1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1019E/2023 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektu aldatuaz. Eólica Montes de Cierzo SLUk sustatu du proiektua Tuterako udalerrian.
Ebazpena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen proiektuaren aldaketaz. Eólica Montes de Cierzo SLUk sustatu du proiektua Tuterako udalerrian.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
1.0. Aurrekariak:
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 664E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) egin zen, zenbait baldintza jarrita, Eólica Montes de Cierzo SLUk Tuterako eta Cintruenigoko udal mugarteetan sustatu dituen haize-parke hauen gainean, haien ebakuazio azpiegiturak barne: "Montes de Cierzo berrindartua", "Montes de Cierzo I berrindartua" eta "Montes de Cierzo II berrindartua".
Geroago, sustatzaileak "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen proiektuaren aldaketa aurkeztu zuen.
1.1. Jendaurrean jartzea eta txostenak eskatzea.
Sustatzaileak "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen aldaketarako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren eskaera aurkeztu ondoren, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluak eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluak aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituraren aurreproiektuaren aldaketa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa (2023ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7koan, eta, ondoren, 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 14koan, aurrekoan akats bat atzeman baitzen); halaber, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Ez da alegaziorik aurkeztu, eta jasotako txostenak, berriz, ebazpen honen I. eranskinean daude, laburtuta.
1.2. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.
2023ko maiatzaren 5ean, Eólica Montes de Cierzo SLUk idatzi bat aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, adieraziz ados zegoela Ingurumen Eraginaren Atalak kontsulten bigarren aldian egindako txostenarekin; horrekin batera, eskatu zuen hasiera emateko "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen aldaketari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari.
2.–Proiektuaren deskribapena.
"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen ezarpen eremua "Montes de Cierzo I" haize-parkeak okupatzen du gaur egun.
Hasiera batean, "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkeak, sustatzaileak proposatutakoak, 6 haize-sorgailu zituen (abatzeraino 125 metroko altuera eta 164 metroko diametroko errotoreak zituztenak), lur azpiko linea elektriko baten bidez konektatutakoak lehendik zegoen 30/66 kV-eko Valdecuco TAE transformazio azpiestazio elektrikoarekin, zeina teknikoki egokitu behar baitzen. Proposamenaren arabera, azpiestaziotik aireko 66 kV-eko ebakuazio linea baten bidez eraman behar zen sortutako energia, egun dauden haize-parkeetarako linea elektrikoak baliatuta eta egokituta, La Serna REE 220/400 kV-eko TAraino.
"Montes de Cierzo berrindartua", "Montes de Cierzo I berrindartua" eta "Montes de Cierzo II berrindartua" haize-parkeetarako, haien ebakuazio azpiegitura barne, batera egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintzetan honako hau ezartzen zen:
–"Hiru haize-parkeen energia eramateko aireko linea elektrikoa osorik lurperatu beharko da, bai berrindartze proiektuko zati berriak, bai lehendik dauden aireko tarteak barne; azken horiek kenduko dira. Hartutako konponbidea behin betiko exekuzio proiektuari erantsiko zaio, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ontzat eman beharko du, Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren esparruan".
–"Proiektutik kendu behar dira MCI05 eta MCI06 haize-sorgailuen kokapenak, lerrokadura berria baitakarte. Berrindartze proiektua gaur egun dauden lerrokaduretara mugatu behar da. Nafarroako Energia Planean ezartzen den bezala, MCI05 eta MCI06 haize-sorgailuak jartzekoak diren eremuan ezin da haize-azpiegituraren garapen berririk egin, estepako abifaunaren kontserbaziorako intereseko eremu batean dagoelako."
