeko larrean bazkatzen ahalko dira jarraian maiatzaren 1etik abenduaren 15era arte.
54.3. Okubeko eta Atako larreen aprobetxamendua bi epetan erregulatuko da: Lehenbiziko epea izanen da maiatzaren 1etik abuztuaren 15era artekoa; zehazki, Okubeko larrea maiatzaren 1etik ekainaren 5era erabiliko da, eta egun horretan azienda Atako larrera pasatu beharko da, abuztuaren 15era arte. Bigarren epea abuztuaren 16an hasiko da, Atako larrean, eta abenduaren 15ean bukatuko, Okubeko larrean; zehazki, urriaren 15ean pasatu beharko da azienda Okubeko larrera.
54.4. Aurrekoak gorabehera, Okubeko eta Atako larreen erabilera epe bakarrerako eskatzen ahalko da, hain zuzen ere, maiatzaren 1etik abenduaren 15era.
55. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.
55.1. Okubeko, Ardantzarretako eta Atako larreetan dauden bazkak eta izena eman duten aziendaburuen kopurua kontuan harturik banatuko da azienda.
55.2. Hona hemen, apirilean, hesiz inguratutako larreen erabilera eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:
–Ustiategiko Liburua, dagokion urteko urtarrilaren 1ean.
–Larreetan sartu nahi den aziendaren aurreikuspena, zehaztuta erabilera-epea eta larrea.
–Saneamendu frogagiria. Ardi-, behi- eta ahuntz-azienden kasuan, saneamendu frogagiriak urtebetetik beherako antzinatasuna izanen du. Azienda mota guztientzat: desparasitazioa egina dutela frogatzen duen ziurtagiria. Agiri hori izan ezean, aurkeztu beharko dira hura frogatzen duen faktura, albaitariaren ziurtagiria edo zinpeko adierazpena.
55.3. Aurreko irizpideei jarraikiz, batzordeak erabakiko du zein jabek sartuko duten azienda, zenbat aziendaburu sartuko dituzten, eta zein larretan.
55.4. Aziendaburu, jabe eta erabiliko diren larreei buruzko erabakia hartu ondoren, honako kasuetan soilik itzuliko da inskribatzean ordaindutako dirua:
–Ordenantza honen xedapenen bat ez betetzeagatik, jabea larreak erabiltzeko baimenik gabe gelditzen bada.
–Larreak erabiliko dituzten aziendaburuen kopuru handiagoa inskribatu eta ordaindu ondoren, azienda-karga egokitzeagatik kopuru hura murriztu bada. Kanpoan gelditutako aziendaburuen kopuruari dagokiona izanen da itzulketa.
55.5. Kasu horietatik kanpo, ez da inolako itzulketarik eginen.
56. artikulua. Udalak abeltzain bakoitzari urtero ezarritako kanona kobratuko dio. Kanon hori urtero eguneratzen ahalko da KPIaren igoeraren arabera. Bi kuotatan ordaindu beharko da: ekainean eta abenduan.
Kuotetarako, honako baliokidetasun hauek ezarri dira:
–Zaldi-aziendako buru bat (1) izanen da ardi- edo ahuntz-aziendako 7 buru adinakoa.
–Behi-aziendako buru bat (1) izanen da ardi- edo ahuntz-aziendako 7 buru adinakoa.
Hona hemen 2023rako kanona:
–Ardantzarretako larrea: 35 euro/aziendaburu behi-aziendan, 45 euro/aziendaburu zaldi-aziendan eta 5 euro/aziendaburu ardi-aziendan.
–Okubeko eta Atako larreen epe bakoitzerako kanon hau ordaindu beharko da: 17,50 euro/aziendaburu behi-aziendan, 22,50 euro/aziendaburu zaldi-aziendan eta 2,50 euro/aziendaburu ardi- eta ahuntz-aziendan.
–Okubeko eta Atako larreak epe bakarrean erabiltzen direnean, aplikatuko den kanona izanen da: 35 euro/aziendaburu behi-aziendan, 45 euro/aziendaburu zaldi-aziendan eta 5 euro/aziendaburu ardi- eta ahuntz-aziendan.
