8. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

442E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Tafallako udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Servicios y Suministros Saher SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman zitzaiona; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumenturik, instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak biltzen dituenik. Badaude ingurumen baimen bateratu eta integratua emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da eman diren ingurumen baimen integratu guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Azken urteotan, ingurumen arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, erreferentziako instalazioari eragiten diotenak, hala nola apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea Tafallako udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Servicios y Suministros Saher SL da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 00679/2011 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen bateratuan lurzoru urbanizaezinari, hondakin-uren isurketei eta hondakinak sortu eta kudeatzeari buruzko baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioaren baimena mantentzea, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatzearen ondorioz eduki beharrekoa. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea, 15G02227019062004, 15G05227019062004 eta 15G04227019062019 erregistro zenbakiekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa).

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, baldin eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios Y Suministros Saher SLri, Tafallako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2317327