79. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

2024-2026rako Zerga Kontrolerako Plana

Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskatzailetzaren Erregelamenduan (152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta horrekin bat datozen gainerako arauetan zehaztutako irismena eta edukia betetzeko, toki-entitate honentzat 2024tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako Zerga Kontrolerako Plan bat onesteari dagokionez, Cascanteko Udalaren osoko bilkurak hau erabaki zuen 2024ko apirilaren 2ko saioan:

1.–2024tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako Zerga Kontrolerako Plana onestea, erabaki honen eranskinaren arabera.

2.–Argitara ematea aipatutako planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Tributuei buruzko Foru Legea):

Cascanten, 2024ko apirilaren 3an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

CASCANTEKO UDALAREN ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA 2024TIK 2026RA BITARTEKO EKITALDIETARAKO

Hitzaurrea

Lehena:

Cascanteko Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal-zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2024tik 2026ra bitarteko ekitaldietarako.

Zerga Kontrolerako Udal Plana funtsezko tresna da udal-administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen- eta ikerketa-jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten du zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol-jarduketak, ekitaldian ezarritako helburuak lortzera bideratuak.

Bigarrena:

Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga-justizia bermatzea, Konstituzioak agintzen duenarekin bat, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino". Bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki-erakundeen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia-erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte". Beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da nola jokatuko duten zerga-betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoek, eta ikuskaritza-unitateen ahaleginak zerga-iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera bideratu behar dira.

Hirugarrena:

Udal-zerga guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, eta arreta eta ardura bereziz zainduko dira ekonomia-jardueren gaineko zerga, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, Zerga Kontrolerako Plan honetan aipatzen dira xedatzen diren jarduera-ildo nagusiak, eta, orobat, zer arlotan zentratuko diren, lehentasunez, zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal-zerbitzuen ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Honako hauek zehaztuko dute zein izanen diren jarduera horiek: aplikatzekoa den araudia, udalerriko errealitate fiskala eta udalerriak eskura dituen baliabideak.

Finean, kudeaketa- eta ikuskapen-prozeduraren bidez egiaztatu eta ikertuko da ea zergadunek ongi betetzen dituzten toki-ogasun publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergadunaren zerga-egoera bere osoan egiaztatzeko, toki-ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketaren arloan, honelakoak eginen dira: zerga-kudeaketako egiaztapen- eta ikerketa-lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezkoa bada.xxx.

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute ea zehatzak eta egiazkoak diren zergadunek adierazitako egitateak eta inguruabarrak, tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ea baden egitatezko elementuren bat edo zergen arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak ezagutzen ez duena osoki edo hein batean. Azkenik, aztertuko dute ea zehatzak diren zergadunek egindako tributu-likidazioko eragiketak eta, era berean, haien zerga-egoeran egokitzat jotzen duten erregularizazioa ezarriko dute.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua da ezagutzea pertsona edo erakunde baten eskuetan dauden datu edo aurrekariak, informazio hori garrantzitsua denean zerga-arloan, beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, eta informazio hori, oro har, ez denean Zerga Administrazioari jakinarazi beharrekoa aitorpen bidez.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, argibideak eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia- eta finantza-gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legedia:

Udal-zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuen eginkizuna da subjektu pasiboen eta gainerako zergadunen zerga-egoera aztertzea, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga-betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga-ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: 13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua, ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Organo eskudunak onetsitako zerga-kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zergak kontrolatzeko plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga-ontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezarritako betebeharra, bai Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoa, bai ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zerga Kontrolerako Udal Planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga-kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera".

Zergen arloko ez-betetzeak kontrolatzea eta iruzurrari kontra egitea, horra hor Udaleko zerga-administrazioaren oinarrizko jarduketa-lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen- eta ikerketa-jarduera sustatzea eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtze aldera, herritarrek bermatuak izan ditzaten, zerga-kontuetan, beren arteko justizia eta berdintasuna, eta ahal den neurrian gehitu daitezen likidatutako eta bildutako eskubideak.

Plana 2024tik 2026ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Kudeaketa- eta ikuskapen-jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga Kontrolerako Plana baimen orokor bat da, epe jakin batean zergadunen gaineko egiaztapen- eta ikerketa-jarduketei edo informazioa lortzeko jarduketei ekin ahal izateko . Hark biltzen ditu zergadunak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zergak kontrolatzeko planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga-ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz departamentuaren ahalegina.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta departamentuko gainerako langileek ere, bete beharreko zeregin bat izanen dute, lan-karga batzuk finkaturik horretarako, hots: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta jarritako ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergadunri egiten bazaizkie.