"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkerako proiektu aldatuak, Eólica Montes de Cierzo SLUk aurkeztu duenak, biltzen ditu, besteak beste, IIAn ezarritako baldintzetara egokitzeko behar diren aldaketak. Planteatutako aldaketa nagusiak hauek dira:
1. Ebakuazio azpiegiturak guztiak lur azpitik joatea proiektatu da. Horretarako, lur azpiko linea berri bat proposatzen da, 66 kV-ekoa, Valdecuco TAtik La Serna TAra, berrindartu beharreko hiru parkeetarako (Montes de Cierzo, Montes de Cierzo I eta Montes de Cierzo II) trazadura eta zanga berberekin; linea hori bideetan eta lurzatien mugetan barna joanen da.
2. MCI-05 haize-sorgailurako kokapen berria proposatzen da, "Montes de Cierzo I" haize-parkean dauden lerrokaduretako batean. Horrez gain, ukipena gutxitzeko, planteatzen da parke berrindartu hori osatzen duten gainerako haize-sorgailuak baino txikiagoa izanen den haize-sorgailu bat paratzea (136 metroko diametroko errotorea eta 82 metroko altuera abatzeraino).
3. Berrindartu beharreko hiru haize-parkeetan instalatutako haize-sorgailuen funtzionamendu onena egiaztatzeko, Tuterako udal mugartean 125 metroko altuerako dorre anemometriko finko bat jartzea eskatzen da, autosostengatzailea, koordenatu hauetan: X: 607.391, Y: 4.660.723.
4. MCI-04 haize-sorgailua 400 kV-eko aireko goi tentsioko linea batetik hurbil dagoenez, MCI-01, MCI-02, MCI-03 eta MCI-04 haize-sorgailuek IIAn izapidetutako proposamenean zuten kokapenetik mugitu dira beste kokapen hurbil batzuetara, ingurumen eta eraikuntza aldetik antzeko ezaugarriak dituztela.
"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen haize-sorgailuetarako proposatutako azken koordenatuak hauek dira:
HAIZE-SORGAILUA | X | Y |
MCI-01 | 607.308 | 4.660.394 |
MCI-02 | 607.662 | 4.660.501 |
MCI-03 | 607.955 | 4.660.720 |
MCI-04 | 608.304 | 4.660.889 |
MCI-05 | 609.528 | 4.661.412 |
3.–Azterketa teknikoa.
"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen gainerako eremua bezala, proiektu aldatua lehorreko alorren ingurune batean dago, sastrakadi mediterraneo urriarekin, edo koniferen basoberritzeetan (Pinus halepensis), inguruetako alde maldatsuenetan, eta ez du ukitzen Batasunaren intereseko habitat naturalik ez eta landaredi natural nabarmenik ere.
Proiektu aldatuak zuzenean okupatzen duen eremua Natura 2000 Sarearen eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen mugetatik kanpo dago.
Paisaiaren gaineko inpaktuari dagokionez, kontuan hartu behar da ezen, "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkeko gainerako haize-sorgailuen kasuan bezala, proiektu aldatuak hartzen duen eremuan badela lehenagotik haize-parke bat funtzionamenduan, eta horren haize-sorgailuen kopurua gutxitzearekin batera neurriak handitu egiten direla. Horrez gain, kontuan hartu beharra dago inguruan daudela La Cantera TA eta La Serna TA azpiestazio elektrikoak eta haiekin lotutako azpiegitura elektrikoak.
"Montes de Cierzo berrindartua", "Montes de Cierzo I berrindartua" eta "Montes de Cierzo II berrindartua" haize-parkeen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen 664E/2022 Ebazpenean adierazi bezala, eta arrazoi berberengatik, proiektu aldatua garatzeak ekarriko uste duen inpaktu nagusia abifaunaren eta kiropteroen gainekoa da, haize-sorgailuen kontra talka egiteagatik, sortzen den hesi-efektuagatik eta konektagarritasun galeragatik. Inpaktua moderatutzat jotzen da ustiapen fasean, eta ezinbestekoa da ebazpenean bildu diren neurri zuzentzaileak, babesekoak eta zaintzakoak ezartzea, proiektu aldatuak haien gainean duen inpaktua gutxitzeko.
