8. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

443E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita ibilgailuen direkzioak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago eta titularra TRW Automotive España SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.

2023ko urriaren 27an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 150106 EHZ kodea duena, nahasitako ontziei dagokiena.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Onartzea ibilgailuen direkzioak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago eta titularra TRW Automotive España SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau TRW Automotive España SLra eta Iruñeko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2317326