–Barne-alderdi diskriminatzailea:

Alderdi honetan, kontuan hartuko da zer kontu deigarri agertzen dituzten zergadunek, aitorpenetako datuak konparatzean, iruzur egin dela susmarazten dutenak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga-iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zerga Kontrolerako Plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal-alor hauek: Hirigintzakoak eta Ogasun eta Ondarekoak.

Funtzionarioei zerga-kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute ezagutzea zergadunen egoera aitortua, jakiteko nolako egoeran dagoen zergaduna tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, hala balegokio. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergadunak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak; besteak beste, lehiaketa jakin batzuetan aurkezteari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan izena ematen dutenen kontrola; esan bezala, horrelako informazioak, besteak beste, funtsezkoak dira ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu beharra dakarten zenbait jarduera kontrolatzeko, batez ere higiezinen eraikuntza eta sustapena, sektore horiek garrantzi ekonomiko handia baitute Udalaren diru-kutxetarako.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte beren xedeak betetzeko.

Alkateak txartel edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak:

Zerga-administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa- eta ikuskapen-jarduketak; zehazki, zergen kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetan halako lanpostuetan aritzen direnek. Era berean, funtzionario ez diren langileen esku uzten ahal dira prestakizunak egiteko ardura eta zerga-arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga-administrazioaren zerbitzura ari badira.

Ikuskaritza:

Puntu honetan, erabaki da Alberto Añón Jiménez Cascanteko Udaleko alkateak betetzea Ikuskatzailetzako buruaren kargua, eta José Luis Romano Blasco Udaleko kontu-hartzaileak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena.

Laguntza jasoko dute ikuskapen-lanetan aritzeko.

Alkateak edo eskuordetza emanik hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoak ebaztearen gaineko eskumenak.

Zerga Kontrolerako Plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Alorra eta Hirigintza Alorra.

Prestakuntza:

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga-arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak:

1. Egiaztapen- eta ikerketa-jarduketa orokorrak. Talde honetan programa-multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–zergadunen gaineko jarduketa-programa, udal-tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen-jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, kudeaketa-alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Berariazko sektore edo jarduerak, 2024tik 2026rako ekitaldietako Zerga Kontrolerako Udal Planerako.

Jarduera-motetan oinarritutako estrategia:

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideekin bat etorriz.

Sektore edo jarduerak:

–Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.

–Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan diharduena.

–Fabrikazio-jarduerak.

–Azalera handietako merkataritza misto edo integratuko jarduerak.

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

–Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.

–Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.

–Finantza-erakundeak eta aseguru-entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela-eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du zer aldakuntza izan den aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikietan edo eraikitzekoetan, urbanizatuetan edo urbanizatzekoetan. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga-administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. zergadunak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen higiezinen sustapena lurrei dagokienez; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatien metro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra-proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, eta jarraipena ere bai, Gobernu Batzarrak eman dituen lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da ea lizentziaren titularrak alta eman duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da koordinatzea Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza-jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza-jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da ea behar bezala aitortzen duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio-jardueren artean, xedetzat hartuko dira kilowatt-kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan atzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Fabrikazio-jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen jakiteko, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla-eta.

Udalen diru-sarreren artean, ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregularizazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena ezertan eragotzi gabe, zergadunen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

–Industriako sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan gauzatzen dira udalerriko industriako eta merkataritzako jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, egiaztatu dadin ea industria eta merkataritza establezimenduek betetzen dituzten segurtasun-, osasun- eta osasungarritasun-baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak, eta erregularizatu dadin haien zerga egoera edo, hala behar denean, departamentu eskudunak itxiaraz dezan jarduera.

Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergadunei, baldin eta horiek obra handitzat kalifikaturik badaude hirigintza-lizentzien eta jardueretarako lizentzien izapidetzeari buruz indarrean den ordenantzan edo haren ordezkoan.

Ahalik eta hobekiena kudeatu nahi dira zerga-ikuskaritzak dituen giza baliabide eta baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga-egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz departamentuaren ahalegina; kasu honetan, hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora bideratuko da, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, zerga-ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2405630