IV. KAPITULUA.–LUR-LAGAPENAREN BIDEZKO APROBETXAMENDUA, TELEKOMUNIKAZIO-INSTALAZIOAK JARTZEKO
57. artikulua. Duten kokapen geografiko eta orografikoa dela eta, herri-lurrak telekomunikazioetako operadoreei laga beharra dago, interes publikoko zerbitzua eman dezaten, horixe baitira telekomunikazioak. Halakoetan, herri-ondasunen onura zeharka jasotzen dute bizilagunek.
58. artikulua. Udalak koordinatu eta baimenduko du, lurzatiaren jabe den aldetik, entitate eta enpresa publikoen, erdipublikoen edo pribatuen instalazioa, Aitzaurre parajean (Artxueta) eta Martigarron instalatutako telekomunikazio-azpiegituretan sartzeko interesa dutenean.
Lagatako eremuan eta haren gaineko instalazioetan sartzea Udalaren esku egonen da beti, aurretiaz lagapen-hartzailearekin akordioa eginik. Horrek baldintzak jartzen ahalko ditu, zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzeko, salbuespen izanik larrialdiko jarduketak.
Udalak askatasun osoz ezarriko ditu baldintzak paisaiaren, ingurumenaren, hirigintzaren eta ekonomiaren arloetan, herri-lurretako telekomunikazio-azpiegituretan sartu eta horiek erabiltzeari dagokionez.
Erabat debeku da lagapena azpierrentamenduan ematea, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin eta Nafarroako Toki-entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuarekin.
Azpiegituraren lagapena hartzen duenak bere gain hartzen du erantzukizun oro telekomunikazio-azpiegitura horretan sartzen diren teknikarien jardunaren gainean, lagapen-hartzaileak agindurik, horiek telekomunikazio-azpiegituran sartzen direnean instalazio- edo mantentze-lanak egiteko.
59. artikulua. Lagapen-hartzailearen betebeharra izanen da lurzatia ez erabiltzea telekomunikazio-zerbitzuak ematea ez den beste helburu baterako; hori gertatuko balitz, lagapena berehala bertan behera uzteko bide emanen du.
Lagapen-hartzailearen betebeharra izanen da egoera ezin hobean edukitzea lagatako lurzatia, eraikuntzak, hesiak eta azpiegiturak, bai eta, halakorik badago, inguru horretako landaketak eta aprobetxamenduak. Horren kostuak haren kontura izanen dira. Betiere, haren betebeharra izanen da inguruetan ez uztea bere jarduketen hondarrak. Inguruneari eragin gabe kendu beharko dira, indarreko araudian ezarritakoaren arabera.
Lagapen-hartzaileak lurzatian jartzen duen dorreak ez du gaindituko 30 metroko garaiera, nahitaez.
Lagapen-hartzaileak neurriak hartu beharko ditu instalazioaren inpaktua gutxitzeko paisaiaren nahiz ingurumenaren gainean. Itxiturak ingurunera egokituko ditu, animaliak iragatea eragozten duten hesiak jarrita, eta, gainera haizea eta elurra jasateko modukoak. Orobat, bere jarduketen hondarrak kenduko ditu lagatako lurretatik.
Lagapen-hartzaileak paratu beharko du behar den aireko seinalizazioa, indarreko legediarekin bat.
60. artikulua. Udalak eskubidea izanen du lurzatia noiznahi ikuskatzeko, lagapen-hartzaileak lagapenaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko.
61. artikulua. Lagapenaren kanona, lagatako metro koadroak aintzat harturik, ondoko taularen araberakoa izanen da.
0 m-tik 50 m-ra² | 35,50 euro urtean metroko²+ BEZa |
51 eta 100 m artean² | 33,72 euro urtean metroko²+ BEZa |
101 eta 150 m artean² | 32,03 euro urtean metroko²+ BEZa |
151 m-tik gora² | 30,43 euro urtean metroko²+ BEZa |
Zenbateko horiek eguneratuko dira erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin bat.
VII. KAPITULUA.–HARKAIZTIETAKO ETA HERRI-LURRETAKO JOSTETA ETA KIROL APROBETXAMENDUAK
62. artikulua. Kirol jarduera areagotu egin da harkaiztien inguruan, eta ezinezkoa izanen da bermatzea toki horiei lotutako fauna eta floraren habitat baliotsuak kontserbatuko direla, arauketa egokia egon ezean, josteta edo kirol erabilerak bateragarri egiteko balio naturalen kontserbazioarekin.