Azken batean, ingurumenaren aldetik proiektua bideragarria izan daitekeela jotzen da, ebazpen honen baldintzak betez gero, nahitaez eskatzen baitute prebentzio neurriak hartzea, fauna hegalariaren gaineko gorabeheren jarraipen zehatza egitea eta espezie katalogatuekiko gorabeheren aurrean jarduteko protokolo zorrotza ezartzea.
4.–Proposamena.
Espedientearen azterketa teknikoa eginda, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala bete dela, eta "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen proiektu aldatua ingurumen aldetik bideragarria dela uste du, zenbait baldintzarekin; hortaz, haren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen du, eta proiektuaren aldaketa egin daitekeela, ingurumenari dagozkion ondorioetarako soilik, baldintza guztiak betetzen badira –prebentziokoak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak, ingurumen zaintzakoak eta gainerako guztiak–, hain zuzen ere "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen ingurumen-inpaktuaren azterketan eta haren adendan ezarritakoak, bai eta arestian aipatutako 664E/2022 Ebazpenean eta ebazpen honetan jasotako baldintza guztiak ere.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen eta haren ebakuazio azpiegituraren proiektu aldatuaz. Eólica Montes de Cierzo SLUk sustatu du proiektua Tuterako udalerrian.
2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta, gainera, baldintza hauei ere:
1.–MCI-05 haize-sorgailuak, "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkeko gainerako haize-sorgailuek bezala, hegaztiak detektatzeko sistema automatiko bat izanen du, gai dena talkak saihesteko berehalako ekintza eraginkorrak abiarazteko, geldituz edo hegaztiak uxatuz.
2.–Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra arte atzeratuko da haize-sorgailuen abioa, horiek baitira kiropteroen jarduera handieneko egunak eta orduak. Neurria berrikusten ahalko da nacellean altuerako jarduera azterketa bat egiten bada, egiten dituzten hegaldiak eta noiz gertatzen diren zehatz-mehatz jakiteko (egunak, orduak, haizea…); horretarako, Biodibertsitate Zerbitzuak emandako aldeko txostena beharko da. Lerrokadura osoaren luzera kontuan hartuta, azterketa adierazgarria izan dadin, bata bestetik behar bezain urrun dauden bi haize-sorgailutan egin beharko da.
3.–"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkea eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko den jarraipen eta zaintza planean jaso beharko da obra faserako eta funtzionamendu faserako jarraipen eta zaintza plan bat, Ingurumen Eraginaren Atalak onartua nahitaez, barne hartuta egin beharreko jarduketen metodologiarako proposamena eta, berariaz, lehenago aipatutako IIAren II. eranskinean bildu diren jarraibideak.
4.–Jarraipena egiten den bitartean, edozein unetan ikusten bada arazoak sortzen dituzten haize-sorgailuak daudela, hegazti edo kiroptero babestuak horien aurka talka egiteagatik hil direlako (IIAren IV. eranskinean ezarritako baldintzetan), eranskin horretan jasotako jarduera protokoloari jarraituko zaio.
5.–Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiten den unetik berrindartzeko lanak hasi arte, beharrezkotzat jotzen da egun dagoen Montes de Cierzo I haize-parkeko haize-sorgailuek eragiten dituzten heriotzen jarraipena indartzea, eta, horretarako, egungo sistemaren ordez –ibilgailutik egiten dena–, 664E/2022 Ebazpenaren II. eranskinean adierazten den metodologia erabiliko da. Ebazpen horren bidez "Montes de Cierzo berrindartua", "Montes de Cierzo I berrindartua" eta "Montes de Cierzo II berrindartua" haize-parkeen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.
6.–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Zaintzara (Tuterako Barrutira) eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–KONTSULTEN TRAMITEAREN EMAITZA
–Ondare Historikoaren Zerbitzua.
Ondare Arkitektonikoaren Atalak txostena egin zuen, eta adierazi ez dela ukipenik atzeman atalaren eskumeneko gaiari dagokionez.
–Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala.
Proiektuaren aldaketa egitearen aldeko txostena egin du, ukipenak gutxitzeko baldintza batzuk ezarrita.
–Ingurumen Eraginaren Atala.
"Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkean planteatutako aldaketak azaltzen ditu.
MCI-05 haize-sorgailuaren kokapena aldatzeari eta neurketarako antena berri bat ezartzeari dagokionez, adierazten du zer baldintza bete behar diren, eta proposatutako gainerako aldaketei dagokienez, adierazten du ez dela aurreikusten jatorrian aurreikusi ziren ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenez bestelakorik, eta beraz aldaketa ez nabarmenak direla jotzen da.
Era berean, adierazten du indartu behar dela ukitutako eremuko haize-sorgailuek eragiten dituzten heriotzen jarraipena, eta ibilgailutik egin beharrean oinez egin beti, astean behin, lehen bezala.
–Río Ebro Renovables SL.
Adierazten du aurkeztutako planoetan ez dagoela behar beste informazio bere jabetzako azpiegituraraino dauden distantziei buruz, eta horregatik ezin duela adostasunik eman, nahiz eta distantzia nahikoa izan itxuraz. Era berean, gogorarazten du segurtasun distantzia eta segurtasun eta osasun araudia errespetatu behar direla, eta eskatzen du laneko segurtasun neurriak ahalik eta handienak izatea gurutzatze eremuan, eta bertan loturak egitea galaraztea.
–Eolia Renovable de Inversiones SA eta Sistemas Energéticos del Valle SL.
Informazio osagarria eskatzen du Puylobo eta El Valle Valdenavarro 66 kV-eko goi tentsioko lur azpiko linearekiko gurutzatzeak sortzen duen ukipenaz, aurkeztu dena ez baita argia ez nahikoa.
–OPDEnergy.
Adierazten du ados dagoela Eólica Montes del Cierzo SLUk "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen ebakuazio azpiegitura eta bere GTLLa gurutzatzen diren tokirako proposatzen duen konponbidearekin, zenbait baldintza betez gero betiere, eta bere instalazioan kalteak eta/edo galerak gertatzen badira bidezkoak diren ekintzak gauzatuko dituela.
–I-DE.
Adierazten du ezen, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ez dela ukipenik sortzen bere lineetan eta, beraz, baimena ematen duela "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkearen instalazio lanak egiteko.
–Red Eléctrica de España SAU.
Adierazten du ezen, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, ez dagoela "Montes de Cierzo I berrindartua" haize-parkeko haize-sorgailuak ezartzearen kontra, ez eta eskatutako neurketa dorrearen edo 66 kV-eko lur azpiko linearen kontra ere. Nolanahi ere, 20 kV-eko lur azpiko lineari dagokionez, Santa-Engracia-La Serna 400 kV-eko linearen euskarri batetik hurbil dagoenez, baldintza eta gomendio batzuk ezartzen ditu; eta La Serna TAren konexioari dagokionez, berriz, azpiestazioaren gaineko ukipenei buruzko plano xeheagoa eskatzen du; azkenik, ohartarazten du zenbait tramite egin behar direla Gestión y Evacuación La Serna SL eta Eólica Montes del Cierzo enpresekin, eta REErekin. Gogorarazten du, halaber, segurtasun eta osasun arloko araudia bete beharra dagoela.
–Tuterako Udala.
Adierazten du Tuterako mugartean ukitzen diren lurrak udal planean "lurzoru urbanizaezin" gisa ageri direla, zati bat "orokorraren" kategoriarekin, eta, beraz, Lurraldearen Antolamenduaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren Departamentuaren aldez aurreko baimena behar dela. Horrekin batera adierazten du nekazaritzako ustiategien eta dauden azpiegituren gaineko inpaktua ahalik eta txikiena izan beharko dela, eta bideen segurtasuna bermatu beharko dela lanak egin bitartean.
Iragarkiaren kodea: F2316960