63. artikulua. Harkaiztietako kirol eta/edo josteta jardueren (aurrerantzean, HKJJ) gaineko arauketa hori aplikatuko da Uharte Arakilgo udal-mugartearen barneko harkaizti guztietan.
HKJJak dira honako hauen modalitate guztiak: eskalada, arroila-jaitsiera, via ferratak, slackline-a, highline-a, tirolinak, parapentea; bai eta alde horietako ingurumena uki dezaketen jostetaren edo kirolaren arloko beste jarduera oro ere.
Harkaizti horietarako arauketa aldatzen ahalko da urte batetik bestera, kontuan hartuz espezie mehatxatuak eta/edo katalogatuak dauden ala ez. Komeni da urtero kontsultatzea (urtearen hasierako hilabeteetan) horiek badauden ala ez, Nafarroako Gobernuan arlo horretako eskumena duen departamentuaren web-orrian, espezie babestu eta katalogatuen jarraipena egiteko ardura baitu. Halako jarduerak egiteko debekuak izaten ahalko dira aldi baterakoak edo behin betikoak.
64. artikulua. Edozein harkaizti HKJJekin lotutako ekipamendu-materialarekin ekipatzeko edo berriz ekipatzeko, lurraren jabeari eskatu beharko zaio baimena, lur publikoa zein pribatua izan, bai eta Nafarroako Gobernuan ingurumeneko eskumena duen departamentuari ere. Segurtatu beharko da lurren titularrek baimentzen dutela bai lurretara sartzea, bai HKJJak egitea.
65. artikulua. HKJJak hemen bakarrik egonen dira baimendurik, betiere aintzat harturik arauketa xedaturikoa: Aiztondo sektorean, Irripe, Basoa1, Basoa 2, Basoa3, Aiztondo eta Makurketa azpisektoreen barnean, UTM 30N X:584.550 Y:4.753.346 eta UTM 30N X:584.826 Y:4.753.098 koordinatuen arteko eremuan (ikus eranskina).
HKJJak debeku dira eta, zehazki, eskalada egitea behin betiko, Sorginleze leizean (UTM 30N X:584.760 Y:4.753.161 koordenatuak) eta haren bazterretan. Hori dela eta, alde hori desekipatu eginen da.
Gainerako harkaiztietan debeku da ekipatzea edo berriz ekipatzea, HKJJak egitea (hala nola eskalada, besteak beste), bai eta habitatentzat edo flora eta faunako espezieentzat eragozpenak edo kalteak eragin ditzakeen beste jarduera oro ere.
Baimendutako eremutik kanpo ekipamendua daukaten aldeetan, debeku da HKJJ mota oro egitea (hala nola eskalada, besteak beste). Hala bada, behin betiko desekipatuko dira. Gauza bera eginen da ekipamendua eta/edo eskalada-bide bat baimenik gabe jartzen den toki guztietan.
66. artikulua. Ingurunea ez da eraldatuko harkaiztietan edozein HKJJ mota egiteko ekipamendua jartzean, ez eta HKJJ horiek egitean ere. Saihestuko da behargabeko hotsak egitea, basafaunari edo aziendari eragozpenik ez sortzeko. Debeku da, halaber, bozgorailu bidez audioa erreproduzitzeko aparatu elektroniko oro. Bai eta landaredia moztu edo kentzea ere, horretarako baimenik izan gabe.
67. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak ez du bere gain erantzukizunik hartzen kalte-galerak ordaintzeko, halakoak gertatzen direnean bertako harkaizti eta herri-lurretan edozein HKJJ egiteari loturiko istripuen ondorioz.
68. artikulua. Lehentasuna izanen dute kultur ondareari loturiko jarduera eta erabilera tradizionalek, hala nola abeltzaintzak, nekazaritzak, ehizak, arrantzak edo basogintzak, bai eta inguruko mendietan egiten diren antzinako erabilerek ere, hala eskaladaren aurretik, nola beste josteta-jarduera batzuen aurretik (mendiko lasterketak, parapentea, delta hegala, espeleologia, arroila-jaitsiera, mendi-ibilia, mendiko bizikleta, etab.).
VI. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
69.1. artikulua. Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Kanonak ez ordaintzea Udalak ezarritako epeetan.
c) Aprobetxamendua edo jarduera nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Josteta eta kirol jarduerak egitea habitatean ukipena eraginez, dagoen florari zein faunari dagokionez, eta eskalada-bide berriak irekitzea erantsitako mapan mugarriztaturiko eremutik kanpo.
e) 11/2000 Foru Legearen 56. artikuluan arau-hauste oso astun gisa sailkatzen diren jarduketetako edozein egitea (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).
69.2. Arau hauste astunak honako hauek dira:
a) Abeltzaintzako denbora epeak ez betetzea eta/edo izenik eman gabe herri-lurretan aziendak sartzea.
b) Herri-lurra ez erabiltzea adjudikazioaren helbururako.
c) Josteta eta kirol jarduerak egitea ordenantza honetan halakoak egiteko ezarrita dauden eremu eta epeetatik kanpo.
d) Jarduera egitea inguru horretako fauna eta florari eragozpenak sortuz, hala ikusteko nola entzuteko moduan. (Audioa erreproduzitzeko aparatu elektronikoak, fokuak, kamerak, eta beste).
e) Ekipamendua jartzea baimendutako eremuaren barnean, Udalaren baimenik izan gabe horretarako.
f) 11/2000 Foru Legearen 55. artikuluan arau-hauste astun gisa sailkatzen diren jarduketetako edozein egitea (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).
69.3. Arau-hauste arinak honako hauek dira:
a) Aprobetxamenduaren xede den ondasunean, haren kontserbazioan edo mantentzean kalte egiten duten egiteak eta ez-egiteak, edo nahasten dituztenak aprobetxamenduaren garapen normala eta onuradun eta/edo erabiltzaileekiko harremana.
b) 11/2000 Foru Legearen 54. artikuluan arau-hauste arin gisa sailkatzen diren jarduketetako edozein egitea (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).
70. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:
70.1. Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.
71.1. artikulua. Oso astuntzat jotako arau-hauste bat egiteak berekin ekarriko du, automatikoki, adjudikazioa azkentzea eta onuradun eta erabiltzaile izateari uztea, urtebetetik bost urtera bitarteko aldi baterako. Halaber, zehapen ekonomikoa ezarriko da: egindako kaltea halako bost eta halako hamar artekoa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 601 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapen bat.
71.2. Astuntzat jotako arau-hauste bat eginez gero, Udalak zehapen ekonomikoa ezarriko du, egindako kaltea halako bost izanen dena. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 91 eurotik 600 eurora bitarteko zehapen bat.
71.3. Arau-hauste arina egiteagatik, 6 eurotik 90 eurora bitarteko zehapen ekonomikoa ezarriko da.
Zehapen horiek ezarriko dira, ezertan galarazi gabe Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legean ezarritakoa.
V. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK
72.1. artikulua. Ehizaren aprobetxamendua, herri-lurrak sartuz eratzen diren barrutietan, eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.
72.2. Era berean, onuradunek barrutiak seinaleztatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.
72.3. Uharte Arakilgo Udalak kontuan hartuko du herri-basoa bestelako aprobetxamendu eta erabilera batzuetarako adjudikatzea, eta horiek beharren arabera arautuko dira.
72.4. Ehizaren aprobetxamendua ehiztarien estatutuetan dago arauturik. Haiek beren burua batzarraren bidez gobernatzen dute, non erabakiak hartzen baitira eta aldaketak egiten baitira funtzionamenduko erregelamenduan.
72.5. Erregelamenduaren eta estatutuen aldaketa oro legearen arabera egin behar da, eta Udalari jakinarazi behar zaio, bai eta organo eskudunei ere.
72.6. Uharte Arakilgo Udalak beharrezkoa ikusten du herri-lurretan egiten diren aisialdiko jardueren jarraipena egitea, eta horiek arautzen hasiko da, herri-lurrak, hain zuzen, Aralarko kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) barnean baitaude.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza hau indarrean jartzen denetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen edo ordenantza guztiak. Berariaz indargabetzen da Uharte Arakilgo Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza (behin betiko onespena argitaratu zen 2015eko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 16an), bai eta gero egin zaizkion aldaketak ere (behin betiko onespena argitaratu zen 2016ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 3an).
Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Iragarkiaren kodea: L2316428
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
